Joan den astean iragarri bezala, Lezoko Udalak COVID-19ak eragindako krisialdi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko hiru laguntza lerro jarri ditu martxan:
- Nekazaritza, abeltzaintza, merkataritza, ostalaritza eta pertsonentzako zerbitzuen sektoreetan euren kontura lan egiten duten pertsona, autonomo edota mikro-enpresentzat diru-laguntzak
- Tokiko kontsumoa bultzatzeko “Lezo Bonua” (merkataritza, ostalaritza eta pertsonen zerbitzuen sektoreei zuzenduta)
- Lezoko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko diru-laguntzak
Laguntza horien helburua da COVID-19aren krisiagatik kaltetuak izan diren lezoar guztiei laguntza eskaintzea eta tokiko ekonomia suspertzea, modu horretara herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko.
Ildo horretan, gaurkoan Udalak jakinarazi du dagoeneko zabalik dagoela eskabideak egiteko epea, iragarkia jada argitaratu baita Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Gauzak horrela, beraz, pertsona edota mikro-enpresa interesdunek uztailaren 17a arte izango dute eskabideak egiteko.