1997.eko Azaroaren 10ekoa

    Agiri mota
    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hamarra. Arratseko 7etan hasi du Udalak OSOKO BILKURA OHIZ KANPOKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenbiziko deialdian Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea eta Udalbatzako lehendakaria) eta beste zinegotzi hauek bildu dira: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta, Jesus Mª Martiarena Jaka, Mirari Recalde Gonzalez, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Pello Garbizu Azkue, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.

    Patxi Apalategik egin ditu itzulpen lanak eta Xabier Loiolak idazkaritzakoak.

    1.- 1998KO UDAL AURREKONTUEI HASIERAKO ONARPENA EMATEA.

    Alkateak proposatutako aurrekontuen ezaugarri nagusiak azaldu ditu (inbertsioak zeintzuk diren, zorpetze maila zenbatekoa den, e.a.). Haiek azaldu ondoren Hazienda Batzordeak emandako diktamena onartzea proposatu die bilkurakidei.

    Pello Garbizuk hartu du hitza. Lehenik, diktamena zuzentzea eskatu du J.M.Martiarena ez delako EAJko ordezkari Udal honetan. Eztabaida sortu da gai honetan eta alkateak txostena egiteko eskatu dio idazkariari.

    P. Garbizuk dio aurrekontuak ilunak direla: ez dagoelako helburuen zehaztazunik eta haiek neurtuko dituen indikadorerik; ez delako argitzen mantenimendu gastuak prebentziorako edo aberiak konpontzeko erabiliko diren; ez delako argitzen kreditu bidez zein inbertsio finantziatuko diren; partida ugari zertarako diren ez dagoelako garbi (trabajos por otras empresas, actividades de adultos, kiroldegiko zenbait gastu).

    Bere kezka azaldu du sareko ur jarioei aurre egiteko partidarik ez duelako ikusi, arazo horrek diru galera dexentea ekartzen dionean udalari. Alkateari gogoratu dizkio 1995eko abenduaren 20an egindako osoko bilkuran azaldutako legislatura programan esandakoak eta haiek ez direla betetzen ari: aurrekontuak departamentuka eratu, sorpetze tasa %20tik ez igotzea, diru sarrerak igo ordez jeitsi omen dira, gastuetan 1go eta 2. kapituluak jeitsi ordez igo egin dira, gastua igo egin da orokorrean.

    P.Garbizuk dio Udalak duen 819 milioiko zorra handiegia dela eta kezka sortzen diola. Esandako guztiagatik garbi dagoela udal gobernuak ez duela helbururik, gaiei etorri ahala erantzuten diela eta hori ez dela serioa.

    Jose Mari Boto aurrekontuetako exekuzio arauei buruz aritu da. Bere esanetan ez da betetzen HB gobernuan dagoenetik. Dio gastu justifikanteak ez direla egiten, gertuko pertsonen alde egiten dela bai kontratazioetan eta erosketetan, zenbait erosketa behar baino gehiago ordaintzen dela salatu du. Guzti horren errudun HB eta Martiarena direla esan du.

    Bestalde dio zinegotzien lana ez dela laguntzen, asignazioak zazpi urte daramatzatelako ikutu gabe, igoera eskaerak aintzat hartu gabe.

    Alkateak erantzun egin die bi zinegotziei: zorpetze maila asko igo omen da zorionez edo zoritzarrez futbol zelaia egiteko aukera dagoelako. Kredituak inbertsioak finantziatzeko direla dio. Udal departamentu guztiak parte hartu dutela aurrekontuak egitean. Eta 1997ko likidazioak argituko omen du gastuetako 1go eta 2. kapituluak zein joera duten; bere ustetan ez da handiagotu gastua.

    Bai Hazienda gaietarako delegatuaren iritziz eta alkatearen iritziz likidazioak eta etorri daitezkeen beste diru batzuk zorpetze maila jeisten lagundu dezakete.

    P. Garbizuk dio departamentuen parte hartzea ez duela zalantzan jarri, bai ordea aurrekontuko partida departamentuka ordenatuak ez izatea kritikatu du. Kuestio hori argitu ondoren, diktamenaren bozketa egin da: aldeko botoak zortzi izan dira Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea eta Udalbatzako lehendakaria), Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka; eta aurkakoak bost: Mirari Recalde Gonzalez, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris eta Pello Garbizu Azkue. Beraz ondorengo akordioa:

    BAT: Haserako onarpena ematea 1998ko Udal aurrekontuei. Hona aurrekontua atalez atal zehaztuta:

    GASTUAK/GASTOS

    KAP./CAP.

    IZENA/DENOMINACION

    ZENB./IMP.

    1

    PERTSONAL GASTUAK/GASTOS PERSONAL

    257.000.000

    2

    GASTU ONDASU ARRUNT ETA ZERBITZUETAN/

    COMPRA BIENES CORRIENTES Y SERVICIOS

    223.500.000

    3

    FINANTZA GASTUAK/GASTOS FINANCIEROS

    39.000.000

    4

    TRANSFERENTZIA ARRUNTAK/TRANSF. CORRIENTES

    77.500.000

    6

    INBERTSIO ERREALAK/INVERSIONES REALES

    276.000.000

    8

    FINANTZA AKTIBOAK/ACTIVOS FINANCIEROS

    2.000.000

    9

    FINANTZA PASIBOAK/PASIVOS FINANCIEROS

    35.500.000

    GUZTIRA / TOTAL

    910.500.000



    SARRERAK/INGRESOS

    KAP./CAP.

    IZENA/DENOMINACION

    ZENB./IMP.

    1

    ZUZENEKO ZERGAK/IMPUESTOS DIRECTOS

    170.000.000

    2

    ZEHARKAKO ZERGAK/IMPUESTOS INDIRECTOS

    30.000.000

    3

    TASAK ETA BESTELAKO ZERGAK/

    TASAS Y OTROS INGRESOS DIVERSOS

    90.000.000

    4

    TRASFERENTZIA ARRUNTAK/TRANF.CORRIENTES

    351.500.000

    5

    ONDARE SARRERAK/INGRESOS PATRIMONIALES

    2.500.000

    7

    KAPITAL TRANSFERENTZIAK/TRASF.DE CAPITAL

    4.500.000

    8

    FINANTZA AKTIBOAK/ACTIVOS FINANCIEROS

    2.000.000

    9

    FINANTZA PASIBOAK/PASIVOS FINANCIEROS

    260.000.000

    GUZTIRA / TOTAL

    910.500.000



    2.- FUTBOL ZELAIA EGITEKO HITZARMENAREN ONARPENA.

    Alkateak dio Lezoko herriak futbol zelai duina izateko eskubide osoa duela, herriak horrela eskatu duela. Foru Aldundiak kirol istalizoetako planetik kanpo utzi zuen eta horrela egongo da gutxienez 2001. urterarte, plan hori indarrean dagoen bitartean.

    Bestalde Herri Batasuna Errenteriako bariantearen eraikuntzaren aurka dago eta horrela azaldu da udal honetan barianteari buruz hartu diren erabaki guztietan. Udalak proiektuari egindako alegazioak ez dira onartu. Halere, alkatetza honek behin baino gehiagotan esan dio Diputazioari obra hori inposaketa dela, Lezoko herria iraindu egin dutela, Lezo eta lezotarrentzat hain eragin handiak eta kaltegarriak dituen obrak eskatzen duela kalteordaina, Lezoko herriak behar duela bere konpentsazioa. Ildo horretan beste kuestioen artean futbol zelaiaren eraiketaren kostea bariantea eraikitzen ari den enpresarekin banatzea.

    Proposatu den akordioaren arabera proiektuaren aurrekontuaren %50 Udalak ordainduko luke eta beste %50 UTE ORERETAk, Errenteriako sahiesbidea eraikitzen ari den enpresak.

    Alkateak gogoratu du proposamenak hazienda batzordearen aldeko diktamena duela. Esan du akordioa hartzekotan, hitzarmena gauzatzea lurren disponibilitatera eta 1998ko udal aurrekontuak indarrean izatera baldintzatzen dela. Bestalde, diktamena onartzearekin batera alkateari ahalmena eman behar zaiola hitzarmena sinatzeko.

    Jose Mari Botok dio bera ados dagoela futbol zelai bat eraikitzearekin, ez ordea erabakitako kokapenarekin. Ez omen zaio iruditzen futbol zelai duina, hala nolakoa baizik. Kritikatu du bidalitako hitzarmen zirriborroa ez dagoela osatua, enpresaren izenean nor arituko den falta baita. Bere iritziz bere garaian gestio ona egin izan bazen Diputazioko dirulaguntza lortu ahal izango zen. Orain ordea gauza arraroak aurkezten direla esan du, txantaje kutsua hartzen diola hitzarmen honi. Ez du ulertzen nola ordaindu daitezkeen abokatuak bariantearen eta Diputazioaren aurka joateko eta, aldi berean, Diputazioarekin eta enpresa eraikitzaileekin horrelako akordioetara iritsi.

    P. Garbizuk diktamena zuzentzea eskatu du, J.M. Martiarenak ez duelako EAJ ordezkartzen.

    Idazkariak dio hitzarmenaren oinarri juridikoa asesoria juridiko batek egindako txostenetik atera duela; espedientean dagoela txostena, baina bere iritziz horrelako obra bat esleitzeko beharrezkoa den tramitazioa ez dela egin. Administrazio Publikoko Kontratu Legeak arautzen dituen prozedura eta betebeharrak ez omen dira jarraitu (deialdi publikoa, lizitazioa, e.a.) eta oharpen hori egin beharrean dagoela bozketa egin aurretik.

    Ondoren diktamena bozkatu da. Alde zortzi boto eman dira: Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea eta Udalbatzako lehendakaria), Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka, aurkako bi: Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris, bi abstentzio: Mirari Recalde Gonzalez eta Iñake Urrestarazu Azurmendi. Pello Garbizu Azkuek ez du bozketan parte hartu izan nahi. Ondorioz eta alkateak bere hitzaldian argitutako baldintzekin diktamena onartu da.

    3.- 1998. URTERAKO UDAL PLANTILA ORGANIKOAREN ETA 1998. URTERAKO LANPOSTUEN ZERRENDAREN HASIERAKO ONARPENA.

    Maixabel Unzainek, pertsonal arazoetarako zinegotzi eskuordedunak, 1998. urterako Plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda aurkeztu dizkio Plenoari. Nahiz eta joan den urtekoaren antzekoa izan, obretarako brigadako aldaketak eta kontuhartzailetzako administrari-laguntzailearen postuan karrerako funtzionari gisako izendapena aipatu ditu.

    Bai I. Urrestarazuk eta bai J. M. Botok kritikatu egin dute plantilla hau eta lanpostuen zerrenda orain aurkeztu izana, alegia, LKS-ren estudioaren emaitzak eduki baino lehen, eta bestalde, estudiogintza hori gehiegi luzatzen ari dela esan dute. J. M. Botok dioenez, Udaltzaingoaren Plantilla murriztu egin da, gero ordea konfidantzazko jendeari denboraldi baterako kontratuak egiteko. Haren iritziz, inolaz ere kontrolatzen ez diren lanpostuak badaude.

    Maixabel Unzainek argitu du ezen, lanpostuen plantillak eta zerrendak udal aurrekontuen onarpenarekin batera onartu behar direla, egokitzat emango litzatekeen momentuan plenoak behar diren aldakuntzak egin ahal izatearen kalterik gabe. Ukatu egin du udala etengabe eta konfidantza-irizpideren arabera kontratatzen ari denik: hutsuneak betetzeko kontratatzen da, eta lan-poltsetako ordenari jarraituz.

    P. Garbizuri, lehendik ere seinalaturik duen bezala, okerra iruditzen zaio polikiroldegian pertsonal propioaren bidez zuzeneko gestioa gauzatzea. Gaitzetsi egin dio gobernu-ekipoari joan den apirilean plantillan aldaketak egin izana, horrela gastuen 1 kapituluan dirua aurreratzen omen zenaren beita irentsarazi izana, gero ordea, egitatez udaltzainetan gehiago gastatzen baita eta brigadaren gastuak ere ez baitira murriztu.

    Proposamena diktaminaturik ez dagoenez, gaiaren presazkotasuna bozkatu da, plenoak eztabaida eta bozkaketarako onartzen duen jakiteko. Zortzi boto eman dira alde: Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea eta Udalbatzako lehendakaria), Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka, aurkako bi: Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris, eta hiru abstentzio: Mirari Recalde Gonzalez, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Pello Garbizu Azkue. Beraz onartu egin da proposamena eztabaidatzea eta bozkatzea.

    Proposamena onartzeko bozketa planteaturik, aldeko zortzi boto eman dira(alkatea eta Udalbatzako lehendakaria), Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka, eta aurkako bost: Jose Mª Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris, Mirari Recalde Gonzalez, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Pello Garbizu Azkue. Beraz onartu egin da proposamena, ondorengo akordio hauek hartuz:

    BAT: 1998. urterako udal plantila organikoari hasierako onarpena ematea.

    BI: 1998. urterako lanpostuen zerrendari hasierako onarpena ematea.

    4.- OARSOALDEKO UDALEN ARTEKO BARNE-HITZARMENAREN ZIRRIBORROA ONARTZEA.

    Alkateak eman dio plenoari aditzera irailaren 26ko Hazienda Batzordearen diktamena. Diktamen hori, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriako udalen eta Oarsoaldea S.A.ren arteko elkarlan-hitzarmena onartzearen aldekoa da, ekonomiaren eta enpleguaren sustapenerako gaietan baterako ekimenak garatzeko, batik bat lurzoru industriala sustatzearen bidez.

    Adierazi du ezen, espedientean jasorik daudela Oarsoaldearen Administrazio-Kontseiluaren akordioak, Lanberea Asociados abokatuek eginiko txosten juridikoa eta, halaber, udal idazkariaren txostena.

    P. Garbizuk eskatu du diktamena zuzen dezatela, zeren J. M. Martiarenak ez baitu EAJ ordezkatzen.

    Diktamenari buruzko botazioa planteaturik, hura aho batez onartu da. Beraz ondorengo akordio hauek hartu dira:

    BAT: Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriako udalen eta Oarsoaldea S.A.ren arteko elkarlan-hitzarmena onartzea, ekonomiaren eta enpleguaren sustapenerako gaietan baterako ekimenak garatzeko, batik bat lurzoru industriala sustatzearen bidez.

    BI: Akordio hau gauzatzeko beharrezkoak liratekeen dokumentu guztiak sinatzeko alkateari ahalmena ematea.

    HIRU: Akordioaren jakinerazpena beste udal horiei eta Oarsoaldea S.A.ri igortzea.

    5.- ETXEZ-ETXEKO LAGUNTZA-ZERBITZUAREN PREZIOAK URTEZ URTE ONARTZEKO ESKUMENA GOBERNU BATZORDEARI DELEGATZEA.

    Maixabel Unzainek aurkeztu dio plenoari, etxez-etxeko laguntza-zerbitzuko prezioen urteroko berrikuspena Gobernu Batzordeari eskuordetzeko, aurreko plenoaren batzarraldian P. Garbizuk eginiko proposamena.

    Zinegotzi guztiak ados dira proposamenarekin, J. M. Botok zehaztu duelarik ezen, aldez aurretik, gai guztiak ongizate batzordean tratatu beharko liratekeela.

    Proposamena diktaminaturik ez dagoenez, gaiaren presazkotasuna bozkatu da, plenoak hura eztabaidatu eta botatzea onartzen duen jakiteko. Alde hamar boto eman dira: Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea eta Udalbatzako lehendakaria), Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia, Jesus Mª Martiarena Jaka, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris, eta hiru abstentzia: Mirari Recalde Gonzalez, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Pello Garbizu Azkue. Beraz onartu egin da gaia eztabaidatzea eta bozkatzea.

    Proposamena onartzeko botazioa planteaturik, aho batez onartu da, ondorengo akordio hau hartu delarik:

    BAT: Gobernu Batzordearen esku uztea Etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren Araudiko 55. artikulua (Baremo ekonomikoen taula) eta 56.a (Ekarpen ekonomikoa ateratzeko formula) aldatzea urtero-urtero, zerbitzua ematea kostatzen dena eta zerbitzua jasotzen duenak egin beharreko ekarpena pentsioen igoeraren arabera egiteko.

    AKTAREN BUKAERA

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, 20:15etan, Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

    Eguna