1993.eko Ekainaren 2ekoa

    Agiri mota

    Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hamairuko ekainaren bian, hemeretzi orduetan, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian bildu da Udalbatza, egun honetarako deitutako batzarraldi arrunta egiteko xedez, lehenengo dialdiari erantzunez, Aitor Sarasola Salaberria jaunaren lehendakaritzapean eta honako zinegotziok bertan direla: Josu Mirena Pontesta Garmendia jauna, Gemma Arrillaga Albisu andrea, Karmele Legorburu Irazu andrea, José Mª Boto Sancho jauna, Jose Antonio Dozagarat Andueza jauna, Martzial Zabaleta Salaberria jauna, Pello Garbizu Azkue jauna, Jose Luis Agirretxe Mitxelena jauna, Mikel Mitxelena Iza jauna, Iñake Urrestarazu Azurmendi andrea, Jesus Martiarena Jaka jauna, eta José Varela Pampin jauna.

    Miren Bruño Azpiroz andrea, behin behieneko funtzionaria, aritu da Idazkari.

    Lehendakariak saioa ireki eta publiko izendatu, eta Idazkariak hasteko behar den besteko quorum-a badagoela ikusi ondoren, gaizerrendako gaiak aztertzeari ekin zaio.

    Hasi aurretik, 7/85 R.B.R.L. Legeko 47.3 artikuluari buruzko R.O.F.ko 83. artikuluan jarritakoaren arabera, aho batez honako puntu hau sartzea erabaki da:

    7.- "Alkatetzako 35. Dekretua berresteko proposamena"

    Bestetik, gehiengo osoz, Sarasola, Pontesta, Legorburu, Mitxelena, Agirretxe, Arrillaga eta Dozagarat jaunen botoak aldeko direla, eta Urrestarazu, Garbizu, Martiarena, Zabaleta, Varela eta Boto jaunak abstenituta, honako puntu hau ere sartua izan da, gaizerrendako 8.a izango delarik:

    8.- Prokuradore eta abokatuen kostuen gainean Altamirako Auzokoen Elkarteak egindako eskabidea.

    Gaia hau premiazkotzat hartu eta Udalbatza honetan tratatzea dela eta, Alkateak esan du puntu hau lehengo Alkate andreak ere tratatua zuela, baina oraindik ere ez dela erantzun bat eman, eta gastuak eginda daudela.

    Alkatearen asmoa, gastuak eginda eta hor daudenez, gaia lehen bait lehen tratatzea da.

    Urrestarazu andreak esan du, gai honi buruz, aurreko gorporazioak gaia onartua zuela esan izan zaiola hari beti, baina inoiz ere ez diotela demostratu, eta, nolanahi delarik ere, hari ez diola axola gai honezaz hitz egitea, eta Batzordean onartu beharreko gaia dela iruditzen zaiola.

    Alkateak erantzun du orain artean erantzunik ez zaiela eman, eta haren asmoa gaia mahai gainean jarri eta erantzun bat ematea

    dela; izan ere, lehengo Alkate andrearekin ere gai honezaz hitz egin zen, eta oraindik ere gaia ez atzera eta ez aurrera dago.

    Garbizu jaunak dio, gaia horren premia handikoa bada, hori tratatzeko eskumena ez dela Udalbatzarena, Gobernu Batzordearena edo Alkatetzarena baizik.

    Alkateak erantzun dio, edozein moduz ere, gaizerrendan sartzeko adina interes baduela iruditzen zaiola hari, hartara gorporazio osoak izango baitu zer ikusia gai honekin.

    Hurrena, Boto jaunak hartu du hitza, eta esan du hura ez dagoela ez alde eta ez kontra, hari ez zaiola Udalbatzarako moduko gaia iruditzen, eta ez dakiela zergatik ekarri duen hona, ordaindu eta kitto dagoela eta. Era berean, Kontuhartzailetzako informerik ez izatea ere kritikatu du.

    1.- Apirilaren 21 eta 29an eta maiatzaren 5 eta 10ean egindako Udalbatzetan jasotako aktak irakurri eta, hala balegokio, onartzea.

    Apirilaren 21ean egindako Udalbatzako akta onartzea erabaki da, ahobatez, honako aldaketa hauek sartuz:

    Alkatetza eta Delegatuen informeei dagokien puntuan, Boto jaunak Joannes Etxeberri eskolan izandako hondamenen berri ematen duela jartzen duenekoan, "Gora ETA" jartzen zuela ere erantsi behar da.

    Gaizerrendako 2. puntuan (azkenaldean, Legorburu andrearen saioa jasotzen den hartan), adierazten duena da hari egoki iruditzen ez zaiona ez zela botazioa bera, proposamenari baiezkoa ematea baizik (dena dela, jasoarazi nahi dena da, gaurko egoera kontuan harturik, haren taldeak ez ziola proposamenari baiezkorik eman).

    Apirilaren 29 eta maiatzaren 5 eta 10eko aktak aho batez onartu dira. Hala ere, maiatzaren 5eko aktan honako zuzenketa hau sartu behar da:

    25 orrian, 1.go parrafoan, "lo de Lopene" jartzen duenekoan, "los planos de Lopene" jarri behar du.

    Orri hartan bertan, 3. parrafoan, Boto jaunak, Dozagaratekin ari zela, esandakoa jasota dagoen tokian, honako hau jartzen du, hitzez hitz:

    "Yo pregunto... ¿Has cobrado comisiones mientras estaba...?

    Dozagarat jaunak: "Tu cobras sueldo".

    Boto jaunak: "Yo sí, pero es que resulta que estaba en el Ayuntamiento, y estabas gestionando un documento urbanístico, y tú no puedes hacer éso en ese momento".

    2.- "Beatriz Mitxelena andreak Lan Epaitegian Lezoko Udalaren kontra sartutako 286/93 prozesurako legelaria izendatzeko proposamena".

    Beatriz Mitxelena Ibarguen andreak 93-03-12an erreklamazio bat egin zuen Udal honen aurrean, eta, besteak beste, lanean finko geratzea eskatzen zuen.

    Udalbatzak Beatriz Mitxelena andrearen eskaria ez onartzea erabaki zuen apirilaren 21eko batzarrean.

    Goian esandako andreak, ordea, errekurtsoa jarri zuen Lan Saileko 2.enan.

    Adiskidetu edota bestela auzitara joateko deia egin zaio Udalari, 286/93 autoa medio, uztailaren 1erako.

    Horiek horrela, gorporazioak ahobatez honako hau erabaki du:

    1.- Juan Mari Alzugarai legelari jauna izendatzea Lan Epaitegiko 2. Sailean jarritako 286/93 zenbakia duen autoko prozesua bere gain har dezan.

    2.- Gorporazioko Alkate-Lehendakari den Aitor Sarasola Salaberria jaunari eskumena ematea gorporazioaren izenean akordio hau gauzatzeko behar diren dokumentu guztiak bete ahal izan ditzan.

    Gaizerrendako puntu honetan honako iritzi hauek jasoarazi dira:

    Urrestarazu andreak puntu hau proposamena ala Dekretua den galdetu du.

    Idazkariak erantzun dio abokatua izendatzeko proposamena dela. Era berean, esan dio, horrelako beste batzuetan ere, seguruenera errekurtsoak denbora gutxirekin sartzen direlako, Dekretuz sartu izan direla eta gero berretsi dituela Udalbatzak, Udalbatzaren eginkizuna baita.

    Garbizu jaunak hartu du hitza, eta bidalitako dokumentuetan ikusi dituen prozedurazko edota forma aldeko akatsak adierazi ditu.

    Alde horretatik, bidalitako dokumenturik gehienak gazteleraz besterik ez daudelako kritika egin du.

    Era berean, esan du, beti kritikatu izan dela informazioa emateko batzorderik egin ez izana, edota gutxi egiten zirela, eta galdetu du ea, udalbatzako gaizerrendako gaiak aurretik diktamenik izan ez dutenez, ez zuketen, ROFen jasotakoaren arabera, boto ematera jarri behar premiazkotasuna berresteko.

    Idazkariak adierazi dio, gai bakoitzari dagokion Informazio Batzordeak bere diktamena eman behar horren gainean, joan zen maiatzaren 17an Informazio Batzordeak sortzea erabaki zela, eta erabaki hartan Informazio Batzordeak ekainaren 2. astetik hasiko zirela martxan jartzen zuela, eta baita ordurarteko batzordeak sortzea erabakitzen zuen akordioa ezeztatzea ere maiatzaren 17ko erabaki hartan jartzen zuela, beraz, batzorderik ez zegoenez, ez zegoen inondik ere pasatzerik.

    Alderdi horretatik, Garbizu jaunak adierazi du, nolanahi delarik ere, Kontu Batzordea nahitaez egon behar duela, eta ez dagoela ez egoterik, eta hortaz gaizerrendako 5. puntuak, ekonomiaren alorrekoa bera, bere diktamena izan behar zuela.

    Idazkariak adierazi dio baietz, Kontu Batzordea nahitaez egon beharrekoa dela, eta, edozein moduz ere, oraingo egoera Kontu Batzordea eratu eta berriz osatzekoa dela, ekainaren 2. astean has dadin martxan. Eta, nolabait ere, legegintza aldiaren hasieran gertatutakoa berriz gertatzen dela, orduan ere ez baitziren zinegotzien sari eta indemnizazioak Kontu Batzordetik pasa, artean eratu gabe zegoelako batzordea.

    Horren gainean, Urrestarazu andreak dio orduan indemnizazio eta sarien proposamenek ez zutela ekarri aurrekontu aldaketarik.

    Alkateak erantzun dio zinegotzien indemnizazio proposamenak ez dakarrela aurrekontu aldaketarik, zeren eta partida hor dagoela eta hor segituko duela, orain duen kopuru berberarekin.

    Era berean, esan du 2. puntua inongo batzordetan aztertu ez bazen ere, 3.a aztertzeko egin zela bilera bat eta Zabaleta jauna baino ez zela joan.

    Azkenik, Legorburu andreak hartu du hitza, bidalitako dokumentu batzuk gazteleraz sartu zirelako kritikari buruz hitz egiteko. Esan du baietz, Lan Epaitegiak bidalitako idatziari sarrera eman zitzaiola, nahiz eta hura gazteleraz zetorren, eta dagoen araudia betez gero bueltatu egin beharko litzatekeela. Bueltatu egin zela, baina Lan Epaitegiak alegatu zuela hura ekintza administratiboa zela eta ez zegoela elebitan egin zezaten behartzerik (ez daukagu erresgistroa ematea ukatzerik), eta horregatik nahitaez onartu behar izan zela.

    3.- "Alkatetzako 43. Dekretua (industrirako lurraren D.O.T. direlakoei buruzko sugerentziak) berresteko proposamena".

    Gehiengo osoz, Sarasola, Legorburu, Arrillaga, Pontesta, Agirretxe, Mitxelena eta Dozagarat jaunen botoak aldeko direla, eta Boto, Garbizu, Varela, Martiarena, Zabaleta, eta Urrestarazu jaun-andreen botoak kontrako direla, Alkatetzako 43. Dekretua berrestea erabaki da. Euskal Autonomi Elkarteko Industriarako Lurraren Sektorekako Plan Territorialaren Dokumentuari sugerentziak, proposamenak eta alternatibak aurkezteari buruzkoa da Dekretua.

    Puntu honen gainean honako saio hauek jasoarazi dira:

    Alkateak puntua aurkeztu du, eta esan du gai honekin egin zela bilera bat, aurrez zinegotzi guztiei dei eginda. Era berean, bilera horrek, erreferentzi gisa, Juaristi Arkitektu jaunak egindako informea izan zuela, eta Eusko Jaurlaritzari egin zitzaizkion sugerentzi guztiak oraingo bilera honetarako zinegotzi guztiei bidalitako dokumentazioan daudela.

    Boto jaunak dio horiek ez direla alegazioak, asmo adierazte hutsak direla, eta egitekotan ere bere garaian egingo direla.

    Bestetik, "108, 110 poligonoak eta N-1 eta A-8 lotzea behar-beharrezkoa litzatekeela, esandako poligonoetatik datozen ibilgailuak etengabe pasatzeak herriko erdialdea itotzen duelako,

    eta lotuneak orain aztertzen ari den korredore berria egin ala ez, egin egin beharko direla" dioen parrafoa ikusirik, horrekin zer adierazi nahi den galde egin du, zeren Herri Batasunak autopistaren kontrako jarrera hartua baitu.

    Alkateak erantzun dio izatekotan ere Herri Batasunak peajearen kontrako jarrera adieraziko zuela, eta ez autopistaren kontrakoa.

    Boto jaunak okerra zuzendu eta esan du saihesbideaz ari dela.

    Alkateak erantzun dio saihesbidearena aztertzen ari direla eta, gai hau gorabehera, Herri Batasunak ez dituela alegazioak aurkeztu, industri lurrari sugerentziak baizik.

    Boto jaunak dio, orduan hari ematen zaiola arrazoia, sugerentziak direla eta ez alegazioak esan baitu.

    Alkateak argitu du sugerentziak, proposamenak eta alternatibak aurkeztu behar direla orain, gaizerrendan datorren moduan, eta alegazioak egiteko beste epe bat izango dela.

    Segidan, Urrestarazu andreak hitz egin du, esanez haren iritzian sugerentzia hauek orain hilabete Udalak Lurralde Antolaketarako Jarraibideen Aurretxostenari egindako sugerentzien kontrakoak direla.

    Konkretuki, adierazi du orain hilabete egindako sugerentzietan, 5. puntuan, honako hau jartzen zuela: "herri honetan industriarako lurra izan dadin bultzatzea, bai herriak industriarako bokazioa izan duelako, bai Pasaiko portutik gertu dagoelako, eta baita bidez ondo osatua dagoelako ere".

    Oraingo sugerentzietan, berriz, lehengoez gainera, toki berri bat industriarako jartzeak aurretik bideak egitea eta industriarako lurraren garapenari dagozkion zerbitzuak ere jartzea esaten da.

    Urrestarazu andreak adierazi du, bi testuen artean dauden kontraesanak kezkatzeko modukoak iruditzen zaizkiola.

    Alkateak dio orduko sugerentziak industriarako lur eremu zabalagoa eta azpiegiturak ere hobetzeko egin zirela, eta ez zela industriarako lur eremu berriak sortzea edota azpiegituren arazoa konpontzea planteatu. Eta DOT direlakoen abantzea aztertzeko egin zen 1.go bileran industriarako lurra beste bilera beste baterako uztea erabaki zela, industria lurrerako jarraibideak aztertzen zireneko. Bukatzeko, Alkateak esan du haren ustez ez dagoela kontraesanik bien artean.

    Garbizu jaunak esan du aurreko alegazioen eta oraingoen artean kontraesanik badago lotsagarri eta barregarri ere badela horiek aurkeztea.

    Alkateak galdetu dio Garbizu jaunari ea zertan oinarritzen den sugerentziak ahultzat hartzeko.

    Garbizu jaunak erantzun dio zerbait gehiago espero zuela alegazio hauetatik.

    Alkateak galdetu dio zerbait gehiago horrekin zer esan nahi duen, azterketa sakon bat esan nahi ote duen.

    Garbizu jaunak dio aurreko aldian ahalegin handiagoa egin zela.

    Alkateak dio esan duen ahalegin hori azkeneko hiru egunetan egin zela, kanpoko enpresa bat hartu, ikaragarrizko diru mordoa ordaindu eta informe bat egin, hori izan zela ahalegin guztia.

    Garbizu jaunak esan du edozein modutan ere pena merezi izan zuela.

    Alkateak erantzun dio hori subjetibo samarra dela, eta oraindik ere ez duela ulertzen zer irizpide darabilen sugerentziak ahultzat jotzeko.

    Hurrena, Urrestarazu andreak, azterketa edo informe hori egiten zenbat denbora beharko den galdetu dio Alkateari.

    Alkateak erantzun dio planteatzen dena azterketa Eusko Jaurlaritzak egitea dela; zeren eta, zenbat toki eta benetan zenbat beteko den ikusi behar da. Eta azterketa hori egindakoan orduan izango dira irizpideak proiektu batzuk egiteko. Baina ez zaio iruditzen azterketak egin baino lehenago Udalak proposamena egiteko biderik dagoenik.

    Azkena, esan du egin diren sugerentziak oraingo egoeratik ateratako benetako datuak oinarritzat hartuta egin direla eta benetako azterketa bat egin dadin.

    4.- "1993ko aurrekontuetan onartutako lanpostuen zerrendei dagozkien hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun egunak zuzendu eta eguneratzeko proposamena".

    Maiatzaren 7an Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratu zen lanpostuen zerrenden hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun egunei buruz Kulturako Delegatuak egindako proposamena aztertu ondoren, eta datuak lehenbailehen eguneratu beharra dagoenez, gorporazioak onartzea erabaki du, gehiengo osoz, Sarasola, Pontesta, Legorburu, Arrillaga, Mitxelena, Agirretxe eta Dozagarat jaunen botoak aldeko direla, eta Urrestarazu, Garbizu, Zabaleta, Martiarena, Boto eta Varela jaunen botoak kontrako direla. (Taula akta honen I eranskinean doa).

    Gaizerrendako puntu honetan honako saio hauek jasoarazi dira:

    Legorburu andreak puntu hau udalbatzara Euskarako Batzordetik pasatu gabe ekartzeko eman duen arrazoia Udaleko langileak euskarazko ikastaroak egiteko eskabideak IVAPen aurkezteko presa handia egotea izan da, zeren eta eskabide horiek egin ahal izateko IVAPek datuak eguneratuta edukitzea eskatzen die.

    Boto jaunak adierazi du harentzat ez duela balio hau egiteko presa handia dagoela esateak orain, eta haren iritziz orain hori gertatzen bada Udaleko batzordeak martxan jarri aurretik lehen martxan zeudenak kendu direlako izan dela. Esan du haiek ez daudela konforme batzordetik pasatu baino lehen udalbatzara ekartze horrekin, eta horregatik puntu hau mahai gainean geratzea eskatzen dutela.

    Segidan, Legorburu andreak hartu du hitza, esanez berandu badabil ez dela haren erruz, zeren lanpostuen zerrenda egin zen garaian beste hau ere ondo egina behar zuela izan, eta lanpostuen zerrendarekin batera automatikoki onartua.

    Boto jaunak dio haren errua ere ez dela ba, zeren udalbatzako gaiak batzarretan aztertu behar badira, aurrena batzordeak egon egin beharko dutela. Baina ez dagoela batzordeen zai egoterik gaiak udalbatzara eraman ahal izateko.

    Boto jaunak bukatu du esanez horrek erakusten duela huts egin dutena, edo bestela batzordeak ez direla behar bezain azkar egin, edota lehengoak kendu eta berririk ez dela jarri, baina, edozein modutan ere, zerbaitek huts egin duela.

    Mitxelena jaunak gogorarazi dio Boto jaunari, maiatzaren 17ko udalbatzan, informazio batzorde berriak eratzeaz hitz egin zeneko hartan, zinegotzi batzuk haiek eratzearen kontrako botoa eman zutela, eta ez duela ulertzen zergatik orain batzordeek horrenbesteko kezka ematen dioten.

    Boto jaunak dio ezer ere ulertzen ez duena bera dela, ez duela ulertzen horrek zer esan nahi duen ere, ez duela ezer ere ulertzen.

    Mitxelena jaunak erantzun dio ondo garbi dagoela, zeren hark informazio batzordeak sortzearen kontrako botoa eman zuela, eta orain, hogei egunean martxan jarri ez direlako, kexatu egiten dela.

    Boto jaunak galdetu dio ea zer ikusirik duen haiek kontrako botoa emateak eta gehiengoak aldekoa emateak, haiek kontrako botoa han erabilitako sistemaren kontra eman baitzuten. Azkenik, Boto jaunak esan du haiek ez daudela prest hau eta honelako beste puntu batzuk aurrena batzordetik pasa gabe udalbatzara ekartzeko.

    Segidan, Urrestarazu andreak hartu du hitza, eta esan du haren ustez bi gauza nahasten ari direla, zeren eta bat dela datorren urterako planifikazioa, eta horretarako maiatzaren aurretik eskatu behar direla tokatzen diren ikastaroak, eta beste bat da lan eskaintza, oraindik argitaratu ez dena, eta oraindik plantilla organikoko lanpostuak betetzeko epeak jakin gabe dagoena, eta, beraz, ez duela ulertzen zergatik dagoen horrenbesteko presa derrigortasun eguna jartzeko oraindik lan eskaintza egin gabe badago.

    Urrestarazu andreak euskarazko ikastaroak eskatu gabe ote dauden galdetu du lehen eta Legorburu andreak erantzun dio eskaera lehengo zerrenda kontuan hartuta egin zela, baina ikastaro batzuk ez zegoela eskatzerik lanpostuak lanpostu zerrenda berriarekin eguneratu gabe zeudelako, eta horregatik langile batzuk ezin zutela euskarazko ikastarorik egin, zerrendan ez zirelako ageri. Esan du hori ez dela haren errua, eta harek eskatzen duen gauza bakarra lanpostuak eguneratzea dela.

    Horrekin batera, esan du, halako maila bat jarrita duten Udaleko langileek eta derrigortasun eguna baino lehen maila lortu ez dutenentzat nolabaiteko egokitze bat egin behar dela eta beste aukera bat eman.

    Boto jaunak dio, puntu hau mahai gainean geratzea eskatu badu ere, mamiari heltzen ari direla ikusi duenez, berak ere heldu egingo diola.

    Beraz, Boto jaunak hitz egin du, eta esan du mailak lehendik ere puztuta daudela, eta langileak ere puztuta daudela, alderdi guztietatik, eta zaila izango dela oso hizkuntza-eskakizunak bete ahal izatea.

    Herri Batasunak luzapena eman nahi izateak orain azpirik gabeko zakua bezala da, zeren eta aurrena, zenbaitetan, ikaragarrizko hizkuntza-eskakizun handiak jarri ziren, eta bigarren, gaizki egin dira, eta ondorenak orain etorri dira.

    Garbizu jaunak hartu du hitza, esanez erabaki honek inplikazio pertsonal handiak dituela, eta oso kontuz aztertu behar dela iruditzen zaiola; beti ere, batzuk, maila ez dutela harrapatu, ahal izan ez dutelako eta beste batzuk ezin izan dutelako kontuan hartuta. Eta, horregatik, kasuak banaka aztertu beharko direla, eta denbora asko eramango badu ere pena mereziko duela.

    Saioak bukatu ondoren puntu hau mahi gainean geratuko den ala ez botatu da, eta ezezkoa atera da. Sarasola, Pontesta, Legorburu, Arrillaga, Agirretxe, Mitxelena eta Dozagaratek ezezkoaren aldeko botoa eman dute, eta Urrestarazu, Garbizu, Zabaleta, Martiarena, Boto eta Varelak kontrakoa.

    Segidan, hizkuntza-eskakizunak egokitu eta derrigortasun eguna jartzeari dagokin puntuaren botazioa egin da. Emaitza puntu honen hasieran jarrita dagoena da.

    5.- "Zinegotzientzako indemnizazioak onartzeko proposamena".

    Alkateak, puntua aurkeztu du eta esan du Herri Batasunaren

    irizpidea aurrekontuan zeuden indemnizazioak ez onartzea dela, aurreztu beharra dagoelako.

    Urrestarazu andreak adierazi du kontuhartzailetzako informeak ere akordio honek Aurrekontuak Betetzeko Araua aldtzea zekarrela jartzen duela, eta Idazkariari galdetu dio ea akordio hau hartzeak Aurrekontuen Araua aldatzea dakarren berez.

    Idazkariak adierazi dio, izatekotan ere, kontuhartzailetzako informean zer tramite jarraitu behar zen jarri behar zuela, baina, haren ustez, egin beharreko gastua aurretik jarrita dagoenez, eta oraingo gastua lehengoa baino txikiagoa denez, ez du garrantzia handiegirik.

    Urrestarazu andreak gastatu behar ez den diruarekin zer egin behar den jakin nahi du.

    Alkateak erantzun dio sobrantea oraingoz ez dela inora ere joango, baldin eta kreditu transferentziaren bat egiten ez bada behintzat. Oraingoz, dagoen gauza bakarra, partida bat egotea, diru kopuru jakin batekin, haren ustez erabat gastatuko ez dena, besterik ez dagoela; baina, beste partida batzuekin lotuta dagoenez, badagoela beste gauza batzuetan gastatzeko biderik ere, eta hori oraintxe, hemen bertan erabakiko dela.

    Boto jaunak hartu du hitza, esanez erantzun egin behar dela puntu honek Aurrekontuak Betetzeko Araua aldatzea dakarren ala ez.

    Alkateak erantzun dio, hark partida hor dagoela, kopuru jakin batekin, esan duela, eta egingo dena gasta zitekeena baino gutxiago gastatzea besterik ez dela, eta hori guztia aurreztu beharrak eraginda egin dela, zeren eta aurrekontuan zeuden sariak gehiegizkoak ziren.

    Boto jaunak Idazkariari esan dio ea aurrekonturik aldatu daitekeen horrela, ea informerik egin beharrik ez dagoen.

    Idazkariak erantzun dio badagoela Kontuhartzailetzako informe bat, eta hark jarri behar zuela zer bide hartu behar den, eta baita legez kanpokoa baldin bada legez kanpokoa dela adierazi ere. Horrelako adierazpenik ez dagoenez, ez dela inolako eragozpenik egongo iruditzen zaiola esan du, eta ez dela gaia aztertzen hasi inork ere ez diolako dudarik galdetu Kontuhartzailetzako informeaz.

    Jarraian, Garbizu jaunak hartu du hitza, eta adierazi du, Alkatearen proposamena ikusita, ez dela garbi ikusten zer irizpide erabili den 10 edo 100.000 pta. diren esateko. Gainera, berriz ekin dio inongo inoformazio batzordetatik pasatu ez dela esateari, eta gaurko udalbatzako beste gai asko ere ez direla pasatu inongo batzordetatik.

    Parte hartzeko txanda bukatu da eta L.B.R.L. 7/85 Legeko 75. artikuluan, 2.go parrafoan, herrietako zinegotzien indemnizazioei buruz jarritakoa ere aztertu da.

    Kontuhartzailetzako informea ikusi ondoren, udalbatzak, gehiengo osoz, Sarasola, Pontesta, Arrillaga, Legorburu, Mitxelena, Agirretxe eta Dozagarat jaun-andreen aldeko botoekin, eta Urrestarazu, Zabaleta, Martiarena, Garbizu, Boto eta Varela jaun-andreen kontrako botoekin, honako hau onartu du:

    Gorporazioko kideek, bakoitzaren eginkizunaren arabera, honako formula honetan jarrita bezala jasoko dituzte beren indemnizazioak (hilabeteko):

    . Gobernu Batzordeetan (Zinegotzi bakoitzak, Alkatea kanpoan dela). (27.653 pta.)

    . Alkatetzako Delegatuek. (18.435 pta.)

    . Informazio Batzordeetan. (2.305 pta.)

    . Udalbatzetan (Zinegotzi bakoitzak). (6.145 pta.)

    . Partidu politiko bakoitzeko (EA, HB, EUE, PSOE, PNV). (10.000 pta.)

    6.- "ASKAPENAk Cubako blokeoaz aurkeztutako mozioa".

    Alkateak ASKAPENAk Cubako blokeoaz ekarritako mozioa aurkeztu du.

    Bi puntu edo proposamen daudela mozio horretan esan du:

    1.- Nazio Batuek 1992ko azaroaren 24ean Cubako blokeoaren kontra hartu zuen erabakiarekin gorporazioak publikoki bat egin eta erabakia bere egitea.

    2.- ASKAPENA blokearen eraginak arintzeko egiten ari den kanpainari diruz laguntzea.

    Alkateak bi puntuen botazioak banaka egitea proposatu du, aurrena 1.go puntua botatuz.

    Urrestarazu andreak hartu du hitza, eta esan du, haren iritziz, Lezon badagoela lanik aski Cubaraino joan gabe ere.

    Bigarrengo, diruz lagutzeaz, esan du badagoela dirua horretarako jarria.

    Alkateak erantzun dio baietz, igazko aurrekontuan bazegoela horretarako partida bat, eta hura ez zela erabili Lezoko kontuak konpontzeko.

    20:40etan Urrestarazu, Martiarena, Zabaleta, Garbizu, Varela eta Boto jaun-andreak joan egin dira.

    Alkateak aktan jasoarazi du oposizioaren jokabideak lotsa ematen diola, eztabaidatzen ari den gaiarekiko batere errespeturik ez dutela adierazten baitu jokabide horrek, eta ezta ondoren aztertuko diren gaiekiko ere, hau da, Alkatetzako 35. Dekretua berrestea eta Altamirako Auzolagunen Elkarteak aurkeztutako mozioarekiko ere.

    Mozioko lehenengo puntuaren botazioa egin eta gehiengo osoz onartu da, Sarasola, Pontesta, Arrillaga, Legorburu, Mitxelena, Agirretxe eta Dozagarat jaun-andreen botoak aldeko direla, eta Urrestarazu, Boto, Martiarena, Zabaleta, Garbizu, eta Varela abstenituta, honako hauxe:

    1.- Lezoko Udalak bat eta bere egiten du Nazio Batuek 1992ko azaroaren 24ean hartu zuen erabakia.

    Mozioko 2. puntuaren botazioa egin eta onartu egin da gehiengo osoz, Sarasola, Pontesta, Arrillaga, Legorburu, Mitxelena, Agirretxe eta Dozagarat jaun-andreen botoak aldeko direla, eta Urrestarazu, Boto, Martiarena, Zabaleta, Garbizu, eta Varela jaun-andreen abstentzioz, honako hauxe:

    2.- ASKAPENA Cubako blokeoaren eragina arintzeko egiten ari den kanpainari diruz laguntzea.

    Laguntza zenbatekoa izango den Gobernu Batzordean erabakiko da.

    7.- "Alkatetzako 35. Dekretua berrestea".

    Ahobatez onartu da Alkatetzeko 35. Dekretua, lehengoa ezeztatu eta Industrialdea S.A.rako bokal berria izendetzeko zena.

    8.- "Altamirako Auzolagunen Elkarteak egindako eskabidea".

    Alkateak, gaia aurkeztu eta etorri den jendeari eman dio hitza, egin duten eskabidea zergatik egin duten edo beste arrazoiren bat nahi badute azaldu. Dena dela, Alkateren iritzian garbi dauden zeintzuk diren arrazoiak.

    Altamirako Auzolagunen Elkarteko kide batek egindako saioren ondoren, Alkateak hartu du berriz hitza eta esan du elkarteak eta auzoko jendeak orain artean ordaindu dituzten, eta baita mozio hau onartu eta aurrera izango diren kostuak ere, Lezoko Udalak bere gain hartzea proposatuko dutela.

    Era berean, jasoarazi du, gai hau ez dela Altamirako Auzolagunen Elkartearen arazoa bakarrik, Lezoko herria ere sartuta dagoela arazo honetan, eta Alkatetzak horregatik erabaki duela kostua herriaren gain joan dadin.

    Azkenik, Mitxelena jaunak hartu du hitza, eta oposizioko zinegotziek gaia aztertzen hasi baino lehen Batzar Areto Nagusitik joan direlako adierazi duten mesprezua azpimarkatu nahi izan du, esanez ez direla gauza izan sekula arazo honi konponbide bat emateko, eta alde edo kontra azaldu behar izan duten bakoitzean ospa egin dutela, eta horien jokabide horregatik auzolagunek hainbat alegazio aurkeztu behar izan dituztela 1993ko aurrekontuei.

    Guzti hori ikusirik, botazioa egin eta ahobatez honako hau onartu da:

    Udalak bere gain hartuko ditu Elkarte horrek eta auzotarrek iada ordaindu dituzten kostak hala nola mozio hau onestsia izan den egunetik aurrera sor litezkeenak.

    Gai honi dagokionean kontuhartzailetzaren txostenik ez dagoela eta legezkontrakotasunari buruzko oharpena egin du Idazkariak.

    Akta amaiera

    Eta beste aztergairik ez dagoenez, Alkatetza - Lehendakaritzak, hogei orduak eta berrogeitamar minutuetan, amaitutzat eman du batzarraldia, nirekin batera bertan diren zinegotzi guztiek sinatzen duten akta hau jasorik, eta nik, Idazkari gisa, hau guztia ziurtatuz.

    Eguna