Martxoaren 6an Lilatoia ospatuko da. Lezoar ugari parte hartuko dute aurten. Gaiari buruz hitz egiteko, Maialen Pikabeari elkarrizketa egin diogu, Lezoko Emakume Korrikalarien ekimeneko arduraduna da bera:
Kaixo Maialen, bi urte ostean Lilatoia ospatzeko irrikitan izango zarete, ezta?
Egia esan, oso pozik gaude bai. Azaroaren amaieran jarri genuen erronka garrantzitsuena da aurtengo Lilatoia eta astero atera gara korri egitera ilusio batekin: Lilatoian korri egitea.
Iazko Lilatoi birtuala, esperientzia berria izan zen, baina kalera irtetzeko gogoa handia zen?
Lasterketek xarma galdu dute birtualak bihurtu direnean, baina orduan ez zegoen besterik. Aurten, ordea, egoera hobera doanez, kalera irten nahi dugu, bai korri egitea, bai aldarrikatzera.
Lezoko Emakume Korrikalariak astelehenero elkartzen zarete entrenatzeko. Zer moduz doa ekimena?
Agian galdera hau emakume korrikalariei galdetu beharko zaie, baina, tira, ni oso gustura nago eta pentsatu nahi dut korrikalariak ere gustura daudela. Talde polita osatu dugu, eta hilabeteak pasa ahala, jende berria gehitzen joan da taldera.
Lilatoia prestatzearren, astean bi saio entrenatu dituzue azkenaldian, ezta?
Bai. Lilatoia helburu izanda, bikoiztu egin ditugu asteko egunak. Beraz, astean bitan ateratzen gara kalera korri egitera. Batzuetan astelehen eta asteazkenetan, eta besteetan, astelehen eta ostegunetan. Guztion ordutegiak errespetatzen saiatzen gara eta horregatik egoten dira egun aldaketak.
Zenbat lezoar parte hartuko duzue aurtengo edizioan?
Ezingo nuke kopuru zehatza esan, baina berrogei emakume lezoar animatuko garela esango nizuke. Adin guztietakoak gainera!
Kamiseta bereziak prestatu dituzue egun horretarako...
Bai! Orain, saioetan jartzen ditugu. Baina benetako asmoa Lilatoian eramatea da. Hirurogei bat kamiseta banatu ditugu.
Zein da asteburuko plana? Elkarrekin joango zarete Donostiara?
Asteburuko plana, goizean goiz autobusa hartu, zortzi eta erdiak aldera, emakume lezoarren argazki erraldoia atera, Bulebarrean egingo den zunba saioa beroketa egiteko aprobetxatu, Lilatoian korri egin eta amaitzean Donostian geldituko gara. Lezoko Emakume Taldea arduratuko da deialdia egiteaz bere Instagram kontuaren bidez.
Lezoarrei animatzera joan daitezen gonbita zabaltzen diegu. Zorte on!