Martxotik apirilera bitartean Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren 34. edizioa ospatuko da eta dagoeneko musika ekitaldi artistiko hau erreferente bilakatu da Lezon, eskualdean eta baita Euskadin ere.
Hainbat musika ekitaldi antolatu dira guztien gozamenerako: abesbatzak, konbo zein akordeoi kontzertuak, ganbara musika, rock klasiko emanaldia… horrez gain, formakuntza ikastaroak eta bestelako jarduerak ere eskainiko dira.
Gaur goizean prentsaurreko bidez aurkeztu dute Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak, Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako arduradunak, Xanti Espinak, Musika Eskolako zinegotziak, Ion Pombarrek eta kultur teknikariak Xanti Valek aurtengo Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren 34. Edizioa.
80. hamarkadan martxan jarritako egitasmo honek urteen poderioz indarra hartu du eta erreferentziazko jaialdia bihurtu da eskualde zein Euskadi mailan. Lesoinu izaera pedagogikoa duen musika zikloa da, musika bizi duten guztiei zuzenduta dagoena; hau da, ikasleei, irakasleei edota mota guztietako musika zaleei dago bideratuta. Gauzak horrela, guztien gozamenerako egitarau zabala antolatu da, bertako zein kanpoko talde eta artista ezberdinen parte hartzearekin. Musika emanaldiez gain, gainera, formakuntza ikastaroak eta beste jarduera batzuk eskainiko dira, hala nola, tailerrak edota ipuin kontaketak
Tomas Garbizuren “Kontzertu Magikoa” Lesoinuren irekiera ekitaldian
Iaz bezala, aurten ere Lesoinuren egitaraua apirileraino luzatuko da, hain zuzen martxoaren 5etik apirilaren 4a bitartean.
Irekiera ekitaldian, hau da, datorren ostegunean, izen handiko bi musikari izango dira Lezon Jon Makuso lezoarrak berreskuratu berri duen Tomas Garbizu musikari lezoarraren “Kontzertu Magikoa” interpretatuz. Aipatu obra 1959-1960 bitartekoa da eta biolin eta orkestrarako dagoen lehen euskal kontzertua da, baita XX. mendearen bigarren erdiko kontzertu espainiar bakarra, eta XX. eta XXI. mendeetako lehen bostetako bat.
Gauzak horrela, Alex da Costa biolin jotzaile kanadarrak eta Josu Okiñena pianistak, aipatu lanaren piano eta biolinarentzat eginiko erredukzioa eskainiko dute, baita beste hainbat obra ere, arratsaldeko 19:00etan Gezala auditoriumean. Sarrera 8€koa izango da.
Martxoaren 8an, musikaren bitartez ere, Emakumeen eskubideak aldarrikatuz
Aurtengo ekitaldien artean, halaber, martxoaren 8an eskainiko den emanaldia ere nabarmentzen da. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, eskarmentu handiko 3 emakumek, Raffaella Acelia (biolina), Rebekka Riedel (biolontxeloa) eta Esther Barandiaranek (pianoa) “Nuestras 4 estaciones” deituriko obra eskainiko dute. Obra horrek, emakumearen bizitzaren lau etapa garrantzitsuenei egiten die erreferentzia: haurtzaroa, gaztaroa, heldutasuna eta zahartzaroa, hurrenez-hurren. Kontzertua, halaber, Maialen Agirresaroberen irudiz lagunduta egongo da emanaldiari eta bizitzako etapa bakoitzari indarra emateko eta horrez gain, Javi Sistiagak etapa bakoizteko bertsoak irakurriko ditu. Kontzertu hori ere Gezalan eskainiko da, arratsaldeko 19:00etan eta doakoa izango da.
Martxoko ekitaldiak
Esan bezala, aurtengo egitaraua ekitaldiz josia dator eta emanaldi gehienak, martxoan izango dira. Gauzak horrela, aipatu biez haratago, martxoaren 6an Rock Classical Trio kontzertua eskainiko da 19:00etan Gezalan (sarrera 8€) eta 7an Konboen kontzertua ordu zein leku berean. Ondoren, martxoaren 26ra arte egingo dugu salto, osteguna, alegia. Arratsaldeko 18:00etan, tailer didaktikoa eskainiko da Musika Eskolan eta 27an, ostirala, TGLUMEko ikasleek kontzertu pedagogikoa eskainiko dute goizeko 11:00etan Gezalan. Egun berean, arratsaldez, 18:00etan orkestra tailerra egongo da Musika Eskolan eta 19:00etan akordeoi kontzertua Gezalan, azken hau Lauhaizeta akordeoi taldeak eskainia.
Martxoaren 28an, 29an eta 30ean bi ekitaldi eskainiko dira eguneko. Larunbatean, 19:00etan hasita, TGLUMEko bandak kalejira egingo du Lezoko kaleetan barrena eta ordu berean Giltzarri (Lesaka) eta Sutargi abesbatzen kontzertua eskainiko da Gezalan. Igandean, halaber, martxoaren 29an, goizeko 10:00etatik aurrera TGLUMEko txistu eta trikitixa taldeak eskainitako dianak esnatuko ditu lezoarrak eta arratsaldean, 19:00etan kontzertua egongo da Gezalan, Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldearen eskutik. Kasu honetan, sarrera ordaindu beharko da (8€).
Hilaren 30ean, astelehena, astea musika doinuekin hasteko, lehenbizi, arratsaldeko 18:00etan TGLUMEko ikasleek kontzertua eskainiko dute Gezalan eta 20:00etan, Iñaki Verak Mindfulness tailerra eskainiko du Musika Eskolan.
Martxoko azken emanaldia hilaren 31n izango da, arratsaldeko 19:00etan Gezalan; Gotzen, Jaig, Ordu Txarra eta Half. 8 taldeek konboen kontzertua eskainiko dute.
Apirileko ekitaldiak
Lesoinuko 34. edizioko ekitaldi gehiengoak martxoan egingo badira ere, apirila musika ekitaldiz josita hasiko dugu. Horrela, hilaren 1ean, Beatbox tailerra eskainiko da 18:00etan Musika Eskolan eta hilaren 2an, halaber, 18:00etan TGLUMEko ikasleen kontzertua berriro Gezalan eta Mindfulness tailerra 20:00etan Musika Eskolan.
Apirilaren 3an, ostirala, itzal antzerkia & piano ekitaldia eskainiko da 17:15ean eta egun berean, arratsaldeko 19:30ean, Jan Van Charles taldearen kontzertua, biak, Gezalan. Larunbatean, Euskadiko musikari gazteek ganbara musika kontzertua eskainiko dute 12:30ean Gezalan.
Amaitzeko, apirileko azken musika saioa hilaren 6an izango da, arratsaldeko lehen orduan, 15:30ean; Sutargi abesbatzak kontzertua eskainiko du Lezoko Eguneko Zentroan eta horrek itxiko du, hain zuzen, Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren 34. edizioa.