Herriko festak berriro ospatzeko aukera, errespetuan eta zuhurtziaz.
“Pandemiaren eraginez bi urteko etenaldiaren ostean, Santakrutzak Lezon ospatzeko aukera egongo da aurten eta jendea desiratzen dago. Asko gozatu ditzaten espero dut. Gora Lezo!” azaldu du Jesus Mari Martiarenak, Lezoko alkateak.
Egitaraua gaur goizean aurkeztu du Xanti Val, Kulturako teknikariarekin batera. “Aurtengo egitaraua berezia da: 61 ekitaldi antolatu dira irailaren 13tik 18ra bitartean. 2019tik aurrekontua %43an igo da”, gaineratu du Valek.
Ekintzen artean, batzuk betikoak dira: danborrada, marmitako txapelketa edo desfilea adibidez.
Haurrentzat ere ekitaldi ugari antolatu dira: puzgarriak egongo dira, apar jolasak, buruhandiak…
Gainera, kontzertuak edo DJ-ak egongo dira hilaren 13, 14, 16 eta 17an. Dantza ere egongo da, bazkari ezberdinak, jubilatuen bazkaria, herri bazkaria eta antzerkia. Egitaraua etxez-etxe banatuko da datozen egunetan.
Bukatzeko, jaiak harmonian, giro onean, euskaraz, ingurugiroa zaintzen, errespetuz eta inolako eraso sexista eta genero indarkeriarik gabe ospatu daitezen eskatzen du Lezoko Udalak.