Maiatzaren 28an konposta guneen jarraipen bisita egingo da, beharrezko segurtasun neurriak hartuta

Az, 2020-05-20 14:53

Apirilean egin bezala, segurtasun neurriak mantentze aldera, publikorik gabe egingo dira, horrenbestez, erabiltzaileei guneetara ez bertaratzeko eskatu zaie.

Era berean, Udaletik etxeko hondakin organikoak konpostajearen bidez kudeatzen jarrai daitekeela gogorarazi dute, betiere, segurtasun eta higiene neurriak mantenduz.

2020rako bisiten egutegia jarraituz, datorren hilaren 28ean Lezoko konposta guneen jarraipen bisitak egingo dira. Ohi bezala, bisitaldi horiek 9:00etan hasiko dira eta ondorengo ordena jarraituko dute: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene.

Dena den, COVID19ak sortutako osasun larrialdi egoera kontutan hartuta eta oinarizko segurtasun neurri zein arauak jarraituz, apirilean egin bezala, bisitak publikorik gabe egingo dira. Horrenbestez, erabiltzaileei guneetara ez bertaratzeko eskatu zaie.

Era berean, etxeko hondakin organikoak konpostajearen bidez kudeatzen jarrai daitekeela gogorarazi dute Udaletik, betiere beharrezko segurtasun eta higiene neurriak mantenduz. Horien baitan gune batean 2 erabiltzaile baino gehiago ez elkartzea edota segurtasun distantziak mantentzea gomendatzen da, baita hondakin organikoak konpostagailura sartu ondoren, nahasterako garaian (ohitura izanez gero) maskarila edota eskularruak erabiltzea ere.

Hala eta guztiz ere, Udaletik gogorarazten dute momentuz ez dagoela COVID19a sortzen duen birusa konpost bidez transmititu daitekeen inolako adierazlerik. Izan ere, konpost guneak ondo zaintzea onuragarria da, konpostagailuek baldintza onetan lor ditzaketen tenperaturak funtzio higieniko argia baitu: birus zein bakteriak desagerraraztea, alegia, kalitatezko konposta lortuz.  Horretarako, baina, ahalik eta tenperatura altuenak lortu behar dira.

Gauzak horrela, datozen bisitek hileroko maiztasuna izango dute, urteko hilabete beroenetan lezoarren konpostagailuetan emaitza onak lortzen laguntzeko. Horrela, apirilean eta maiatzean egindako bisiten ostean, hurrengoak ekainean, uztailean eta irailaren hasieran burutuko dira eta aurreko bisiten dinamika berdina jarraituz, konpostagailuen azterketaren emaitzen txostena bidaliko zaie erabiltzaileei.

Aldi berean, bertan behera utzita zegoen Aralar guneko berregituraketa, laster burutuko dela jakinarazi du Udalak eta amaitzeko, lezoarrak animatu ditu konposta egiten jarraitzera.

Kontaktua

Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, edo familia berriek izena eman nahi izanez gero, udaletxearekin edo aholkularitza teknikoarekin harremanetan jar daiteke: auzokonpostalezo@gmail.com //  WhatsApp 647 057 402.

Arloa edo saila