1995.eko Abenduaren 20ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko abenduaren hogeigarrena. Arratseko zazpietan hasi du OSOKO BILKURAK, lehenengo deialdiari jarraiki, OHIZ KANPORAKO SAIOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda, Jesus Mª Martiarena Jaka, Pello Garbizu Azkue, Mirari Recalde González, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.

    Gemma Arrillaga Albisu eta Juana Mª Salaberria Lizarazu ez dira bilkuran izan. Arrazoiak: Gemma Arrillagak utzi egin diolako zinegotzi izateari; eta Juana Mª Salaberriak beste bilera bat zuelako, alkateari jakinarazi dioenez aurrez.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza eta Ana Ibabe Lujanbiok interpretaritza.

    1.- 1995-1999 EPEALDIRAKO UDAL GOBERNU PROGRAMAREN AZALPENA.

    Alkateak, lehenbizi, bost zinegotzik eskatu ziotelako jarri duela bilkura ohiz kanporako hau esan du. Ondoren, 1995-1999 urte bitartean izango den egoera ekonomikoari buruzko informea azaldu du, labur-labur. Informea abenduaren 12an bidali zitzaien zinegotziei.

    I. Urrestarazuk esan du informeak ez diola erantzuten haiek eskatu zutenari. Izan ere -esan du-, jakineko gauza batzuk eskatu genituen guk ohiz kanporako bilkura egiteko eskatu genuenean, guk jakin nahi genuen zer helburu dituen gobernu taldeak legegintzaldi honetarako, eta noiz-nola egiteko asmoa daukan, hau da, guk jakin nahi duguna da zer prebisio ekonomiko dituen burutu asmo duen helburu bakoitzarentzat.

    J.M. Botoren irudituan, berriz, asmo onak azaltze hutsa da informea, edozeinek onartzeko modukoa. Harrituta gelditu da, bestetik, bilkuran aurkeztu dutenak ez daukalako ikustekorik ezer ere udal-hauteskundek egitekoan aurkeztu zuten programarekin, eta hala, ikaragarrizko asmo nahasmena sortzen dela esan du, nondik atera jakiteak ere lan ematen duena. Hala berean, EAJ ere informearekin bat heldu dela ematen duela esan du.

    Lipar batean inork ere ez du hizpiderik hartu. Tarte txiki horren ondoren, I. Urrestarazuk hitz egin du, esanez adar jotze galanta dela hura, baldin eta beste informaziorik ez badute eman behar behintzat. Garbi ezagun duela HBk eta EAJk ez daukatela gobernu programarik legegintzaldian aurrera ateratzeko esan du I. Urrestarazuk. Eman dieten informazioa emateko ez zegoela bilkura horrenbeste atzeratu beharrik esan du, urriaren 26rako eskatuta zeukatela-eta bilkura egitea.

    Berriz ere inork hitz egin gabe egon dira pixka batean. Orduan, alkateak, ea beste zerbait esan nahi duten galdetu die zinegotziei.

    J.M. Botok esan du alkateak ere erantzun beharko diela zerbait zinegotziek esandakoei.

    Alkateak, berriz, erantzuna informean dagoela esan dio, zinegotzi guztiei bidali dien informean.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, arratseko zazpiak eta laurdenean. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.

    Eguna