Udaletxeko argiak itzali egingo dira, ordu batez, larunbat gauean.
Lezoko Udala WWF Naturarentzako Mundu Funtsak mundu mailan antolatutako 'Planetaren Ordua' ekimenari atxikitu da. "Konekta zaitez naturarekin" lelopean, helburua da herritarrak klima aldaketaren eta biodibertsitate galeraren ondorioei buruz sentsibilizatzea. Horrela, larunbatean, martxoaren 27an, 20:30etik 21:30era bitarte, udaletxeko argiak itzaliko dira.
Beste behin, giza jarduerak eragindako klima-aldaketaren aurkako premiazko neurriak hartzeko beharraz jabetzeko, Planetaren Orduak herritarrak, enpresak, udalak eta erakundeak batuko ditu, klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurka borrokatzeko.
Planetaren Ordua martxoko azken larunbatean ospatzen da urtero, eta modu boluntarioan egiten den itzalaldi elektrikoa da. Pertsonei eta enpresei ezinbestekoak ez diren argiak eta tresna elektrikoak ordubetez itzaltzeko eskatzen zaie, 20:30etik 21:30era.
Jesus Mari Martiarena, Lezoko Alkatearen esanetan: “udalak, beste behin, eraginkortasun energetikoarekin duen konpromisoa adierazi nahi du. Udaletxeko argiak itzali egingo ditugu ordubetez larunbatean, munduko erakunde, udal eta entitate askok egingo duten modura”.
Ingurugiro zinegotzia den Jose Angel Sanchezen iritziz, "udal gobernuak garapen jasangarriarekin duen zeharkako konpromisoa, 2030 Agendaren eta GJHen erreferentearekin aldarrikatu nahi du"; eta gogorarazi du udalak hainbat jarduera abiarazi dituela argiteria publikoan eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarrien erabilera eta mugikortasun jasangarria sustatzeko.
“Badakigu ekimen hau keinu bat besterik ez dela, bere efektuak ez duela eragin esanguratsurik izango planetaren osasunean, baina, zalantzarik gabe, herritarren artean kontzientzia sortzeko balioko du, gure bizi-ohituretan benetako aldaketei aurre egin ahal izateko.