Iragan asteartean Eskolako Agenda 2030en parte hartzen duten Lezo, Errenteria eta Oiartzungo ikastetxeetako irakasle-koordinatzaileak, Lezoko Gezala auditorioan elkartu dira Loratu Herria proiektua hobeto ezagutzeko. Beraiekin batera izan dira Ingurugelako ordezkaria, Udaleko ingurumen-teknikaria eta arloko zinegotzia ere.
Belardien erabilera didaktikoari buruz formazioa emateko EHUko bi aditu izan dira bertan: Arantza Aldezabal eta Maddi Artamendi.
Saio teorikoaren ostean, bertaratutakoak belardi batera hurbildu eta eremu baten behaketa nola egin ezagutu ahal izan dute, ondoren, euren ikasleekin batera errepikatzeko.
Izan ere, ikasturte honetan, Oarsoaldean EA2030en parte hartzen duten ikastetxeak Zelai eta Larreen gaia lantzen ari dira. Honela, Loratu Herria proiektuan parte hartzen duten ikasleek herriko zelaietako landare eta animaliak identifikatuko dituzte eta eremu hauetan gizakiaren jarduerek zer nolako eraginak sortu dituen ezagutu ere.
Lezoko Udala aspaldian ari da hiri-bioaniztasunaren aldeko lanetan. Udaleko ingurumen-teknikaria den Leire Betetak azaldu duenez, azken urteetan lorezaintza-lanetan erabilera-irizpideak txertatu, ibai-ibilguetako ibaiertzeko landaredia berreskuratu eta belardi-eremu batzuetan belar-mozketa kopurua murriztu ditu Udalak, landare- eta lore-espezieen presentzia sustatzeko.
Lezo Institutuko Ikasleek maiatzean aurkeztuko dizkiote Udal-ordezkariei egiten ari diren azterketaren emaitzak eta Udaleko ingurumen-teknikariak aurreratu duenez, Udalak aurrerantzean egingo dituen lanketetarako oso baliagarri izango zaizkio.