Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2015eko urriaren 26an, 19:45ean eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arbera Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Xubero Ubillos Apaolaza, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente, Garazi Kuesta Unzain, Angel Portugal Formoso (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.
Halaber, bileran egon da Pedro Etxarri Ollokiegi kontuhartzailea.
Deitutako osoko bilkuraren gai zerrendako puntu bakarra tratatzen hasi aurretik aretoan diren bi herritarrek galdetu dute ea non dagoen beraiek irailaren 17an aurkeztutako proposamena alkateak agindu ziena osoko bilkuran tratatu eta bozkatuko zena. Gogoratu dute urriaren 15ean egindako batzordean irakurri zela proposamena, ez zela urriaren 22rako agindutako osoko bilkurarik deitu eta orain deitutako honetan beraien proposamena ez azaltzea katxondeo bat dela.
Alkateak dio bera deskuidatu dela deialdian EHBildu udal taldeak aurkeztutako mozioan herritarrak irailaren 17an aurkeztutakoa jasoa zegoela pentsatu zuelako.
Herritarren eskaerarekin zer egin aztertzeko bost minutuko atsedenaldi bat egin da. Haren ondoren, 19:50 aldera, alkateak dio ezohiko udalbatzetan ezin denez beste gairik eztabaidatu, osoko bilkura honen ondoren, eta plenoa osatzen duten zinegotzi guztiek ados badaude, beste ezohiko eta urjentziazko bilera egingo dela herritarren sinadurekin irailaren 17an aurkeztutakoa aztertu eta bozkatzeko.
Hori esan da, bilkura honen gai zerrendarekin hastea erabaki du alkateak.
1. Lezoko EHBILDU udal taldeak aurkeztutako mozioa, Donostialdea-Bidasoako Lurraldearen Zatikako Planaren ingurukoa (2015AL050014).
Ainhoa Zabalo zinegotziak (EHBILDU) irakurri du mozioa. Honela dio:
“Haundia da Donostialdea-Bidasoa Beheko eremu funtzionalaren lurraldearen zatikako planak Lezoko herrian dituen eraginak eta ondorioz kezka sortu du lezoarron artean. Honen adibide ditugu azken egunotan herritar talde batek bultzaturik burutu diren ekintza ezberdinak. Horietako bat udalbatza honi, Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko "Lezo arriskuan" izenburuarekin erregistratu zuten idatzia da.
Idatzi hori oinarri hartuta Lezoko EHBilduk honako hau proposatzen du bozkatu eta onar dadin:
1- Batzorde iraunkor bat sor dadila alderdi guztietako partaideekin, interesa duten herritarrekin eta udal teknikarien laguntza izango lukeena. Honen helburua prozesu bat martxan jartzea izango litzake, benetako informazioa, eztabaida eta parte-hartze aukera egon dadin. Batzorde honetatik sortutako ondorioak Udalak bere gain hartuko lituzkeen eta aurrera eramango lituzkeen konpromezua hartuko luke.
2- LZP honen inguruan dagoen informazio osoa eskuratu benetako azterketa eta eztabaida bat eman dadin, eta egin beharreko alegazioak behar diren moduan prestatzeko aukera egon dadin. Bestalde, alegazioak aurkezteko azkeneko data azaroak 15 dela kontuan izanik eta momentu honetan informaziorik ez dagoela kontuan hartuz, alegazio epea etetea juridikoki aztertzeko konpromezua hartuko du udalak.
3- Beste eredu bat bultzatu Lezorako: Urrulluko transformazio zentroaren alde lan eginez, Gaintxurizketako plan bereziari azken onarpena emanez.”
Jose Angel Sanchezek mozioari buruz dio alde batetik, Lezok ez duela partaidetzarako udal ordenantzarik eta, bestetik, bera ez dagoela prest proposatzen den batzorde ireki horren proposamena derrigorrean onartu behar izatea. Planaren inguruko informazio zuzena Jaurlaritzako web orrialdean kontsultatu ahal dela dio. Eta Urrullo eta Gaintxurizketaren inguruan dio lehenari buruz Aldundiak jabe bakarra den heinean gelditzea erabaki duela eta Gaintxurizketari buruz udalak erabaki beharko duela.
Alkateak dio bere taldeak ez duela gogoko nola funtzionatuko duen (kideak, botoak, …) ez dakien batzorde baten menpe osoko bilkura jartzea. Planari buruz dagoen informazioaren inguruan dio martxoaren 22a geroztik dagoela Jaurlaritzako web orrian, hau da, aurreko legealdian 80 egunez eta oraingo legealdian 53 egunez.
Udalak Urrullo eta Gaintxurizkeri buruz bere udal planak hurrengo pleno batean tratatuko direla eta gaur ez direla bozkatuko dio.
Eztabaida planaren inguruko informazio faltaz luzatzen da, jendartetik udalari eskatzen zaiolarik informazio nahikorik eskuratu bitartean ez ongi emanik emateko planari eta alegazio epea etetzeko.
Mikel Arrutik urriaren 15ean egin zen batzordean aipatutako aurrekariak ekarri ditu gogora, 2011ean orduko lehendakaria zen Patxi Lopezek, Madrilgo Gobernuko Sustapen Ministroa zen Blanco, Aldundiko orduko lehendakari Markel Olanok eta Irungo alkatea zen eta den Jose Antonio Santanok sinatutako hitzarmena ekarri du gogora, orduan Irundik kentzea adostu zuten trenbide eta logistika gunea Lezora ekarri duelako orain Donostialdeako Lurralde Zatikako Planak, Irungo pelotazoaren mesedetan eta Lezoko herriaren kaltetan. Horrez gain, beharren inguruko informazio falta eta Lezon izango duen eraginaren informazio faltak, derrigorrezkoa egiten du informazioa eskatzea eta hura izan bitartean Lurralde planaren tramitazioa eteteko alegazioa.
EHBilduk aurkeztutako mozioa bozkatu egin da eta ez da onartu: alde 6 boto izan dira (EH BILDU udal taldekoak) eta kontrako 7 boto izan dira (6 EAJ-PNV udal taldekoak eta 1 Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos).
Bozketa eta gero eztabaida luzatu egin da jendartetik eta zinegotziek izan dituzten partehartzeekin: Informazio falta, ondorioz partehartze prozesurik ez, txosten teknikorik ez, Jaurlaritzaren eskumena, balio estrategikoa, etab. .
Aktaren amaiera.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:00etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1105797tik 1105799ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.