1999.eko Abenduaren 29ekoa

    Agiri mota
    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 1999ko abenduaren 29an, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza, Nekane Artola Labordeta, Xabier Alegria Loinaz, Imanol Esnaola Arbiza, Juli Del Sol Bermejo, Kepa Garbizu Azkue, Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin eta Gurutze Sein Cordero.

    Ez dira etorri: Inmaculada Muñoz Martinez, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jesus Mª Martiarena Jaka eta Ainhoa Villanua Ayuela, lehenengo biek ezin etorria aurrez adierazi dutelarik.

    1.- Mumia Abu-Jamal-en aldeko eta heriotz zigorraren kontrako Plataformak aurkeztutako mozioa.

    Mozioak honela dio hitzez hitz:

    “1982an, kazetari ospetsua eta Pantera Beltzen partido politikoaren kide ohia, eta Philadelphiako polizia departamentuaren arrazakeri nahiz bortxakeria gogor salatu duen Mumia Abu-Jamal, polizi azalzuri baten hilketagatik kondenatua izan zen, Daniel Faulknerren hilketa hain zuzen ere.

    “Urkamendiko epailea” delako Albert Sabok epaitua eta heriotzarako zigortua izan zen. “Urkamendiko epailea” deitzen diote Estatu Batuetan heriotzaz afroamerikar gehien zigortu dituen epailea delako. Hala eta guztiz ere Mumiari akusatu zitzaion karguaz proba bat ere ez dago eta epaiketan Mumiaren eskubide konstituzionalak 29 aldiz gutxienez errespetatu ez zietela ere, ziurtatuta dago. 1996an Bill Clinton-ek “heriotza eraginkorraren aldeko legea” sinatu zuenetik, Estatu Batuetako gorte gorenei ailegatzen diren apelazioak murrizten dira eta gaur egun heriotzarako zigortuek azkeneko eta bakarreko apelazioa dute Gorte honen aurrean epaiketan gerta daitezkeen irregularitate guztiak berraztertu ahal izateko.

    Hau da Mumia Abu-Jamalen egoera juridikoa: bere abokatu defendatzaileak “Habeas Corpus” eskatu du orain dela gutxi. Apelazio honek Mumia Abu-Jamalen exekuzioa momentuz geldiarazi du, hasieran urte honetako, hau da 1999ko abenduaren 2rako finkatu zena.

    1980an Mumia Abu-Jamal Philadelphiako kazetari beltzen presidentea hautetsia izan zen. National Lawyer’s Guilden ohorezko presidenteordea da, Amerikako 5000 abokatu progresisten elkartea dena. Kalifornian San Francisco-ko New School of Law-en ohorezko titulua eman zioten; ohorezko bizilaguna Copenhagen-en (Dinamarkan) eta Palemon (Italian) izendatua; 1997ko azaroan Dinamarkako Solhvervfonden fundazioaren saria eman zitzaion bere gizakiaren aldeko lanagatik bere gizartearen gizajoen aldeko kazetari lanegite honek “ahotsarik gabekoen ahotsa” izendatu zuen.

    Mumia Abu-Jamalen atxikipen adierazpenak areagotzen dira egunez egun, herriarteko politikaren nortasun handiko pertsonak dira, Nelson Mandela, Lionel Jospin, Jacques Chirac, Danielle Miterrand, nazio batuen bozeramalea den Koffi Annan, besteak beste, herriarteko legegileak, beraien artean Dieta japoniarraren 38 kide eta daniar parlamentuaren 74 kide, europar parlamentuaren Biltzarra, finlandiar Gobernua, Arte eta Kultura arloan nortasun handikoak diren Shalman Rushdie, Spike Lee, Whoopi Golberg, Harry Belafonte eta Naomi Campbell-ek Mumia Abu-Jamalentzako epaiketa berri bat eskatu dute.

    Mumia Abu-Jamalen askatasuna eskatzeak, errugabekoen exekuzio hiltzeak azkar ez daitezen eta azkenekoz heriotz zigorra Estatu Batuetan indargabe dadila, erran nahi du. Hau dena askatasun handiaz harro dagoen herri batez ari gara, iparramerikatar hiritarren bizitza eskubidea errespetatzen ez duen bitartean.

    Hau dena dela eta Lezoko Unibertsitateko Udalaren osoko bilkurak zera akordiopetzen du:

    1.- Heriotz zigorraren gauzapenari gaitsespenarik tinkoena erakustea.

    2.- Estatu Batuetako Gorde Gorenean Mumia Abu-Jamali, eman ziren irregularitate guztiak berraztertuko liratekeen entzunaldi frogarri bat eman ziezaiola.

    3.- Kasua instruitu duen epaileari eskutitz bat idaztea eta honek aldaki bat Mumia Abu-Jamalen abokatuari helarazi. Bestaldetik ere Españan dagoen Estatu Batuetako enbaxadoreari ere eskutitz bat idaztea itun hau ezagutaraziz.

    4.- Udal honek itaundu duena agerian eta publikoa jakinaraztea.”

    Adierazpenen txanda irekirik, Imanol Esnaolak, EH taldeko zinegotziak, esan du bere taldea mozioaren aldekoa dela. Esan du ezen, legez legez izan ez arren, Euskal Herrian ere aplikatzen ari direla heriotza zigorra eta, hortan, Geresta eta Inaxi Zeberioren kasuak gogorarazi ditu, PSOEk egindako exekuzio sumarialtzat kalifikatuz. Lasa-Zabala kasua gogorarazi du eta hortan gertatzen den azpijoko sinesgaitza.

    Mikel Antxon Arrizabalagak iragarri du, EH taldeak egiten duen mozio-irakurketa ikusirik, abstenitu egingo dela.

    Alkateak gogorarazi du, mozioa ez duela EH-k aurkeztu baizik eta Mumia Abul-Jamalen aldeko plataformak.

    Bozketa eginik, mozioaren aldeko zortzi boto eman dira (alkatea eta EH, EAJ eta EA alderdietako zinegotziak) eta abstentzio bat: Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE) eta, beraz, mozioa onartu egin da.

    2.- Hondarribiko eta Irungo Alardeei buruz Talde Feministen Koordinakundeak eta Forum Feminista “María de Maeztu”-k aurkeztutako mozioa.

    Alkateak argitu du ezen, bi taldeek aurkeztutako mozioak berdinak direla eta biak batera tratatuko direla.

    Mozioak honela dio hitzez hitz:

    “Irun eta Hondarribian sortutako arazoa dela eta, Talde Feminsiten koordinakundeak udal horrengana jotzen du emakumezko guztiek beste edonoren baldintza berdinetan gizartearen jarduera-eremu guztietan parte hartzeko duten eskubidea ezagutu dadin eta berdintasunerako eskubidea eta sexu bereizketagatiko diskriminaziorik ez izateko eskubideak berma daitezen.

    Hori dela eta, honakoa eskatzen dugu:

    1.- Udal horrek, instituzio publiko eta herriaren ordezkari zuzena den aldetik, arlo horretan indarrean dagoen legedia bete dadin zain dezala, emakumezkoek diskriminaziorik jasango ez dutela berma dezala eta Udalak sustatu edo diruz lagundutako edozein ekintzatan emakumezkoek berdintasunez parte hartzea bultzatzeko konpromisoa har dezala.

    2.- Irun eta Hondarribiko ohiko alardeak emakumezkoen kontrako diskriminazioaren adierazle argiak izanik, Udal horrek publikoki azal dezala alrde mistoen aldeko jarrera eta, Eusko Legebiltzarraren ebazpenez indartu eta Euskal Herriko Justizi Epaitegi Gorenak emandako sentenziak hala ezagutzen duen bezala, emakumezkoek festa-ekitaldei horietan parte hartzea Konstituzioak aitortutako eskubidea izateaz gain, beren hiritar izateari lotutako oinarrizko eskubidea dela ulertuz, eska dezala indarrean deagoen legedia betetzea.

    3.- Mozio honetako testu onartua bidaliz, udalaren jarrera hori Irun eta Hondarribiko Udalei helerazteko konpromisua har dezala.”

    Xabier Alegriak, EHko zinegotziak, esan du bere taldeak mozioaren alde bozkatuko duela, zenbait eskubideren deklarazioa dela iritzirik. Gai honetan legalidadearen defendatzaile diren zenbait taldek eskubideen egikaritzari tradizioaren izenean oztopoak jartzea kritikatu du, Ertzaintzaz baliatzea kritikatu du, era berean komunikabide publikoak erabiltzea e.a.

    Pello Garbizu, EAJ taldeko, zinegotziaren iritziz, mozio honek ez die inolako mesederik egiten Irun eta Hondarribiari eta, arazoa bere sakontasunean zuzenduko denaren gogo zintzo eta benetazkoarekin, irtenbidea, herriko ajente sozial guztien lanaren ondorioz emango dela jakinik, ez erakunde egituren inposizioz edo erabakiz, hauek izan behar dute protagonista bakarrak. Honela gauzak, uste dugu Mozioaren onartzeak, arazoaren gainditzeari lagundu ordez, beharrezko ez den intromisio bezala ulertuko litzatekeela, horregatik iragarri du ez duela mozioaren alde egingo.

    Xabier Alegriari gauza bitxia suertatzen zaio arazoa esparru lokalera murriztea, espresio askatasuneko gai bat izaki, ertzaintzaren erabilpena e.a.; alabaina, interesgarri iruditzen zaio gai honetan udal autonomiaz hitz egitea eta tratamendu bera eskatu du beste gai batzuetarako, esate baterako lurralde ordenamenduaren gaia.

    Pello Garbizuk gogorarazi du, berak hemen azaldutako planteamendua bera dela EHk Gasteizko legebiltzarrean onartu zuena mozioaren ponentzia tratatu zenean.

    Xabier Alegriak erantzun dio esanez, oraingoan jarrera-hartze politiko bat eskatzen dela, ez dela esaten arazoa nola konpondu behar den, ez dira planteatzen ari inolako batzorderik sortzea legebiltzarrean egin zen bezala.

    Alkatearen iritzirako, mozioa ez da inolako intromisioa, baizik eta eskubide batzuen aldeko deklarazio politiko bat, eta eskubide horiek aplikagarri izango dira Lezon garatzen diren ihardueretan.

    Bozketa eginik, sei boto eman dira mozioaren alde (alkatea eta EHko zinegotziak), abstentzio bat (PSE) Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinek emana eta eta kontrako bi boto Pello Garbizu EAJko zinegotziak eta Gurutze Sein Cordero EAko zinegotziak emanak, beraz mozioa onartu egin da.

    3.- Gipuzkoako zenbait herriren artean Kutxako Gobernu Organoetarako ordezkari bat izendatzeko proposamena.

    Alkateak aurkeztu du proposamena eta, hitzez hitz, honela dio:

    “Kutxako hauteskundeen aurrean, behean aipatzen diren udaletxeek, gure ordezkaritza batzeko asmoa agertarazi nahi diogu, Gipuzkoako herri txikien interesak hobeki defendatuko dituzten kontseilari amankomun batzuk izendatzeko helburuaz, instituzio honek herrialdeko biztanle guztien zerbitzura egon behar duela ikusirik.

    Kutxako hauteskunde prozesuak, gabezia demokratiko larriak ditu udaletxeen ordezkaritzari dagokionean, Batzar Orokorrerako ordezkaritza dagokionean, Batzar Orokorrerako ordezkaritza lortzeko herri txikiek daukaten ezintasunean zehazten delarik hau, kontseilari guztiak herri handiagokoen artean banatuz.

    Egoera honen aurrean gelditzen zaigun aukera bakarra, elkartu eta Kutxaren aurrean, gipuzkoar guztiek, eta batik bat herri txikiek dituzten arazoei irtenbidea emateko politika egitea defendatuko duten kontseilari amankomunak izendatzea izango litzateke.

    Herri txikiek orokorrean, azpiegitura maila bajuak, zerbitzu sozial eta kultural txarrak, eta tamaina txikikoak izatearen ondoriozko bitarteko gabeziak gehituz, arazo hauek oinarrizkoak bihurtu daitezen gertatzen da, garapena eragotziz eta biztanleen bizi kalitatearen hobekuntza ezinezko bihurtuz.

    Egoera honen aurrean Kutxak, “lukro merkantilik gabeko izaera sozialdun entitate finantzieroa” izanik, oinarrizko papera jokatu behar du, herriaren interes sozial edo ekonomikodun obra eta zerbitzuetan inbertsioa bultzatuz; horretarako gure herrien garapen ekonomiko sozial eta kulturalerako beharrezko diren inbertsioei aurre egiteko, baldintza berezietako kreditu lineak emanaz.

    Ziur gaude, Euskal Herriaren nazio eta sozial eraikuntzan konprometituak dauden udaletxe txiki asko etorriko direla bat ideia hauekin, gure ekimenarekin bat egiteko gonbitea zabaltzen diegularik, Kutxak ohiko banku baten bidea utzi eta benetan herriaren zerbitzuak jarri dadin.

    Kutxako hauteskundeen aurrean, beste udalerri batzuekin gure ordezkaritza batzea proposatzen dugu.

    Beraz, agertarazi nahi dugun asmoa eta proposamena, Amezketa, Anoeta, Astigarraga, Lezo, Lizartza, Oiartzun, Usurbil, Zaldibi eta Zestoak bat egitea da.

    Aldi berean, osoko bilkurak alkatea ahaldu du elkarketa honen ondoren egin beharreko izendapenak egin ditzan”.

    Era berean, alkateak proposatu du ahalordetza eman diezaiotela ordezkaria izendatzeko baldin eta taldean biltzea onartuko balitz.

    Bozketa eginik, mozioaren aldeko sei boto eman dira (alkatea eta EHko zinegotziak), bi abstentzio, EAJko zinegotziarena eta EAko zinegotziarena, eta kontrako boto bat Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinena (PSE), eta beraz, aurkeztutako proposamenak onartu egin dira.

    Aktaren amaiera.

    Eta beste aztergairik ez dagoenez, 19:30 orduetan lehendakaritzat amaitutzat eman du batzarraldia, Idazkaria naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

    Eguna