Gizarteari zuzendutako elikagaien xahuketaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina da.
“Janaria ez da botatzen” kanpaina Euskadiko gizarteari zuzendutako elikagaien xahuketaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina da. Martxan jarrita dago jadanik eta abenduaren 22rarte iraungo du. Jesus Mari Martiarenaren esanetan: “Lezoko Udalak kanpaina honekin eta bere helburuekin bat egiten du. Janari asko bota eta alferrik galtzen dugula argi dago, batez ere Gabonetan”.
Hainbat egunez hedatuko dira mezu eta gomendioak, irratiko iragarkien, sare sozialen eta Euskadiko hiru hiriburuetako markesina eta hiri-altzarietako mezuen bidez. Aurtengo edizioan, arazoaren dimentsioa irudikatzeko, diagnostikotik ateratako datuak erabiliko dira. Diagnostikoa Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen uztailean, Elika Fundazioarekin lankidetzan, eta bertan Euskadiko elikakate osoko elikagaien xahuketaren kopuruak eta kausak jasotzen dira.
Javier Rivero Tolosako AMA jatetxeko sukaldariarekin (duela gutxi 50 Next zerrendan sartu zuten, munduko gastronomiako promesa nagusietako gisa) elikagaien xahuketa prebenitzeko gomendioak hedatuko dira, adibidez sukaldea ondo antolatu edo aprobetxatzeko errezeten bidez.
Kanpaina Basque Green Deal – Euskadiko Itun Berdea ekimenaren barruan sartzen da: Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak abiarazita.
Ingurumen zinegotzia den Joxean Sanchezen iritziz “Lezoko Udalak parte aktiboa izan nahi du elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan, eta horregatik, kanpainarekin bat egiten dugu. Herriko bizilagunei kontzientziazio-ekintzen berri eman nahi diegu, janaria alferrik galtzea lehen mailako arazo soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa delako, eta herritar guztien inplikazioarekin bakarrik gainditu daitekeelako”.
Informazio osagarria: https://zerodespilfarro.elika.eus/janaria-ez-da-botatzen-2022/