1995.eko Maiatzaren 24ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko maiatzaren hogeita laugarrena. Arratsaldeko zazpiak eta laurdenetan hasi du OSOKO BILKURAk bilera EZ OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena eta Jose Antonio Dozagarat Andueza, zinegotziak, bildu dira.

    Marcial Zabaleta Salaberria, Jesus Mª Martiarena Jaca, Pello Garbizu Azkue, Jose Mª Boto Sancho, Jose Varela Pampin eta Iñake Urrestarazu Azurmendi ez dira bileran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza.

    1. - ONTZAT HARTZEA LEZOKO ARAU ORDEZKATZAILEETAKO 4´. SISTEMA OROKORRA, KIROL EKIPAMENDUEI BURUZKOA, GARATZEKO PLAN BEREZIAREN TESTU BATERATUA.

    Alkateak Hirigintza Batzordearen diktamenaren berri eman du. Diktamenak honela dio hitzez hitz:

    Aztertu dugu Lezoko Arau Ordezkatzaileetako 4 Sistema Orokorra Garatzeko Plan Bereziari buruzko Testu Bateratua. Dokumentua Luciano Pagueguik, arkitektoak, egina da, eta Diputatuen Kontseiluak 1995eko martxoaren 28an hartutako erabakiaren azalpenetan eskatutako zuzenketak biltzen ditu.

    Udalaren Osoko Bilkurari ondorengo akordioak hartzea proposatzen zaio:

    BAT: Lezoko Arau Ordezkatzaileetako 4´ Sistema Orokorra, kirol ekipamenduei buruzkoa, garatzeko Plan Bereziaren testu bateratuari onarpena ematea.

    BI: Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea behin betiko onarpena eman diezaioten.

    Diktamena, osoko bilkuran diren zinegotzi guztiak alde direla onartu da.

    2. - HASIERAKO ONARPENA EMATEA IPINTZA (110. POLIGONOA) ONDOAN DAGOEN LANDA-LURSAIL BATEKO (ASERRADEROS DE LEZO ZENA) ARAUEN ALDAKETA (11. ALDAKETA) PUNTUALARI.

    Alkateak Hirigintza Batzordearen diktamenaren berri eman du. Diktamenak honela dio hitzez hitz:

    Aztertu dugu Aserraderos de Lezo aiekako Arau Ordezkatzaileak Aldatzeari buruzko dokumentua, J. Chavarri, J.M. Alberdi (arkitektoak), P. Azkue, N. Iglesias (injenieroak) eta M. Blancok (abokatua) egina. Agortu da, orobat, abantzea jendaurrera aterata edukitzeko epea eta inork ere ez du batere oharrik egin. Dokumentuak proposatzen duena da berriz klasifikatzea eta berriz kalifikatzea 50.590 m² dituen lursaila, eta lehen hiri egiteko modukoa ez zen landa-lurra, egur-lanean aritzeko onartua, hiri egiteko moduko lursail jartzea, industriarakoa.

    Horiek guztiak horrela, UDAL OSOKO BILKURARI ondorengo akordioak hartzea proposatzen zaio:

    BAT: Lezoko Arau Ordezkatzaileetako Ipintza 110. Poligono ondoan dagoen landa lursail bateko (Aserraderos de Lezo zena) arauen aldaketa (11. aldaketa) puntualari hasierako onarpena ematea, birklasifikatzen den eremuko lurren % 15aren jabetza, edozein kargetatik libre, Lezoko Udalari ematearen baldintzapean.

    BI: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatu eta erabakiaren iragarpena egitea hogeita hamar egunez. Bitarte horretan, espedientea ikusi, aztertu eta alegazioak egiteko bidea izango da. Egunkarietan ere iragarkia jarriko da.

    Diktamena, osoko bilkuran diren zinegotzi guztien adostasunarekin onartu da, hau da, gehiengo osoak alde botatu duelarik.

    3. - ONTZAT HARTZEA ALTAMIRAKO (27. POLIGONAO) ARAUEN ALDAKETA (12. ALDAKETA) PUNTUALARI BURUZKO ABANTZEA ETA HASIERAKO ONARPENA EMATEA.

    Alkateak Hirigintza Batzordearen diktamenaren berri eman du. Diktamenak honela dio hitzez hitz:

    Aztertu dugu 27. poligonoa berriz urbanizatzeko proiketua, Juan Díaz Guardaminok, arkitektoak, egina. Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailarekin izenpetutako itunaren arabera, Hirigintza, hitz ematen du Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak Altamira berriz urbanizatzeak dakarren gastua bere gain hartuko duena eta urbanizatu eta gero Lezoko Udalari emango diona; hitz ematen du, orobat, Altamiran egingo diren Babes Ofizialeko Etxebizitzak osatzeko egin behar den urbanizazioa ere hark egingo duena.

    Beraz Udalaren Osoko Bilkurari ondorengo akordioak hartzea proposatzen zaio:

    BAT: Lezoko Arau Ordezkatzaileetako Altamirako, 27. poligonoko, arauen aldaketari (12. aldaketa) hasierako onarpena ematea.

    BI: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 30 egunez iragarkia jarri eta publikatzea. Denbora horretan, espedientea nahi duenaren eskura izango da, eta komeni zaizkion alegazioak egiteko bidea izango du. Iragarkia egunkarietan ere argitaratuko da, eta, lehen esandako epean, Planeamenduko Araudiko 125. artikuluak jarritako tramitea ere egingo da, gorporazio, elkarte eta partikularrek beren oharrak edota ordezko antolaketak aurkeztea-egiteko bidea izan dezaten.

    Diktamena, osoko bilkuran diren zinegotzi guztien adostasunarekin onartu da, hau da, gehiengo osoak alde botatu duelarik.

    4. - ONTZAT HARTZEA ALTAMIRA (27. POLIGONOA) BERRIZ URBANIZATZEKO PROIEKTUA.

    Alkateak Hirigintza Batzordearen diktamenaren berri eman du. Diktamenak honela dio hitzez hitz:

    Aztertu dugu 27. poligonoko Arau Ordezkatzaileak Aldatzeari buruzko dokumentua, Juan Díaz Guardaminok, arkitektoak, egina. Dokumentuan jartzen du, Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailarekin izenpetutako itunarekin bat etorriz, lursail publikoa eskuratu behar dela Babes Ofizialeko Etxebizitzak egiteko, eta gune libreen erabilera handitu egin behar dela zuzkidura-erabilera bateragarriak izateko bidea izan dadin.

    Beraz, Udalaren Osoko bilkurari ondorengo erabakiak hartzea proposatzen zaio:

    BAT: Lezoko Arau Ordezkatzaileetako Altamirako, 27. poligonorako berurbanizazio proiektuari hasierako onarpena ematea.

    BI: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 15 egunez iragarkia jarri eta publikatzea. denbora horretan, espedientea nahi duenaren eskura izango da, eta komeni zaizkion alegazioak egiteko bidea izango du. Iragarkia egunkarietan ere argitaratuko da.

    HIRU:Urbanizazio lanak egiteko proiektua lehenbailehen aurkeztu dezan eskatzea Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari, Altamirako bideari eusteko horma, Altamira berriz urbanizatzeko proiektuan datorrena, segituan egiteko.

    Diktamena osoko bilkuran diren zinegotzi guztien adostasunarekin onartu da, hau da, gehiengo osoak alde botatu duelarik.

    5. - PROPOSAMENA, "HAURTXO" HAUR-ESKOLAREKIKO HITZARMENARI BURUZKOA.

    Karmele Legorburu zinegotziak, Haurtxo haurtzandegiari buruz batzorde bereziak proposatutako hitzarmena onartzea eskatu dio osoko bilkurari.

    1976tik hasita ari da Haurtxo haur-eskola Lezon lanean. Ordutik gaur arte, izan dira harremanak Udalaren eta Haurtxo haur-eskolaren artean. Lokala, esate baterako, udalarena da, zenbait urtetan udalak dirulaguntza eman izan du etab.

    Lezon haurtzaindegi zerbitzua eskeintzea egoki dela iruditu eta Udalak ere zerbitzu hori ematen laguntzea bidezkoa dela ikusirik, eta Haurtxo haur-eskolaren urteetako lanari zor zaion errekonozimendua aitortu eta lan horrekin jarraitzeko bidea izan dezan, hitzarmena onartzea proposatu du Karmele Legorburuk.

    Hitzarmena zortzi urtetarako proposatu da eta, beste gaien artean, haur-eskolako langileen ardura Haurtxo Haur-Eskolarena dela zehazten da, udalak lokalak uzten dizkiela eta urteko aurrekontuen defizita estaliko duela.

    Osoko Bilkuran diren zinegotziek aho batez ONARTU DUTE hitzarmena sinatzea eta alkateari horretarako ahalmena ematea.

    6. - PROPOSAMENA, AEKAREKIKO HITZARMENA, TRASMISIO KANPAINARI BURUZKOA, ONARTZEA.

    Jose Luix Agirretxek, Euskara Batzordeko lehendakariak 1995eko maiatzaren 16an euskara batzordean eztabaidatu ondoren, zera proposatu dio Udalaren Osoko Bilkurari: "Familiak euskalduntzeko programa" antolatzen jarraitzea eta sortzen diren taldeei eskolak emateko Oroitzene AEK euskaltegiarekin 8 urtetarako (1994/95 ikasturtetik 2001/02 ikasturterarte) hitzarmena sinatzea, batzordean eztabaidatutakoari jarraiki.

    J.L. Agirretxek azaldu du Siadekok egin berri duen inkestaren emaitzen arabera trasmisio kanpainekin jarraitu beharra dagoela; horrela uste dute Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusikoek eta euskararen aldeko batzordeak ere.

    Zortzi urteko hitzarmena proposatu da Udalaren eta AEKaren arteko harremanari egonkortasuna emateko; urtez urtekoak ez baitu egonkortasuna bermatzen.

    Trasmisioaren bi helburuak aipatu ditu: alde batetik, familiak euskalduntzea eta, bestetik, euskararen aldeko motibazio kanpaina gisa.

    Alderdi Sozialistak joan den igandean egindako akusazioen aurrean, esan du, ez dagoela lotura organikorik AEKaren eta HBeren artean, bai ordea helburu bera: herria euskalduntzea. HBren ustez hitzarmen honekin ideologia ezberdineko herritarrei egiten zaio mesede.

    Bilkuran diren Lezoko AEKako arduradunei utzi die hitza alkateak. Horien esanetan AEKak erakunde ezberdinetatik jasotzen du dirua eta udalen laguntza beharrezkoa dute, zenbaitek, Eusko Jaurlaritzak adibidez, ez dituelako dirulaguntzak legez banatzen.

    Alderdi Sozialistaren alkategaiari eskatu diote ez dezala euskara tresna politiko gisa erabili.

    Hitzarmena burutzeko negoziaketetan hutsune asko egon direla diote eta, azkenean, ez direla jaso bi alderdien nahiak eta hori nabaria dela hitzarmenean eta trasmisioa babesten den moduan.

    Beste parte hartzerik gabe, "Familiak euskalduntzeko programa" antolatzen jarraitzea eta sortzen diren taldeei eskolak emateko Oroitzene AEK euskaltegiarekin 8 urtetarako (1994/95 ikasturtetik 2001/02 ikasturterarte) hitzarmena sinatzea aho batez ONARTU DA eta alkateari ahalmena eman hura sinatzeko.

    7. - AKORDIOA, "TOMAS GARBIZU" MUSIKA-ESKOLAKO IRAKASLEEKIKO LAN-KONTRATUEN IZAERARI BURUZKOA.

    Barne Batzordeak maiatzaren 22an diktaminatutako akordio proposamena onartzea eskatu dio Karmele Legorburuk osoko bilkurari.

    Horren arabera, Tomas Garbizu Musika-Eskolan badira zenbait irakasle urtez urte lan berdinerako kontratatzen direnak. Lan legediaren arabera, langile finkoak dira behin hiru urte pasa ondoren. Hala dio, era berean, Gipuzkoako 2 zenbakidun Gizarte Epaitegiak 286/93 autoetan, 1993ko irailaren 2ko epaian.

    Epai horretan aipatzen den egoera berean daude musika- eskolako beste hamalau irakasle. Funtzio Publikoan sartzeko berdintasuna bermatu eta merituak eta gaitasuna frogatu behar badira ere, legedi laborala ere aplikagarria zaio administrazioari.

    Hori guztia kontutan izanik, osoko bilkuran diren zinegotzi guztien adostasunarekin ondorengo akordioak hartu dira:

    BAT: Gaur egun hiru urte baino gehiago daramaten kontratuak muga egunik gabeko kontratutzat onartzea, baldin eta euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko hitzarmena sinatzen duten. Horrela eginez gero, langile finko izendatuko dira, kontratua ikasturte guztiko ordu kopurua kontutan harturik egingo da, 9 hilabete urtean (urritik ekainera, 33 aste lektibo).

    BI: Irakasleekin sinatu beharreko hitzarmena onartzea.

    HIRU: Alkateari hitzarmena sinatzeko ahalmena ematea.

    8. - ONTZAT HARTZEA "TOMAS GARBIZU" MUSIKA-ESKOLAKO 1995-96 IKASTURTEKO PREZIO PUBLIKOAK.

    Musika eskolako eta kontserbatorioko prezio publikoen aldaketari buruzko espedientea aurkeztu ondoren, maiatzaren 23an Hazienda Batzordeak bidezkotzat jo eta aldeko txostena egin zuen eta, era berean, Udalaren Osoko Bilkurari onetsi zezan proposatu.

    Proposamena da prezioak igotzea "IPC"ak izan duen igoeraren arabera.

    Akordio proposamenarekin ados egonik, Osoko Bilkuran diren zinegotzi guztiek alde botatu dutela, ondorengo akordioak hartu dira:

    BAT: "Tomas Garbizu" Lezoko Udalaren Musika Eskolak eta Kontserbatorioak ematen dituzten zerbitzuen prezioen aldaketari hasierako onarpena ematea. Proposatutako prezioak espedientean jasotzen dira.

    BI: Erreklamazioak eta oharrak egiteko, jendeaurrera aterata 30 egun edukitzea eta interesatuek zer dioten entzutea.

    HIRU:Erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, behin betiko onarpena dutela ulertuko da eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko indarrean sartu dadin. Erreklamazioak aurkeztuko balira hauei erantzun eta argitaratzea aginduko da.

    9. - BEHIN-BEHINGOZ ONARTZEA HERRITARREK ESKATUTA HASITAKO ESPEDIENTEEI BURUZKO KATALOGOA, GAUZAK BERARIAZ ERABAKITZEKO DAUDEN EPEAK ETA ERABAKIRIK HARTU EZAK DAKARTZAN ONDORIOAK (ESKABIDEAK ONTZAT ALA TXARTZAT HARTZEA) ZEHAZTEN DUENA.

    Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Ihardunbidearen 30/1992 Legeak eskatu bezala, EUDELek prestatu duen "Herritarrek eskatuta hasitako espedienteei buruzko katalogoa" (1994ko 2.621 sarrera zenbakia eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 1994-11-28an argitaratua), gauzak berariaz erabakitzeko dauden epeak eta erabakirik hartu ezak dakartzan ondorioak (eskabideak ontzat ala txartzat hartzea) zehazten dituena, onartzea proposatu dio alkateak Osoko Bilkurari.

    Erabakiak 1994ko abuztuaren 27tik aurrera ditu ondorioak.

    Osoko Bilkuran diren zinegotzi guztiek alde botatu dutela onartu da proposamena. Horren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean emango da.

    10.- GALDERAK ETA ESKAERAK.

    Alkateak salatu egin du oposizioak hain erabaki garrantzitsuetan, hala nola, hirigintza, euskara, zerbitzuak, arlokoetan, parte hartu ez izana. Osoko Bilkuran eta batzordeetan ez agertzeak adierazten du gai hauetan inolako proposamenik ez dutela edo aportaziorik egin nahi ez dutela. Jarrera horrek garbi uzten du nola defendatzen dituzten herritarren interesak eta jasotako botoak.

    Ahalmen osoz 1991-95 legealdiaren azken Osoko Bilkura dela gogoratu du alkateak. Bere agurra luzatu die zinegotzi guztiei, bilkuran direnei eta ez direnei, egindako lana eskertuz.

    Legealdiko lana konpartitu duten udal langileak eta zinegotziak gonbidatu ditu bihar eguerdian, despedida moduan, egingo den hamaiketakora.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gaiarik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, 19:55etan, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta nere sedespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu duguna.

    Eguna