Festak osasun segurtasun neurri guztiekin antolatzeko baldintzarik ez dago.
2021eko Santakrutzak bertan behera geratu dira aurten ere. COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, egoera hobetzen ari bada ere, festak osasun segurtasun neurri guztiekin antolatzeko baldintzarik ez dago.
Santakrutzak, elkarrekin egon, besarkatu, dantzatu eta gozatzeko festak dira eta jende pilaketa handiak sortzen dira egun horietan herrian.
Kutsadurak saihesteko, Lezoko Jai Batzordeak (Lezoko Udala barne dagoelarik) aho batez, festak bertan behera uztea erabaki du. Erabakia hartzeko, herriko eragileekin batera hainbat bilera egin dituzte azken hilabeteetan.
Azken batean, antolatzen diren ekitaldietan distantzia sozialak mantentzea oso zaila da. Jai Batzordeak argi dauka, aurten ere, herritar guztien osasuna dela lehentasuna. Herria eremu gorri/laranjan egon da azken egunetan, astero kutsadurak daudelako.
Lezoko Udalak herritarren jarrera txalotu nahi du, azken urte eta erdian bizitako egoera oso zaila izan delako. Osasun eta segurtasun neurriak zaindu eta gizalegez jokatzeko eskaera egiten du, birusaren hedapena saihesteko.
Gaurtik aurrera, 2022ko Santakrutzetan pentsatzen hasiko da udala. Hauek bai ospatzeko ilusioarekin.