Lezoko Udalak eta Dantzaz elkarteak dantza garaikidea bultzatzeko hitzarneba sinatu dute

Al, 2021-10-04 23:38

Dantza konpainiak udal instalazio eszenikoak erabiltzeko aukera izango du.

Lezoko Udalak kultura sustatzen jarraitu nahi du. Oraingoan, “Dantzaz” elkartearekin hitzarmen bat sinatu du, helburua, dantza garaikidea sustatzea. Akordioa sinatzeko Jesus Mari Martiarena Lezoko alkatea, Ion Pombar Kultura zinegotzia eta Fernando Saenz de Ugarte, Dantzazeko zuzendaria, elkartu dira Lezon.

Talde lan honek hainbat helburu ditu:

Alde batetik, dantza garaikiderako publikoak sortu nahi dira Lezon eta Dantzaz-eko arduradunen eta Lezoko Udaleko kultura sailaren artean elkarlana sustatuko da. Gazteen artean ere dantza sustatzen saiatuko dira, horretarako, dantzaren inguruan sentiberatzea eta hastapena bideratzen saiatuko dira Lezoko Herri Eskolan.

Hitzarmen honekin Dantzaz erakundeak udal instalazio eszenikoak erabiltzeko aukera izango du.

Gainera, sorkuntza koreografikoaren eta publikoaren arteko harreman programak garatuko dira Lezon. Azken finean, dantzaren sektorea ezagutarazi eta garatzeko akordioa sinatu da.

Beraz, hitzarmen honen bidez, lau lerro nagusi bilatzen dira:

ESKOLA DANTZA: 

Dantzaz eta Lezoko Herri Eskolaren arteko lan-programa; dantza eta koreografia-sorkuntza eskolan elementu pedagogiko gisa erabiltzeko. Urtero Dantzazek aurreikusita dituen ekoizpenetara eta Herri Eskolako curriculum programara egokituko dira.

Sorkuntza koreografikoa komunitatearekin partekatzeko eta hurbiltzeko: ZETA ZETA SAIOAK (Udazkeneko egitarauan) 

Lezok eta Dantzaz-ek dantza saio fresko eta hurbilak eskainiko dituzte elkarrekin. Bertan, dantzariek saio oso dibertigarri, ireki eta freskoak prestatuko dituzte. Saioak 60 minutu ingurukoak izango dira.

Dantza garaikidearen praktika, DAGAZ sarea: 

Informazio osoa: www.dagaz.eus

Dantza konpainia batek udaleko espazioak erabiltzea:

Lezoko Udalak konpainiak behar dituen espazio eta baliabideak eskainiko dizkio sorkuntza prozesuetan lagungarriak izan daitezen.

Lezoko Udalak oso positibotzat jo du hitzarmen hau eta dantza bultzatzeko era bikaina dela uste du.

Arloa edo saila