Larunbatean, Kilometro Lezo kultur agendaren baitan, Tenpora musika talde tolosarrak bere lan berriko lehen doinuak aurkeztuko ditu. Horren harira, taldekideekin hitz egiteko aukera izan dugu, bai larunbateko kontzertuaren inguruan zein egungo egoerak kultur sektorean izan duen eraginaz ere. Hemen elkarrizketa.
- Larunbatean, abuztuak 22, zuen lan berria aurkeztuko duzue. Zerbait aurreratzerik bai?
“Berriro asma nazazu” lan berriaren aurkezpen ofiziala irailaren erdialdean egitea aurreikusita dugu. Hasierako asmoa apirilean aurkeztea zen, baina egoera dela eta, proiektu guztia atzeratu behar izan genuen. Itxialdiak diskoaren nahasketetan harrapatu gintuen bete betean eta ezin izan genuen aurrera jarraitu, beraz, eskuartean genuen guztia - diskoaren aurkezpena, emanaldiak… - irailera atzeratu behar izan genituen. Eta Lezo, hain zuzen, apirila eta uda bitartean programatuta genituen emanaldi horietako bat zen.
Puntu horretara helduta, disko berriaren aurkezpen ofiziala irailaren erdialdean egingo dugun arren, proiektua berrantolatu behar izan dugunez, Lezon eskainiko ditugu disko berriaren lehen doinuak. Horrenbestez, Lezokoa izango da disko berriko kantuak lehen aldiz entzuteko kontzertua.
Horretarako osatu dugu errepertorioan, batetik, disko berriko kantuen aukeraketa bat egin dugu eta hori Tenporak orain arte zuzenekoetan eta diskoetan landu dituen beste abestiekin osatu dugu. Errepertorioa, beraz, anitza izango da eta aurrera begira ere aurkezpen kontzertuetan antzeko bat eskainiko dugula uste dugu.
Horregatik, larunbateko kontzertua interesgarria izango da, entzuleak lehen aldiz entzun ahal izango dituelako gure lan berriko kantuak. Oraingo honetan, gainera, Tenpora “zikiñago” datorrela esan genezake, kutsu aldetik, kasu honetan, elektronika, rock eta folk kutsuko abestiak daude eta.
Aitor Etxebarriak ekoiztu du lan berria eta 8 kantuz osatuta dago. Nahasketa berezia da berriro ere, Tenpora uneoro baitago gauza berriak probatzen, nahasten… Azken lana, beraz, hori guztiaren emaitza da, emaitza ezberdin bat berriro ere.
- Kulturarentzako garai gogor hauetan, horrelako emanaldia eskaintzeko aukera izateak zer suposatzen du zuentzat?
Batetik emozioa eta ilusioa nabarmenduko nituzke. Itxialditik gaur egun arte, Lezokoa gure bigarren emanaldia izango da (atzo izan zen lehena), horrenbestez, taldea oso emozionatuta eta ilusioz beterik dago.
Gainera, atzoko hartu eman horretan, entzuleek zuzeneko kontzertu bat ikusteko behar edo gogo hori helarazi ziguten. Izan ere, hainbeste denboran ezer ikusi eta ezer entzun gabe egon garenez, orain, horrelako momentu bat benetan hunkigarria izatera hel daiteke; emozio asko sor ditzake.
Bestalde, ilusioz beterik gaude urte bete luzean egindako lana eta kantu berriak martxan jarriko ditugulako. Emozioa ber bi da une honetan sentitzen duguna.
Era berean, amaitzeko, kultur eskaintza bakoitzaren atzean dagoen lana nabarmenduko nuke. Egoera honek agerian utzi ditu gauza asko eta horien artean, ez dugu ahaztu behar kulturak, eta kasu honetan euskal kulturak duen garrantzia.