15 de Mayo de 1997

    Tipo de documento
    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko maiatzaren hamabosta. Arratseko 9etan hasi du Udalak OSOKO BILKURA OHIZ KANPORAKOA ETA PREMIAZKOA, 7etarako jarrita zegoen Bilkura Ohiz Kanporakoa bukatu eta gero, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenbiziko deialdian Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkate eta Udalbatzako lehendakaria) eta beste zinegotzi hauek bildu dira: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia, Pello Garbizu Azkue, José Mª Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris eta Mirari Recalde González.

    Jesús Mª Martiarena Jaka kanpoan da eta ez da bilkurara etorri, eta Iñake Urrestarazu Azurmendik ere joan beharra izan du aurreko bilkura bukatu eta gero.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza, eta Pello Goikoetxea Agirrek interpretaritza.

    1.- SAIOAREN PREMIAZKOTASUNA BERRESTEA.

    Saioaren premiazkotasuna berresteko botazioa egin eta berrestea erabaki dute: alkateak (Mikel Arrizabalaga Pikabeak) eta HBko gainerako zinegotziek (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxeak, Jose Luis Ruiz Navarrok, Juana Mª Salaberria Lizarazuk, Maixabel Unzain Zapiainek, Rafael Salaberria Etxezurietak eta Agustina Pontesta Garmendiak) baiezkoa eman dute; EAkoak (Mirari Recalde Gonzálezek) eta PSE/PSOEkoek ezezkoa (José Mª Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Pirisek); eta EAJkoa (Pello Garbizu Azkue) astenitu egin da.

    2.- PROPOSAMENA. IRADOKIZUNAK, DONOSTIALDEA-BIDASOA BEHEKO EREMU FUNTZIONALAREN GAINEKO LURRALDE PLAN PARTZIALAREN ABANTZEARI BURUZKOAK.

    Lehenbizi, proposamena aurkeztu eta defendatu du alkateak. Hona proposamena:

    “Iradokizunak egiteko jarrita egon den dokumentua, hau da, Donostialdea-Bidasoa Beheko Lurralde Plan Partzialaren Abantzea, xehe eta mehe aztertu ondoren aurkeztutakoa da, bai inguru fisikoa, bai sistema urbanoa, bai ezaugarri sozio-ekonomikoak eta baita komunikabideak ere (bideak eta trenbideak) ondo aztertu ondoren egina; eta gero, enfoke eta orientabide metodologiko jakin bat aplikatu zaio, dokumentuaren II. Kapitutuluan heldu den metodologia, hain zuzen.

    Alabaina, beste talde bat eratu denez, OINARRI METODOLOGIKO BERRIAK hartu eta Donostialdea-Bidasoa Beheko Eremu Funtzionalaren gaineko Lurralde Plan Partzial berria egiteko agindua duena, pentsatzekoa da beste ondorio batzuk behintzat aterako dituztela, guztiz beste alderakoak ez badira ere. Horrela, bada, guri iruditzen zaiguna da serietate falta handia dela, nonahitik begiratzen zaiola ere, eztabaida publikoa egiteko etapa “erre” nahi izatea, hala baita Abantze hori balekotzat aurkeztea, are gehiago garbi ez dakigula zer dokumentu klase ekarriko duen metodologia berri horrek. Gainera, badakigu aurkeztutako dokumentua izar uxoa bailitzan pasa dela Udaletatik eta gizartetik. Gure IRADOKIZUNA, beraz, Donostialdea-Bidasoa Beheko Lurralde Plan Partzialaren Abantzea artxibatzea da, eta beste bat egitea berria, idazteko orduan bai erakundeek eta bai gizarteak eztabaida egiteko eta parte hartzeko aukera izan dezaten zinez eta benaz, eta jendaurrera aterata eduki dadin ondoren.

    Alde hori garbi uzten dute DOTek (Ikus 22. kapitulua, Erabiltzeko moduko arauei buruzkoa); izan ere, han jartzen du “aurrena oinarriak egin behar dira, Lurralde Plan Partzialak zer eduki izan behar duen jakiteko bidea izateko”.

    Horrela, bada, oinarri metodologiko berriak eginez gero, lojikoena eta koherenteena horien araberako Abantzea egitea da, eta ez seguruenera ondorio batzuk erabat zaharkituta izango dituen dokumentua “aztertzea”.

    Metodologi Oinarri BERRIetako A puntuan, gainera -Hasierako Oinarrietan, alegia-, gauza bat azpimarkatzen du: “erantzun koherente eta operatiboa ematea erronka honi -LPPa idazteari-. Hartarako, berriz, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, Udalek eta gizarte zibileko erakunde antolatuek parte hartze handia izatean dago gakoa”.

    Garbi dago, beraz, dokumentu berria egiten hastea adierazi nahi duela horrek, lehengoari -oraingo Abantzeari- jarraitzea ez baina. Oraingo honek, izan ere, ez baitu izan, formulatzeko garaian, Udalek eta gizarteak parte hartu behar zuten garaian, haien lankidetzarik, ez teknikoki ez politikoki. Idazteko agindua zeukaten teknikarien bulegoetan egina da, Foru Aldundiek jarritako irizpideei jarraiki, Udalei bizkarra emanez eta Udalen autonomia murriztuz, erabat tapatuz ez esateagatik.

    Beste alde batetik, dokumentua idatzi behar duen talde berriak erabili behar dituen oinarri metodologikoak igoalak edo antzekoak izanez gero, ez legoke hainbesteko dokumentazio mordoa alperrik galdu beharrik, eta nahikoa litzateke gogoeta oinarrizko batzuk eta aurrenekoak gogorarazteko laburpen txiki bat egitea.

    Ez dago halakorik, ordea, eta aurkeztutakoa begiratuta ikusten denez, aldaketa dexentekoa dela ematen du, eta beste itxura bat eman nahi zaiola LPPeen idazketari, eskualdeak ez eze Gipuzkoa osoa garatzeko horren inportanteak diren dokumentuei, nahiz eta Abantze gisa aurkeztutako dokumentua “zilegi” bihurtzera -are derrigortzera- jo. Ez diogu eraisteko asmoz, eraikitzeko asmoz diogu, zeren proposatutako ENFOKE METODOLOGIKOAk berak ere badio (negritan jarrita) hasieratik beretik parte hartzea erabakiorra dela, eta horri loturik dagoela idazteko metodologia. Hara zer dioen testualki: “zilegi bihurtu ez ezik, egiteko bidea ere ematen du parte hartzeak Euskadiko testuinguru politiko eta administratiboan egin daitezkeen eraldaketa urbano eta territorialak egiteko”. Gu konforme gaude horrekin, baina, idatzi hutsera mugatzen ez bada, beti ere.

    Laburbilduz, esan dezagun gure proposamena egun aurkeztutako Abantzeak informazio faserako balio izatea dela, hartara, aurkeztutako Oinarri Metodologiko eta Kontzeptual berriak aplikatu eta LPPen Abantzea idazteri ekin dakion, denen parte hartzearekin eginak eta denentzako tokia dutenak, bai Autonomi Erkidegoko administrazioarentzat, bai Foru Aldundietakoentzat, bai Udaletakoentzat, bai Garapen Ajentzientzat eta baita zuzenean erasandakoentzat ere, hau da, gizartearentzat berarentzat. Prozesua burutzeko, berriz, behar adina denbora behar litzateke, bere ordena batean, jakina, baina erasandako guztien iritziak, iradokizunak eta aukerak derrigor kontuan hartuko dituena, hala izango baita Gipuzkoako Lurralde Antolaketa jendearen parte hartzeaz egindako itxurakoa, eta ez hasieratik beretik oker eta baldintzapean abiatutakoa.

    Azkenik, esan dezagun Euskararen erabilera eta normalizazioa arautzeko lege eta arauak ere ez direla bete, aurkeztutako dokumentu guztiak gazteleraz besterik ez baitaude. Hala, esijitu egiten dugu nola dokumentu hau hala hemendik aurrerakoak euskaraz behintzat idaztea.”

    Ondoren, J.M. Botok hartu du hitza, eta esan du proposamenaren muinarekin bat heldu direla, Udalek ere parte hartu behar zutelako DOT-ak erredaktatzen eta eutsi egin behar ziolako Udalaren beregaintasunari; ez direla bat heldu, ordea, formarekin. Era berean, zuzenketa batzuk eginez gero aldeko botoa emango dutela iragarri du; hau da, abantzea hobetzea eskatuz gero proposamena onartzearen alde izango dira, baina abantzea kentzea eskatuz gero ez. Hala, proposamenaren erredakzioa zertan aldatzea iruditzen zaion azaldu du. Esate baterako, esan du 2. lerroaldian hobe dela “mejores” jartzea “diferentes” jartzen duen lekuan; “excluyentes” ere kendu egin behar dela; “y sugiere que se archive”ren ordez “y sugiere que se de más plazo” jarri behar dela; “por lo menos en euskara” kendu eta “por lo menos en bilingüe” jarri; etab.

    Horrenbestez, proposamena aztertzeko premiarik den erabakitzeko botazioari ekin diote. Emaitzak badela premia adierazi du. Hona botoak nola izan diren: alkateak (Mikel Arrizabalaga Pikabeak) eta HBko gainerako zinegotziek (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxeak, Jose Luis Ruiz Navarrok, Juana Mª Salaberria Lizarazuk, Maixabel Unzain Zapiainek, Rafael Salaberria Etxezurietak eta Agustina Pontesta Garmendiak) baiezkoa eman dute; EAkoak (Mirari Recalde Gonzálezek) eta PSE/PSOEkoek ezezkoa (José Mª Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Pirisek); eta EAJkoa (Pello Garbizu Azkue) astenitu egin da.

    Hurrena J.M. Botok proposatutako aldaketak onartzea ala ez onartzea erabakitzeko botazioa egin dute. Ez onartzea erabaki dute. Alkateak (Mikel Arrizabalaga Pikabeak) eta HBko gainerako zinegotziek (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxeak, Jose Luis Ruiz Navarrok, Juana Mª Salaberria Lizarazuk, Maixabel Unzain Zapiainek, Rafael Salaberria Etxezurietak eta Agustina Pontesta Garmendiak) ezezkoa eman dute; PSE/PSOEkoek (José Mª Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Pirisek) baiezkoa; eta EAkoa (Mirari Recalde González) eta EAJkoa (Pello Garbizu Azkue) astenitu egin dira.

    Azkenik, iradokizunak onartzea ala ez erabakitzeko botazioari ekin diote. Emaitza baiezkoa izan da. Alkateak (Mikel Arrizabalaga Pikabeak) eta HBko gainerako zinegotziek (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxeak, Jose Luis Ruiz Navarrok, Juana Mª Salaberria Lizarazuk, Maixabel Unzain Zapiainek, Rafael Salaberria Etxezurietak eta Agustina Pontesta Garmendiak) baiezkoa eman dute; EAkoak (Mirari Recalde Gonzálezek) eta PSE/PSOEkoek ezezkoa (José Mª Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Pirisek); eta EAJkoa (Pello Garbizu Azkue) astenitu egin da.

    3.- PROPOSAMENA. IRADOKIZUNAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TRENBIDE SAREAREN GAINEKO PLAN SEKTORIAL LURRALDEKOAREN ABANTZEARI BURUZKOAK.

    Alkateak proposamena aurkeztu du. Hona zer dioen proposamenak:

    “Dokumentua irakurri eta lehenbizi hartzen zaion itxura da planaren helburua, jomugarik behinena, Abiadura Handiaren, “euskal Y”aren, “katebegi erabakiorra” Euskal Autonomi Erkidegoan ezartzeari itxura ematea dela, beste aktuazio txikiago batzuekin batera, egungo baliabide batzuei errentagarritasuna ateratzeko eta osatzeko.

    Alde horretatik ez da helburu berria. Dokumentuak adierazten diguna da, finean, Trenbide Azpiegitura Plana (TAP) 1995-2010 Azpiegitura Plan Zuzentzailea garatzeko idatzia zela, 1994ko martxoaren 4an onartua -Plan Zuzentzailea- Ministro Kontseiluak Madrilen. Azpiegitura Planaren inbertsio kopuruaren berri ere badakar Anbantzeak, informazio gisa izan dezagun. Plana espazioz eta geldi aztertuz gero, berriz, ageri dena da hamabost urtean 154.705 milioi pezeta sartuko dela Euskal Autonomi Erkidegoan barrena pasatzen diren trenbideetan, edota hemendik abiatu edo hona iristen direnetan; eta “euskal Y”an sartuko dena, berriz, 420.000 milioi pezeta izango dela. Kopuru horiek kontuan hartzera, berriz, sendoago egingo zaigu lehenbiziko irudipena, eta, beraz, derrigor baloratu behar dugu “euskal Y”aren Proiektua Trenbide Planean sartzea, edo, bestela esanda, Abiadura Handia gure lurraldean sartzearen Proiektua.

    “Euskal Y”a Madrid-Gasteiz-Dax bidearen zati da, eta bide hori ere katebegi bat besterik ez Europan barrenako abiadura handiko komunikabide lurrezkoen artean. Konstatazio horrek kezka batzuk sortarazten ditu, abiadura handiko bidea bera eta bidea Trenbide Planaren proiektuan sartzea zalantzan jartzera garamatzatenak. Hona horren arrazoiak:

    BAT.- “EUSKAL Y”AK EZ DU LOTZEN LURRALDEA. “Euskal Y”a ez da proiektu bat Euskal Autonomi Erkidegoko pertsonen eta gauzen garraioa hobetzea ekarriko duena. Horrenbestez, ez dio herritarrik gehienek -denek ez esateagatik- behar duenari erantzuten, hau da, ez du hobetzen komunikabide barnekorik, Euskal Autonomi Erkidegoan bizi garen bi milioi baino gehiagok, ia guztiok, erabiltzen ditugun komunikabide barnekoak.

    Eta ez du balio, hala berean, ez bide laburrak egiteko ez eta luzeak egiteko ere. Euskal Herrian barrena ahalik eta bizkorren pasatzeko balioko du, lehenago iristeko Parisa edo Madrila, esate baterako. Alde horretatik, ondo asmatzea dela iruditzen zaigu abiadura handiko trenaren proiektuak ez duela euskal lurraldea lotzen esatea, euskal lurraldeaz baliatzen dela aurrera segitzeko.

    Hori horrela izanik, oso euskotar gutxik erabili ahal izango du tren hori. Eta galdera ere derrigor egin beharrekoa da: zer irabazi aterako du gizarteak hortik bai ekonomi aldetik eta baita naturak nahiz ingurugiroak izango duen kolpearen aldetik?

    Falta da, eta premia handia dago, azterketa zehatz batena, Euskal Autonomi Erkidegoan bizi denak zer erabilera egingo duen tren horrena jakiteko; premia handiagoa garraio modu horren ezaugarri teknikoak kontuan izanez gero:

    - lurraldearentzat kolpe handia dakarren bidea izatea, pasatzen den tokia bitan banatzen duena, inor ere ez sartzeko moduko eremua sortzen duena eta bata bestetik hurbil dauden puntuak urrutiratu egiten dituena;

    - geltokiak gauza ohiz kanpoko izatea, abiadura eta denbora aurreratu beharra ororen gainetik jarri baitira;

    - jobiderik ez izatea pasatzen den tokiaz kanporako lurralde guztiarentzat;

    - oso helburu jakinekoak izatea, bitartekorik gabekoak.

    BI: DIRUA BOTATZEA DA “EUSKAL Y”A EGITEA. Euskal Autonomi Erkidegoa pasatzen ari den egoera ekonomikoa (jende mordo handia lanik gabe, eta esperantza handirik gabe izateko ere) kontuan izanez gero, ez da komeni diru publikorik sartzea, datorren tokitik datorrela ere dirua, era horretako proiektuan. Proiektu hau Europako elite ekonomikoarentzat da, orain ikusi dugun eran, eta nekez jasoko du euskal gizarteak -krisiak gogotik astinduta baitago euskal gizartea- proiektua herriaren diruz finantzatzea, herritar guztien sakeletatik zergak ordaintzeko ateratzen den dirutik ordaintzea. Finantza lor handia litzateke, inork ere nahi ez duena eta kalte egingo liokeena administrazio txikienei gizarteari egiazki interesatzen zaizkion proiektuak aurrera ateratzeko dirua biltzeko.

    Herritarrek, oro har, ez dute proiektu honen beharrik. Konta ezin ahala proiektu dago abiadura handiko trenbidea baino aurreagokoa.

    HIRU: TXIKITU EGITEN DU LURRALDEA “EUSKAL Y”AK. Abiadura handiak ikaragarrizko kolpea ematen dio ingurugiroari, bai gure lurraldean eta baita beste edozein lurraldetan ere. Gure lurraldeak, ordea, ezin dio eutsi kolpe horri. Izan ere, estuak dira gure bailarak, eta menditsua lurraldea; eta ez dira gauza horrelako proiekturik jasotzeko. “Jasotzeko gaitasuna” inguru fisikoa aztertzeko erabilitako parametroa da Lurraldea Antolatzeko Arteztarauetan, eta gauza normala da haiek onartu zirenez geroztik lurraldea antolatzeko politikan. Horrenbestez, bada, aplikatu egin behar da lur edo lurralde batek halako edo bestelako proiektu jasotzeko gaitasuna neurtzeko orduan.

    Abantzeko 7. atalean heldu diren parametro geometrikoak kontu pixka batekin begiratuz gero, berriz, bidearen zabaleraren, sekzioaren, distantziaren eta beste datu tekniko batzuen gainekoak, ikusten duguna da esijentzia handiak bete behar dituela proiektu honek, egiteko bidea izateko aurrena eta hari kontu egiteko hurrena. Ez dela gu ohituta gauden trenbidea, alegia.

    Bidearen ezaugarri teknikoek (errebueltek, desnibelek...) lurraldea manipulatu behar handia dakarte; izan ere, mendi-mozte, tunel zabal handiak (oraingoak baino askoz handiagoak) eta zubiak (bestetarako erabiltzerik izango ez direnak) egin beharko baitira, eta baita langa izugarrizko bat ere, bidea erabat itxita utziko duena, Abantzean bertan jartzen duenez. Horrezaz gainera, proposatutako bideak berak ere, denbora aurreratu behar gorri horrekin, ahalik eta biderik laburrenetik bildu nahi ditu iritsi nahi dituen puntuak, eta, hargatik, mesprezu egiten die lurraldeei, ez azpiegitura honen beharrik, ez beren integritatea eta fauna, paisaia eta ingurugiro aldetik dituzten baloreak arrisku larrian jarri gabe eusterik izango ez duten lurraldeei.

    LAU: Orain adierazi ditugun ezaugarri tekniko horiek dakarte beste bide baten laguntza hartzea proiektuak biderik gehienean. Bi ondorio nagusi ateratzera garamatza horrek:

    - Diru mordo handia botatzea da harrika beste bide berri bat egiteko, batez ere behar handia dagoelako milaka herritarrek orain erabiltzen dituzten bideei kontu egiteko.

    - Kolpe bat gehiago ematea da, lehenaz gainera, inguru fisikoari, eta diferentea gainera, zeren ez du lehen egindako biderik aprobetxatzen (oso-oso gutxi). Alde horretatik, bistan dago proiektuak euskotarroi ekarriko digun “opari”rik handiena lurraldea txikitzea izango dela.

    BOST: Abantzeak ez du biderik ematen herritarrek izango dituzten beste kolpe edo inpaktu batzuen gaineko baloraziorik egiteko, geltoki eta estazioak izango diren herri bakanetan izango denaren gainekoa, esate baterako. Orain arte adierazitakoei erantsi beharreko eragin-faktoreak izango dira horiek, edozein moduz ere.

    Hori esan ondoren, derrigor esan beharrekoa da aurkeztutako Abantzea jaso egin behar litzatekeela harik eta herri-agintariek eta baita herritarrek ere abiadura handiko trena jartzeak dakartzan alderdi guztien berri izan eta gure lurraldeko komunikabideetan dirua sartzeko orduan zerk behar lukeen lehentasuna izan baloratu arte.

    Abantzeak jasotzen dituen gainerako aktuazioak puntualak dira beste ezer baino gehiago, egungo eskaintzaren gainetik dauden erabilera-ohitura batzuei erantzun bat ematekoak. Beharraren atzetik goazela, alegia. Izan ere, leporaino bete behar izan ditugu linea batzuk zenbateraino erabil daitezkeen eta garraio-bideak erabiltzeko egokiak diren ikusi ahal izateko. Abantzearen bidez lortu nahi dena da baliabideak jartzea eskaintza handitu eta eskaeraren mailan jartzeko. Hartarako, ordea, ez zegoen honen tamainako Planaren premiarik. Guk uste dugu eskaerari aurrea hartzeko balio behar lukeela dokumentu honek, berriz bideratzeko, egoki izan daitezkeen lineatan dauden defizitak zuzenduz eta zerbitzu diferente bat dagoen tokian sartuz dirua, hau da, lanabes funtsezkoa izatea trena garraio-bide alternatibo izan dadin, automobila erabiltzea atzerarazteko gauza izango dena, azkarragoa, merkeagoa, erosoagoa eta gutxiago kutsatzen duena izateagatik. Hori ez bada iritsi nahi dugun helburua, Plan honek ez du deustarako balio.

    Azkenik, esan dezagun Euskararen erabilera eta normalizazioa arautzeko lege eta arauak ere ez direla bete, aurkeztutako dokumentu guztiak gazteleraz besterik ez baitaude. Hala, esijitu egiten dugu nola dokumentu hau hala hemendik aurrerakoak euskaraz behintzat idaztea.”

    J.M. Botok esan du haiek ez dutela alkateak, itxuraz behintzat, duen daturik, eta datuak mahai gainean jartzeko eskatu dio alkateari.

    Alkateak esan du agian hura ere ados legokeela Y grekoarekin; ez dagoela ados, ordea, abiadura handiko trenarekin.

    Hala, proposamena aztertzeko premiarik den erabakitzeko botazioari ekin diote. Emaitzak badela premia adierazi du: alkateak (Mikel Arrizabalaga Pikabeak) eta HBko gainerako zinegotziek (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxeak, Jose Luis Ruiz Navarrok, Juana Mª Salaberria Lizarazuk, Maixabel Unzain Zapiainek, Rafael Salaberria Etxezurietak eta Agustina Pontesta Garmendiak) baiezkoa eman dute; EAkoak (Mirari Recalde Gonzálezek) eta PSE/PSOEkoek ezezkoa (José Mª Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Pirisek); eta EAJkoa (Pello Garbizu Azkue) astenitu egin da.

    Eta segidan iradokizunei buruzko botazioa egin dute. Onartu egin dituzte iradokizunak. Hona botoak nola izan diren: alkateak (Mikel Arrizabalaga Pikabeak) eta HBko gainerako zinegotziek (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxeak, Jose Luis Ruiz Navarrok, Juana Mª Salaberria Lizarazuk, Maixabel Unzain Zapiainek, Rafael Salaberria Etxezurietak eta Agustina Pontesta Garmendiak) baiezkoa eman dute; eta EAkoak (Mirari Recalde Gonzálezek), PSE/PSOEkoek (José Mª Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Pirisek) eta EAJkoak (Pello Garbizu Azkuek) ezezkoa.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, 21:20ean. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

    Eguna