2003.eko Maiatzaren 24ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2003ko martxoaren 24an, 13:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO ETA PREMIAZKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (Batasuna) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (Batasuna), Juli Del Sol Bermejo (Batasuna), Inmaculada Muñoz Martínez (Batasuna), Iñaki Zabaleta Zabala (Batasuna) eta Iñaki Labaka Loperena (Batasuna).

Ez dira bertan izan Imanol Esnaola Arbiza (Batasuna), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA), Gurutze Sein Cordero (EA).Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ) eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.

1.- Deialdiaren premiazkotasuna berrestu.

Alkateak atzo arratsaldean ahoz egindako deialdiaren arrazoiak azaldu ditu: atzo eguerdian Imanol Esnaola udal zinegotzia espetxeratua izana Garzon epailearen aginduz. Gaiaren larritasunagatik udaltzaingoaren bidez udal zinegotziei eta idazkariari deitu zitzaien gaur eguerdirako bilkura deituz.

Idazkariak ohartarazi du deialdia ahoz egina izateak eta sei zinegotzi (Imanol Esnaolaz gain) gaur hemen ez izateak, deialdiaren berri duten inongo egiaztagirik gabe, gaur hartu daitezken erabakien balioa zalantzan uzten dutela, edozein osoko bilkura formaz egiteko, premiazkoak eta ezohikoak barne, bere kideak deialdiaren berri badutela egiaztatu behar baita.

Alkateak dio, Udaltzaingoak atzo arratsaldean abisatu ziela falta diren zinegotziei gaur osoko bilkura izango zela.

Bileran diren sei zinegotziek berrestu dute alkateak egindako deialdia eta bilera egitea erabaki dute.

2.- Imanol askatu !! mozioa.

Alkateak hartu du hitza eta esan du Imanol askatu!!. Batzordekide eta lagunaren atxiloketaren aurrean haserrea erakutsi behar dela, dio, eta barruko mina atera. Aurrera egin behar da. Ezin eten hasitako bidea. Imanolen adibidea hori izan da: konpromisoa, grina eta naziogintza.

Euskaldunak ez omen du denborarik galduko epaile eta agintariei exijitzen, eskubideak hartu egin behar direla dio. Bidea egitea omen da erronka, egin egin behar omen da. Ilegalizazioaren aurrean, azken urteotan desegin dituzten egiturak, berriak sortuz; kalean jarraitu behar baita; Egunkaria itxi dutela, ba berria sortu, ez baitago besterik; herriaren konpromisoa aurrera egitea izan behar omen du.

Salatu du gaurko bilkuran alderdi politiko batekoak bakarrik egotea, zinegotzi guztiei deitu zaienean. Pello Garbizurekin hitz egin omen zuen atzo arratsaldean, hasieran plenora etorriko zela esan omen ba zion ere, gero ezezkoa emanez deitu omen zion.

Ez omen da lehen aldia, udal zinegotzi baten atxiloketaren aurrean bizkarra ematearena. Gogoratu du nola osteguneko bilkuran zorte on esan zion Pellok Imanoli eta, nola Imanolek erantzun zion ez zela zorte kontua, konpromiso kontua zela, egunero erakutsi behar den konpromiso kontua. Gogoratu du alkateak, Udalbiltzaren sorreran Lezoko zinegotzi abertzaleak elkarrekin egon zirela Bilbon beraien konpromisoa adierazten, eta gaur Imanol horregatik atxilotu omen dute.

Biharko udal bozketa eguna aipatuz alkateak dio, bihartik aurrera izango dutela aukera konpromiso hori azaltzeko. Esan dezatela herritarren aurrean, zer egingo duten, edo ilegalizatutako botoak ez dituzten aintzat hartuko edo herriak du hitza ! egingo duten.

Alkateak dio, nahiz eta gaur deitutako plenora etorri ez, jakin badakielako beren bakardadean akta irakurriko dutela, jakin dezatela ezker abertzalea hemen egongo dela bere konpromisoari aurre egiten.

Jarraian Ima Muñozek mozioa irakurri du. Honela dio mozioak:

" IMANOL ASKATU !

Estatu Espainolaren "justiziak" Euskal Herriaren burujabetzaren alde lanean ari garenon kontra beste urrats bat eman du. UDALBILTZAREN aurkako operazioa dela eta, Imanol Esnaola zinegotzia eta beste 2 udal hautetsi kartzelaratu, eta Xabier Alegria zinegotzi ohiari lehendik zuen kartzela aldia mantendu dio.

1999an Udal Hautetsiek UDALBILTZAREN sorrerarekin Euskal Herri osoa bere baitan biltzen zuen instituzioa sortzeko pausu historikoa eman genuen. Pauso horri esker, urte hauetan nazio mailako instituzionalizazio prozesua abian jarri da. UDALBILTZA da Euskal Herri osoa biltzen duen izaera nazionaleko instituzio bakarra.

Eta hori izan da UDALBILTZAREN eta kartzelaratutako kideen delitu bakarra. Beste behin ere argi geratu da, gure herriaren izaera ukatzen duten indarren betidaniko helburua dela herri honek instituzio nazionalik ez izatea.

Hau kontuan izanik, ADIERAZI NAHI DUGU:

  1. Eraso honek Euskal Herriak bere buruari eman dion, eta herri baten bizitzarako ezinbestekoa den instituzionalizazio prozesua desegitea duela helburu, hau da, Euskal Herriaren beraren izaera ukatu eta desegiteko ahalegina.
  2. Berresten dugu, Euskal Herriaren aitortza ekarriko duen dinamika nazionalen aldeko apustua egitea dela bidea, horrek soilik ekarriko baitu gure herriak bere geroa ziurtatzeko behar duen aitortza, eta gatazkaren konponbide demokratikoa.
  3. Antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egitea.
  4. Elkartasuna adierazi atxilotutakoei eta beren senideei."

Juli del Solek hartu du hitza eta azken lau urte hauetan batzarkide izan duen Imanol Esnaolaren lana goraipatu du: egun osoan lanean Euskal Herria aurrera ateratzeko, euskalgintzan lan handia egin duela eta lan hori errekonozitu egin behar zaiola.

Bilkuran diren alkate eta bost zinegotzien aldeko botoarekin aho batez onartu da mozioa.

Ondoren bilkuran diren herritarrei eman zaie hitza eta hitza hartu duten guztiek Imanol Esnaolaren lana, konpromisoa eta adiskidetasuna goraipatu dute.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 13:20 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.594.etik 310.596.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna