Munduko pandemiaren aurrean, Lezon ere “Herritartasun Globala”

Og, 2020-04-09 11:55

Osasun larrialdi egoera honen aurrean asko dira jada etxean edo etxetik egiteko sortu diren ekimenak eta bide horretan, gaurkoan, Lezoko Udalak, Hezkide Eskolak eta Alboan lankidetzako gobernuz kanpoko erakundeak, elkartasuna oinarri hartuta, “Herritartasun Globala” ekimena aurkeztu dute.

Bost kontinenteetako pertsonak ikusarazteko asmoz, ekimenaren helburua da etxean eskura dugun materialarekin (papera, egunkari edo aldizkari zaharrak, oihal zatiak, zapiak…) kate bat egitea eta kate hori etxeko balkoi edo leihoetan zintzilikatuz #HerritartasunGlobaraGara eta #NiEtxeanGeratzenNaiz mezuak munduan zehar zabaltzea. Modu horretara, sortutako katea lankidetzaren, elkartasunaren eta herritartasun globalaren ikur bilakatuko da.

Era berean, behin katea sortuta, argazki bat atera edo bideo bat egin eta sare sozialetara igo ahal izango da, ekimenari presentzia eta oihartzun handiagoa emateko eta guztion artean ahalik eta kate solidario luzeena lortzeko. Horrela, sare sozialetan partekatzean, aukerako bi pertsona edo gehiago etiketatu eta ondorengo etiketak ere jarri beharko dira:

  • Facebook: @alboan @lezokoudala
  • Twitter: @ALBOANongd eta @lezoudala
  • Instagram: @alboangaztesarea

Horrez gain, hashtag gisa #HerritartasunGlobalaGara eta #NiEtxeanGeratzenNaiz izango dira ekimen honen identifikatzaileak. Sare sozialik ez dutenek, halaber, nahi izanez gero, lezokoludoteka@hezkide.org helbidera bidali ahal izango dute euren katea eta bertatik arduratuko dira kate solidario horiek ere saretzeaz.

Amaitzeko, Lezoko Udalak lezoar oro animatzen du kate solidarioak sortu eta elkartasunaren eta lankidetzaren ikur gisa etxeko leiho edo balkoiak apaintzera, pandemia honi guztion artean aurre egiteko.  

Kateak nola egin edota ekimenaren informazio gehigarria ondorengo webgunean dago eskuragarri: https://www.alboan.org/eu/berriak/nazioartekoa/zuk-ere-egizu-elkartasun-katea-herritartasunglobalagara