2009.eko Urriaren 7ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2009ko urriaren 7an, asteazkena, 19:35etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea, Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca eta Roberto Sánchez Sánchez.

Bileran ez da izan Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2009ko ekainaren 10eko ohiko bileraren akta, ekainaren 19ko, uztailaren 3ko eta uztailaren 30eko ezohiko bileren aktak onartzea.

Ekainaren 10eko aktan, gazteleraz idatzitako aktan, Kepa Garbizuk proposatu du zuzentzea 761111 orrialdean, laukiaren ondorengo lehen eta bigaren lerroaldeetan Ogasun batzordeari buruzkoa jasotzen denean behar bezala jasotzea batzordearen gaztelerazko izena: "consejo informativo" dio eta "comisión informativa" esan behar du eta "consejos de hacienda" dio eta "comisión de hacienda" esan behar du. Zuzenketa horiekin akta onartu da.

Ekainaren 19ko aktak, bai euskaraz idatzitakoan eta bai gazteleraz idatzitakoak, bilkurara zinegotzi guztiak etorri zirela dio eta, horrela ez zenez izan, akta zuzentzea eskatu du Kepa Garbizuk. Aktaren onarpena Idazkariak bilkurako oharrak aztertu zain geratu da, hurrengo bilkura baterako. Zuzenketa egin behar bada, beste orri batzuetan inprimituko da zuzendutako akta.

Uztailaren 3ko aktan, Kepa Garbizuk eskatu du 761126 orrian, 2. gaiko, lehen lerroaldeko hirugarren lerroan "plan especial del área Portu" esan ordez "plan especial del área portuaria" esan beharko lukeela. Zuzenketa horrekin akta onartu da. Jesus Mari Martiarenak gogoratu du bilerara etorri zela eta berandu hasi zelako alde egin zuela. Horregatik ez omen du akta sinatuko. Idazkariak ohartarazi dio horrela jasota dagoela aktan.

Uztailaren 30eko akta: Kepa Garbizuk, bileran ez bazen egon ere, eskatu du bilkuran eztabaidatutako bi gaietan bozketa emaitzak jasotzea, ez duelako bi kasuetan aktak ezer esaten. Bilkura hartako idazkari lanetan aritu zen udal langilearekin argituko da kontu hori. Kontua argitu ondoren eta beharrezko zuzenketak egin eta gero, aktaren onarpena hurrengo osoko bilkurarako utzi da.

2.- Papresa, SAUk aurkezturiko hirigintza-hitzarmena onartzeko diktamena (2009H0360003).

Jon Legorburuk eman du diktamenaren berri. Honela dio diktamenak:

"Alkatearen 2009ko abuztuaren 12ko 498 zenbakidun dekretuaren bitartez Papresa, SAUk proposaturiko Hitzarmen Urbanistikoaren eduki osoa Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu eta jendaurrean jartzea erabaki zuen 20 eguneko epean alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Hitzarmen hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2009ko abuztuaren 21an an argitaratu zen eta 20 eguneko Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu

TXOSTENA

Lezoko Udala Planeamenduko Arau Subsidiarioen berrikuspena izapidetzen ari da, Hirigintza Plan Orokor baten idazketaren bitartez.

Horrela, 2009ko ekainaren 10eko osoko bilkuran hartutako akordioaren bitartez Lezoko Udalak, Plan Orokorreko haserako onarpenerako dokumentua idazteko kontuan izan beharreko zehaztapen eta irizpideak onartu zituen.

Papresa, SAUk Lezoko Udalaren aurrean " Lezoko AA.SS 27 zenbakidun Aldaketa, Papresa, SAUren instalazioak handitzeko lur hiritargarri industriala klasifikatzeko eta sailkatzeko " dokumentua aurkeztu ondoren Lezoko Udalak aldaketa hori formulatzea erabaki zuen 2009ko uztailaren 3an buruturiko osoko bilkuran, Plan Orokorrerako onarturiko irizpide eta zehaztapenekin bat datorrelako.

Hitzarmen honen arabera, Lezoko Udalak, udalerrian gauzatzen ari den Plangintzako Arau Subsidiarioen berrazterketaren esparruan, Papresa, SAUren instalazioak handitzeko lur hiritargarri industriala klasifikatzeko eta sailkatzeko AA.SS 27 zenbakidun Aldaketa izapidetuko du hitzarmenean zehazten den baldintzetan eta bestetik Papresa, SAUk Lezoko Udalari hitzarmenean bertan adierazten diren kontzeptuengatik, zehazturiko kopuruak eta adierazitako epeetan ordainduko dizkio.

Bestalde hitzarmen honetan aurreikusten den eraikigarritasunaren gehitzearen %15ko lagapena dirutan egitea proposatzen da. 2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legearen 27.5 artikuluak xedatzen duenarekin bat dator proposamen hau eta gainera legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren 7 atalak aurreikusten duen udal teknikarien balorazio ekonomikoa ere espedientean dago.

Beraz 2/2006 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren 8.garren atalak jasotzen duena kontuan izanik. Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2009ko irailaren 30ean egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren aldeko botoarekin eta Kepa Garbizu eta Roberto Sánchezen abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU

BAT: PAPRESA SAUk instalazioak handitzeko lur hiritargarri industriala klasifikatzeko eta sailkatzeko proposaturiko Hitzarmen Urbanistikoa onartzea.

BI: Alkatea hitzarmen hau izenpetzeko ahalmentzea."

Kepa Garbizuk jendaurrean abuztutik santakrutzera edukitzeak ez dela gardentasunaren eta parte-hartzearen abiapunturik onena. Bere ustetan, egingo ez den proiektu baten aurrean gaude, nahiko oztopo izango dituelako, besteak beste, gaur egun Papresa inguruan, N-1ean kamioiekin izaten diren arazoak larriagotu egingo direlako.

Kepa Garbizuk kontraesanetan erortzea leporatu dio gobernu taldeari, lehen etxebizitzak egiteko ukitu ezina zen eremuan orain industriak egin nahi dituelako eta guztiz kontra datorrelako PTS Agropecuario delakoari gobernu taldeak egindako alegazioekin.

Roberto Sanchezi egokia iruditzen zaio proposamena, eta aipatutako trafiko arazoak ondo konpontzea eskatu du. Dena den, bozketan abstenitu egingo dela esan du.

Alkateak Kepa Garbizuri erantzun dio, jendaurreko epea luzatzeko inongo eragozpenik ez dagoela, inork hala eskatuz gero. Dio proposatutakoak ez diola inguruko baserriko aktibitateari kalte egiten, kontsolidatu baizik, muga bat suposatzen duelako. Jada gaur kamioientzat erabiltzen duen eremua ordenatzen dela dio. Azpimarratu du Papresa enpresa berak eskatuta hasi dela espedientea. Eskualdean gaur egun dagoen enpresa garrantzitsuenetakoa da, kontratazio txukunak egiten dituena eta eskualdeko 300 familiari -tartean lezoar batzuei- lana ematen diena. Gaur egungo egoera ekonomikoan aintzat hartu beharreko eskaera dela dio alkateak.

Jesus Mari Martiarenak dio zergatik ez den jarrera berdina izaten Iberdrola eta beste enpresa batzuekin. Itzal bat dagoela honen atzean eta azalduko dela.

Diktamena bozkatu eta aldeko zazpi boto izan dira, kontrako hiru (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Jesus Mari Martiarena) eta abstentzio bat (Roberto Sanchez).

3.- Lezoko Arau Subsidiarioen 107 Poligonoari dagokion antolakuntza xehatuaren elementuen aldaketa espedienteari behin betiko onarpena emateko diktamena (2009H0310002).

Jon Legorburuk, Hirigintza, obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak eman ditu gaiaren inguruko azalpenak, poligonoko erabiltzaileek eskatu omen dituzte aldaketak. Honela dio Hirigintza Batzordearen diktamenak:

"Lezoko Udalak 2009ko otsailaren 10ko Tokiko Gobernu Batzarrean, 107 Poligonoko Arau Subsidiarioen Antolaketa Xehekatuaren Elementuen aldaketa espedienteari haserako onarpena eman zion.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2009ko martxoaren 2an 40 zenbakidun alean. Prentsa idatzian ere argitaratu zen iragarkia.

Espedientea jendaurrean 20 egunez egon ondoren ez zen alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu.

Laburbilduz Arau Subsidiarioen Antolaketa Xehekatuko elementuen aldaketa honetan proposatzen zen :

1.- 107 poligonoa industria erabilerara xedatua dagoen eremu bat da, Plan Partziala, konpentsazio proiektua eta urbanizazio proiektua onartuak eta exekutatuak dituenak. Beraz egun lur hiritarra bezala sailkatu beharrekoa.

2.- 107 Plan Partzialak antolakuntza xehekatua du xedetzat. Horrela beste gauzen artean, lursailen kalifikazio xehekatua zehazten du. 107 poligonoko Plan Partzialaren bidez onartutako fitxa urbanistikoak desglosatzen ditu Arau Subsidiarioetan interes publikoko eta sozialeko zerbitzuetarako xedatutako 3.133 m² zabalerako lurzorua honako modu honetan:

  • 3 partzela 810 m² azalera duena erabilpen sozialera xedatua eta eraikigarritasuna 1.053 m²(t).
  • 4 partzela 810 m² azalerakoa erabilpen komertzialetara xedatua eta eraikigarritasuna 1.053 m²(t).
  • 5 partzela 1513 m² azalerakoa, kirol erabilpenetara xedatua eta aurreikusi gabeko eraikigarritasunarekin.

Plan Partzialeko Arau Subsidiarioetako 14. artikuluak definitzen ditu erabilpen, domeinu eta eraikuntza baldintzak aipatutako partzeletarako hori zeharo bat datorrelarik partzela bakoitzeko fitxa urbanistiko indibidualetako definizioekin.

Bestalde, Plan Partzialeko Arau Subsidiarioetako 14. artikuluak seinalatzen ditu erabilpen bateragarriak definitutakoekin, hirugarren sektoreko erabilpenen aipamena eginez, lehentasuna erabilpen industrialari emanez.

Dokumentu honen xedea 3 eta 5 partzeletan aurreikusitako erabilpenaren aldaketa egitea da, haietarako behatzen den eraikigarritasuna aldatu gabe. Aurreikusitako erabilpen aldaketa, logikoki, Planeamenduko Arau Subsidiarioetan proiektaturiko fitxa urbanistikoan definitutakoaren barruan bilduko litzateke goian seinalaturiko aldaketaren ondoren interes publiko eta sozialeko zerbitzutara xedatutako lurzoru gisa.

Horrela, 3 partzela merkataritza erabilpenetara xedatuko litzateke gaur egun 4 partzela dagoen bezala eta 5 partzela parking erabilpenera xedatuko litzateke.

Behin betiko onarpenerako aldiz, Udalak egoki deritzo beste aldaketa hauek ere sartzea:

1.- 3, 4 eta 5 partzelen kokapena aldatzea, euren azaleran aldaketarik gabea, Dokumentuaren 2 zenbakidun planoan jasotzen den moduan.

2.- Hirigintza araudian hirugarren sektoreko jardueretara xedaturiko eraikinentzat baldintza espezifikoak garatzea 107 poligonoko Plan Partzialeko VIII. Idazpurua eraikuntzari buruzko ordenantzetako zenbait artikulu osatuz.

AZTERKETA JURIDIKOA

2/2006 legearen bigarren xedapen iragankorra arabera egiturazko antolamendu eta antolamendu xehatuko zehaztapenei buruz lege horretan ezarritako erregulazioa aplikatzekoa izango da, legea indarrean sartzen denetik aurrera, hau da 2006ko irailaren 20a, indarrean dauden arau eta planetarako.

Horrela aipatu legearen 53 eta 56 artikuluek xedatzen dute egiturazko antolaketa eta antolaketa urbanistiko xehekatua.

Aurkeztu den Antolaketa xehatuaren moldaketan, aldatzen diren zehaztapenak, hau da, tokiko ekipamendurako lursailaren erabilera 56.1 artikuluaren a) ataletan txertatu daiteke, partzelen kokapen aldaketa 56. 1 k) artikuluan eta eraikitze ordenantzen aldaketa 56. 1 g) artiluluan. Bestalde 57 artikuluak tokiko sistemen zuzkidura-sarea jasotzen du eta artikulu honetan xedatzen dena kontuan izanik bertan definitzen ditu sare hori integratzen duten elementuak. Horrela beraz, Planeamendu Arautegiaren tokiko sistemetarako estandar hertsiak aldaturik suertatu dira 2/2006 Legekoaren bidez, aurrekoak baino aukera gehiago behatzen dituelarik.

Bestalde kontuan eduki beharrekoa da, arestian adierazi bezala, ezen, 107 poligonoaren urbanizazioa exekutatu delarik, gaur egun lurzoru hiritar kontsolidatu baten aurrean aurkitzen garela, eta beraz aldaketaren xedeak erabilpenaren aldaketa dakarrela, dotatze xedearen barruan, lurzoru hiritarraren bi partzelatan.

Aldaketa puntualaren xede izango lirateke, beraz, Plan Partzialaren fitxa urbanistikoak 3 partzelari eta 5 partzelari dagozkienak, eta era berean aipatutako Planaren arautegi urbanistikoaren 13 eta 14 artikuluak.

3, 4 eta 5 partzelen kokapena aldatzea, euren azaleran aldaketarik gabea, Dokumentuaren 2 zenbakidun planoan jasotzen den moduan eta azkenik Hirigintza araudian hirugarren sektoreko jardueretara xedaturiko eraikinentzat baldintza espezifikoak garatzea 107 poligonoko Plan Partzialeko VIII. Idazpurua eraikuntzari buruzko ordenantzetako zenbait artikulu osatuz.

Bestalde dokumentuaren izapidetzeari dagokionean 2/2006 legearen 95, 96 eta 97 artikuluen eta 105/2008 Dekretuko 30 artikuluak xedatzen dutenaren arabera haserako onarpena eman ondoren eta jendaurreko epea pasa ostean behin betiko onarpena udalari dagokio.

Hori ikusirik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2009ko irailaren 30ean egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren aldeko botoarekin eta Kepa Garbizu eta Roberto Sánchezen abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU

BAT: Lezoko Arau Subsidiarioen 107 Poligonoari dagokion antolakuntza xehatuaren elementuen aldaketa espedienteari behin betiko onarpena ematea.

BI: Akordio hau eta aldaketaren ondorioz onarturiko hirigintza araudi berriaren testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

HIRU: Akordio hau prentsa idatzian argitaratzea.

LAU: Akordio hau Plan Orokorra idazten ari den lan taldeari jakinaraztea."

Kepa Garbizuk dio ez dutela eragozpenik diktamena onartzeko. Poligonoko kaleen izenak ez direlako azaltzen kexatu da, Makurren kalea dela gogoratuz. Diktamena euskara hutsean jaso delako ere kexatu da.

Diktamena onartzearen alde zazpi boto izan dira, aurkako botorik ez eta lau abstentzio (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Roberto Sánchez). Beraz, osoko bilkura osatzen duten zinegotzien gehiengoaren aldeko botoarekin onartu da Arau Aldaketa.

Irati Aranburuk eta Urko Lopetegik alkateari adierazi diote bilkuratik alde egingo dutela eta hala egin dute.

Jesus Mari Martiarena ere gai zerrendako 4. gaia eztabaidatu eta bozkatu bitarte ere bilkuratik alde egingo duela azaldu dio alkateari. Honek ere bilkuratik alde egin du.

4.- 6. poligonoko Eraberritze Urbanistikoaren Plan Bereziaren Testu bateratuaren behin betiko onarpena emateko diktamena (2008H0400002).

Jon Legorburuk, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du gaia. Aspaldiko arazoari irtenbidea emango dion plana dela dio: baserrietarako bidea egingo delako, poligono barreneko urbanizazioaren erregulazioa egingo delako eta jarduera industriala kontrolpean izango delako.

Honela dio diktamenak:

"Lezoko Udalak, 2008ko irailaren 9ko Tokiko Gobernu Batzarraren ebazpenaren bidez, hauxe erabaki zuen: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen 6. Industrialdeko Eraberritze Urbanistikoaren Plan Bereziari hasierako onarpena ematea.

Erabaki horren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2008ko irailaren 16an, 177 zenbakidun alean, eta baita prentsa idatzian ere. Bestalde, Plan Bereziaren testua eta dokumentazio grafikoa Lezoko web orrian argitaratu ziren.

Jendaurreko epean hiru alegazio aurkeztu ziren, hain zuzen ere, Iñigo Arruti Narbaizak, Transportes Tic, S.A.ren izenean, Josu Pikabea Lertxundik, Lezoko Ekologia Taldearen izenean, eta Ralf Michael Marenkek aurkeztutakoak.

Era berean, hasierako onarpena jaso zuen Plan Bereziaren kopia digitalizatua bidali zen Eusko Jaurlaritzako Ur Agentziara eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamentura.

Azken honek aldeko txostena egin zuen eta Ur Agentziak, aldiz, aurkakoa.

Beraz, eta Ur Agentziak idatzitako txostenaren edukia kontuan hartuta, aldaketa batzuk egin ziren hasierako onarpena jaso zuen Plan Berezian.

Erabakia jendaurrean egon zen bitartean, bilera bat egin zen 6. Industrialdeko hainbat jabe eta kalteturekin, hau da, baserri mugakideetako bizilagunekin. Bilera hori 2008ko urriaren 27an egin zen Lezoko Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan, eta Plan Bereziaren nondik norakoak azaldu ziren.

Lezoko Udalak, 2009ko apirilaren 27ko D09/00316 zenbakidun alkatetza-dekretuaren bidez, hauxe erabaki zuen: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen 6. Industrialdeko Eraberritze Urbanistikoaren Plan Bereziaren Testu Bateginari hasierako onarpena ematea eta Plan Bereziaren Testu Bategina, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta zabalpen handieneko egunkarian edo egunkarietan argitaratu ondoren, jendaurrean berriro jartzea 20 egunetan, interesa zuten pertsona guztiek aztertzeko eta egokitzat jotzen zituzten alegazio guztiak aurkeztu ahal izateko.

Erabaki hori 2009ko maiatzaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 82. zenbakidun alean, eta prentsa idatzian argitaratu zen, eta jendaurreko epean bi alegazio aurkeztu ziren, hain zuzen ere, Josu Pikabea Lertxundik, Lezoko Ekologia Taldearen izenean, eta Iñigo Arruti Narbaizak, Transportes Tic, S.A.ren izenean, aurkeztutakoak.

Narbaizak informazio epea zabaltzea eskatu zuen. Lezoko Udalak, 2009ko maiatzaren 25eko 364/09 zenbakidun alkatetza-dekretuaren bidez, eskaera onartu eta 2009ko ekainaren 19ra arte luzatu zuen aipatutako epea. Erabaki hori 2009ko ekainaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 100. zenbakidun alean argitaratu zen.

Halaber, Lezoko Udalak, 2009ko ekainaren 18ko 414/09 zenbakidun Alkatetza Dekretuaren bidez, Plan Bereziaren jendaurreko epea 2009ko uztailaren 17ra arte berriro luzatzea erabaki zuen.

Esan beharra dago, jendaurreko epearen bi luzapen horiek, Lezoko Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan udal ordezkari tekniko eta politikoen eta 6. industrialdeko jabe gehienen, hau da, Transportes Tic, S.A.ren artean egindako bileren ondorio direla.

2009ko uztailaren 17an, Transportes Tic, S.A.k 6. Industrialdeko Eraberritze Urbanistikoaren Plan Bereziaren Testu Bategina ordenatzeko proposamen alternatibo bat aurkeztu zion Lezoko Udalari.

Luciano Pagaegik, garai hartan Eraberritze Urbanistikoaren Plan Bereziaren eta Testu Bateginaren idazleak, ingurumen aholkularitzak eta Lezoko Udaleko Hirigintzako Teknikariak aipatutako proposamenari buruzko txostena egin dute.

Txosten horien edukia eta 2/2006 Legearen 85., 97. eta 95. artikuluak kontuan hartuta, Alkatetzak uztailak 29ko 478/09 Dekretuaren bitartez, besteak beste, erabaki zuen:

"LEHENA: Transportes Tic, S.A.k aurkeztutako alegazioa aintzat hartzea, hiri antolamendu berrian oinarrituta, eta betiere honako baldintza hauek kontuan hartuta:

1.- Aurreikusitako Sistema Lokalek 2/2006 Legearen 79. artikuluak -Lege horren beraren 57. artikuluarekin eta Premiazko Neurriei buruzko 105/2008 Dekretuaren 17. artikuluarekin lotuta dago- ezarritako gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte.

2.- 6. Industrialdeko Eraberritze Urbanistikoaren Plan Berezian kontuan hartuko dira Ekogarapen, S.L. ingurumenari buruzko aholkularitza enpresak Lezoko Udalaren eskariz egindako txostenean proposatutako neurri zuzentzaileak, ikatza eta txatarra edo antzekoak biltzeari dagokionez.

3.- Emandako baimenak atzera bota izanagatiko kalte ordainak jasotzeko eta lagatako lursailak itzuliak izateko eskubideak Plan Bereziaren zehaztapenetatik kanpo daude, eta beste bide administratibo batzuetan ebatzi beharko dira.

4.- Industrialdearen urbanizazioaren ebaluazio ekonomikoa urbanizazio berriaren ondorioz sortuko diren eremu publiko berrietara egokitu beharko da.

5.- Jarduketa Sistema Hirigintzako Jarduketa Programan definitu beharko da.

6.- Urbanizazio pribatua eta industria lursail pribatu ez-eraikigarria mantentzea jabearen ardura izango da; antolamendu berriaren ondorioz sortuko diren jabetza publikoko lursailak, berriz, Lezoko Udalak mantendu beharko ditu.

7.- Hala Plan Bereziaren Testu Bateginean nola alegazioan aurkeztutako ordezko antolamenduan aurreikusitako bidearen ipar-mendebaldeko mugaren inguruko trazatua aldatu egingo da; horrenbestez, bidea Transportes Tic, S.A.k duen putzu edo urmaelaren ondotik joango da, eta ez industrialdearen mugatik.

8.- "Bide-alde" etxea eta hari atxikitako lursaila jarduketa isolatutzat hartuko da.

BIGARRENA: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen 6. Industrialdeko Eraberritze Urbanistikoaren Plan Bereziaren Testu Bategina berriz ere onartzea, aintzat hartutako alegazioaren aldaketak eta goian adierazitako baldintzak kontuan hartuta. Hala, aldaketa eta baldintza horiek bertan behera utzi eta ordezkatu egingo dituzte haiekin kontraesanean dauden 6. Industrialdeko Eraberritze Urbanistikoaren Plan Bereziaren Testu Bateginaren edukiak."

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2009ko abuztuaren 7ko 147 zenbakidun alean. Prentsa idatzian ere argitaratu zen akordio hau, eta Planaren edukia Lezoko Udalak duen Web orrian ere ikusgai egon da. Plan Bereziaren Testu Bategina, goian azaldutako aldaketak eta baldintzak behin ezarrita, jendaurrean egon da 20 egunetan, interesa duten pertsona guztiek aztertzeko eta egokitzat jotzen dituzten alegazio guztiak aurkezteko aukera izan zezaten.

Horrela jendaurrean egon den epean bi alegazio aurkeztu dira, biak Transportes Tic, SAUren izenean aurkeztuak, bata abuztuaren 19an eta bestea 31an.

Abuztuaren 19an aurkezturiko alegazioan, Transportes Tic, SAUk eskatzen du, Lezoko gainontzeko industri poligonoetan bezala, plan bereziak aurreikusten dituen 15.395 m² eraikigarrietan, eraikitako azaleraren %30 okupazioa izango duten solairuartekoak egiteko aukera izatea.

Eskatzen dutena jada aurreikusita dago onartu eta jendaurrean jarritako Plan Bereziaren azken testu bateginean, beraz alegazioa onartzea proposatzen da.

Abuztuaren 31ean aurkezturiko alegazioa, onarturiko Plan Bereziaren azken testu bateginari jarri zitzaizkion ingurumen alorreko baldintzei buruzkoa da. Alegazio honi Lezoko Udaleko ingurumen aholkulariak eginiko txostenean adierazten dena aintzat hartu beharko litzateke.

Beraz, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2009ko irailaren 30ean egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren aldeko botoarekin eta Kepa Garbizu eta Roberto Sánchezen abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU

BAT: 6. Industrialdeko Eraberritze Urbanistikoaren Plan Bereziaren Testu behin betiko onarpena ematea, ondorengo baldintzekin:

1.- Transportes Tic, SAUk, abuztuaren 19an aurkezturiko alegazioa onartzea.

2.- Transportes Tic, SAUk, abuztuaren 31 aurkeztu duen alegazioa onartzea, Lezoko Udaleko Ingurumen Aholkulariak idatziriko txostenean jasotzen diren baldintzekin. Baldintza hauek 6. Industrialdeko Eraberritze Urbanistikoaren Plan Bereziaren testuan txertatuko dira.

BI: Akordio hau eta Plan Bereziaren Hirigintza Araudiaren testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

HIRU: Akordio hau prentsa idatzian argitaratzea.

LAU: Akordio hau Plan Orokorra idazten ari den lan taldeari jakinaraztea."

Kepa Garbizuk dio aurrerapauso inportante eta txalotzekoa dela. Dena den, akats batzuk badituela, ez delako bateragarria idazten ari den hirigintza plan orokorrarekin eta ez datorrelako guztiz bat onartutako hitzarmen testuarekin. Dena den, alde bozkatuko dutela dio.

Roberto Sanchezek dio ez duela bat egiten ez proposamenaren helburuekin, ez prozedurarekin ezta azaltzeko moduarekin ere. Bere ustetan, benetako aukera Algeposa hortik kentzean datza eta, ez plan honek egingo duen moduan, bertan egonkortzean. Dio gobernu taldeak ez duela inolako estrategiarik gai honetan. Jon Legorbururen iritziz, ezjakintasunetik egindako kritika izan da hori.

Alkateak dio proposamena bateragarria dela idazten ari diren plan orokorrarekin, ez duelako oztopatzen han aurreikusitako etxebizitzak eraikitzeko esparrua.

Gaiaren inguruan eztabaida izan ondoren, bozkatu egin da diktamena eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin eta aurkako boto batekin (Roberto Sanchez).

Hurrengo gaiarekin hasi baino lehen, Jesus Mari Martiarena zinegotzia sartu da berriz bilerara.

5.- Kirol, kultura eta gazteria zinegotzi delegatuaren dedikazio partziala aldatzeko diktamena (2009PE100005).

5.- Kirol, kultura eta gazteria zinegotzi delegatuaren dedikazio partziala aldatzeko diktamena (2009PE100005).

 

Alkateak azaldu du gaia. Honela dio Barne Batzordean onartutako diktamenak:

"Udal Osoko Bilkurak 2009ko ekainaren 19an egindako bilkuran, Kirol, Kultura eta Gazteria Delegatua den Iñigo Esnaola Arbizaren egun erdiko dedikazio partziala onartu zuen.

2009ko irailaren 16an, Iñigo Esnaola Arbizak, egun duen dedikazioa eta lan jarduna %23ra jaistea eskatu du. Lan jardunaren murrizketa 2009ko irailaren 16an sartuko litzateke indarrean eta 2010eko apirilaren 30a bitarte iraungo luke, berriro ere 2010eko maiatzaren 1ean egun indarrean duen lan dedikaziora itzuliz, hau da %50era.

Barne Batzordeak, 2009/09/30an egindako bileran, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen botoa alde dela eta Roberto Sánchezen abstentzioarekin, hurrengo akordioa diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Ontzat hartzea, Kirola, Kultura eta Gazteria zinegotzia den, Iñigo Esnaola Arbizaren dedikazioa eta lan jardunaren murrizketa. Lan jardunaren murrizketa 2009ko irailaren 16an sartuko litzateke indarrean eta egin beharreko lanaldia %23koa izango da.

Aipatu dedikazio murrizketa 2010eko apirilaren 30a bitarte iraungo luke, berriro ere 2010eko maiatzaren 1etik aurrera egun duen %50era itzuliz.

BI: Akordio honen berri ematea interesatuei.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Bozkatu eta diktamena onartu egin da: bost boto izan ditu aldeko eta lau abstentzio (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Iñigo Esnaola).

6.- 2009ko aurrekontua aldatzeko diktamena: Transferentziak 030007/2009 espedientea. (2009KO020004).

Alkateak azaldu du gaia. Honela dio Ogasun Batzordean onartutako diktamenak:

"Kreditu Aldaketaren espedientea egiten ari denez, 2009ko aurrekontuko gastuen aurrekontuko partiden arteko kreditu transferentziaz, 2009ko irailaren 7ko D09/00550 dekretuaren bidez hasia, Kontuetako eta Ogasun batzordeak, 2009ko irailaren 30ean egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu, Iñigo Esnaola eta Roberto Sánchez zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Kreditu Aldaketarako espedientea onartzea, gastuen aurrekontu partida batzuen artean kreditu-transferentziarengatik identifikazio zk. 30007/2009, 2009-09-07koa eta zenbatekoa 11.025€."

Diktamena onartu egin da aldeko sei boto eta hiru abstentzio (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Jesus Mari Martiarena).

7.- 2008ko kontu orokorraren behin betiko onespena emateko diktamena (2009KO080001).

Alkateak Ogasun batzordearen diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Kontu eta Ogasuneko batzordearen lehendakariak eman du 2008ko Kontu Orokorraren espedientearen berri.

Espediente hori jendearen ezagutzarako ipinirik egon da araututako epean, eta inolako erreklamaziorik ez da haren aurka aurkeztu.

Beraz, kontu batzordeak espedientearen aldeko informea eman du hura behin-betiko onartzeko."

Diktamena onartu egin da: alde zortzi boto izan dira eta abstentzio bat (Roberto Sánchez).

8.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta delegatuen txostenak.

Alkateak Oarsoaldea Garapen Agentziak abiatu berri duen Plan Estrategikoa burutzeko proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Jon Legorburuk egingo diren zenbait lanen berri eman du: Jaizkibel hiribideko autobus geltoki ingurua txukundu egingo da, Karlos Saldiseko plazako obrak azaroa bukaerako bukatuko dira, Guillermo de Lazon kalekoak azaroaren erdirako; eguneko zentroko lanak gaur hasi dira; Postetxea txukuntzeko lanak ere hasi dira eta abendu erdirako zerbitzua berriz martxan izango da, bi urtez itxita egon ondoren; Hirigintza plan orokorra abendurako egongo da prest.

Alkateak udal aurrekontuko kreditu aldaketa batzuen berri eman du (2009ko finantza eta aurrekontuan arloko informazioa, 2009KO01001, 2009KO01002, 2009KO09005, 2009KO09006, 2009KO09007 eta 2009KO09008). Halaber alkateak Gizarte Zerbitzuetako batzordeak irailaren 9an egin zuen bileraren berri eman du: alde batetik, bi langile berriren aurkezpena egin zen, gizarte zerbitzuetako arduradun berriarena, Olatz Alberdi eta gizarte langile berriarena, Eneritz Beloki. Eta bestaldetik, berdintasun plana egiteko asmoaren xehetasunak azaldu ziren.

Euskara gaiei dagokienez, alkateak dio herritarren partaidetzarako batzordeak jada 4. bilera egin duela eta Lezoko Euskara Biziberritze Plana abenduko plenorako aurkeztuko dela.

Iñigo Esnaolak dio Musika Eskolako Barne Araudia ari direla lantzen eta, ahal bada, abenduko bilkurarako aurkeztuko dela. Kirol arloan herritarren parte-hartzea bultzatu nahian, kirol eguna prestatzen ari direla abendurako; eta kiroldegia eta igerilekuak kudeatzen dituen Serviocio enpresak udalean aurkeztu dituen kontu auditatuen berri eman du. Kulturan, gabon inguruko ekitaldi eta festak prestatzen ari direla dio, Elias Salaberria lehiaketaren historiaren inguruko liburua idazteko, jai batzordearen funtzionamendu araudia zehazteko eta Mañontzi bertso eskola indartzeko ahaleginean dabiltzala ere.

9.- Galde-eskeak.

1.- Alkateak Kepa Garbizuk eginak dituen galderetako batzuen erantzunak idatziz pasa dizkio. Kepa Garbizuk dio eginda dituen galderetatik gutxi batzuen erantzuna jaso duela baina, hala ere, eskertu egin ditu.

2.- Jesus Mari Martiarenak galdetu du itzultzailea baja dagoenetik itzulpenak nola egiten diren eta hala egiteko diru kontsignaziorik badagoen udal aurrekontuetan.

Alkateak dio euskara dinamizatzaile eta kanpoko enpresa baten bidez egiten direla, eta euskara zerbitzua aztertzen ari dela nola segi lan hauekin.

3.- Kepa Garbizuk dio korporazioari ez zaiola informaziorik eman udal organoetan izan diren aldaketen inguruan.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:00etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 761.150.etik 761.161.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna