2014ko apirilaren 11a, Ezohikoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2014ko apirilaren 11a, ostirala, 13:30tan, eratu da OSOKO UDALBATZA EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Ainhoa Zabalo Loiarte alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Arruti Salaberria, Eneko Lartige Zabaleku, Angel Portugal Formoso, Naroa Tubilla Ziganda eta Luis Garrido Corral (BILDU udal taldea), Kepa Garbizu Azkue eta Enrique Figueroa Laboa (EAJ-PNV udal taldea)

Ez dira bileran egon Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Garazi Kuesta Unzain eta Miren Tarragona Perez (BILDU udal taldea), Xubero Ubillos Apaolaza (EAJ-PNV udal taldea) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos)

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

1. 2014ko Aberri Egunerako Udalbiltzaren mozio proposamena. (2014ALO50014)

Alkateak osoko bilkurari aurkeztutako mozioak honela dio:

“Aturritik Ebrora eta Enkarterrietatik Auñamendira, Pirinioetako bi aldeetan 685 udalerrietan bizi garen 3 milioi euskal herritarren gehiengoak, gure hizkuntza, kultura, edo jatorria edozein izanik ere, Euskal Herritar gisa bizi nahi dugu. Gure eskubide zibil eta politiko barne, Nazioarteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletik eratortzen diren eskubide guztien jabe bizi nahi dugu Euskal Herri osoan.

Baina hori, zoritxarrez ez da gaur guk pairatzen dugun errealitate politiko administratiboa. Euskal Herria estaturik gabeko herri bat da, eta gu, euskal herritarrok gure borondatearen gainetik, ofizialki frantziarrak edo espainiarrak izatera beharturik gaude. Gure udalerriak 2 estatuetan sakabanaturik daude. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko 159 udal Frantziako Errepublikako Akitania izeneko erregioaren Pirinio Atlantikoetako departamentuaren barruan daude, Biarnoarekin batera diluiturik, inolako aitortza politiko administratiborik gabe. Bestetik, Espainiako Erresuman administratiboki kokatzen dira beste 526 udal. Hurrenez hurren: 272 Nafarroako Foru Komunitate izeneko Autonomia elkargoan, 251 Euskadiko Autonomia Elkargoan, 2 Gaztela-Leongo Autonomia elkargoko Burgos Probintzian eta azken bat Kantabriako elkargo autonomoan.

Errealitate hori ez da Euskal Herritarrek libre eta demokratikoki erabaki egin duguna, gerra eta konkistaz beteriko historiaren ondorioa baizik. Errealitate hori era demokratiko batean aldatzeko, Euskal Herriko udalek lan aitzindaria eta garrantzitsua egin dute historikoki. XX. mendean adibidez, horren lekukoa da 1931. urteko Lizarrako estatutua, 1976. urteko Bergarako alkateen mugimendua edo Ipar Euskal Herriko 1998. urtean Euskal Departamenduaren alde egindako aldarrikapen eta mobilizazioak.

XXI. mendea hastear zegoelarik Euskal Herriko udal eta Udal hautetsien Biltzarra, Udalbiltza, beste mugarri esanguratsua izan zen.

2014. urte honetan abagune berezia ari gara bizitzen. Begi bistan daude kontrako eta aldeko faktoreak. Alde batetik, nabaria da Espainia eta Frantziaren ezezko iraunkorra. Baina han daude ere Europako estatu berrien sorrera, Katalunia eta Eskoziaren autodeterminaziorako erreferendumak edo “gure esku dago” bezala, Euskal Herrian sortzen ari diren herri ekimen arrakastatsu berriak edo itxaropentsuak izatera bultzatzen gaituen Independentziari buruzko Etxarriko herri kontsultak.

Horregatik, Euskal Herriaren egunaren bezperetan, Euskal Herritarren egunera hurbiltzen ari garenean, aurreko guztia aintzat hartuz, Lezoko herriko udalak Aberri Egunerako ez ohiko osoko bilkura honetan, hurrengoa adierazi nahi du:

1.- Euskal Herritarrak garela adierazteko garaia heldu dela eta ozenki esan nahi dugulako, Euskal Herritartasunaren aldeko herri dinamika sortzeko eta sustatzeko deia luzatzea erabaki dugu.

2.- Mozio honen bidez, kaleetan zein eraikuntza publiko eta partikularretan Euskal ikurrak jartzeko gonbidapena luzatzen dugu honen bidez. Zer ez garen baino, garena eta sentitzen duguna ikurren bidez publikoki adierazteko gonbidapena luzatu nahi diogu herritar orori.

3.- Zer garen gaur, iragana ezagutu gabe oso zaila delakoan, aitzineko zein garaikidea den oroimen historikoa berreskuratzeko konpromisoa hartzen dugu. Hala ere, iragana baino gehiago, oraina eta -batez ere- etorkizunari erreparatu nahi dugunez gero, kultur, hizkuntz eta identitate aldetik anitz eta aberatsa sortzen ari den Euskal Herri berri honi so egiten diogu. Horregatik, atxikimendu librean oinarriturik, Herritartasun Agiri Ofizialaren beharra aldarrikatu, eta ekimen bateratua, ofiziala eta eraginkorra sortzeko konpromisoa adierazi nahi dugu.

4.- Independentziari buruz Etxarriko herriak apirilaren 13an burutuko duen herri kontsultari erabateko babesa adierazi nahi diogu. Erabakitzeko eskubidearen ariketa demokratiko praktikotzat jotzen dugu eta zentzu honetan bere zilegitasuna aitortu nahi dugu.

5.- Zentzu berean eta arrazoi berdinengatik, “Gure esku dago” herri ekimenak ekainaren 8rako antolatu duen Iruñea eta Durangoren arteko giza katean parte hartzeko deia, eta oro har, “Gure esku dago” herri dinamikari erabateko babesa adierazi nahi diogu. “

Kepa Garbizu (EAJ-PNV udal taldea) mintzatzen da eta ezezko botorik ez dutela emango esan du. Abstenitu egingo dira.

Mozio alternatiboa aurkezten du eta bide batez, aurreko mozioarekin dauden diferentziak esplikatu ditu. Honela dio EAJk aurkeztutako mozioak:

“Aturritik Ebrora eta Enkarterrietatik Auñamendira, Pirinioetako bi aldeetan 685 udalerrietan bizi garen 3 milioi euskal herritarren gehiengoak, gure hizkuntza, kultura, edo jatorria edozein izanik ere, Euskal Herritar gisa bizi nahi dugu. Gure eskubide zibil eta politiko barne, Nazioarteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletik eratortzen diren eskubide guztien jabe bizi nahi dugu Euskal Herri osoan.

Baina hori, zoritxarrez ez da gaur guk pairatzen dugun errealitate politiko administratiboa. Euskal Herria estaturik gabeko herri bat da, eta gu, euskal herritarrok gure borondatearen gainetik, ofizialki frantziarrak edo espainiarrak izatera beharturik gaude. Gure udalerriak 2 estatuetan sakabanaturik daude. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko 159 udal Frantziako Errepublikako Akitania izeneko erregioaren Pirinio Atlantikoetako departamentuaren barruan daude, Biarnoarekin batera diluiturik, inolako aitortza politiko administratiborik gabe. Bestetik, Espainiako Erresuman administratiboki kokatzen dira beste 526 udal. Hurrenez hurren: 272 Nafarroako Foru Komunitate izeneko Autonomia elkargoan, 251 Euskadiko Autonomia Elkargoan, 2 Gaztela-Leongo Autonomia elkargoko Burgos Probintzian eta azken bat Kantabriako elkargo autonomoan.

Errealitate hori ez da Euskal Herritarrek libre eta demokratikoki erabaki egin duguna, gerra eta konkistaz beteriko historiaren ondorioa baizik. Errealitate hori era demokratiko batean aldatzeko. Horretaz gain. Euskal Herriko udalek lan aitzindaria eta garrantzitsua egin dute historikoki. XX. mendean adibidez, horren lekukoa da 1931. urteko Lizarrako estatutua, 1976. urteko Bergarako alkateen mugimendua, autonomia estatutua berreskuratzeko eskaria egiten zuena. Erkidego Autonomoan 1979ko urriaren 25an herritarrek onetsi zuten, azkenean, Gernikako Estatutua, Euskal Herriari dagozkion eskubide historikoen gaurkotzeari aurrerantzean ere ateak zabaltzen dizkion testua. Aipagarriak dira ere Ipar Euskal Herrian 1998. urtea geroztik Euskal Departamenduaren alde egindako aldarrikapen eta mobilizazioak.

XXI. mendea hastear zegoelarik Euskal Herriko udal eta Udal hautetsien Biltzarra, Udalbiltza, beste mugarri esanguratsua izan zen. Zeinek Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulertzen zuen, eta euskal herritar guztien erabakimen eta partehartze askean oinarritu behar zela zioen.
Horretarako behar beharrezkoa da gure Herrirako erabateko bakea eta bizikidetza demokratikoa bermatzea. Bake iraunkorra, elkarrizketaren, justiziaren, egiaren eta gure Herriaren interes orokorrari bideratuz landua.

2014. urte honetan abagune berezia ari gara bizitzen. Begi bistan daude kontrako eta aldeko faktoreak. Alde batetik, nabaria da Espainia eta Frantziaren ezezko iraunkorra... Baina han daude ere Europako estatu berrien sorrera, Katalunia eta Eskoziaren autodeterminaziorako erreferendumak edo "gure esku daga" bezala, Euskal Herrian sortzen ari diren herri ekimen arrakastatsu berriak.

Horregatik, Euskal Herriaren egunaren bezperetan, Euskal Herritarren egunera hurbiltzen ari garenean, aurreko guztia aintzat hartuz, Lezoko herriko udalak Aberri Egunerako ez ohiko osoko bilkura honetan, hurrengoa adierazi nahi du:
1.- Euskal Herritarrak garela adierazteko garaia heldu dela eta ozenki esan nahi dugulako, Euskal Herritartasunaren aldeko herri dinamika sortzeko eta sustatzeko deia luzatzea erabaki dugu.
2.- Kaleetan zein eraikuntza publiko eta partikularretan ikurriña (Euskal ikurrak) jartzeko gonbidapena luzatzen dugu honen bidez. Zer ez garen baino, garena eta sentitzen duguna gure ikurriñaren (ikurren) bidez publikoki adierazteko gonbidapena luzatu nahi diogu herritar orori.
3.- Gure herrirako benetako bake eta bizikidetza demokratikoa , elkarrizketaren, justiziaren, egiaren eta gure herraren interes orokorraren bitartez landua izango dena, lortzea helburu duen Eusko Legebiltzarrean abian den Bake eta Bizikidetza lantaldeari gure babesa eskaintzen diogu, eta, era berean, baita beste gainontzeko Lurraldeetan sor daitezkeen antzeko ekimenei ere.

4.- Egungo gizartean elkarri zor diogun begirunetik, eta guztion ondare diren eskubide demokratikoetatik abiatuz, gure asmoa herritar askez osatutako aberri aske bat lortzea dela aitortuz. justizia soziala eta guztion aurrerabidea bermatuko duena, zer garen ulertzeko oroimen historikoa berreskuratzeko konpromisoa hartzen dugu. Herri bakar bat osatzera garamatzaten ezaugarri eta kultur ondare amankomuna aitortuz eta zainduz, horrekin batera herritar guztien ezaugarri eta eskubideak zainduko dituen gizarte aurreratu bat lantzeko etengabeko asmoa adieraziz.

5.- Independentziari buruz Etxarriko herriak apirilaren 13an burutuko duen herri kontsultari erabateko babesa adierazi nahi diogu. Euskal Herriari dagokion erabakitzeko eskubide demokratikoaren ariketa sinboliko jotzen dugun neurrian bere zilegitasuna aitortzen diogulako.

6.- Zentzu berean eta arrazoi berdinengatik, "Gure esku dago" herri ekimenak ekainaren 8rako antolatu duen Iruñea eta Durangoren arteko giza katean parte hartzeko deia, eta oro har, "Gure esku dago" herri dinamikari erabateko babesa adierazi nahi diogu.”

Bilduk aurkeztutako mozioaren botazioa egin da eta mozioa onartu da aldeko 6 botoekin (BILDU udal taldea) eta 2 abstentzioekin (EAJ-PNV udal taldea)

EAJ-PNVk aurkeztutako mozioa aho batez onartu da, aldeko 8 botoekin (6 BILDU udal taldea eta 2 EAJ-PNV udal taldea)

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 13:45ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1106109tik 1106112ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna