Udalak herritarrei dei egiten die egun berezi horietan ere, orain arte egin bezala, arduraz jokatu eta festak etxean ospatzeko, horretarako balkoiak apainduz.
Zabarre piratak eta lezoarrek datorren urtera arte itxaron beharko dute Mendekoste jaiak orain arte ezagutu bezala ospatu ahal izateko. Izan ere, COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera dela eta, beste hainbat herrietako jaiekin gertatu bezala, hala nola, San Ferminak, Gasteiz, Donostia eta Bilboko Aste Nagusiak, etab. egoerak behartuta Lezoko jaiak ere bertan behera gelditu dira herritar ororen segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatu ahal izateko.
Bide horretan, baina, egun berezi horiek gogorarazteko (eta alaitzeko), bi diana antolatu ditu Jai Batzordeak asteburuan zehar hori bai, dianako txistularien artean uneoro segurtasun neurriak mantenduz eta bermatuz.
Azkenik, Lezoko erizainen “Zure ardura, nire babesik onena” kanpainari jarraiki, herritarrei jai egunak izango litzatezken horietan ere, orain arte bezala arduraz jokatzeko eskatzen die Udalak eta festak etxean ospatzeko deia luzatu die lezoarrei, segurtasun eta osasun neurriak beteaz eta, besteak beste, balkoi eta leihoak mozorrotzera gonbidatuz.
Datorren urtean elkar egingo dugu guztiok, festa mundialak ospatzeko. Bien bitartean, datorren urtera arte Zabarre! Gogotsu itxarongo zaitugu!