1997.eko Urriaren 3ekoa

    Agiri mota
    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urriaren hirua. Arratseko 5etan hasi du Udalak OSOKO BILKURA APARTEKOA ETA PREMIAZKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenbiziko deialdian Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea eta Udalbatzako lehendakaria) eta beste zinegotzi hauek bildu dira: Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka. Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea bilera hasi eta gero sartu da.

    Pello Garbizu Azkue, Jose Mª Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris, Mirari Recalde Gonzalez eta Iñake Urrestarazu Azurmendi ez dira bilkuran izan.

    Idazkari bezala Xabier Loiola Aristi aritu da eta itzultzaile lanetan Patxi Apalategi Mendizabal.

    1.- SAIOAREN PREMIAZKOTASUNA BERRESTEA.

    Alkateak deialdiaren premiazkotasuna berrestea eskatu die batzarkideei. Deialdian esaten zuen bezala urjentziaren arrazoia zera da: datorren astean Herri Batasunaren Mahai Nazionalak epaiketa jasan behar izango duelako aste horretarako aurrikusitako batzarraldi ohikoa bertan behera uztea erabaki du, baina, udalerriari eta beste zenbaiti kalte larririk ez egitearren, presa handiko betebeharra da pleno hartan tratatzekoak ziren gai batzuk (ordenantza fiskalak, plan partziala, 1 S.O. aren urbanizazioa,...) onartzea. Guzti horregatik deialdiaren premiazkotasuna berrestea eskatu du.

    Bilera premiari baietza eman diote bertan diren zazpi zinegotziek, hau da, alkateak (Mikel Arrizabalaga Pikabea), HBko zinegotziek (Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia) eta zinegotzi independienteak (Jesus Mª Martiarena Jaka). Beraz plenoa egin egingo da.

    2.- 1998KO UDAL ORDENANTZA FISKALEI HASIERAKO ONARPENA EMATEA.

    Gaia joan den irailaren 26an egindako Hazienda Batzordean diktaminatu zela dio alkateak. Gaurko plenora ekarri omen du jendaurrean egon beharreko epealdia eta ondorengo argitalpenak epe barruan egin ahal izateko.

    Alkateak dio tasa eta prezioetan proposatu den igoera, bataz beste, %3,1 dela. KPIa %2,1 igoko dela aurrikusi bada ere, Udalak datorren urtean izango dituen kostuen igoerak, zorpetze maila altuak, etab. proposatutako igoera eskatzen dutela. Inguruko herriek duten presio fiskalaren azpitik dagoela Lezokoa; Oreretakoa eta Pasaiakoa baino txikiagoa.

    Horiek horrela, Ogasun eta Kontuetarako batzordearen diktamena onartzea proposatu du alkateak. Bileran diren zazpi zinegotzien aldeko botoa, hau da, korporaziokideen gehiengoaren aldeko botoa jaso diktamenak. Ondorioz, honako akordio hauek hartu dira:

    BAT: Hasierako onarpena ematea 1998. urteko ordenantza fiskalei. Ordenantza fiskalen aldaketak I. Eraskinean datoz, eta 1998ko urtarrilaren lehenengotik aurrera sartuko dira indarrean.

    BI: Hogeita hamar lanegun edukitzea espedientea jendaurrera atera, interesatuek zer dioten entzun eta erreklamazioak nahiz oharrak aurkezteko aukera izan dezaten. Hogeita hamar egunetan ez bada horrelakorik izaten, ordea, behin-betiko onartuta izango dira erabakia eta eraskina (ordenantzak aldatuta dakartzana), beste erabakirik hartu beharrik gabe.

    Ordenantzen aldaketak akta honi erantsiak gelditzen dira, lehenengo eraskin gisa.

    3.- KREDITU- GEHIGARRIEN ALDAKUNTZARAKO PROPOSAMENA.

    Alkateak Ogasun eta Kontuetarako batzordeak irailaren 26an emandako diktamena onartzea proposatu du. Diktamenak bileran diren zazpi zinegotzien aldeko botoa jaso du, eta honela dio:

    “Udal honen 1997ko ekitaldiari dagokion aurrekontuaren barnean kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko izapidetzen den espedientea ikusi ondoren.

    Aurrekontu-partidetako kredituak gehitzeko proposamenak eta hauek finantzatzen dituzten baliabideak, eta txostenak, ziurtagiriak eta aipatutako agirian egindako gainerako iharduketak aztertu ondoren.

    Gastuak burutzeko premia larria eta aipatutako gehikuntzak finantzatzen dituzten baliabideen eraginkortasuna behar bezala egiaztatuta geratu dela eta kreditu-aldaketa hori aurrekontuaren garapena arintzeko eta afektatzen dituen zerbitzuen kudeaketa hobetzeko mesedegarria izango dela kontuan hartuz.

    Halaber, kontuhartzaileak jaulki duen txostena ikusi ondoren, non jasota gerarazi baitu aipatutako espedientea aplikagarria zaion indarreko legezko araudiari egokitzen zaiola.

    Batzorde honek aipatutako espediente aldeko txostena eman eta bidezkotzat jo du Udal Osoko Bilkurak onetsi dezan, kreditu-gehikuntzen 37.000.000,-pezetako zenbatekoaz eta hauek finantzatzen dituzten baliabideen kopuru berdinean eta proposamenetan ageri den xehetasun berarekin.

    Hala eta guztiz ere, aipatutako organoak bidezkotzat jotzen duena ebatziko du.”

    Idazkariak dio espediente jendaurrera egongo dela hamabost egun.

    4.- 1. SISTEMA OROKORREKO URBANIZAZIO PROIEKTUA ESLEITZEKO PLEGUAREN ONARPENA.

    Alkateak deialdiarekin bidalitako proposamena onartzea proposatu die bileran diren zinegotziei. Batzordetik diktaminatu gabe datorrenez, lehenik gaiaren urjentzia onartu behar da. Urjentzia obrak lehen bait lehen hastean datzala dio.

    Urjentzia bileran diren zazpi zinegotziek onartu dute.

    Proposamenaren bozketa hasterakoan Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea zinegotzia etorri da batzarrera eta bere aulkian eseri.

    Bileran diren zortzi zinegotziek aho batez onartu dute proposamena. Hau da onartutako proposamena:

    “Udal plenoak irailaren 16an ospaturiko batzarraldian onartu zuen behin-betiko 1 Sistema Orokorreko 2. faseko urbanizazioaren proiektua, Raimundo Mendiburu Abad eta Rafael Errazkin Ezponda arkitektoek eta Pedro Azkue bideetako injineroak idatzia eta Euskal Herriko Arkitektoen Kolegio Ofizialak 1997ko uztailaren 28an bisatua.

    Proiektuaren aurrekontua guztira 142.545.655.- pezeta da, B.E.Z. barne.

    Hori burutara eramatea interesgarritzat eman zenez, 1997ko udal aurrekontuetan partida bat gaitu zen horretarako, 1-00-00-601-443-00-01-00 partida, alegia.

    Proiektuan aurrikusitako obren parte bat UTE LEZO enpresari ¾kiroldegiko obren adjudikaziodunari¾ adjudikatu zion Gobernu Batzordea irailaren 24an ospaturiko batzarraldian, 8.729.465.- pezetatan. Orain, proiektuaren gainerakoa enkantean ateratzea proposatzen da.

    Proiektu horren obra egitearekin batera komenigarri ikusten da saneamendurako obren parte bat ere egitea. Mugaketa ekonomikoak direla medio, saneamendu proiektuaren Jaizkibel adarra deritzana burutu nahi da, guztira 13.420.832.- pezeta aurrekontuaz 1-00-00-601-441-00-00-00 partidaren kargura.

    Obrak burutzeko 6 hilabeteko epea aurrikusten da.

    Horien adjudikaziorako konkurtso publiko irekia egitea proposatzen da.”

    Hori guztia dela eta, ondorengo ERABAKIA hartu da:

    BAT: 1 Sistema Orokorreko 2. faseko urbanizazio proiektuko obren adjudikaziorako lehiaketa arautuko duten baldintzen plegua onartzea, erabaki honen azalpen partean deskribaturikoaren arabera jadanik adjudikatuak deskontatuz, eta Jaizkibel adarra deritzanaren saneamendu obrak gehituz.

    BI: Aipaturiko obren adjudikaziorako konkurtso publiko irekiaren deia egitea, probintziako boletinean eta prentsan iragarriz.

    5.- ASERRADEROS DE LEZO AIEKAKO PLAN PARTZIALAREN BEHIN-BEHINEKO ONARPENA.

    Alkateak deialdiarekin bidalitako proposamena onartzea proposatu die bileran diren zinegotziei. Batzordetik diktaminatu gabe datorrenez, lehenik gaiaren urjentzia onartu behar da. Espedientea Foru Aldundira lehen bait lehen bidali behar izatetik dator urjentzia.

    Urjentzia bileran diren zortzi zinegotziek onartu dute.

    Proposamena bileran diren zortzi zinegotziek onartu dute aho batez, hau da, korporazioa osatzen dutenen gehiengo osoaren aldeko botoa jaso du. Hau da onartutako proposamena:

    “Osoko Bilkurak, 1997ko maiatzaren 15ean egin zuen bileran, hasierako onarpena eman zion Aserraderos de Lezo Sektorea antolatzeko Plan Partzialari. Plana ARPLAN, S.C.k idatzi zuen, eta 1997ko martxoaren 24an ikus-onetsi Euskalerriko Arkitektuen Elkarte Ofizialak; aurkeztu, berriz, Marcial Guereño Olivak egin zuen, Talambot, S.L.ren izenean.

    Ondoren, Eginen, Euskaldunon Egunkarian, El Diario Vascon, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki-oholean iragarkiak jarri eta jendaurrera aterata egon da espedientea hilabete, eta ez da deusen alegaziorik izan.

    Akordioaren hirugarren puntuan jarritako baldintza irailaren 25ean bete dute (itunean jasotako konpentsazio ekonomikoei aurre egiteko adinako bermea aurkeztea, behin- behingo onarpena emango bazaio planari), eta maiatzaren 15ean onartutako konbenioa sinatu da.

    Udaleko arkitektu asesoreak planoetan eginarazi zizkien aldaketak eginda daude, edozein moduz ere.

    Bestetik, esan dezadan irailaren 9rako eta 29rako Obra eta Hirigintza Batzordearen bilerak jarri ziren arren, plana behin-behingoz onartzearen gaineko diktamena egiteko, ez zela quorumik izan eta bertan behera gelditu zirela bilerak.

    Horiek horrela, behean heldu den erabakia hartu du Udal Osoko Bilkurak:

    BAT: Onartzea behin-behingo Aserraderos de Lezo Sektorea antolatzeko Plan Partziala, ARPLAN, S.C.k idatzia, 1997ko martxoaren 24an ikus-onetsia Euskalerriko Arkitektuen Elkarte Ofizialak eta Marcial Guereño Olivak aurkeztua Talambot, S.L.ren izenean.

    BI: Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzea espedientea, behin-betiko onartu dezan hark.”

    6.- MOZIOA, ADIERAZPEN ASKATASUNAREN ALDEKO EKIMENAK AURKEZTUA, HBKO MAHAI NAZIONALAREN EPAIKETA DELA ETA.

    Agustina Pontestak irakurri du mozioa. Honela dio hitzez hitz:

    “Datorren urriaren 6an hasiko da Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kideen aurkako epaiketa Madrilgo Tribunal Gorenean. Euskal Herrian demokraziarako oinarrien proposamen bat baino ez den “Alternatiba Demokratikoa” defendatu, hedatu eta ezagutzera emateagatik epaitua izango da beraz, indar politiko legeztatu baten zuzendaritza politiko osoa, Fiskalak talde armatuarekiko laguntzatzat joaz Mahai Nazionaleko kideen bakoitzarentzat 8 urtetako kartzela zigorraren eskaera luzatu duelarik.

    Aipatutako proposamen politikoarekin bat etorri ala ez, demokrata guztion eginkizuna da justizia oinarritzat duen edozein proposamen politikoren alde jardun ahal izateko askatasuna defendatzea. Adierazpen Askatasuna auzitan jartzea ezezik, ideia eta helburu politikoak defendatu eta gauzatu ahal izateko aukera eta eskubidea ere ukatzen du aipaturiko epaiketa politiko mozorrotuak.

    Esandakoaz gain, Euskal Herrian bizi dugun egoerarekiko ez du ezer onik ekarriko epaiketa horrek. Alderantziz bai ordea, bakebideak urrundu, euskaldunon elkarbizitza eta adiskidetzea gehiago oztopatu eta gatazka politikoaren luzapen eta ondorio mingotsak biderkatzen lagunduko luke kartzela zigorraren epaiak. Horregatik, idatzi hau sinatzen dugunok, ondoko mozio hau onartzeko eskatzen dizuegu premia larriz.

    1.- Adierazpen Askatasun eskubidea errespetatu eta bermatu dadila exigitzen dugu.

    2.- Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko aurkako prozesamendua gaitzesten dugu eta etorkizuna iluntzea baino ez duela ekarriko adierazi nahi dugu. Izan ere, ideia politikoen kriminalizazioa ez da deus konpontzeko bidea.

    3.- Alternatiba Demokratikoaren aldeko defentsa zigortzea errefusatzen dugu erabat, aukera politiko guztiak askatasun osoz defenditzeko ahalmena bermatu behar dela uste baitugu.

    4.- Espainiar estatuko Tribunal Gorenari, Mahai Nazionaleko kide guztien errugabetasun epaia emateko deialdia egiten diogu.

    5.- Justizian eta euskal gizartearen borondatearen errespetuan oinarritutako pake eta demokraziazko etorkizuna eskuratu nahi dugu eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu inor baztertzen ez duen elkarrizketaren bideari ahalik eta azkarren ekitea.”

    Bileran diren zortzi zinegotzietatik mozioa onartzearen alde zazpi izan dira, alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea) eta Herri Batasunako zinegotziak (Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea). Bileran den Jesus Mª Martiarenak ez du bozketan parte hartu nahi izan.

    7.- MOZIOA, HBk AURKEZTUA, BAKEA BEHAR DUGU LELOARI BURUZ.

    Mozioak honela dio:

    “Gaur egun gatazka egoera gainditzen ez den bitartean udaletxe honek “Pakea behar dugu” leloaz eta ikurriñaz panel txuria jarriko du hiritarrek ikusi dezaten egokiena den tokian”.

    Bileran diren zortzi zinegotzietatik mozioa onartzearen alde zazpi izan dira, alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea) eta Herri Batasunako zinegotziak (Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea) . Bileran den Jesus Mª Martiarenak ez du bozketan parte hartu nahi izan.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, 17:20ean. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena eman diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

    Eguna