Lezon, 2006ko urtarrilaren hogeitaseian, osteguna, goizeko 8:30 orduetan hasi du Tokiko Gobernu Batzarrak BILKURA apartekoa eta urjentea udaletxeko Gobernu Batzar Gelan, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jesús Mª Martiarena Jaca eta Aroia Goienetxea Egibar bertan direlarik.
Idazkari gisa Xabier Loiola Aristi aritu da.
Alkateak aparteko bilera urjentziaz deitu izana arrazoitu du: azken bi urteetan hutsik dagoen Monseñor Pildain eskoletako egoerak okerrera egin omen du azken egunetan (barrura sartu den jendearen arteko borrokak, istiluak, labankadak, ...). Egoeraren lekuko bezala Gizarte Langile arduradunaren txostena aurkeztu du eta Ertzantzak urtarrrilaren 22an jasotako denuntzia. Biak espedienteari gehitzen zaizkio. Egoera larria delako, orube horretan aurki eguneko zentroa eraikitzea aurreikusia dagoelako eta Auñamendiko lokaletan Gaztelokala laister martxan jarriko delako eskolen eraikina lehenbailehen botatzeko proposamena egiten dio Gobernu Batzarrari.
Alkateak egindako deialdia eta haren urjentzia Tokiko Gobernu Batzarra osatzen duten kide guztiek onartu dute. Beraz proposamena aztertzeari ekiten zaio.
1.- Monseñor Pildain eskolak eraistea.
Honela dio Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak egindako proposamenak:
Lezoko Udalak hiru enpresari eskatu die eskaiteak aurkez ditzaten Monseñor Pildain eskolen eraisketa egiteko.
Ingenieria y Demoliciones, S.L., Delfines Irún, S.L. eta Redenor enpresek aurkeztutako proposamenak ikusirik eta, era berean, arkitekto aholkulariaren txostena ikusirik, Hirigintza Ordezkari honek Tokiko Gobernu Batzarrera darama ondorengo erabaki proposamena:
BAT: Antzinako Monseñor Pildain eskoletako eraikina eta instalazioak eraisteko Redenor enpresak aurkeztutako eta Daniel Becerra Orcajok idatzitako proiektua onartzea, Gipuzkoako ingeniari industrialen Elkargo Ofizialak 2005eko abenduaren 12an bisatua, Memoria, Baldintza Agiri, plano, aurrekontu eta Segurtasun eta Osasun Azterlanez osatua.
BI: Antzinako Monseñor Pildain eskoletako eraikina eta instalazioak eraisteko lanak Redenor enpresari adjudikatzea, eta aipaturiko lanak ordaintzeko 59.000 eurotako gastua onartzea.
HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:
a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.
- Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
- Errekurtsoa aurkeztekotan Tokiko Gobernu Batzarrera jo behar da.
b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.
- Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
- Errekurtsoa aurkeztekotan,EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da.
Gasturako bada kontsignaziorik A-920.
Idazkariak ohartu du proposamenak ez duela ez Hezkuntza Sailaren erabilera baimena errespetatzen ezta kontratazio legedia ere. Ez omen du errespetatzen Hezkuntza Sailak Udalari eraikina erabiltzeko emandako baimena (2006/01/20ko 288 sarrera zenbakia). Baimen hori eraikina erabiltzeko baimena delako, baimena 5 urtetarako delako, eraikina laga zitzaionean zegoen egoera berberean itzuli behar delako eta obrei buruzko edozein jarduerak aurretik baimen egokia izan beharko duelako.
Kontratazio prozedurari buruz dio ez direla bete ez kontratazio legedia, ezta batzar honek berak 2003/11/24an onartutako kontratazioetarako barne araudia, ez eskaintzak eskatu aurretik (proiektuaren balorazio teknikoa, baldintza agiria, gastuen onarpena, ...) ez eskaintzak jaso ondorengo balorazio teknikoak.
Iñake Urrestarazuk dio Hezkuntza Sailak eraikina erabat desafektatuko duela hezkuntza erabileretatik, behin Helduen Hezkuntza Ikastetxearen (EPA) lokal berrien hitzarmena sinatuta izan orduko, eta hori laster izango dela.
Batzarkide guztien aldeko botoarekin proposamena onartu egin da.
Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 9:00 orduetan eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 522.xxxtik 522.xxxra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.