Helburua da koronabirusaren hedapena saihestea eta bereziki 2020ko kanpainan parte hartzekoak ziren haur zein pertsona guztien osasuna, segurtasuna eta ongizatea bermatzea.
“Udan jostatzera” lelopean, Lezoko Udalak urtero antolatzen ditu 3-12 urte bitarteko haurrentzat udalekuak, herriko haurrek giro euskaldun eta atseginean jolasak, dantzak, kantak, antzerkiak eta beste hainbat ekintza egiteko aukera izan dezaten.
Aurten, baina, Covid-19ak eragindako osasun larrialdi egoera dela eta, eta osasun agintarien gomendioei jarraiki, aipatu ekimena bertan behera uztea erabaki du Udalak.
Izan ere, urtero 200 haur baino gehiagok hartzen dute parte eta egungo egoerari erreparatuz, erabakia hartzerakoan, Udalaren arrazoi eta helburu nagusia izan da haur horien zein gainerako parte-hartzaile eta antolatzaileen ongizatea eta osasuna bermatzea, baita, noski, koronabirusaren hedapena saihestea ere.
Gainera, joan den maiatzaren 14an, Eudelek (Euskadiko Udalen Elkarteak) irailaren 15era bitarte antola daitezkeen era guztietako jardueren inguruan oinarrizko gomendioak zabaldu zituen udal guztien artean, eta bertan, espresuki aipatzen zen udalekuak bertan behera gelditu behar zutela.
Hori guztia aintzat hartuta, beraz, Lezoko Udalak bertan behera utzi du 2020ko kanpaina datorren urtera arte.