2008.eko Ekainaren 4ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2008ko ekainaren 4ean, 19:00etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Jesús María Martiarena Jaca y Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez dira izan bilkuran Silbia Folgueira Fernández eta Roberto Sánchez Sánchez. Lehenak aurrez abisatu du ezin zuela etorri. Bigarrenak ez du abisatu.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2008ko apirilaren 9ko akta onartzea.

Hiru zuzenketa eskatu ditu Kepa Garbizuk:

1.- Euskarazko aktaren 664022 orrian, azken aurreko lerroaldean, LAU erabakia jasotzen denean, bigarren lerroan Lezo bi aldiz dago eta Pasaia esatea falta. Honela dio "Antolatzeko Plan Berezia Lezo, Lezo, Errentería eta Donostiako udalek ..." eta esan behar "Antolatzeko Plan Berezia Pasaia, Lezo, Errentería eta Donostiako udalek ...".

2.- Euskarazko aktaren 664025 orrialdean azken aurrekoaren aurreko lerroaldean, Kepa Garbizu beraren hitzak jasotzen direnean, bigarren eta hirugarren lerroan esaten du "ez duelako inorentzat kalterik sortzen." eta esan behar du "ez duelako inorentzat mesederik sortzen".

3.- Euskarazko aktaren 664031 orrialdean 18. gaian jasotzen den mozioaren bukaera "Eudelek gure artean ETA soberan dago" eta mozioaren Hirugarren puntuaren bukaeran dioen "beraz, gaur goizean izandako atentatua gaitzetsi." Zuzendu egin behar direla dio ez direlako zuzenak.

Idazkariak dio mozio aurkeztu den bezala jasota dagoela.

Lehenengo bi zuzenketa horiekin akta aho-batez onartu da.

2.- S-1 Sektoreko lurjabeekin izenpetzeko hirigintza hitzarmenaren onarpenari buruzko diktamena (2008H0360001).

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen Zinegotzi delegatuak, Hirigintza batzordearen diktamena aurkeztu eta onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

"S-1 Sektoreko lurjabeek, hirigintza hitzarmen proposamen bat aurkeztu zuen Lezoko Udalean, S-1 Sektoreko Plan Partzialaren inguruan.

Hitzarmen honen eduki osoa jendaurrean jarri zen 2008ko martxoaren 10an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkian.

Hitzarmen hau Jendaurrean egon den epean ez bi alegazio aurkeztu dira, hain zuzen ere Aitor Mimendiak eta EAJko udal taldeak aurkeztuak.

Horrela 2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legeko zazpigarren xedapen gehigarriko 8., atalak xedatzen duena eta Hirigintza Teknikariaren txostenaren edukia kontuan izanik Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko maiatzaren 23an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Aurkezturiko alegazioak ez onartzea.

BI: S-1 sektoreko Plan Partzialaren inguruan udala eta eremuko lurjabeen arteko konbenioa onartzea."

Kepa Garbizuk dio S-1 sektorearen inguruko aldaketekin izan duten kontrako jarrera mantenduko dutela, bozketan aurka bozkatuz. Legez hala behar ez balitz ere, etxebizitza kopurua gehitzeko aurrez Hirigintza Arau Subsidiarioen aldaketa tramitatzea zuzenago iruditzen zaio. Alegazioan eta gaia aurreko osoko bilkuretan eztabaidatu denean mantendu duten jarrerari eutsiko diotela dio.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), abstentzio bat, Mikel Antxon Arrizabalagarena, eta aurkako bi botorekin, Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak.

3.- Etxebizitzetan irisgarritasuna sustatzeko ordenantza onartzeko diktamena (2008H0290002).

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen Zinegotzi delegatuak, Hirigintza batzordearen diktamena aurkeztu eta onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

"Etxebizitzetako Irisgarritasuna arautzeko udal ordenantzaren zirriborroa aurkeztu da bere onarpenerako.

Indarrean dagoen irisgarritasuna susta­tzeko legediak ain­tzat har­tzen du, per­tsona ezinduen aukera berdintasunaren eskubidea berre­tsi eta horien desabantaila eta zailtasunak aurreikusi edota konpen­tsa­tzeko ekin­tza positiboko neurrien beharra. Aldi berean, aginte publikoei eta, orokorrean, gizarte osoari eska­tzen die honako erabaki egokiak har ditza­ten: Beste hainbat helbururen artean, per­tsona horien­tzat ingurune fisikorako (zen­tzu zabal batean ulertuta: Hiri-ingurunea, espazio publikoak, eraikinak, e.a.) sarbidea ahalbide­tzea eta berma­tzea, modu eraginkor eta erreal batean.

Une honetan Lezon, egun dauden eraikinetan kokaturiko etxe­bizi­tza askok, nahiz eraikin horiek beraiek ere, ahalmen urritasuna dutenen­tzako irisgarritasun arazoak eta zailtasunak dituzte. Irisgarritasuna oztopatu edota eragozten duten hirigin­tza- edota arkitektura-trabak.

02/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, lurzoruari eta hirigin­tzari buruzko legearen 177. artikuluak, desjabe­tzeko hirigin­tza-arrazoien artean, ondorengoa zehazten du: Erabilera nagusia bizitegikoa duten eraikinetan, sektoreari dagokion legedian aurreikusitako irisgarritasuna bermatu ahal izateko beharrezkoak diren zerbi­tzuak eta instalazioak egunera­tzeko eginbeharra bete­tzen ez denean. Horrelakoetan, administrazio desjabe­tzailea udala izango da, eta onuraduna, berriz, jabeen elkartea edo kasuan kasuko obrak egikari­tzeko gehiengo nahikoa duena. Onura­dunak desjabe­tzea eskatu beharko du honako hauek egiaztatuz: Batetik, udalaren baimena duen edo izan dezakeen proiektu bat susta­tzen duela, eta bestetik, aipaturiko obrak ezin dituela hasi, obrek eragindako ondasun eta eskubide guztiak baliatu ezin dituelako.

Ordenan­tza­ren helburua da, indarrean dagoen legedia eta hirigin­tza planeamenduaren testuinguruaren baitan, ahalmen urritasuna dutenen eta horiekin pareka daitezkeenen sarbidea ahalbidetu eta bermatuko duten esku-har­tzeko irizpide nahiz neurriak xeda­tzea eta arau­tzea. Etxe­bizi­tza eta bizileku erabilerarako eraikinetarako sarbide hori ahalbidetu eta berma­tzeko beharrezko­tzat har­tzen diren obra eta jarduketak buru­tze­aren bidez, igogailuak eta arrapalak jar­tzea barne.

Bestalde 2/2006ko Lurzoruaren eta Hirigintzaren 75 artikuluak, hirigintza antolamendua osatuko duen udal ordenantzen beharra azpimarratzen du. Halaber lege beraren 99 artikuluaren arabera Hirigintza eta eraikuntzako udal-ordenantzak edo plan orokorreko dokumentazioan dauden ordenantzen aldaketak udalak egingo ditu, eta toki-erregimenari buruzko araudian udal-ordenantzetarako ezartzen den prozeduraren arabera izapidetu eta onartuko dira. Plan orokorreko gainerako dokumentazioarekin batera ere izapidetu eta onartu ahal izango dira, eta, kasu horretan, hortik aurrera toki-araubideari buruzko legeriako prozedurari atxiki daudela iritziko zaio.

Beraz ordenantza hau onartzeko 7/1985 Legearen 49 artikuluaren arabera, osoko bilkurak haserako onarpena eman behar dio ordenantzari, jendaurrean 30 egunez eduki behar da espedientea eta erreklamaziorik edo iradokizunik balego berriro ere osoko bilkurak ebatzi behar ditu.

Erreklamazio edo iradokizunik ez balego berriz ordura arte behin behineko akordioa zena behin betikoa bihurtuko da.

Eskaera aztertu ondoren, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko maiatzaren 23an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Etxebizitzetako Irisgarritasuna arautzeko udal ordenantzari haserako onarpena ematea.

BI: Akordio hau Gipuzkoako Aldizkari ofizialean eta prentsa idatzian argitaratzea eta ordenantza jendaurrean edukitzea 30 egunez iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

HIRU: Jendeari erakusteko epea igarotzen bada inolako erreklamaziorik edo oharpenik jaso gabe, behin betiko onartutzat joko da ordenantza hau, beste erabakirik hartu gabe."

Kepa Garbizuk dio konturatu direla araudia Errenteriako udalarenaren oso antzerakoa dela, alde bozkatuko dutela, jendaurre garaian alegazioak aurkezteko aukerari uko egin gabe.

Diktamena aho-batez onartu da, osoko bilkuran diren hamar zinegotzien aldeko botoarekin.

4.- Pasaiako Portuko Plan Bereziari aurkezturiko alegazioak onartzeko eta berresteko diktamena (2007H0400002).

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen Zinegotzi delegatuak, dio alegazioak alkate dekretuz onartu zirela epe barruan egin ahal izateko. Orain, dekretu hura berrestea eskatzen duen Hirigintza batzordearen diktamena aurkeztu eta onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko maiatzaren 23an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Maiatzaren 12ko alkatearen D08/00463 dekretua berrestea.

Kepa Garbizuk dio aurreko plenoan gai honen inguruan bi erabaki hartu zirela: bat, konpetentzia norena den argitzeko auziarena eta bestea, planaren edukiari ere alegazioak aurkeztea. Konpromiso hori hartu omen zuen alkateak eta erdia bakarrik bete omen du eta horregatik beraiek ez dute alde bozkatuko.

Alkateak dio oraindik ez dela aurkeztu edukiari buruzko alegaziorik, baina aurkeztuko zaizkiola.

Bozketa egin da eta zazpi izan dira dekretua berrestearen aldeko botoak (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), abstentzio bat, Mikel Antton Arrizabalagarena, eta aurkako bi boto, Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak. Beraz dekretua berretsi da.

5.- N-1 Bariantearen alternatiba azterketari aurkezturiko alegaziok onartzeko eta berresteko diktamena (2008ALO30070).

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen Zinegotzi delegatuak, dio alkate dekretuz egin dela alegazio epe barruan sartu ahal izateko. Aldundiak N-1 errepiderako aurkeztutako bi aukeretatik Udalak hegoaldekoa hobesten du iparraldekoa baino, aurrez prestatutako txosten batean oinarriturik. Orain alegazio dekretua berresteko Hirigintza batzordearen diktamena aurkeztu eta onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

"Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko maiatzaren 23an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Apirilaren 30eko alkatearen D08/00430 dekretua berrestea."

Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du ea Aldundiak hirugarren azterketa berri bat bidali duen edo aurreko plan berak diren. Alkateak eta Irati Aranburuk diote Aldundiak proposamen berria bidali diola udalari.

Kepa Garbizuk dio, alkatearen dekretuan jasotzen den eduki teknikoa txosten batean oinarrituta badago, txosten hori espedientean behar lukeela eta behar den bezala sinaturik.

Alkateak dio txostena egina dagoela eta espedienteari gehituko zaiola.

Bozketa egin eta diktamena onartu da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), eta aurkako hirurekin (Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak. Mikel Antton Arrizabalagarena).

6.- Urdaburu Kaleko obraren aurrekontua handitzeko diktamena (2006H0120004).

Jon Legorburuk, Obra eta Zerbitzuetako Zinegotzi delegatuak, Hirigintza, Obra eta Zerbitzu batzordearen diktamena aurkeztu eta onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

"AURREKARIAK

Lezoko Udalak 2006ko abenduaren 7ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez kontratu honen exekuzioa osatzen duen S1-Sekoreko Hiritartzearen Lehen fasearen Proiektu teknikoa onartu zuen, Injelan, S.L.k idatzirikoa.

Lezoko Udalak 2006ko abenduaren 7ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez kontratu honen espedientea, baldintza agiria administratiboa eta gastua onartu zuen.

Kontratuaren esleipena Lezoko Udalak 2006ko apirilaren 30an erabaki du osoko bilkuran.

Kontratu hau 2007ko ekainaren 8an izenpetu zen Lezoko Udala eta "UTE Lezo"ren artean eta bere prezioa, BEZ barne, 2.129.469,55 €-koa da.

S1-Sekoreko Hiritartze obren Lehen fasea exekutatzen hasi eta gero aipatu eremuaren mugakide den Urdaburu Kalearen berhiritartzea gauzatzea egoki zela irizten zion udalak, herri interesak eremu hau egokitzea eskatzen zuelako. Horrela Injelan, S.L.k udalak horrela eskatu ondoren "1go Sektoreko 1go Fasearen Urbanizazio Proiektuaren gehigarria `Urdaburu kalearen urbanizazioa´" izenburua zuen proiektua idatzi zuen.

Lezoko Udalak 2007ko azaroaren 15an buruturiko osoko bilkuran arestian aipatu kontratua aldatzea erabaki zuen "1go Sektoreko 1go Fasearen Urbanizazio Proiektuaren gehigarria `Urdaburu kalearen urbanizazioa´"ri zegozkion obren exekuzioa 121.071,69 €tako kopuruan onartuz.

Haatik, obraren exekuzioan aipatu gehigarrian jaso gabeko partida, unitate eta neurketa berriak sartu dira, obraren zuzendaritza teknikoak eta udal aparejadoreak bere txostenetan adierazten duten bezala, obraren aurrekontuan 212.200,48 €tako kopurura igoaz,

PROPOSAMENA

Administrazio Publikoen Kontratuen Testu Bateratuaren 101 eta 146 eta hurrengo artikuluek naiz Administrazio Publikoen Kontratuen Araudi Orokorraren 158 eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena kontuan izanik Aurrekontu handitze hau S1-Sekoreko Hiritartzearen Lehen fasearen kontratuan aldaketa bezala izapidetu beharko litzateke.

Aurrez esandako guztia dela eta, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko maiatzaren 23an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Injelan S.L.k idatziriko "1go Sektoreko 1go Fasearen Urbanizazio Proiektuaren gehigarria `Urdaburu kalearen urbanizazioa´"ren aurrekontuaren handitzea onartzea 212.200,48 €ko kopuru arte (BEZ barne)

BI: Aurrekontu handitze hau 323 "1 Sektoreko Urbanizazioa " aurrekonturen sailaren kontu ordainduko da."

Kepa Garbizuk dio ez dagoela batere garbi non dauden S-1aren mugak. Zentzu horretan galdetzen du ea aplikagarri zaion gastu honi aurrekontuetan S-1erako dagoen partida eta ea horren inguruan Udal Kontu-hartzailearen txostenik dagoen espedientean. Osoko bilkura honi idatziz aurkeztutako galderetan ere ba omen dago bat obra hauen inguruan: ea Aralar kaleko espaloiko obrak noiz bukatuko diren.

Jon Legorburuk dio Aralar kaleko espaloia obra hauetan sartzen dela eta egun hauetako bateak bukatuko dutela. Obrak gehitzearen inguruan dio bizilagunen eskariz handitu direla, saneamendu guztia berritzeko aprobetxatuz. Hemendik aurrera egiten diren antzerako obretan saneamenduaren eta ur-horniduraren azpiegiturak berritzea aurrez ikusiko dela dio, ez obra hasi eta gero, hemen bezala.

Idazkariak dio gastuaren inguruan Kontu-hartzailearen txostenik ez dagoela espedientean. Alkateak dio ez dela kontsignazio arazorik egongo gastu honentzat.

Bozketa egin eta onartu da diktamena aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), abstentzio bat, Mikel Antton Arrizabalagarena, eta aurkako bi botorekin, Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak.

7.- S-1 Sektoreko B-1 Lursailaren xehetasun azterlana behin betikoz onartzeko proposamena (2008H0420002).

Alkateak dio gaur goizean egindako Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordean diktaminatuta geratu den proposamena dela hau. Honela zioen aldaketarik gabe onartu den proposamenak:

"Lezoko Udalak 2008ko apirilak 8ko 08/340 alkatetza-dekretuaren bidez, S-1 Sektoreko "B1" lursailaren gaineko Xehetasun Azterlanari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2008ko apirilaren 16an, 72 zenbakidun alean. Prentsa idatzian eta udaletxeko iragarki taula ere argitaratu zen

Zehaztapen Azterlan hau informazio publikoan egon da 20 egunez eta epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

2/2006 Legeko 98 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: S-1 Sektoreko "B1" Lursailen gaineko Xehetasun Azterlanari behin betiko onarpena ematea, haserako onarpena eman zion dekretuan ezartzen ziren baldintzekin, hirugarren baldintza izan ezik, sabai azpiko terrazak eraikitzea onartzen baita Plan Partzialak xedatzen duen baldintzetan, hau da, eraikitzen den azalera osoak Plan Partzialak jasotzen duen gehienezko azalera gainditzen ez badu.

BI: Akordio hau GAOn argitaratzea eta interesatuei jakinaraztea.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Kepa Garbizuk bilkurako bigarren gaian esandakoari eutsi dio, hau da, S-1 sektorearen inguruko aldaketekin izan duten kontrako jarrera mantenduko dutela, bozketan aurka bozkatuz. Legez hala behar ez balitz ere, etxebizitza kopurua gehitzeko aurrez Hirigintza Arau Subsidiarioen aldaketa tramitatzea zuzenago iruditzen zaio. Alegazioan eta gaia aurreko osoko bilkuretan eztabaidatu denean mantendu duten jarrerari eutsiko diotela dio.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), abstentzio bat, Mikel Antton Arrizabalagarena, eta aurkako bi botorekin, Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak.

8.- S-1 Sektoreko Zatikako Planaren aldaketa behin-betikoz onartzeko proposamena (2008H0410001).

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen Zinegotzi delegatuak, gaur goizean egindako Hirigintza batzordearen diktamena den proposamena aurkeztu eta onartzea eskatu du. Honela zioen diktaminatutako proposamenak:

Lezoko Udalak, Alkatetzaren apirilaren 21eko 08/ 394 Dekretuaren bidez, hastapenez onartu zuen S-1 Sektoreko Plan Partzialaren aldaketaren proiektua.

Laburbilduz Zatikako Plan honen moldaketan proposatzen diren aldaketak ondorengo hauek dira:

1.- S-1 Sektorean Plan Partziala eta birpartzelatze proiektuak behin betikoz onartuak daude jada. Eremu honetan 78 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, bertan onarturiko eraikigarritasuna bere osotasunean agortuz gero ordea, C eta B lursailetako etxebizitzen neurria izugarri handia ateratzen da, 180 m2 eta 240 m2 bitarteko etxebizitzak. Beraz eraikigarritasun hau mantenduaz etxebizitzan neurria txikitu eta etxebizitza kopuru handiagoa eraiki ahal izatea proposatzen da, hain zuzen ere 120 etxebizitza. "A" lursailetan aurreikusten diren 18 etxebizitzaz gain ondorengo banaketa proposatzen da:

  • B1 12 Libreak
  • B2-B3 20 Libreak
  • B4 18 Libreak
  • B5 12 Libreak
  • C1-1 20 Libreak
  • C1-2 20 Tasatuak

2.- C 1 lursaila bitan banatuko da, C 1-1 eta C 1-2 lursail berriak sortuz. Azken hau, C1-2 lursaila Lezoko Udalari esleituko zaio etxebizitza tasatuak eraikitzeko.

3.- Egun indarrean dagoen Plan Partzialean hezkuntza erabilerara xedatzen den ekipamendurako lursailaren erabilera aldatzea proposatzen da. Horretarako bere kalifikazioa xehekatua aldatzen da eta zuzkidurarako ekipamendu bezala sailkatzen da, ondorengo erabilera hauek onartzen direlarik: zuzkidurarako bizitokiak, anbulatorioa, haur eskola eta aparkalekua. Aurreikusten den eraikigarritasun fisikoa 4.000 m2 (sabai) da.

4.- Egun indarrean dagoen Plan Partzialean eraikinentzat xedatzen diren lerrokadura eta sestrak aldatzen dira.

Erabaki honen iragarkia jendaurrean jarri zen 2008ko apirilaren 25an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkian.

Plan Partzialaren aldaketa hau Jendaurrean egon den epean hiru alegazio aurkeztu dira, hain zuzen ere Jose Ramon Mitxelena Mitxelenak, Maria Jose Intxaurrandieta Salaberriak eta Lezoko EAJ-PNV udal taldeak aurkezturikoak.

Udal Arkitekto Aholkulariaren eta Hirigintza Teknikariaren txostenak kontuan izanik, aldi berean, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak proposaturik eta 2/2006 Legearen 95 eta 96 artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik, Osoko Bilkurak hemen heldu diren erabakiak hartu ditu:

BAT: Maria Jose Intxaurrandieta Salaberriak eta Lezoko EAJ-PNV udal taldeak aurkezturiko alegazioak ez onartzea.

BI: José Ramón Mitxelena Mitxelenak aurkezturiko alegazioak onartzea.

HIRU: S-1 Sektoreko Plan Partzialaren aldaketa behin betikoz onartzea ondorengo baldintzarekin:

1.- Jose Ramon Mitxelena Mitxelenak aurkezturiko alegazioa onartzearen ondorioz, Plan Partzialaren ordenantzen 16, 17, 18 eta 22 artikuluak aldatuko dira ondorengo testua onartzen delarik:

16. ORDENANTZA PERFILAK

1 Sektorerako Planeamenduko Arau Subsidiarioen fitxa urbanistikoetan deskribatutako tipologia arkitektonikoetako eraikinen altuerak nahitaezkoak dira, halakotzat ulerturik teilatu hegalera eta teilatura arteko gehieneko altuerak, proposaturiko eraikuntza perfilaren barruan, eta era berean 2,60 m altuera librea etxebizitza erabilpenerako.

17. ORDENANTZA TEILATUAK

  • § Teilatuak makurtuak izan ahal izango dira 2 edo 4 uretara eta zelaiak.
  • § Gehieneko hegala 1,20 m izango da.
  • § Gehieneko aldapa 30° izango da.
  • § Teilatuko materiala teila arabiarra, zeramika ala ormigoia izan daiteke kolore gorrikoa edo beste edozein material baldin eta, justifikatuz gero, Korporazioak ontzat ematen badu udal informe teknikoaren ondoren.
  • § Teilatupeko oinean terrazak egiteko aukera ematen da etxebizitza gisa erabiltzeko, hark 50% konputatuz, betiere teknikoki justifikatzen bada teilatuaren gainerako azaleraren gaitasuna CTE delakoak eraikin horretarako exiji ditzakeen eguzki-kolektoreak ametitzeko.

18. ORDENANTZA HEGALAK

Balkoiak eta esekitokiak Plan Partzialean markatutako lerrokaduren arabera izan beharko dira.

Balkoiak egiteko hegadurak moldatzea baimentzen da, horiek metro batekoak egin daitezkeelarik fatxada-lerroari dagokionez.

Fatxadetan hegalak fatxadaren 50% perimetroan egin ahal izango dira.

Eraikitako azaleraren konputua teilatuaren azaleraren 50% izango da.

22. ORDENANTZA ITXITURAK

Familia bakarreko elkarri atxikitako etxebizitzatara xedaturiko partzeletan partzelei itxiturak jarri ahal izango zaizkie. Horiek fabrikakoak izan daitezke 1,20 metro arteko altueraraino gainean burdin sarezko edo antzeko itxitura eduki ahal izanik 2,00 m. arte.

Etxebizitza kolektiboetako blokeetako lorategi pribatuetan partzela itxiturak izan daitezke betiere haren goiko aldeko altuera bi metro baino gehiago ez izatekotan partzelaren sestratik neurturik. Baldin eta hura edozein bide publikoren gainetik bi metro baino gehiagoko altueraraino helduko balitz, itxiturak ezin izango du eduki 1,5 m baino gehiagoko altuerarik eta elementu arinez moldatua izan beharko litzateke (sare, landare, e.a.) inolako elementu osagarri trinkorik ametitzen ez delarik.

LAU: Onarturiko aldaketa hauekin, Plan Partzialaren aldaketa idatzi duten teknikariei Testu Bateratu bat osatzeko agindua ematea.

BOST: Akordio hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aurreko atalean adierazten den Testu Bateratua Lezoko udalean aurkeztu ondoren.

Kepa Garbizuk S-1ari buruz aurreko puntuan eta bilkura honetako bigarrenean esandakoari eusten dio, eta horregatik aurka bozkatuko duela azaldu du.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), abstentzio bat, Mikel Antton Arrizabalagarena, eta aurkako bi botorekin, Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak.

9.- Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.rekin transakzio hitzarmena sinatzeko proposamena (2007H0380001).

Alkateak dio, gaur goizean egin den Hirigintza, obra eta zerbitzuetako batzordean esan bezala, oraindik akordiorik lortu ez denez gaia bilkura honetako zerrendatik erretiratzea erabaki duela.

10.- Kale garbiketa eta zabor bilketa kontratuaren aldaketa onartzeko diktamena (2008H0180001).

Jon Legorburuk, Obra eta Zerbitzuetako Zinegotzi delegatuak, Hirigintza, Obra eta Zerbitzu batzordearen diktamena aurkeztu du eta onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

"2006ko abenduaren 7an hasitako lizitazio publikoaren prozesuaren ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak 2007ko maiatzaren 7an adjudikatu zion kaleak garbitzeko eta hiri-hondakin solidoak biltzeko zerbitzua "Limpiezas y RSU Lezo" UTEari (Serbitzu Elkartea, S.L. eta Fomento de Construcciones y Contratas, S.A. enpresen artean osatua) zortzi urtetako eperako eta guztira urteko 560.146 € prezioan.

Kontratua 2007ko maiatzaren 28an izenpetu zen eta zerbitzua ematen 2007ko ekainaren 1ean hasi ziren.

Udalaren aurrekontu-egokiera zaila izanik gastu arrunta biziki hazi delarik eta hura hobetzeko asmoz gobernu-ekipo berriak aztertu egin du kontratuaren objektua eta enpresarekin tratatu du zenbait aldaketa orain arte ematen ari diren zerbitzuetariko batzuk kenduz.

Hain zuzen hauek dira ekiteko proposatzen diren murrizketak eta aldaketak kontratuari buruz:

-Baldeketa zerbitzua kendu egiten da.

-Kale garbiketa zerbitzua kendu egiten da igande, jaiegun, herriko jai eta gainerako jai puntualetan.

-Udalak duen makina kale-garbitzailea, orain arte den bezala mantenduko da haren mantentzea udalaren kontura.

-Igande eta jaiegunetan zabor-bilketa kendu egiten da.

-Kontainerren 10% urtero berritzea kentzen da.

-Zerbitzuko langileen aldagelen eta ibilgailuak gordetzeko alokairuko lokalaren hornidura Udalari egokituko zaio.

-Baldintza-orrian proposatutako hobekuntzak kentzen dira.

Kontratuaren prezioa, adjudikatzearen prezioa den 560.146,00 €/urteko kopurutik, 450.994,37 €/urteko kopurura pasatuko litzateke.

Aldaketa horiek TRLCAP delakoan 59 (eta LCSP berrian 258) artikuluan aitortzen den ahalbidearen ildotik planteatzen dira.

Hori guztia dela eta, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko maiatzaren 23an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: UTE Limpiezas y RSU Lezo enpresarekin kontrataturiko zerbitzuak murriztuz aldatzea, kale garbiketarako eta hiri-hondakin solidoak biltzeko akordio honen azalpen partean jasotako baldintzetan.

BI: Aldatutako kontratu berriaren urteko prezioa finkatzen du urteko 450.994,37 € kopuruan.

HIRU: Enpresa adjudikaziodunari eta udal zerbitzu ekonomikoei akordio hau jakinaraztea.

LAU: Alkatea ahaldun egitea kontratu berri hau izenpetzeko, eta akordio hau burutzeko behar diren gainerako dokumentu guztiak izenpetzeko."

 

Jon Legorburuk dio diktamenean jasotzen den diru kopurua aldatu egin behar dela. Proposatzen den aldaketaren ondoren kontratuaren prezioa 464.224 €takoa dela, eta ez diktamenean aipatzen den kantitatea. Argitu du aldaketa enpresarekin adostuta dagoela, negoziaketa luzearen ondoren.

Kepa Garbizuk dio aldaketarako aipatu arrazoi ekonomikoak ez direla sinesgarriak. Udalaren egoera ekonomikoa ez dela txarra eta horren adierazleak eman ditu: iazko urtean gastatu baino 1.271.000 € gehiago sartu zirela; 2008ko aurrekontuak gastu arruntaren %17ko igoerarekin onartu direla; ... . Beraz, proposatzen den kontratu murrizketaren arrazoiak beste batzuk direla dio eta haiek argitzeko eskatu du.

Jon Legorburuk dio bakarrik arrazoi ekonomikoak daudela proposamen honen atzetik, ez dagoela besterik.

Alkateak dio, nahiz eta datu ekonomikoak aurrean ez izan, kontratu honek gastu arruntean suposatu duen igoera nabarmena dela. Horrez gain maileguen interes eta amortizazioen kopuruei aurre egiteko gastua murriztea eskatzen dutela eta hau bide horretan hartzen den neurrietako bat da, beste bat.

Kepa Garbizuk dio hemendik aurrera udalek Aldunditik diru gehiago jasoko dutela Aportazio Lege berria medio eta horrekin ere gastu ahalmena handitzen dela. Gaur proposatzen den kontratu aldaketarekin aurrekontuetan onartutako gastu gehitzearen %8a murrizten dela eta galdetzen du ea gainontzekoa nola murriztuko den.

Datuak direla eta ez direla eta haien eztabaida gunea batzordea dela eztabaida ematen da zinegotzien artean. Ondoren diktamena bozkatu da eta diktamena onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), eta aurkako hirurekin (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antton Arrizabalagarenak).

Irati Aranburuk eskatuta alkateak bost minutuz bilkura eten du.

11.- Aurrekontua aldatzeko diktamena: Kreditu transferentziak (2008KO020001).

Alkateak Hazienda batzordearen diktamenaren nondik norakoa azaldu, Udala S-1eko obren gai kostuaren bere zatia ordaintzeko jabe den heinean; eta Pic Urban barruan zenbait obra egin ahal izateko kontsignazioa lortzeko gastu batzuk gutxitu egin omen dituzte. Honela dio diktamenak:

"Aurrekontu-partiden arteko transferentzien bidez kreditu aldakuntzak egiteko alkateak proposatuta irekitako espedientea aztertu ondoren, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2008ko maiatzaren 23an egindako bilkuran, Silvia Folgueira (EAE/ANV), Irati Aranburu (EAE/ANV) eta Haritz Salaberria (EAE/ANV zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu (EAJ-PNV) zinegotziaren abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Kreditu Aldaketarako espedientea onartzea, gastuen aurrekontu partida batzuen artean kreditu-transferentziarengatik identifikazio zk. 30003/2008, 2008-05-20koa eta zenbatekoa 140.000€."

Bozketa egin eta diktamena onartu da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), eta hiru abstentziorekin (Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak. Mikel Antton Arrizabalagarena).

12.- Kontu emateak: finantza eta aurrekontuen arloko informazioa (2008ko 1go lauhilabetekoarena); alkateak onartutako kreditu aldaketen berri ematea: transferentziaren bidez (2008KO010001 eta 2007KO010004), txertaketaren bidez (2008KO040001 eta 2008KO040002) eta gaikuntza bidez (2008KO010001).

Alkateak informazio eta kreditu aldaketa horien guztien kontu eman du.

13.- EAJ-PNV alderdiaren kandidaturako errenuntziak eta Enrique Figueroa Laboa zinegotzi kargurako izendatzea (2008ID280002).

Joan den maiatzaren 30ean Rikardo Salaberriak, Lezoko EAJ-PNV Uri Batzarraren izenean, idatzia aurkeztu du udal erregistroan: Aroia Goienetxea zinegotzi ohiaren lekua hartzeko zerrendan hurrengo zeuden bien uko-egitea aurkeztuz (Noemi Arberás eta Aitor Mimendia) eta zerrendako hurrengoaren izendapena proposatuz, Enrique Figueroa Laboaren izendapena.

Udal idazkariaren txostena ikusirik eta aplikagarri den legedia kontuan izanik (LOREGren 182. artikulua eta 2.568/1986 Araudiaren (AJA) 9.4 artikuluaren arabera udalbatzak uko egitearen berri jaso behar du (Aroia Goinenetxearena jaso zuen 2008ko apirilaren 9ko osoko bilkuran) eta orain beste bi ukoen berri jaso eta ordezkoa izendatzeko izapideak hasi behar ditu.

Hautesle Batzorde Zentralari dagokio alderdiak proposatutako Enrique Figueroa Laboaren kredentziala egitea.

Zinegotzi izateko kredentziala iritsi ondoren, ondasun eta inkonpatibilitate aitorpenak egin beharko ditu udal idazkaritzan eta osoko bilkuraren aurrean zin egin beharko kargua hartzeko.

Eskaera aztertu ondoren, osoko bilkurak aho-batez ondorengo erabaki hauek hartu ditu:

 

BAT: Udalbatzaren osoko bilkurak EAJ-PNV hautes zerrendako hiru uko egiteen berri izatea (Aroia Goinetxea, Noemi Arberas eta Aitor Mimendia).

BI: Hutsik geratzen den kargua betetzeko beharrezkoak diren izapideak egiten hasteko agindu eta Hautesle Batzorde Zentralari Enrique Figueroa Laboaren kredentziala egiteko eskatzea.

Urko Lopetegik dio aldaketa honekin EAJ alderdiak iruzur egiten diola legeari, hautagai zerrendetan gizon eta emakumeen arteko parekotasuna agintzen zuenari hain zuen, zeren uko-egiteen ondorioz hiru gizon izango baitira EAJko zinegotziak, eta emakumerik ez.

14.- Alkateak aurkeztutako 33/01 Amnistiaren aldeko Mugimenduaren auziaren inguruko mozioa.

Alkateak dio berak aurkeztu duela mozioa baina Iñigo Esnaola zinegotziak irakurriko duela. Honela dio mozioak:

"33/01, amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako auziaren aurrean adierazi nahi da:

Dispertsioa salatzea ez da delitua. Preso politikoen kolektiboaren kontra hamarkadatan ezarri den eta ezartzen den dispertsio eta muturreko neurriek osatzen duten salbuespen egoera da delitua.

Tortura salatzea ez da delitua. Torturatzea eta tortura ahalbidetzen duen tresneria hori guztia da delitua; salbuespeneko tribunalak, inkomunikazio legea eta funtsean torturatzeko eraikia den inpunitate esparrua bera da delitua.

Errepresioa salatzea eta pertsonen eskubideak babestea ez da delitua. Estatuen biolentzia eta eskubide urraketa dira delituak.

Elkartasuna ez da delitua. Presoak eta euskal herrian errepresioa jasaten duten milaka emakume eta gizon babes eta elkartasunik gabe uzteko mugimenduen kontrako kriminalizazio eta erasoak dira delitua.

Preso, iheslari eta beren senitartekoak lagundu eta babestea ez da delitua. Kolektibo hauek hondoratzeko eta zatitzeko helburuarekin burutzen diren jazarpen, eraso eta eskubide urraketa horiek guztiak dira delitua.

Auzipetu dutena eta epaitu nahi dutena Estatuen biolentzia eta errepresioaren salaketa eta euskal preso nahiz errepresaliatu guztiekiko elkartasuna da. Frantziako eta Espainiako estatuak euskal gizartearen eta munduaren aurrean biluzten dituen eta beren izaera ez demokratikoa begi bistako egiten duen testigu nagusia erditik kendu nahi dutelako.

Honenbestez, udal honek ondorengo eskakizun eta konpromisoak zehazten ditu:

  • Elkartasun eta babesa luzatzen diegu amnistiaren aldeko mugimenduko 27 auziperatu eta mugimendu honetako militante guztiei.
  • Kriminalizatu nahi den amnistiaren aldeko mugimenduak bere lanean jarraitzeko duen zilegitasuna aldarrikatzen dugu Espainiako estatuaren eta sistema judizialaren aurrean eta bere lan sozial eta politikoan jarraitzeko ezartzen ari zaizkien trabak gainditzeko exijentzia luzatzen dugu. Auzi honen amaierarekin batera, debeku eta kriminalizazio ekintzak amaitzea.
  • Eskubide zibil eta politikoen urraketa, tortura eta euskal herritarren kontrako errepresio bidegabearen zerrenda amaigabea ahalbidetzen duen auzitegi nazionalaren desagerpena aldarrikatzen dugu."

Kepa Garbizuk mozio alternatiboa aurkeztu du. Honela dio:

"22/01, Amnistiaren aldeko Mugimenduaren aurkako auziaren aurrean, EAJko udal taldea, udalbatzari hurrengo mozio hau aurkezten dio, bertan eztabaida eta onar dezan:

MOZIOA

1.- Udal honek, norbanako giza eskubide guztien aldeko jarrera irmoa adierazten du. Printzipio humanitarioekin zein gizakien eskubide eta askatasunarekin duen konpromisoa.

2.- Euskal presoak jasaten ari diren dispertsio, urruntze eta inkomunikazioa da eurei eta euren familiei kartzela politikak ezartzen dien zigor gehigarririk handiena.

3.- Hau guztia salatzeak eraman ditu 27 euskal hiritarrak auziperatuak izatera. ETA erakundearen parte izatearen edo laguntza eskaintzearen akusaziopean.

4.- Bere garaian, diseinu eta bultzada politikoaren eskutik, "dena ETA da" tesiaren aldeko apustua eginez epaitegietan jantzi judiziala eman nahi izatea salatzen dugu.

5.- Gatazkaren humanizazioaren eta berradiskidetzearen aldeko konpromisoa dugunok, herri honetan giza eskubideen etengabeko urraketa guztiak salatzea exijitzen dugu.

6.- Bizi dugun egoera politiko honetan, auzi hau ere bake eta normalizaziorako oztopoa bilakatzen ari da. Irekitako kausa penaletan zuzeneko erantzukizun eta eskumena duten Estatuko instituzioei amaiera eman diezaietela jazarpen politiko eta judizialeko prozesu honi eskatzen dugu."

Lehenik mozio alternatiboa bozkatu da eta ez da onartu alde bi boto (Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak), abstentzio bat (Mikel Antton Arrizabalagarena) eta zazpi boto kontra izan dituelako (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona).

Aldiz, alkateak aurkeztutako mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), eta aurkako hiru botorekin (Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak, Mikel Antxon Arrizabalagarena).

15.- Alkateak aurkeztutako "Euskal Herrian demokrazia zero!" mozioa.

Alkateak dio berak aurkeztu duen mozioa dela eta Jaione Lekuonak irakurriko duela. Honela dio mozioak:

"Herriarena da erabakia, eta herriarena zilegitasuna, guztia eta bakarra. Hori izan behar da demokraziaren oinarria baita edozein erakundeena ere. 2007ko udal hauteskundeak ez ziren baldintza demokratikoetan garatu, ez zen aukera berdintasunik izan. Espainiar Estatuak Alderdi Politikoen legearen bidez aukeratua izan eta aukeratzeko eskubidea urratu zuen Euskal Herrian. Demokraziaren aurkakoa den lege horren gainetik herritarrak bere borondatea agertu zuten, bere ordezkariak aukeratu zituzten. Batzuk legezko aitortza izan zuten, beste batzuk ukatua. Baina udal ordezkari egiten gaituena ez da legea, herritarren borondatea baizik. Eta hori da errespetatu beharrekoa, herritarren borondatea.

Euskal Herriak bizi duen egoera ez da demokraziazkoa, ez da bake egoera bat. Euskal Herriak gatazka nozitzen du, azken hilabete hauetan gordindu den gatazka. Euskal Herriari nazio izaera ukatzen zaio, herri bezala dagozkion eskubideak ukatzen zaizkio, herritar bezala dagozkigunak ere. Espainiar eta frantziar estatuek euskal herritarroi beren legediak ezartzen dizkigute, gure borondatearen gainetik. Ikuspegiak anitzak izan daitezke eta behar dute izan, baina gatazkaren muinean bada ukaezina den errealitatea, euskal herritarrok ukatua dugu, egun, gure etorkizuna libreki eta demokratikoki aukera guztien artean erabakitzeko eskubidea. Egoera horren isla zuzena pairatzen dugu udalean, herriaren borondatearen gainetik ezartzen delako espainiar Alderdi Politikoen legea, hautetsi batzuei izaera bera ukatuz, beste batzuen eguneroko jarduera bertan behera edo legez kanpo utzita. Demokrazia faltan du gatazkak sorburua, eta demokratikoa izan beharko da konponbidea.

Bizi dugun egoera gordinaren aurrean, herritarren ordezkari garenok arduraz jokatu behar dugu. Ezin dugu gatazka ukatu, ukatzeak ez duelako gatazka konpontzen, ezin dugu gatazkaren sorburua ukatu, konponbideak gatazkaren muinera joatea eskatzen digulako, eta ezin ditugu gatazkaren ondorioak ukatu, gatazka eta ondorio guztiak gainditzea izan behar dugulako helburu. Arduraz jokatu behar dugu, behingoz eta betirako gatazkari konponbide bat ematea delako, herriaren aurrean, gure ardura nagusia.

Ardura eta zintzotasuna da herriari zor dioguna, ez ditugu arazoen konponbideari mesede eskasa egiten dizkioten alde bakarreko irakurketak behar. Ez ditugu oportunismotik abiatu eta alderdien interesak ase besterik helburu ez dituzten neurriak behar. Udal jardueran inolako oinarria izan ez eta alderdikeriaz erabiltzen diren Zentsura Mozioak ez ditugu behar, ez dira zilegiak, herritik kanpo erabakiak eta herriaren borondatearen aurka aurkeztuak direlako, alderdi batzuk herritarrek eman ez dieten boterea eskuratzeko erabili nahi dituztelako. Urteetan ezarri eta porrota eta sufrimendua besterik ekarri ez dituzten neurri errepresiboak alboratu behar dira, gatazkaren muinetara jo eta ariketa demokratiko bat egin behar dugu, herritarren esku utzi etorkizuna, aukera guztien artean erabakitzeko eskubidea.

Herri honek ezin du permititu orain 30 urte gertatutakoa errepikatzea, eta gu, nahi duten guztiekin batera, benetako aldaketa politikoa eman dadin baldintzak sortzeko lan egingo dugu.

Arduraz, zintzotasunez, herriari arazoak konpontzeko alternatibak eskaintzea baldin bada gure udal jardueraren oinarria azaldu dezagun bada herri honek bizi duen arazorik larrienari konponbidea emateko konpromisoa eta ausardia.

Hau guztia kontutan hartuta, honako mozioa aurkezten da udal osoko bilkurak eztabaida eta onar dezan:

1.- Udal honek, herritar oro eskubide zibil eta politiko guztien subjektu dela aldarrikatzen du. Era berean, Euskal Herritar orori dagokigu gure herriaren etorkizuna erabakitzea.

2.- Udal hau ez dago herriak aukeraturiko ordezkariak legez kanporatuak izatea onartzeko prest. Hala udal hauteskundeetan jazarpena jasan zuten zerrendetako kide, nola suspentsioaren ondorioz eragina jasan dutenak. Hortaz, herritarrek aukeraturiko EAE-ANVko zinegotziak, eragile eta mintzakide politikoak gisa onartzen ditu.

3.- Udal honek, alkate eta zinegotzien aurkako jazarpen judiziala - zitazioak, Ino Galparsoro Arrasateko alkatesaren espetxeratzea, salatzen du.

4.- Udal honek herriari aitortzen dio zilegitasun guztia eta bakarra. Hortaz, udal honek, 2007ko maiatzaren 27an, lege arrotz eta neurri errepresiboen gainetik, herriak aukeraturiko ordezkari guztien aitortza exijitzen du, udalerri guztietan herritarren borondatea errespetatua izan dadin.

5.- Hori horrela izan dadin, alderdi politikoei LOREG delako 182.2 artikulua aplikatzeko urrats guztiak eman dezatela eskatzen diegu, herriak aukeratu ordezkariek aitortza eta eskubide guztiak bereganatu ditzaten."

Kepa Garbizuk mozio alternatiboa aurkeztu du. Honela dio:

"1.- Bizi dugun etengabeko eskubideen zapalkuntza ez zaio, inolaz ere, gure herriak behar eta desio duen soluzio bilaketari lagungarri. Soluzioa baitator, batetik, eskubide ororen zapalkuntza baztertzetik eta bestetik, gure herriak bizi duen gatazka politikoa soluzio bidean jarriko duen akordio politikoaren bilaketarik, Herri honi berezkoa zaion erabakitze eskubidea oinarri duela.

2.- Erakunde politikoen aurkako lege kanporatze prozesuek, askatasun ideologikoa, adierazpen askatasuna, elkartze askatasuna eta hiritarren partehartzea bezalakoei - guztiak funtsezko eskubide- eragiten diete zuzen-zuzenean: halaber, gure Herriko elkarbizitzari, eta gure gizarteak desio duen normalizazio politikotik urruntze gaituzte oso.

3.- Udal honek garbi dauka, eta horrela adierazi du behin baino gehiagotan, herri honetako ordezkaritza politiko bat legez kanpo ipintzeko "ad hoc" egina dagoen Alderdi Politikoen Legea, hala nola zentzu berdinean bultzatu diren beste zenbait lege aldaketak, espainiar Estatuak euskal arazoaren inguruan diseinatu eta ezarri duen estrategia orokorraren zati direla. Baina ezin ahaztu daiteke, estrategi horretan jarraitzeko ETA erakundea indarkeriazko ekintzak burutzen behar duela, bide batez eta ondorioz ezker abertzale politikoari bide politikoak galarazteko.

4.- Jakin badakigu, Alderdi Politikoen legea aplikatzen duen Auzitegi Gorenaren epaiak zer dioen LOREGaren 182.2 artikuluaren aplikazioari buruz. Alegia, akordio baten ondorioz aplikatu ezkero, lege iruzurtzat hartua izango litzatekeela. Lezoko Udalak ez du emango legearen urraketa ekarriko duen urratsik. Horretarako arrazoi franko dago, baina guztiak baten inguruan laburbil daitezke: Urrats horiek espainiar Gobernuari bidea erraztuko lioketela orain arteko estrategian haratago joateko.

5.- Gia eskubide guztien aldeko apustua egiten dugulako. Alderdi Politikoen legeak sortarazi dituen ondorioei aurre egiteko gure prestutasuna adierazten dugu berriro ere. Horretarako, bideak daudelakoan gaude, baina beti errespetutik abiatuta.

6.- Udal honetan gauden zinegotzi guztion osatzen ditugun udal talde ezberdinak, talde gisa hartzen ditugu geure erabakiak. Beraz, erabaki ororen ardura guztiona da. Ez dugu onartzen gure zinegotzi batzuengan ardura zehatzak egotzi nahi izate hori. Are gutxiago helburua jendea mehatxupean jartzea denean."

Lehenik mozio alternatiboa bozkatu da eta ez da onartu alde bi boto (Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak), abstentzio bat (Mikel Antton Arrizabalagarena) eta zazpi boto kontra izan dituelako (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona).

Aldiz, alkateak aurkeztutako mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), eta aurkako hiru botorekin (Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak, Mikel Antton Arrizabalagarena).

16.- Alkateak aurkeztutako mozioa, Israelgo Estatuaren sorreraren urteurrenaren ingurukoa.

Alkateak dio berak aurkeztu duen mozioa dela. Honela dio mozioak:

"2008an 60 urte betetzen dira Israelgo estatua ilegalki eta gerraren ondorioz sortu zela. "Nakba" edo benetako katastrofearen 60. urteurrena gogoratuko dute aurten Palestinarrek. Orduz geroztik Israelen gerra estrategiak bere horretan jarraitu du eta Palestinarrek bizi-irauten diardute egoera latz horretan.

2005eko ekainean Mardako (Palestina) eta Arbizuko (Euskal Herria) herriek senidetze agiri batez beren arteko erlazioa hasi zuten. Agiri honetan elkarrekiko elkartasunean konprometitu ziren. Orain, elkartasun hau Euskal Herri guzira zabaldu nahiez, eta Israelgo estatu sionista okupatzaileak lurralde palestinarrean harresia eraikitzen jarraitzen duela ikusirik, honako mozio hau aurkezten da:

2004ko uztailaren 9an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak, NBEko Batzar Orokorraren eskaeraz, Iritzi Kontsultibo irizpen bat eman zuen palestinar lurralde okupatuan eraikitako Harresiaren ondorio juridikoei buruz. Irizpen horrek, Harresia legez kanpokoa dela ezartzen du.

Hau gutxi balitz, harresia eraikitzeak etxeen suntsiketa dakarrela, soroen suntsipena, ureztatze sareena, akuiferoen isolamendua, palestinar biztanleen ezintasuna beren lan, aisialdi, eskola, hospital eta formakuntza eremuetara iristeko... Honek dakarren kalte ekonomikoarekin, eta baita palestinar askoren hilketarekin ere askotan.

Harresia 2002an hasi ziren eraikitzen, eta gaur egun, lehenbiziko faseko 650 km-ak osatu dira. Harresiarekin 1967. urtera arte okupaturiko lurraldeak Zisjordaniatik banandu nahi ditu Israelek, eta segurtasun arrazoien bidez justifikatzen du. Hala ere, Harresia sigi-saga barneratzen da Zisjordanian Israeli komeni zaion bakoitzean. Honela, ahalik eta kolonia gehien anexionatzen ditu, palestinar lurralde eta akuiferoen gaineko kontrol izugarria erdiesten du, eta palestinar biztanleen arteko banaketa gauzatzen du, palestinar gizartearen esistentzia bera ere bideraezina eginez. Harresia eraikitzeko aurreikusiak dauden 3 faseak amaitzen direnean, palestinarrek beren lurren %12a galduko dute.

Harresia inguru batzuetan 8 metrotako altuera duen porlanezko eraikuntza da, zaintze-dorreekin. Beste alde batzuetan ordea, elektrifikaturiko hesi geruza desberdinez osaturik dago, lubakiekin, patruilatzeko bideekin eta zaintze-kamarekin.

Apartheidaren Harresi honen eraikuntza estrategia anker baten alde agerikoena baino ez da. Harresiarekin batera, soilik israeldarrak diren eta judutar erlijioa duten hiritarrentzako ezarritako kolonia esklusiboak daude, bide sareak, putzu eta ur hodiak eta ureztatze-sailak, sare elektrikoak, eta itxuraz demokratikoa den legeria baina benetan sakonki baztertzailea dena eta araudi burokratiko erabat baztertzailea duena judutarra ez den edozeinentzako. Honek guziak, Israelek palestinar herriaren aurka gauzatzen ari den genozidioa eta kanporatzea erakusten du, hori bai, itxura "baketsua eta demokratikoa" duena.

Honez gain, palestinarren hilketak daude, batzuetan kolono israeldarren eskutik zigorgabetasun osoz. Beste batzuetan israelgo armadak eginak, gizadiaren aurkako krimenak direnak dudarik gabe.

Hau guziagatik, udalbatza honek hau adierazten du:

Bere esku dagoen guzia eta bere eskuduntzazkoa den edozer eginen duela, Israelgo gizarte zibila, gobernua eta armada Palestinako lurralde okupatu osotik erretiratzeko eta palestinar guzien eskubide guziak berma ditzaten, behartzeko.

Hau honela ez den bitartean, israelgo produktuekiko boikot komertzial bat deitu, sostengatu eta eginen du. Israelekin negozioak eta inbertsioak egiten dituzten enpresa eta erakunde finantzario guzieei, euskaldunak izan edo ez, hauek eten ditzatela eskatuko du. Era berean, udalerriaren barrutian, Israelgo edonolako jarduera akademiko eta intelektual, kultural nahiz kirol arlokoari boikota eginen dio eta egin dakiola, aldarrikatuko du.

Aldi berean, Palestinako herriarekiko elkartasuna adieraziko du; jarduera instituzionalak, kulturalak, komertzialak etab. Bultzatuz eta horretarako esku artean dituen baliabide guztiak erabiliz."

Kepa Garbizuk mozio alternatiboa aurkeztu du. Honela dio:

"Giza-eskubideen Aldarrikapen unibertsalaren 60. urteurrena ospatzen den 2008. urte honetan, Israelgo Estatua sortu zeneko 60. urteurrena ere betetzen da eta ondorioz, baita "Nakba" palestinarrarena ere. Palestinarrek, "Nabka" hitza (zorigaitza, hondamendia) 1948ko maiatzaren 14ean Israelgo Estatua sortuz geroztik gertatutakoari deitzeko erabiltzen dute.

Estatu judutar bat inguru musulman eta arabiar baten erdian ezartzeak, Israel eta bere aldamenekoen arteko gerra egoera bat sortarazi zuen eta Palestinako biztanleriari jabetza kentzea, erbestea eta tragedia ekarri zituen berekin. Egoera zail honen berri ongi ematen dute giza-eskubideen urraketa amaigabeak eta bi aldetako zibilen bizitzaren kontrako indarkeriaren eta atentatuen erabiltze etengabeak.

Eskubide sozial eta ekonomikoen arloan, pertsona eta merkantzien erabateko blokeoaren ondorioek, azpiegitura eta etxebizitza suntsiketa ugariek, ur iturrietara iristeko ukapenak eta nekazaritzako lur eremuen hondamenak, Gazako Zerrendako miloi eta erdi biztanle, pobrezian murgildua eta nazioarteko laguntzaren menpeko hondamenezko giza-krisi batera eraman dituzte.

Amnisty International-ek dioen bezala, "Nazioarteko Erkidegoak Palestinako Lurraldeen okupazio militarra ez bukarazteak eta, israeldar eta palestinar biztanleriaren oinarrizko eskubideak aitortu eta bermatuko dituen konponbide iraunkorra ez aurkitzeak, eskualdeko aukerak goibeldu egiten ditu orokorki eta eskualde eta mundu mailako borroka sor dezaken sorleku izaten dirau".

Guzti honengatik, Nazio Batzuek, Europako Parlamentuak, Eusko Legebiltzarrak eta beste erakundeek egiten dituzten ebazpenen ildotik, Lezoko Udalak, Israelen, Palestinako Lurralde okupatuetan eta Gazako Zerrendan bizi duten egoera larriaz atsekabeturik:

1.- Israel Estatuak Palestinako herriaren kontra erabiltzen duen indarkeria sistematikoa gaitzesten duela aldarrikatzen du eta eskualdean ezarririk dagoen gerra dinamikaren biktima nagusia delako, palestinar herriari bere elkartasuna adierazten dio. Horren haritik, palestinarren giza-eskubideen urraketak eten ditzan exijitzen dio Israeli.

2.- Alde biei, nazioarteko konbentzio eta hitzarmenak errespeta ditzaten eskatzen die, indarkeria era guztiak berehala bazter ditzaten, behin betiko bakearen negoziaketarako ezinbestekoa delako.

3.- Israelgo Estatuari, Palestinako Agintaritza Nazionalaren soberaniapeko lurraldeak behin-betiko abandona ditzan eskatzen dio.

4.- Palestinako herriari, bere etorkizuna libreki erabakitzeko, herriratu nahi duten errefuxiatuak itzultzeko eta Estatu propio, burujabe, independente eta demokratikoa ezartzeko aldarrikapenak babesten dituela adierazten du. Gatazka konponbide justu eta iraunkor batetara iristeko oinarrizko baldintza dira: bake akordio sendo eta behin betikoa eta Israeldar estatuarekin batera bi estatu demokratiko, soberano eta bideragarri gisa, elkarbizitza baketsuan eta muga seguru eta aintzat etsien barruan batera existituko duen ondoriozko Palestinar estatu bideragarri bat sortzea.

5.- Gazako Zerrendak bizi duen giza-krisiak sortzen dion kezka larria azpimarratzen du, erasaten dion populazio zibilarekin bat egiten du eta euskal erakundeak, egoera larri hau arintzeko laguntza ematen jarraitzera deitzen ditu, giza talde ahulenen beharrizanei arreta berezia eskainiz."

Mikel Antton Arrizabalagak dio nazioarteko gai hauek eztabaidatzeko foroa ez dela udalaren osoko bilkura eta horregatik abstenitu egingo dela. Alkateari eta Urko Lopetegiri, aldiz, iruditzen zaie gai hauetaz hitz egin behar dela baita udal mailan ere.

Lehenik mozio alternatiboa bozkatu da eta ez da onartu alde bi boto (Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak), abstentzio bat (Mikel Antton Arrizabalagarena) eta zazpi boto kontra izan dituelako ((alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona).

Aldiz, alkateak aurkeztutako mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, , Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona), eta aurkako bi botorekin (Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak) eta abstentzio batekin (Mikel Antton Arrizabalagarena).

Galde eskeak puntura heldu aurretik Mikel Antton Arrizabalagak galdetu dio alkateari berak deialdi egunean erregistratutako mozioari buruz, Legutioko Guardia Zibilaren kuartel etxearen kontrako atentatuari buruzkoa, ea ez al den gaurko bilkuran eztabaidatuko.

Alkateak dio berak ez duela gai zerrendan sartu eta ea nahi duen orain mozioa aurkeztu eta, bilkurak gaiaren urgentzia onartuz gero, eztabaidatuko dela.

Mikel Antton Arrizabalagak esan dio alkateari bere lepotik barrezka ari dela eta kontutan hartuko duela jarrera hori. Dena den mozioa aurkeztu eta haren urgentzia bozkatu behar den idazkariari galdetu dio. Honek ROF delakoaren 97.3 eta 91.4 artikuluak irakurri ditu eta dio urgentzia bozketan onartu beharra dagoela mozioa tratatuko bada.

Mozioaren urgentzia bozkatu da eta ez da onartu alde hiru boto izan direlako (Kepa Garbizu eta Jesus Mari Martiarenarenak eta Mikel Antton Arrizabalagarena) eta zazpi boto kontra izan dituelako ((alkatea eta Irati Aranburu, Jon Legorburu, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi, Jaione Lekuona).

Mikel Antton Arrizabalagak dio kontutan hartuko duela gaur egin diotena eta Iñigo Esnaolak esan dio berak behin baino gehiagotan egin dituela holakoak beraiekin.

17.- Galde-eskeak.

1.- Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du ea EAE-ANV alderdiaren inguruko Garzonen Autoa iritsi den udalera eta iritsi bada haren kopia nahi duela. Idazkariak erantzun dio apirilaren 11n iritsi zela eta pasatzeko kopia ateratzera.

2.- Jesus Mari Martiarenak, alde egin aurretik behar duela eta galdetu dio alkateari ea duen ardura eta jakinda duen formazio akademikoa, ea zergatik ez duen ezer egiten herriko ondarea pintadetatik babesteko.

Alkateak dio bere formazio akademikoan ikasi zuela batzuetan pintadak eta abarrak ondare ere izan daitezkeela eta zentzu horretan kritikatu du aurreko korporazioak urteetan herriko plazan egon diren bi mural kendu izana.

3.- Mikel Antton Arrizabalagak eskatu du bai udaletxearen fatxadatik eta baita Areto Nagusi honetatik pankartak kentzea, alderdi politiko baten egoitza dirudielako denon etxea behar lukeen Udaletxea baino.

4.- Kepa Garbizuk idatziz zenbait galdera erregistratu ditu atzo goizean. Ordenari dagokionez berrienak erantzutetik hastea baino nahiago duela aurreko bilkuran erantzun gabe gelditu zirenak erantzutea.

Iñigo Esnaolak 1.159 sarrera erregistro zenbakia duen galderari buruz, kirol arloko dirulaguntzak eskatu diren galdetzen zuena, dio zor zituen erantzunak eman dizkiola.

Jon Legorburuk, 1.158 sarrera erregistro zenbakia duen galderari buruz dio elizari kanpotik iluminazioa jarriko zaiola herriko jaietan, aste santuan eta gabonetan. Beste dataren bat proposatzen bada aztertuko dutela.

1.157 sarrera erregistro zenbakia duen eskaera, Pysbe auzoko falangearen plaka kentzeko eskaera bete dela, 800 €tako kostearekin.

Alkateak esan du pasako dizkiola euskarari buruz egindako galderen erantzunak, 1.873 sarrera erregistro zenbakia duen idatzian egindakoak.

Beste galderen inguruan, Kepa Garbizuk 1.153 sarrera erregistro zenbakia duen galdera zertan den galdetu du: aurrekontu espedienteen inguruko ziurtagiri bat eskatu zuela eta ez duela jaso erantzunik. Alkateak dio kontu-hartzaileari galdetu ziola eta hark esan omen zion espedientea hor dagoela eta ez omen da ziurtagiri beharrik.

Kepa Garbizuk galdetu du ea zertan den 10. galdera, 1.154 sarrera erregistro zenbakia duen galdera: ea prebarikazio kasurik jarri den fiskalaren esku. Iñigo Esnaolak dio aztertu ziren hamalau espedienteetatik bi daudela abokatuen esku eta ondoren aztertuko dela fiskalarengana jo ala ez.

Gai berarekin segituz Kepa Garbizuk galdetu du ea zertan den berak eskatu zituen auditatutako bost espedienteen kopiak. Alkateak dio bost espedienteek bere eskura dituela eta interesatzen zaizkion kopiak egin ditzakeela, baina ezin dela egin bost espediente horien osoko kopia.

Kepa Garbizuk egindako 11. galderari buruz, 1.152 sarrera erregistro zenbakia duen galderari buruz, gazte planetarako dirulaguntzak, alkateak dio legealdi planean agertzen ez diren asmoetarako ez dela dirulaguntzarik eskatu, plangintzan ez badaude ez dela dirulaguntzarik eskatzen.

Alkateak dio gainontzeko galderak hurrengo ohiko bilkurarako uzten dituela, gogoratuz hurrengo ohiko bilkura urrian izango dela.

Irati Aranburuk erantzun ditu Kepa Garbizuk egindako zenbait galdera. 1.181 sarrera erregistro zenbakia duen galderari buruz dio Agenda XXI ekintza planeko inbertsioak, aparejadoreak errepasatu ondoren, ikusi zela ez zeudela aurtengo udal plangintzan eta, horregatik, ez zela dirulaguntzarik eskatu.

1.870 sarrera erregistro zenbakia duen galderari buruz dio Hiri Hondakinen murrizketarako dirulaguntza eskaera akats batekin bidali eta hura zuzendu omen da, baso birziklagarrientzat eskatu omen zen.

1.875 sarrera erregistro zenbakia duen galderari buruz, irisgarritasunerako dirulaguntzak eskatu diren ala ez, Irati Aranburuk dio hurrengo bilkuran erantzungo duela; gutxienik kiroldegirako eskatu direla.

Irati Aranburuk dio 23. galdera, 1.876 sarrera zenbakia duena gaurko bilkuran erantzun omen dela eta baita Aralar kaleko obrena ere, 1.867 sarrera zenbakia duena.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:00etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna