Lezo Institutuko ikasleek Energiaren gaian egindako lanak aurkeztu dituzte udaletxean Eskolako Agenda 2030en baitan

Al, 2024-04-15 12:45

2022/2023 ikasturtean Lezo institutuko ikasleek energiaren gaia lantzeari ekin zioten Lezoko Eskolako Agenda 2030 programaren baitan. Lehen ikasturte horretan, herriko eta ikastetxeko energiaren inguruko diagnostikoa osatu zuten.

Herriko diagnostikotik ateratako ondorioak ikusita, hainbat eskaera egin zizkioten udalari kurtso amaieran egindako udal-foroan.

2023/2024 Ikasturte honetan ere, energiaren gaiarekin jarraitu dute ikasleek; Ekoordezkariak bildu eta aurreko urtean egindako lanak birpasatu dituzte.

Horrela, ostegun honetan, apirilaren 11an, udaletxera hurbildu dira berriro, aurreko ikasturtean egindako eskaeren berri eman diezaieten udal ordezkariek.

Udal foro honetara Lezoko alkatea, ingurumen-teknikaria eta energia-teknikaria gerturatu dira eta ikasleen eskaerei erantzuteaz gain, Lezoko udalak energiaren arloan egin dituen eta egiteko aurreikusita dituen lanen berri eman diete ekoordezkariei.

Bereziki, Lezoko udala murgilduta dagoen energia eta klima planari buruzko argibideak eman dituzte. Ikasleek adi entzuten dituzte azalpenak, ondoren ikastetxean bertan ikaskideei jasotako informazioa helarazteko asmoz.

Gainera, gaur egun hain entzuna den klima aldaketari buruz gehiago jakiteko aukera izan dute ikasleek energia-teknikariak emandako azalpenei esker.

Udala burutzen ari den energia eta klima planaren diseinuan ikasleek parte-hartze aktiboa izan dezaten, laguntzeko proposamena luzatu diete ikasleei udaletxetik.

Zehazki, herritarren parte-hartze prozesuan lagunduko dute ikasleek: herrira atera eta herritarrei klima aldaketaren eta energiaren gaiaren inguruan duten ezagutzaren inguruko galdetegiak egingo dizkiete. Galdetegi horien bidez aukera emango zaie herritarrei planaren diseinuan beraien ekarpenak egiteko.

 

Arloa edo saila