Konpostagailu berriak Lezoko Andreoneko auzo-konpostagunean

Og, 2025-10-30 14:04

Lezoko Udalak konpostagailu berriak jarri ditu Andreoneko auzo-konpostagunean, hondakinen kudeaketa jasangarria bultzatzeko eta tokiko mailan ekonomia zirkularra sustatzeko duen konpromisoa berretsiz.

Hobekuntza hau auzo-konposta proiektuaren baitan kokatzen da. Auzo-konpostaren helburua herrian hondakin organikoen murrizketa, lurzoruaren emankortasunaren hobekuntza eta CO₂ isurien gutxitzea sustatza da, betiere herritarren parte-hartze aktiboarekin. Izan ere, norberak etxean sortzen duen hondakin organikoa konpost izeneko ongarria bihurtzen dute herritarrek, beste auzokideekin batera.

Gaur egun, Lezok bost auzokonpost gune ditu: Altamira, Andreone, Lopene, Arretxene eta Aralar. Gune horiek hilean behin bisitatzen dira, funtzionamendu egokia bermatzeko, materia organikoaren kalitatea kontrolatzeko eta etxebizitza parte-hartzaileetako lezoarrei aholkularitza eskaintzeko.

Andreonen jarritako konpostagailu berriekin, herritarren parte-hartzea erraztea eta gero eta interes handiagoari erantzutea da helburua. Auzo-konposta ingurumenarentzat zein komunitatearentzat onuragarria den praktika izanik, hobekuntzak egiteko, eremuak egokitu eta konposta egiten duten herritarren beharrei erantzuteko konpromisoa du udalak.

Lezoko auzo-konposta programaren azken balantzeak ere emaitza oso baikorrak erakutsi ditu. 71 etxebizitzek hartu dute parte udalerriko bost guneetan, eta urtean zehar 14,25 tona hondakin organiko bildu dira, horietatik 4,4 tona konpost bihurtuz. Horri esker, 9,08 tona CO₂ isuri saihestu dira atmosferara, eta herriko berdeguneetan erabiltzeko kalitatezko ongarria ekoitzi da.

Emaitzek erakusten dute konposta komunitarioa ingurumenaren aldeko neurri eraginkorra dela: zabortegira bidaltzen diren hondakinen kopurua murrizten du, lurzoruaren osasuna hobetzen du eta bizilagunen artean ohitura jasangarriak sustatzen ditu. Gainera, konpostajea ekonomia zirkularraren adibide praktikoa da, hondakina baliabide bihurtuz eta tokian bertan berrerabiltzeko aukera eskainiz.

Auzo-konpostaren proiektuan parte hartzen duten etxebizitzek %40ko hobaria jasotzen dute urtean. Lezoko Udaleko HAZ bulegoan eman daiteke izena.

Lezoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie dagoeneko ekimen honetan parte hartzen ari diren guztiei, eta gonbidapena egiten die oraindik hasi ez direnei, auzokonpostaguneetan izena emateko eta udalerri jasangarriago baten alde laguntzeko. “Herritarren konpromisoari esker, Lezo bide onean doa ekonomia zirkularraren eta ingurumen iraunkorraren alde”, adierazi dute arduradunek.
 

Arloa edo saila