2009.eko Urriaren 28ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2009ko urriaren 28an, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea, Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, Maria Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez dira bileran izan Irati Aranburu Salaberria, Jesus Maria Martiarena Jaca eta Roberto Sánchez Sánchez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- S-1 sektoreko C-1 lursailaren azalera eskubidearen prezioaren ordainketa atzeratzeko proposamena (2009H0380003).

Jon Legorburuk, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak, proposamenaren berri eman du. Honela dio proposamenak:

"Sukia Eraikuntzak, S.A.k, hain zuzen ere udalaren jabegokoa den S-1 sektoreko C-1 lursailaren azalera eskubidearen esleipendunak, idatzi bat sartu du ondoren zehazten den eskariarekin:

Adierazikato lursailaren azalera eskubidea besterentzeko kontratazio prozedura arautzen duen baldintza agiriaren arabera, kontratuaren behin betiko esleipena jakinarazi ondoren, esleipendunak hilabeteko epean kontratuaren prezioaren %50 eta BEZ osoa ordaindu behar du eta gainontzeko %50a eskriturak egiterakoan. Baldintza agiriak ez du agintzen eskriturak egiteko eperik.

Horrela kontratuaren behin betiko esleipena irailaren 29an jakinarazi zenez, adierazitako lehen ordainketa, hau da, prezioaren %50a eta BEZ osoa azaroaren 1a baino lehen ordaindu behar da.

Sukia Eraikuntzak, S.A.k, proposatzen du ordainketa guztia abenduaren 3ra atzeratzera, azalera eskubidearen eskriturak egun horretan bertan izenpetuz, S-1 Sektoreko C-1 lursaila oraindik egokitzeko dagoelako eta, abenduak 3 arte gutxienez ezingo dutelako eraikuntza lanekin hasi.

Balintza agirian adierazten den ordainketa modua eta epeak Udalak zehazturikoak dira, horrela aukeratu duelako, ez baitago ordainketa modu eta epe hoietara behartzen duen lege edo araurik. Beraz Udalari dagokio ordainketa modu edo epeak aldatzea.

Kasu honetan Kontratazio Organoa Osoko Bilkura denez, bertan onartu behar da proposatzen den baldintza agiriaren aldaketa.

Beraz, Hirigintza, Ingurumena, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak proposaturik, Osoko Bilkurak honako erabakiak hartu ditu:

BAT: Sukia Eraikuntzak, S.A.k egindako eskaera onartzea eta S-1 sektoreko C-1 lursailaren azalera eskubidearen prezioaren ordainketa osoa 2009ko abenduaren 3a arte atzeratzea.

BI: C-1 Lursailaren azalera eskubidearen besterentzearen gaineko eskritura izenpetzeko eguna abenduaren 3a jartzea.

HIRU: S-1 sektoreko C-1 lursailaren azalera eskubidearen esleipena kontratuaren aldaketa honekin izenpetzea.

LAU: Akordio gauzatzeko beharrezkoak diren dokumentuak izenpetzeko Lezoko Alkatea ahalmentzea."

Kepa Garbizuren ustez proposamena ezin da onartu. Onartzeak egindako lehiaketa zalantzapean jarriko luke ordainketa baldintzak aldatzen direlako eta, agian, baldintza berri hauetan lehiatzaile gehiago izan zitezkeelako.

Iñigo Esnaolak argitu du, udalak lur eremu hori urbanizatua entregatzeko konpromisoa zuela eta urbanizazio lan horiek atzeratu egin direla. Horregatik proposatu dute eskaera hau onartzea.

Proposamena bozkatu egin da, baina haren urgentzia bozkatu eta onartu gabe zegoenez, batetik, urgentzia bozkatu da eta, bestetik, proposamena berriz bozkatu da.

Proposamena batzordean aztertu eta bozkatu gabe dagoenez, gaurko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko, aurrez, haren urgentzia onartu behar da. Proposamenaren urgentzia onartu egin da aldeko sei botorekin, aurkako birekin (Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa) eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga).

Behin urgentzia onartuta, proposamena bera bozkatu da eta onartu egin da aldeko sei botorekin eta aurkako hirurekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

2.- 2010eko ordenantza fiskalak onartzeko diktamena (2009KO290004).

Alkateak gogoratu du bi Ogasun Batzorde egin direla gai horrekin, lehena informatzeko eta bigarrena diktaminatzeko. Proposatutakoaren nondik norakoen berri eman du alkateak: orokorrean ez omen dago igoera nabarmenik, zabor tasetan eta Bekoerrota kiroldegiko prezioetan izan ezik; lehenengoan %15eko igoera proposatzen da, eta bigarrenean, %2koa. Ogasun Batzordeak emandako diktamena onartzea eskatu dio bilkurari. Honela dio diktamenak:

"Alkateak azaldu ditu 2009. urterako ordenantza fiskalak eratzeko erabilitako irizpideak, ikerketa ekonomikoen eta kontu-hartzailetzaren informeetan oinarriturik, eta hura eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun Batzordeak Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaola zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin ondorengo proposamen hau diktaminatu du udalbatzak osoko bilkuran onartzeko:

BAT: Hasierako onarpena ematea ondorengo Ordenantza Fiskal hauen aldaketari:

  • 2010ko egutegi fiskala
  • 6.4 Jabari publikoaren erabilpen pribatiboak jaietan
  • 6-5 Udal lokalak erabiltzearen tasa
  • 7-1 Ura
  • 7-2. Estolderia
  • 7-3 Zaborra
  • 7-4 Herriko Kanposantua
  • 7-11 Bekoerrota kiroldegia eta Altzate piszinak
  • 7-12 Futbol Zelaia
  • 7-13 Udalekuak
  • 7-14 Ludoteka Zerbitzua
  • 7-15 Kuadrilategi Egitasmoa
  • 7-16 Material Kulturala
  • 7-17 Festetako Edalontziak
  • 7-18 Udal Langileen lan orduak.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Kepa Garbizuk eskatu du ordenantza fiskal bakoitza banan-banan aztertu eta bozkatzea. Alkateak onartu du proposamena. Ondorioz, diktameneko atal bakoitza aztertu eta bozkatuko da.

  • 2010eko egutegi fiskala

Eztabaidarik gabe, aho batez onartu da.

  • 6.4 Jabari publikoaren erabilpen pribatiboak jaietan

Kepa Garbizuk dio akaso festetako atrakzioak jartzeko prezio hauekin baino gehiago lortuko zela lehiaketa deituaz. Jon Legorburuk dio prezioa igoz gero, agian ez zela atrakziorik etorriko.

Bozkatu eta aho batez onartu da batzordeak proposatutakoa.

  • 6-5 Udal lokalak erabiltzearen tasa

Kepa Garbizuk dio kasu batzuetarako jaitsiera nabarmena proposatzen dela, orain dela hiru urteko preziotara bueltatuz, inolako justifikaziorik eman gabe. Iñigo Esnaolak dio egindako azterketaren ondorio direla proposatutakoak.

Bozkatu eta aho batez onartu da batzordeak proposatutakoa.

Kepa Garbizuk eskatu du ezkontzak sortzen duten narraskeria konpondu behar dela.

  • 7-1 Ura eta 7-2. Estolderia

Ur-kontsumoa aurreko prezioetan mantendu da eta neurgailuen mantentze prezioak igo.

Proposamenaren alde zortzi boto izan dira eta abstentzio bat (Mikel Antxon Arrizabalaga).

  • 7-3 Zaborra

Zerbitzua gero eta defizitarioagoa dela-eta proposatu da %15aren igoera.

Proposamenaren alde zortzi boto izan dira eta abstentzio bat (Mikel Antxon Arrizabalaga).

  • 7-11 Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekuak

Kepa Garbizu kexu da kiroldegiko kudeaketarekin, ilunkeria eta sekretismoa daudela dio. Dio kiroldegia kudeatzen duen enpresak ez duela urtero aurkeztu behar duen kontu zuriketa aurkezten, salbuespenez aurten entregatutakoak ez duela ezer argitzen dio. Dio udalean ez dakiela inork nola diren kiroldegiko kontuak, ez alkateak, ez kontu-hartzaileak, ez beste inork. Baldintza agiria irakurri gabe luzatu omen zitzaien kontratua eta haien arabera ezin omen da KPIa baino igoera altuagorik egin prezioetan. Ondorioz, orain proposatzen dena, hau da, %2a, KPIa baino altuagoa da, eta beraz, pleguen kontrakoa omen da.

Iñigo Esnaolak erantzun dio berak, Kepa Garbizu, alkate izan den lau urtetan, ez duela ezer ere egin kiroldegiko kudeaketaren inguruan. Aldiz, legealdi honetan kontratuaren jarraipen mahaia osatu da. Oposizioko taldeak nahiz eta gonbidatuak egon, ez dira bilerara azaldu. Mahai horretan kontuak aurkeztu dira eta aurkeztu berriak dira bilera hartan kontu-hartzaileak eskatutako kontu ikuskatuak. Beraz, gehiago beharko badira ere inoiz eman ez diren pausoak ematen ari direla gai honetan dio Iñigo Esnaolak.

Igoera, plegua eta KPIaren kontuarekin alkateak dio begiratuko dela eta aldaketak egin behar badira egingo direla, horretarako ordenantzen jendaurreko epea aprobetxatuz.

Prezio aldaketa proposamena bozkatu eta onartu egin da aldeko sei botorekin, aurkako bi botorekin (Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa) eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga).

  • 7-12 Futbol zelaia

Ez da aldaketarik proposatzen.

  • 7-13 Udalekuak, 7-14 Ludoteka zerbitzua eta 7-15 Kuadrilategi egitasmoa

Kepa Garbizuk salatu du ludotekan ez direla aplikatu plenoak iaz onartutako prezioak beste norbaitek erabaki omen du hori.

Iñigo Esnaolak dio akats bat egon dela, iaz doan izan zela ludoteka eta 40 haurrek erabili zutela eta aurten 7 haur bakarrik dabiltzala. Ludoteka zerbitzu bera aztertu behar dela dio.

Bozkatu eta onartu egin da aldeko sei botorekin, aurkako bi botorekin (Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa) eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga).

  • 7-16 Material kulturala

Bozkatu eta aho batez onartu da batzordeak proposatutakoa.

  • 7-17 Festetako edalontziak

Iñigo Esnaolak dio udalak tabernarien esku uzten dituen eta galtzen diren edalontzi birziklagarrien prezioa dela hori, eta gaineratu du tabernariek beraiek kudeatu beharko luketela gai hori.

Bozkatu eta onartu egin da aldeko sei botorekin eta hiru abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

  • 7-18 Udal langileen lan orduak.

Proposamenaren alde zortzi boto izan dira eta abstentzio bat (Mikel Antxon Arrizabalaga).

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:15etan eman dio amaiera bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 828.348.tik 828.352.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna