2008.eko Otsailaren 6ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2008ko otsailaren 6an, asteazkena, 19:00etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua (EAE-ANV taldea), Iñigo Esnaola Arbiza (EAE-ANV taldea), María Pilar Legorburu Echegaray (EAE-ANV taldea), Urko Lopetegi Campano (EAE-ANV taldea), Jaione Lekuona Irazusta (EAE-ANV taldea), Kepa Garbizu Azkue (EAJ-PNV taldea) eta Migel Antonio Arrizabalaga Brusín (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldea).

Ez dira bilerara etorri Irati Aranburu Salaberria (EAE-ANV taldea), Silbia Folgueira Fernández (EAE-ANV taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ-PNV taldea), Jesús María Martiarena Jaca (EAJ-PNV taldea) eta Roberto Sánchez Sánchez (Ezker Batua-Berdeak taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Bilera hasi aurretik, alkateak dio urgentziaz beste gai bat sartu nahi duela gaurko bileran. Martxoaren 9an egingo diren Espainiar Gorteetako hauteskundetarako hauteskunde-mahaietan egongo direnen zozketa, otsailaren 9tik 13ra bitartean egin behar da osoko bilkuran. Beste bilerarik deitu eta egin behar ez izateko, alkateak proposatu nahi dio plenoari bere gain uztea zozketa eginkizuna. Gaia gaurko bileran tratatzea aho batez onartu da eta 7. gai bezala eztabaidatu eta bozkatuko da.

1.- Egoki irudituz gero, 2007ko abenduaren 5eko ohiko bileraren akta, abenduaren 5eko ezohiko eta premiazkoarena eta 2008ko urtarrilaren 30eko ezohiko bileraren aktak onartzea.

 

Abenduaren 5ean egindako ohiko bileraren aktan ondorengo zuzenketa hauek egin dira: Roberto Sánchez ez zen bileran izan eta erdarazko aktan egon zela jasotzen da eta zuzendu egin behar da. Eta Mikel Antton Arrizabalagak, berak esan zuena nahi du jasotzea Abiadura Handiko Trenari buruzko mozioaren eztabaidan, ..... puntuan: " Ez duela ulertzen zergatik hainbeste jende proiektu honen kontra azaltzen den, beste herrialde batzuetan alde daudenean." Zuzenketa horrekin akta onartu eta sinatu egin da.

Beste bi aktak aho-batez onartu eta sinatu egin dira inolako zuzenketarik gabe.

 

2.- 2008ko udal aurrekontuaren aurrean aurkeztutako erreklamazioa erantzuteko eta udal aurrekontua behin betiko onartzeko diktamena (2007KO290005).

 

Alkateak Ogasun batzordearen diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"2008ko udal aurrekontuaren onarpenaren espedientea jendaurrean ipinita egon den bitartean, EAJ-PNV talde polítikoak izenpetutako erreklamazioa aurkeztu da.

Horren ondorioz, udal kontuhartzaileak hau informatzen du:

1.- Erreklamazio hori erreklamaziotarako epe barruan egina dela aurrekontuaren onarpena 2007ko abenduaren 5eko udalbatzan egin zelako eta GAOko 242 zenbakian, 2007ko abenduaren 13koan, argitaratu baitzen epea 2008ko urtarrilaren 2an amaituz.

2.- Erreklamazioa aurkeztuaren A atalari dagokionez seinala daiteke:

Hark jasotzen duen informazioak azaltzen duela aurrekontuaren edukia eta aurreko ekitaldikoarekin konparatuz, adierazgarriena hura lantzeko eta ebaluatzeko erabilitako irizpideak aurrekontuaren espedientean jasotako Txosten Ekonomiko Finantzarian egonik.

Aurretik esandakoaren guztiaren aurrean, egoki da A erreklamazioa atzera botatzea.

3.- Aurkeztutako erreklamazioaren B atalari dagokionez, seinala daiteke aurrekontuaren espedienteak jasotzen duela 2006ko ekitaldiaren likidazioa, eta aurrekontu-partida guztiei eta bakoitzari buruz egindako informazioa jasotzen duela haren exekuzio egoeraren informazioa 2007ko azaroaren 1 arte.

Aurretik esandakoaren guztiaren aurrean, egoki da B erreklamazioa atzera botatzea.

4.- Aurkeztutako erreklamazioaren C atalari dagokionez seinala daiteke:

Aurrekontuaren exekuziorako udal arauko I eranskinak jasotzen dituela programa funtzionaletariko bakoitzaren arduradunak, edukia eta kuantifikatzea, eta gainera informazio handiagorako, programa funtzional bakoitzak jasotzen du sarrera arrunten eta kapitalen estimazioa, gastu arrunten eta kapitalen estimazioa aurrekontuaren barruan aurkitzen direla konpromisoko kredituak, beren informazio osoarekin.

Aurretik esandakoaren guztiaren aurrean, egoki da C erreklamazioa atzera botatzea.

5.- Aurkeztutako erreklamazioaren D atalari dagokionez seinala daiteke:

451,30 programa behar bezala kuantifikaturik dagoela.

Ez dagoela diferentziarik gastuen klasifikazio funtzionalaren eta programa funtzionalen artean.

Aurretik esandakoaren guztiaren aurrean, egoki da D erreklamazioa atzera botatzea.

6.- Aurkeztutako erreklamazioaren E atalari dagokionez seinala daiteke:

Txosten ekonomiko finantzariak, bere E atalean, aztertzen ditu Korporazioak hartutako konpromisoko kredituak.

Egia da ez dela ageri Futbol Zelaiaren desjabetzarako kredituaren zenbatekoa, baina hura bera "konpromisoko kredituak" atalaren barruan aurkitzen da, 2007ko aurrekontuaren espedientekoan.

Aurretik esandakoaren guztiaren aurrean, egoki da E erreklamazioa atzera botatzea.

7.- Aurkeztutako erreklamazioaren F eta G atalari dagokienez seinala daiteke:

Horiek ez direla erreklamaziotzat jotzen, abenduaren 19ko 21/2003 Foru Arauko 17, 2 artikuluan finkatutakoaren indarrez. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Entitateen Aurrekontuena.

Hazienda eta Kontu Batzordeak, 2008ko urtarrilaren 23an egindako bilkuran, Silvia Folgueira (EAE-ANV), Haritz Salaberria (EAE-ANV) eta Irati Aranburu (EAE-ANV) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu (E.A.J.-P.N.V.), zinegotziaren kontrako botoarekin

DIKTAMINATU DU

BAT: Egindako erreklamazio guztiak eta bakoitza atzera botatzea.

BI: Talde politiko erreklamaziogilearen esku ipintzea espedienteari buruz falta dakiokeen informazioa.

HIRU: 2008. ekitaldirako aurrekontua behin betikoz onartzea."

 

Kepa Garbizuk batzordean emandako kontrako botoa mantendu eta haren arrazoiak xehetasun osoz ematen jardun du. Aurrekontuak jendaurrean egondako sasoian berak aurkeztutako alegazioak esplikatu ditu eta esan du ez direla behar bezala erantzun ez kontu-hartzaileak egindako txostenean ezta Ogasun batzordeak onartutako diktamenean ere. 21/2003 foru arauaren zenbait atal ez betetzea da alegazioetan leporatzen zena eta gaurko bileran ere mantentzen ditu gai guztiak, zuzendu ez direlako. Besteak beste, aipatu du konpromisozko kredituen atal berezirik ez dagoela, memoriak egin beharreko aldaketa eta konparaziorik ez duela egin, hizkuntza erabilera arauak ez direla bete. Gogoratu du, duela 28 egun ziurtagiri bat eskatu zuela eta oraindik erantzunik ez duela jaso.

Alkateak dio berak kontu-hartzaileak egindako txostena hartzen duela aintzakotzat eta aurrera egingo duela, txostenaren arabera, aurrekontu espedienteak legeak agindutako eduki eta prozedura jarraitu duelako. Ez zaio iruditzen, dokumentuen hizkuntza dela eta, eskubide urraketarik egon denik, ezta eduki horrekin jasotako kexa edo alegaziorik, are gutxiago jendaurrean egon denean udal langile elebidunek eman beharreko azalpenak emateko gaitasuna dutenean.

Kepa Garbizuk dio hori ez dela egia eta berriro gogoratu du konpromisozko kredituen eranskinik ez dagoela, erdal elebakarren hizkuntz eskubideak ez errespetatzea eta eskatutako ziurtagiriaren zain dagoela oraindik.

Mikel Antton Arrizabalagak dio hasierako onarpenaren aurka bozkatu zuela eta orduan esandakoengatik gaur ere aurka bozkatuko duela.

Urko Lopetegik esan dio Kepa Garbizuri harritzekoa dela erdaldunen eskubideak defendatzen aritzea, haien inongo kexarik ez denean egon; eta gustatuko litzaiokeela euskararen diskriminazio kasuetan ere modu berean entzutea.

Mikel Antton Arrizabalagak dio badela garaia 1982an onartutako Euskara Erabilerarako Normalizazio Legea betetzeko.

Beste konturik gabe, diktamena bozkatu da eta onartu egin da. Alde sei boto izan dira (alkatea eta EAE-ANV taldeko bileran diren beste bost zinegotzienak) eta bi boto aurka (bileran diren EAJ-PNV taldeko eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotzienak).

 

 

3.- Alkatearen D07/01022 eta D07/01023 dekretuen berri ematea, kreditu transferentziaren bidezko kreditu aldaketaren espedientea onartzeari buruzkoak (2007KO90002).

 

Bi dekretu horien berri eman da.

 

4.- Hirigintza lizentziak arautzeko udal ordenantza onartzeko diktamena (2008H0290001).

 

Jon Legorburuk azaldu du diktamenaren edukia. Honela dio diktamenak:

 

"Hirigintza-Lizentziak arautzeko udal ordenantzaren zirriborroa aurkeztu da bere onarpenerako.

Hirigintza lizentziak batik bat 2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintzaren legearen VI tituluko II kapituluan arautzen dira, hain zuzen ere 207 eta hurrengo artikuluetan. Halaber Hirigintza-Diziplinako Araudi Orokorrean eta Toki Entitatetako Zerbitzuen Araudi Orokorrean era arautzen dira, besteak beste.

Dena den erregimen juridiko hau osatzea derrigorrezkoa da aipatu legediak arautzen duena oso orokorra dela eguneroko udal baten jarduerarako. Beraz hirigintza lizentzia desberdinetarako aurkeztu beharreko dokumentazioa zehaztea, lizentzien iraungitze epeak zehaztea, obra eta jarduera lizentzien arteko koordinazioa arautzea e.a. derrigorrezkoa da udal baten jardueran eskatzen duen segurtasun juridikoa bermatzeko.

Horrela Lezoko udalak obra txikien izapidetzea arautzen duen ordenantza onartua badu ere hirigintza lizentzia derrigorrezko den gainontzeko obra, instalakuntza eta jarduerentzat ez du legez gain arau edo ordenantzarik. Indarrean dauden planeamenduko arau subsidiarioak ere hutsune nabarmena dute arlo honetan.

Bestalde 2/2006ko Lurzoruaren eta Hirigintzaren 75 artikuluak, hirigintza antolamendua osatuko duen udal ordenantzen beharra azpimarratzen du. Halaber lege beraren 99 artikuluaren arabera Hirigintza eta eraikuntzako udal-ordenantzak edo plan orokorreko dokumentazioan dauden ordenantzen aldaketak udalak egingo ditu, eta toki-erregimenari buruzko araudian udal-ordenantzetarako ezartzen den prozeduraren arabera izapidetu eta onartuko dira. Plan orokorreko gainerako dokumentazioarekin batera ere izapidetu eta onartu ahal izango dira, eta, kasu horretan, hortik aurrera toki-araubideari buruzko legeriako prozedurari atxiki daudela iritziko zaio.

Beraz ordenantza hau onartzeko 7/1985 Legearen 49 artikuluaren arabera, osoko bilkurak haserako onarpena eman behar dio ordenantzari, jendaurrean 30 egunez eduki behar da espedientea eta erreklamaziorik edo iradokizunik balego berriro ere osoko bilkurak ebatzi behar ditu.

Erreklamazio edo iradokizunik ez balego, berriz ordura arte behin behineko akordioa zena behin betikoa bihurtuko da.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko urtarrilaren 23an egindako batzarraldian, Haritz Salaberria (EAE), Jon Legorburu (EAE) eta Irati Aranburu (EAE) botoa alde eta Kepa Garbizu (EAJ), abstentzioarekin

DIKTAMINATU DU:

BAT: Hirigintza-Lizentziak arautzeko udal ordenantzari haserako onarpena ematea

BI: Akordio hau Gipuzkoako Aldizkari ofizialean eta prentsa idatzian argitaratzea eta ordenantza jendaurrean edukitzea 30 egunez iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita."

 

Mikel Antton Arrizabalagak dio, araudiaren asmoa ona bada ere, araudia bera ez dela oso ona, alde batetik ez dituelako bateratzen jakinaren gainekoaren araudia eta hau eta indargabetuak dauden legediak (Igoka Araudia) aipatzen dituelako. Jendaurreko epeak alegazioak egingo dituela dio. Horregatik guztiagatik abstenitu egingo omen da.

Kepa Garbizuk alde bozkatuko omen du, jendaurreko epean aldaketak proposatzeko aukeraren kalterik gabe.

Diktamena onartu egin da alde zazpi boto izan direlako (alkatea, EAE-ANv taldeko bileran diren beste bost zinegotzi eta EAJ taldeko bileran den zinegotziarena) eta abstentzio bat Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena.

5.- Mozioa, EAJ-PNV taldeak aurkeztutakoa, San Markoseko zabortegiari buruzkoa (2007ALO50004).

 

Hona EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa:

"Hiri hondakinen kudeaketa alorrean Gipuzkoako lurraldean egoera larriagotzen ari dela ikusirik, Lezoko EAJ-PNV udal taldeak, honoko akordio hau har dezan proposatzen dio bertako udal batzarrari:

BAT: Lezoko Udalak, San Markoeko zabortegiaren berehalako ixtea eskatzen dio San Markos Mankomunitateari.

BI: Lezoko Udalak, bere barrutian, ez du onartuko hiri hondakinen zabortegi berririk."

Alkateak mozio alternatiboa aurkeztu du. Honela dio alternatiboak:

"Hiri hondakinen kudeaketa alorrean Gipuzkoako lurraldean egoera larria dela ikusirik, honoko akordia hau har dezan proposatzen dio bertako Udal Batzarrari.

  • 1. Lezoko udalak San Markoseko zabortegia ixtea ahalbideratuko duen neurriak hartzea eskatzen dio San Markos mankomunitateari.

Honetarako adostasuna azaltzen du zuzendaritza berriak aurkeztutako helburuekin:

  • Zabor sorkuntzaren prebentzioa maximilizatzea.
  • Berrerabilpena maximilizatzea.
  • Birziklapena maximilizatzea.
  • Birziklatu ez litekeen materialari energia kentzea.
  • Zabortegi beharrak gutxitzea.

2. Hiri hondakinen zati organikoa bereizirik biltzen eta honen ondorengo konpostatzea lehenbailehen hasteko pausuak eman ditzala.

3. Lezoko udalak ez du bere barrutian, ez beste inon, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak eta PIGRUGak planteatzen duen errauste plantarik onartuko, hiri hondakinen arazoari benetako irtenbiderik ematen ez diolako eta herritarren osasunean izan ditzakeen ondorioei buruz zalantza argiak daudelako."

Mikel Antton Arrizabalagak dio bera San Markos zabortegia ixtearen alde dagoela eta iruditzen zaio bide hori dela jarraitu beharrekoa. Harritzen omen du beti zabortegi horren aurka azaldu direnak orain zabortegia irekita mantentzearen alde azaltzeak.

Alkateak dio ixtearen alde daudela baina behar dituen neurriekin.

Jendartetik Miren Alkorta aritu da. Udala, bere herritarrek sortzen duten zaborren kargu egin beharko litzatekeela dio. Gaur egungo antolaketa aldatu eta herri bakoitzak berea kudeatu beharko lukeela iruditzen zaio. Konpostaje plantak martxan jarri eta garraio kosteak murriztearen alde mintzatu da.

Alkateak dio San Markos Mankomunitatearen asmoa hortik doala: udaletan konpostaje guneak egitea.

Lehenik mozio alternatiboa bozkatu da eta onartu egin da aldeko sei botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko bileran diren beste bost zinegotzienak) eta aurkako bi (EAJ-PNV taldeko bileran den zinegotziarena eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena).

Mozio alternatiboa onartu denez ez da lehen mozioa bozkatu. Kepa Garbizuk bere kexa azaldu du.

6.- Mozioa, EAJ-PNV taldeak aurkeztutakoa, alkateari eta gobernu taldeari eskatuz, aurreko korporazioaren erabakietan irregulartasunak egonez geroz, ekimenak burutu ditzan (2007ALO50004).

 

Hona EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa:

"Lezoko EAE-ANV udal taldeko kontzejalek eta alkateak berak, aurreko Gobernu Batzarrak hartutako zenbait erabakitan prebarikazio arrastoak eta "puntu ilunak" ikusi dituztela jakin dugu prentsan eta udal batzar honetan bertan.

Susmoek eta arrastoek bere horretan jarrai ez dezaten, mamitu daitezen baizik, EAJ-PNV udal taldeak honoko erabaki hau hartzeko eskatzen dio udal batzar honi:

BAT: EAE-ANV udal taldeak, aurreko udal korporazioko edozein erabaki organotan sumatu duen eta suma zezakeen prebarikazio eta beste edozein delitu susmorik txikiena ere baleuka, Lezoko udal batzarrak, berehala Fiskaltzaren jakinaren gainean jar ditzala eskatzen die alkateari eta Gobernu Batzarrari."

Hona hemen EAE-ANV taldeak aurkeztutako emendakinak:

"Udal gobernu aldaketa ematean, udala eta bertan martxan zeuden egitasmoak zein egoeratan zeuden jakitea gobernu talde berriaren betebeharretako bat da, etorkizunean berak kudeatu beharko baititu. EAE-ANV udal gobernuak akats larriak aurkitu ditu aurrekoen kudeaketan.

Honela EAE-ANVren udal taldeak prebarikazio aztarnak eta puntu ilunak ikusi zituela aurreratu zuen.

Honen aurrean egitasmo eta espediente guzti hauek errebisatzeko lana hartu behar izan dugu, aurreko udal gobernuak egindako hanka sartzeak gure ez egiteko, udala zein egoeratan hartzen dugun jakiteko eta hau guztiaren berri herriari eman ahal izateko.

EAJ-PNV ko udal taldeak mozio bat sartu du susmorik txikiena bageneuka fiskalaren eskutan ahalik eta azkarren jartzeko.

EAE-ANV udal taldeak susmoak berrestu eta kasik batzuetan konfirmatzetik oso gertu gaudela esan dezakegu. Garrantzitsu ikusten dugu egoera argitzeko beharrezkoak diren ekimen guztiak martxan jartzea eta hauen berri zabaltzea.

Beraz EAJ-PNVk egindako mozioa onartzen dugu eta mozio horri emendakin bat gehitu nahiko genioke.

EMENDAKINA.

BAT: Udalean eratutako Batzorde bat erabiltzea alderdi politikoak informatzeko. 2003-2007 legegintzaldian hartutako hainbat erabakietan detektatu diren prozedura akats larrien, abiatutako ikerketen eta izandako emaitzen gainean.

Besteak beste, eta orain arteko ikerketen arabera, hauek dira prozedura akatsak izan ditzaketen erabakiak.

  • 107 poligono udal lurretan Tximistarri SL enpresak egindako lanak, esleipen prozedurarik gabe. 250.000 € inguruko kostua duen obra.
  • 107 poligonoko udal lurren besterenganatzean zalantzazko prozedura eta udal lurren balorazio okerra. 600.000 € inguru gutxiago.
  • Arrai tokiko proiektu teknikoaren idazketa. 72.000 €ko faktura esleipen prozedurarik gabe.
  • Aitor Mimendia zinegotziaren interes partikularren izan ote dituen Herriondo bailarako lurren birkalifikazioan.
  • Pildain Zentro Sozial integratuaren kontzesio erabakiaren tramitazioa.
  • Etxe Txiki baserria berritzeko emandako lizentzia.
  • Etxe Txiki baserri ondoko txabola-etxearen eraikuntza lanak, udal lizentziarik gabe.
  • Serbitzu Elkartea SL enpresak 2005eko irailetik 2007 bitarte esleipen prozedurak gabe egindako zabor bilketa zerbitzua, hilero 6.700 € faktura.
  • Euskal Herria plazako lurrazpiko garaje eta urbanizatze lanetan, legeak baimendu gabeko ordainketak egin izana. 1.407.723 €
  • Euskal Herria plazako lanetan, Seguritate enpresa eta argiteria esleipena. prozedurarik gabe, 90.000 € inguru.
  • "Alcaldes y el Rey" liburuaren 500 aleren erosketa, 13.260 €ko faktura esleipen prozedurarik gabe.
  • Algeposaren jarduera lizentziaren tramitazioan zalantzak.
  • Udal teknikarien kontrako informeekin eman diren lizentziak.
  • Udalak ordaindutako infografien erabilera EAJ-ren udal hauteskundeen kanpainako propagandan.

BI: Herriari emandako pausu eta ondorioen berri ematea. "

 

Mikel Antton Arrizabalagak dio ados dagoela PNV taldeak aurkeztutako mozioarekin. Lotsagarria deritzo ANVk aurkeztutakoari. Bere ustez irregulartasunak, edo fiskalari jakinarazi behar zaizkio edo bestela ixilik egon.

Alkateak dio egiaren izenean ari direla, akatsak edo irregurlatasunak oposiziokoei eta guztiei azalduz.

Lehenik mozioa bozkatu da eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea, EAE-ANV taldeko bileran diren beste bost zinegotzienak eta EAJ taldeko bileran den zinegotziarena) eta abstentzio bat Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena.

Ondoren EAE-ANV taldeak aurkeztutako emendakinak bozkatu eta onartu dira aldeko sei botorekin (alkatea eta EAE-ANV taldeko bileran diren beste bost zinegotzienak), abstentzio bat, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta aurkako boto bat, EAJ taldeko bileran den zinegotziarena.

 

7.- 2008ko martxoaren 9an Gorte Nagusierarako hauteskundeetan hautets mahaietan arituko direnen zozketa alkatearen esku uztearen aldeko akordioa.

 

Bilera hastearekin bat onartu da gai zerrendan ez zegoen gai hau eztabaidatzea, aurrez bere urgentzia onartuz. Martxoaren 9an egingo diren Espainiar Gorteetako hauteskundetarako hautets mahaietan egongo direnen zozketa, otsailaren 9tik 13ra bitartean egin behar da osoko bilkuran. Beste bilerarik deitu eta egin behar ez izateko, alkateak proposatu nahi dio plenoari bere gain uztea zozketa eginkizuna. Zozketa datorren astelehenean, otsailak 11, egingo luke 11:30etan Areto Nagusi honetan bertan, zozketa publikoa.

Bileran diren zortzi zinegotziek alkatearen proposamena onartu dute.

 

7.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta delegatuen txostenak.

 

Ez da ezeren berri eman.

 

8.- Galde-eskeak.

EAJ-PNV taldeak erregistratutako (470tik 479ra arteko erregistro zenbakiak) galderei erantzun zaie. Hemen jasotzen dira galderak eta erantzunak:

1.470 sarrera erregistroa duen galdera. Foru Aldundiak helburukako kudeaketa bultzatzeko dirulaguntza deia dela eta, (GAOn abenduaren 3an), ea eskaerarik egin den, egin bada, espedientea non ikusi daitekeen, eta ez bada egin zergatik ez den egin.

Alkateak erantzun dio dirulaguntza eskatu dela eta espedientea idazkaritzan ikustea dagoela 2008ID500001 kodearekin.

2.471 sarrera erregistroa duen galdera. Foru Aldundiak kirol arloko dirulaguntza deia dela eta, ea (GAOn abenduaren 20an) eskaerarik egin den, egin bada espedientea non ikusi daitekeen eta ez bada egin zergatik ez den egin.

Iñigo Esnaolak, kirol zinegotziak, erantzun dio, kirol arloko plangintzan instalazioen mantenua eta hobetzea atal garrantzitsuak direla. Haien egoerari buruz dio, oso gaizki aurkitu dituztela. Aldundiko kirol arduradun politiko eta teknikoak izan omen dira Lezon egoeraren berri zehatza izaten eta dirulaguntza jasotzeko aukeraz aritu omen dira. Galdera konkretuari buruz, udal teknikariarekin egon eta erantzungo diola esan du.

3 eta 4, 473 eta 474 erregistro zenbakia duten galderak EHAAn abenduaren 3an argitaratutako dirulaguntzen deialdiari buruz ari dira: gazte ekipamenduak egiteko eta gazte politika integrala garatzekoak. Galdetzen du eskaerarik egin den; egin bada, espedientea non ikusi daitekeen eta ez bada egin zergatik ez den egin.

Jon Legorburuk erantzun dio horrelakorik inoiz ez dela eskatu, ez dagoela gai horiekiko lanketa berezirik. Gobernu taldearen asmoa plangintza eta lanketa hori egitea dela dio eta haren ondoren egingo omen dira dirulaguntza eskaerak.

5. galdera, 476 sarrera erregistro zenbakia duena, ikastetxeetan obrak egiteko dirulaguntzei buruz ari da, EHAAk abenduaren 5ean deitutakoak. Galdetzen du ea eskaerarik egin den; egin bada, espedientea non ikusi daitekeen eta ez bada egin zergatik ez den egin.

Jon Legorburuk dio eskoletan obra dezente egin direla eta baita ere eskatu direla galdetutakoak. Hirigintzako departamentuan ikus daitekeela 2008ALO30143 espedientean.

6. galdera, 477 sarrera erregistro zenbakia duena, irisgarrritasun planak egiteko dirulaguntzei buruz ari da, EHAAk irailaren 5ean deitutakoak. Galdetzen du ea eskaerarik egin den eta, egin bada, espedientea non ikusi daitekeen eta ez bada egin zergatik ez den egin.

Jon Legorburuk erantzun dio ez dela eskaerarik egin, udal teknikariekin gaia aztertu eta gero.

7. galdera, 478 sarrera erregistro zenbakikoa, Goiko Elizako kanpoko aldeko apaindurarako argiteria pizten ez dela eta, galdetzen du: zergatik ez den pizten, noizbait pizteko asmorik badagoen eta, baldin badago, noiz izango den.

Jon Legorburuk esan dio itzaltzeko erabakia hartu dela suposatzen duen gastuarengatik. Kopuru zehatzak ateratzen ari omen dira eta pasatuko omen dizkiote. Kontaminazio luminiko handia ere eragiten omen zuten. Herriko apaizarekin ere hitz egin omen dute. Egun berezi batzuetan piztuko omen da, egunen zerrenda apaizari berari eskaini bazitzaion ere hark uko egin eta, azkenean, udalak egingo omen du.

8. eskaera da, 479 zenbakiarekin erregistratua, Eugenio de Otxoa kaleko 2.ean fatxadan dagoen diktadura garaiko harlosa erretiratu dadin, udal gobernuak gestioak egin ditzan eskatzen du.

Alkateak dio egingo direla, hura kentzeko orain arte egin ez diren beharrezko gestioak.

Mikel Antton Arrizabalagak gogoratu du erantzuteko dagoela aurreko bilkura batean eguneko zentroari buruz egindako galdera.

Alkateak dio laster izango dela prentsa oharrik eta, Aiton Borda Jubilatu Elkartearekin izaniko bileran aurreratu bezala, Gizarte Zerbitzuetako Batzordea deituko dela eta bertan gobernu taldearen asmoen berri emango omen da. Aurreratzen du eguneko zentro berriaren tramiteak 2008an hasiko direla eta 2009an irekia, martxan egongo dela.

Jendartetik Joan Luis Olaizola mintzatu da eta kritikatu du gai honen inguruan PNV alderdiak egin duen buzonada, lehen eguneko zentroa urgentziaz eskatzen zuten haiek, orain isilik daudela salatuz. Orduan gaiaren atzetik ibili ziren bezala orain ere kezkatu direla eta jakitun direla gobernu taldea gaiarekin ari dela, bilerak izan dituztela, aldundian eta abar, eta zentroa egingo denaren uste osoa dutela.

Alkateak gogoratu die zinegotziei kredentzial agiriak prestatzeko beharrezkoa dela argazkia idazkaritzan entregatzea.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:25etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna