Oarsoaldeako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu esta-blezimenduei laguntza, COVID19ari aurre egiteko

Al, 2020-04-06 12:12

Eskualdeko merkatari, ostalaritza eta zerbitzuen Elkarteak, Merkataritza Bulego Teknikoa eta lau Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez, aholkuak eta laguntza emateko daude.

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak, sektorerik ahulenetarikoak dira Covid-19ak sortutako osasun alertaren eraginez gaur egun bizi dugun egoeran. Horregatik, erakunde ezberdinetatik neurri ekonomiko ezberdinak bultzatzen ari dira, itxierek eta salmenten jaitsierek sortutako krisiari aurre egiten laguntzeko.

Errenkoalde (Errenteria), Laurak Bat (Pasaia) eta Itturri (Oiartzun) Elkarteak etenik gabe ari dira lanean, euren udalerriko saltoki guztiei, bazkideei zein bazkideak ez direnei, euren laguntza eskainiz. Lezoko establezimenduen kasuan, beste udalerrietakoen kasuan bezalaxe, Oarsoaldea Garapen Agentziara edo Merkataritzako Bulego Teknikora jo dezakete zuzenean aholkularitza eta laguntza eskatzeko.

Elkarteek, gainera, lokala alokatuta duten negozioei dagokienez, jabeekin hitz egitea eta negoziatzea proposatzen dute, COVID-19ak sorturiko alarma-egoerak irauten duen bitartean alokairuaren kostuaren zenbatekoa murrizteko akordio batera iristeko. Era berean, publikoari begira irekita dauden establezimenduentzako biserak, maskarak eta eskularruak erosteko lanak ere kudeatzen ari dira, besteak beste.

Oarsoaldea zure bidelagun

Bestalde, Oarsoaldea Garapen Agentziak covid19laguntzak@oarsoaldea.eus helbide elektronikoa eta 943 49 41 29 harremanetarako telefonoa jarri ditu martxan, egoera honen ondorioz sortzen diren behar, arazo edo kontsultetan laguntzeko eta argitaratzen diren dirulaguntzen edo neurrien tramitazioa errazteko. Era berean, Oarsoaldeako webgunean ere aurki daiteke argitaratzen diren laguntzen eta neurrien inguruko informazioa.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoa mailan laguntza sare sendo bat abian jarri du eta Garapen Agentzia bertako kide da. Elkarlanean ari gara zu laguntzeko eta bidea errazteko.

Oarsoaldea, bitarteko eragile bideratzailea

Oarsoaldea Garapen Agentzia, bestalde, Eusko Jaurlaritzak Elkargiren bidez abian jarritako premiazko likidezia-programaren bitarteko eragile bideratzailea da, eskaerak izapidetzen laguntzen baitio Elkargiri. Honen harira, aipatzekoa da merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduek ere programa honetako laguntza eska dezaketela Oarsoaldearen bidez, esan bezala, enpresen eta pertsonen eskabideak aholkatu, lagundu, jaso eta izapidetu ditzakelako. Autonomoentzako maileguen zenbatekoak 5.000 eta 50.000 euro artekoak izan daitezke; enpresentzat, aldiz, 50.000 eta milioi bat euro artekoak.

Egoeraren diagnostikoak etengabe

Aipatutako eragile horiek guztiak etengabe daude harremanetan interes komuneko gaiak partekatzeko eta horiei aurre egiteko erantzunak edo ekintzak planteatzeko. Gainera, etengabe, egoeraren diagnostikoa egiten da, eskualdean sektore horiek duten egoera erakunde publikoei helarazteko. Krisiaren eragina arintzeko laguntza-neurriak agertzen eta argitaratzen ari dira administrazio publikoetan, baina, larrialdi-egoera gainditu bezain laster, egoera berrabiarazteko aukera emango dutenak ere beharko dira.

Orain, inoiz baino gehiago, elkartu eta elkarlanean aritu behar dugu, elkarrekin, krisi honi aurre egiteko.

Animo! Denon artean egin dezakegu.

Harremanetarako:

  • Oarsoaldea Garapen Agentzia:

Telefonoa: 943 49 41 29

Email: covid19laguntzak@oarsoaldea.eus

  • Merkataritzako Bulego Teknikoa:

Telefonoa: 943 51 45 53

Email: tecnicogatc@errenkoalde.org

  • Errenkoalde (Errenteria):

Telefonoa: 943 51 45 53

Email: errenkoalde@errenkoalde.org

  • Laurak Bat (Pasaia):

Telefonoa: 685 755 786

Email: laurakbat@laurakbat.com

  • Itturri (Oiartzun):

Telefonoa: 685 755 786

Email: itturri@itturri.eus