Larunbatean eta igandean Santa Zezilia eguneko kontzertu zein kalejira eta Kantujira saioa izango dira Lezon.
Datorren asteburuan musika protagonista nagusi izango dugu Lezon. Larunbatetik hasita igandea arte, Santa Zezilia eguna ospatuko da herrian eta horren harira, larunbatean, azaroak 16, Tomas Garbizu Lezoko udal Musika Eskolako bandak, urtero egiten duen moduan, kontzertua eskainiko du 12:30ean Gezala auditoriumean. Igandean, aldiz, txistu taldeak herriko kaleak alaituko ditu goizeko 10:00etatik aurrera Santa Zeziliaren omenez egingo duen kalejiran.
Bi ekintza horiek, “Musikalean” Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolatzen duen musika- jarduera zikloan murgiltzen dira eta helburua, Euskal Herriko musika eskola guztiak musika kalera ateratzea da. Edizio hau, segidan antolatzen den hamaikagarrena da.
Larunbatean, halaber, goizeko 12:30etatik aurrera, hirugarren Katujira saioa ere izango da Lezoko kaleetan barrena. Ohikoa den bezala, Kantujira Aiton Bordatik abiatuko da eta Kaialde eta Kale Nagusian geldialdia egin ondoren Gurutze Santuaren Plazan amaituko da. Musika herrikoia maite duen oro dago parte hartzera gonbidatuta; abestien kopiak Aiton Bordan, Aizpean edota Musika Eskolan eskura daitezke.