50 ekitaldi baino gehiago antolatu dira aurtengo Santakrutzetan

Og, 2023-09-07 11:08

Jaiak berdintasunean eta askatasunez ospatzeko aldarrikapena egiten du Lezoko Udalak.

Lezoko Udalak 2023ko Santakrutzak aurkeztu ditu gaur arratsaldean Lezoko Kultura Aretoan. Bertan, Lezoko alkatea Mikel Arruti, Kultura zinegotzia Jon Legorburu, Feminismo zinegotzia Eneritz Arruti, Jai Batzordeko kideak (Lurdes Isasi Gaxuxa elkartekoa eta Haurtxo Haur Eskolako Olatz Errasti) eta Laura Martinez eta Alaitz de la Maza zinegotziak izan dira.

Jaiak irailaren 13an hasi eta 17an amaituko dira. Mikel Arruti Lezoko alkatearen azaldu duenez “Uda amaitzear eta udazkena ate joka dugula, lezoarrok badugu kalean, elkarrekin, jai giroan ospatzeko aukera ugari. Pozgarriak dira data hauek, Santakrutzak ospatzeko irrikitan gaude. Iraila Lezoko herrigintzaren erakusleiho garrantzitsua dugu. Herriko eragileek antolatutako ekimen ugari eta askotarikoak garatzen baitira. Ekimen horiek, gainera, festa-giroa eta alaitasuna zabaltzeaz gain, baliagarriak dira, gure herri izaera eraikitzeko eta sendotzeko; bai eta lezoarrok elkar topatzeko, elkarren berri izateko eta herritarron arteko kohesioan sakontzeko. Beraz, ekimen horiek antolatuz, ekarpen hori egiten duten elkarteetako kideen eta laguntzaileen lanaren garrantzia azpimarratu nahiko genuke, eta gure esker ona adierazi nahiko genieke”.

Adin guztietako herritarrentzat osatu den egitarau oparoaren erakusgarri dugu 50 ekitaldi baino gehiago antolatu izana aurten. “Alkate txikien pregoiarekin hasi eta zezen-suzkoarekin amaitu bitarte, jai giroan gozatzeko bost egun izango dira herrian” adierazi du Jon Legorburuk, Kultura zinegotziak.

EGITARAUAREN XEHETASUN BATZUK:

- Santakrutz bezperako gaua danbor soinuek alaituko dute, Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetako partaideen eskutik.

- Herriko txikienek hain gustuko izaten dituzten buruhandien eta erraldoien kalejirak izango ditugu, bai eta puzgarriak ere.

- Kirol zaleentzat herri kirolak ostegunean eta Josetxo Etxandi pilota txapelketako finalak ostegunean eta larunbatean.

- Bertsozaleek puntako bertsolariak entzun ahal izango dituzte plazan, ostiralean.

- Baserritarrek, ganadu feriaz, eta Tiñelu zein Ixkulin elkarteek eskainitako bertso-bazkariaz gozatzeko aukera izango dute ostegunean.

- Su artifizialak gustuko dituztenak ere izango dute gaueko ikuskizuna larunbatean.

- Eta nola ez, festa-giroa alaitzeko eta jendea dantzan jartzeko, kontzertuak, txarangak eta DJak ere ez dira faltako: Nogen, Laiotz, Dj Bull eta Kitadelpare txaranga, besteak beste.

Eta horrekin guztiarekin batera, aurrez aipatu den bezala, herritar guztiak batzeko eta festak elkarrekin ospatzeko aukera eskaintzen duten herri-bazkariak antolatu dituzte herriko eragileek. Horien artean, Santakrutz egunean egiten den herri-bilkura nagusia: i14ko bazkaria.

Bukatzeko, nabarmendu nahi izan da ahalegin berezia egin dela aurtengo Santakrutz-jaiak herritar guztiok berdintasunez eta askatasunez ospatzeko. Eneritz Arrutiren esanetan, “Jaiak askatasunez bizitzeko eta gozatzeko aukera izan behar dugu guztiok, onartezina da eraso matxistengatik emakumeek jaiak aske ezin bizi ahal izatea. Emakumeok seguru eta eroso sentitzeko eskubidea dugu, eta guztion ardura da hala sentiarazten ez gaituzten jarrerei aurre egitea. Halako gertaeren aurreko prebentzioa lantzeko, emakumeok ahalduntzea ezinbestekoa da. Horretarako, udalak herriko talde feministekin lankidetzan, erasoei aurre egiteko protokoloa sortu dugu, autodefentsa tailerrak martxan jarri ditugu (28 emakumek parte hartu dute); eta azkenik, puntu morea berreskuratu dugu“.

Baina, horrekin batera, gizonezkoek ere argi izan behar dute eta argi esan behar dute Lezon ez dela jarrera eta eraso matxistarik onartuko” gaineratu du zinegotziak.

Zehazki, Santakrutz jaietan zehar eskuragarri egongo diren hiru zerbitzuren berri eman nahi izan du. Batetik, Emagin elkartearen eskutik, indarkeria matxisten prebentzioa eta sentsibilizaziorako puntu morea martxan egongo da irailaren 14an Pikukalen 18:00etatik 21:00etara.

Bigarrenik, indarkeria matxistaren aurrean arreta eta salaketa telefono bat eskuragarri egongo da, bertara hots egin edo whatsapp mezuak bidaltzeko, irailaren 15ean eta 16an: 688696204. Emagin elkarteak emango du zerbitzu hau ere, eta horrela, adituen laguntzaz, jaietan gertatzen den edozein eraso matxista identifikatzea, horren aurrean erasoa jasan duen pertsona beste zerbitzu batzuetara bideratu ahal izatea, eta, egoerak hala eskatzen badu, erantzun soziala aktibatzeko kudeaketa bideratzea lortu nahi da. Zerbitzu hau udaleko feminismo saileko zinegotziekin eta arduradunarekin, eta herriko eragile feministekin koordinatuko da.

Azkenik, erasoren bat gertatuko balitz udalak eremu bat atonduko du, biktimari ahalik eta toki atseginena eta seguruena eskaintzeko.

“Irten gaitezen kalera, ospa ditzagun Santakrutzak askatasunean eta goza dezagun herrian izango dugun jai giroarekin” amaitu dute udal ordezkariek.

Egitaraua etxez etxe banatuko da datozen egunetan eta udaleko webgunean zein APP-an kontsultatu daiteke.

Arloa edo saila
Eranskinak