COVID19 birusak sortutako osasun larrialdi egoera honen aurrean, Lezoko alkateak Udalaren laguntza eta babesa berretsi du beharra duten pertsona, familia, autonomo edota enpresei eskura dauden laguntzen inguruko informazioa eman eta horien eskaera zuzenean kudeatzeko.
Era berean, alkateak gogorarazi du udal zergen eta tasen ordainketa atzeratu egin dela eta herritarren presio fiskala arintzeko beste hainbat neurri aztertzen ari dela.
Hilabete baino gehiago igaro da jada osasun larrialdi egoera hasi zenetik eta orduz geroztik asko dira egoera honen eragin ekonomikoak jasaten ari diren pertsona, familia, autonomo eta enpresak.
Ildo horretan, Euskal Herriko erakunde eta entitate publikoek, hala nola, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Garapen Agentziek eta hainbat eta hainbat Udalek, programa, neurri edota diru-laguntza desberdinak jarri dituzte martxan kolektibo zaurgarrienen eskura.
Horri lotuta, Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzen jarraitzea lehentasunezkoa izaten jarraitzen duela berretsi du eta COVID19ak eragindako krisialdia minimizatzeko Udaletik etengabe lanean dabiltzala adierazi du, beharra duten herritarrei, pertsona, familia, autonomo edota enpresei, eskura dauden laguntza horien inguruko informazioa ematen eta gizarte zerbitzuen sailetik, laguntza horien eskaera zuzenean kudeatzen. Autonomoen eta enpresen kasuan, baina, kudeaketa hori Oarsoaldea Garapen Agentziak bideratzen du.
Horrez gain, egoera honek eragindako kalte ekonomikoak ulertuta, alkateak gogorarazi du zerga eta tasen ordainketa atzeratu egin dela, hasiera batean, irailera bitartean.
Edozein kasutan eta jakinik jarduera ekonomikoaren eteteak herritar askori eragin diola, ordainketa horien atzerapenaz haratago, lezoarren presio fiskala baretze aldera, beste hainbat neurri berri hartzea aztertzen ari dela gehitu du Martiarenak.
Bestalde, egoera honi aurre egiteko hartutako neurrien artean, herrian egiten ari diren garbiketa eta desinfekzio lanak nagusitu ditu alkateak: “maiztasunez egiten dira garbiketa lan horiek, koronabirusak eragindako arazoak saihesteko”, azaldu du.
Amaitzeko, alkateak gogorarazi du arazorik izanez gero edo laguntza behar izanez gero, lezoarrek 943 524 650 telefonora dei dezaketela.