Joan den ikasturtean Lezo Institutuko ikasleek basoak aztertu zituzten Lezoko Eskolako Agenda 2030 programaren baitan. Ondoren, ekainean antolatutako udalbatza berezian, egindako lanaren azalpenak eta hartutako konpromisoen berri eman zieten ingurumeneko zinegotziari eta udal-teknikariari eta, horrekin batera, hainbat eskaera ere luzatu zizkieten: klaseak aire librean emateko gune bat sortzea, landare eta zuhaitz espezieen berreskurapenarekin lanean jarraitzea, Altamira parkeko berritze proiektuan beraien proposamenak kontuan hartzea, herriko ibilbideak eta natura ezagutzeko jarduerak eskaintzea, etab.
Astearte honetan, Udaletxean berriro elkartu dira. Oraingoan, ordea, udal-ordezkarien txanda izan da eta ekainean egindako eskaerei erantzuna eman die Leire Betetak, Lezoko Udaleko ingurumen-teknikariak:
- Altamirako parkea berritu eta egokitzeko proiektuaren baitan klaseak aire librean egiteko gune bat egokitzea txertatu da eta ikasleen beharrak asetzeko irizpideak ere barneratzea eskatu zaio diseinua egiten ari den arkitekto taldeari.
- Pinuen eraztuntzeaz gain, eukalipto eremu bat bertako espezieekin birlandatzea aztertzen ari da Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.
- Herriko ibilbideen seinaleztapenaren mantenua hobetzen eta antolatzen ari da.
- Udalak burututako ingurumen-jardueren berri ematen jarraitzen du Udalak webgunearen eta sare sozialen bidez.
- Altamirako parkeko proiektuan anfiteatro inguruan dauden zuhaitzen identifikazioa eta interpretazioa euskarriak ikasleekin burutzea proposatu du Udalak.
Ikasturte honetan zelaiak eta larreak
Aurtengoa 14. ikasturtea da Lezoko Eskolako Agenda 2030 programa garatzen dena. Honez gero, ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitate, kontsumo arduratsua, zarata, basoak, elikadura eta klima-aldaketa bezalako gaiak aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte. Ikasturte honetan, Zelai eta larreen inguruan arituko dira eta egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, 2022ko maiatza aldera berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ikasleek.