2003.eko Martxoaren 14ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2003ko martxoaren 14an, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Iñaki Labaka Loperena (EH), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).

Ez dira bertan izan Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ) eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.

1.- Egoki irudituz gero, 2002ko abenduaren 27an, 2003ko urtarrilaren 17an eta otsailaren 28an egindako bilkuretako akten onartzea.

Inongo aldaketarik gabe onartu eta sinatu egin dira hiru aktak.

2.- Alkatearen erabakien kontu ematea: 2002ko aurrekontuaren likidazioa dekretuarena (81. dekretua) eta 2002ko aurrekontuaren kreditu habilitazioa onartuz emandako dekretua (61. Dekretua).

Bi dekretu horien kontu eman da.

Era berean, 44. dekretua berretsi da aurrez erabaki hori hartu beharraren urgentzia onartu da. Udalak dituen kredituen birfinantza onartzen duen dekretuaren bai urgentzia bai dekretua bera aldeko zazpi botoz (alkatea eta Batasunako zinegotziak) eta lau abstentziorekin ( EAJ, EA eta PSE) onartu dira.

3.- Proposamena, Pasaia-Lezo Lizeoarekin hitzarmena onartzeko.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Proposamenak honela dio hitzez hitz:

"Pasaia-Lezo Lizeoak Euskal Eskolaren alde egiten duen lanarengatik eta Lezoko udalerrian hezkuntzan eta euskararen berreskurapenean egiten duen lana eta onura aintzat hartuta, Udala eta Lizeoaren arteko harremana biltzen dituen Akordio-Hitzarmena onartzea proposatzen diot udalaren osoko bilkurari".

Imanol Esnaolak dio hitzarmen honekin lan egiteko filosofia bat berretsi eta babestu nahi dela; duela 40 urte sortutako hezkuntza eredu bat, erronka askoren ondoren osasuntsu dagoena baina mehatxuak ere badituena.

Alkateak argitu du hitzarmen zirriborroan proposatutako dirulaguntza ez dela zuzena: 34.500 euro ordez 32.400 euro direla.

Pello Garbizuk dio bi aldiz bildu direla Lizeokoekin eta haiei esan bezala EAJk ez omen du nahi hurrengo korporazioen jarduna baldintzatzea gaur bost urtetako hitzarmena onartuz. Horregatik abstenitu egingo direla.

Mikel Antxon Arrizabalagaren ustetan hitzartzea ondo dago baldin eta baten eta bestearen eskubide eta betebeharrak zehazten badira. Ez omen da hori gertatzen onartzera aurkezten den dokumentuarekin: ez omen da zehazten zertan erabiliko den dirua, ez omen da argitzen nondik atera den ematen den kantitatea. Bost urteko iraupena gehiegizkoa iruditzen zaio, hurrengo korporazioaren erabaki ahalmenak baldintzatzen dituelako. Hitzarmena ahula dela dio. Hobeto urte bakarreko eta zer finantzatzen duen zehazten duen hitzarmena proposatzea, alde bakoitzaren betebehar eta eskubideak zehaztuz.

Imanol Esnaolak dio gustura entzungo lukeela EAren iritzia. EAJko zinegotziari berriro ere konpromisorik ez hartzea egotzi dio. Hitzarmena malgua dela dio, lan diplomatikoaren ondorioa. Gogoratu du ikastolak egindako lan txukuna hezkuntza eta beste arlo batzuetan: ingurugiro, hizkuntza normalizazio, ... .

Alkateak dio ez duela Pello Garbizuren abstentzioa ulertzen. Egotzi dio alternatibarik ez aurkeztea, ez errekonozitzea orain arte Lizeoak egindako lana eta egin beharrekoari bermerik eman nahi ez izatea. Mikel Antxon Arrizabalagari esan dio diruaren erabilerari buruzko berme minimoak jaso dituela hitzarmenak, laguntzak jasotzeko aurrekontu eta balantzeak aurkeztu beharko baitituzte.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio ez duela zalantzarik dirua ondo gastatuko dela, orain bai, hobeto zehaztu beharko omen zen hitzarmenean zein proiektu finantzatzen diren, garraioa den, jangela, hezkuntza proiektu konkretu bat, ....

Jendartetik Lizeoko ordezkariek diote irekiak daudela nahi diren zehaztasunak egitera.

Gaia tratatzeko urgentzia onartu ondoren eta beste eztabaidarik gabe proposamena onartu da , eta beraz hitzarmena, aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Batasuneko zinegotziak) eta lau abstentziorekin, (EAJ, EA eta PSEko zinegotziak).

4.- Proposamena, Euskaraz Kooperatiba Elkartearekin hitzarmena onartzeko.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Proposamenak honela dio hitzez hitz:

"1991n sinatutako Udala eta AEKren arteko hitzarmena eta 1995ean Hizkuntza Normalkuntzarako familia programa eta ikastaro berezituak hitzarmenak (1998ko Merkataritza ikastaroak) luzatzea eta, aldi berean, hitzarmen bakar batean jasotzea helburu duen Udala eta Euskaraz kooperatiba Elkartearekin Akordio-Hitzarmena onartzea proposatzen diot udalaren osoko bilkurari".

Pello Garbizuk galdetu du ea noiz bukatu den orain arteko hitzarmena; AEK-k irakaskuntzari utzi dionaren berririk eman al dion udalari eta kontratu berria norekin sinatuko den.

Idazkariak dio kontratua sinatzeko kooperatibaren ordezkaritza duenak egin beharko duela horretarako notarioaren aurrean emandako ahalordea erakutsiz.

Gaia tratatzeko urgentzia onartu ondoren bozketa egin eta proposamena onartu da aldeko hamar botorekin (alkatea, Batasuna, EAJ eta EAko zinegotziak) eta abstentzio batekin ( PSEko zinegotzia).

5.- Proposamena, haserako onarpena emateko Kasko Zaharra, Hiri Kaskoa eta honen kanpoaldea, 3 eta 5 poligonoak zein S.2 sektoreari dagokion Arau Subsidiarioen aldaketa dokumentuari.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Proposamenak honela dio hitzez hitz:

"Lezoko Udalak 2002ko abenduaren 4an Alkatetza Dekretuaren bitartez Kasko Zaharra, Hiri Kaskoa eta honen kanpoaldea, 3, 5 eta 30 poligonoak zein S.1 eta S.2 sektoreei dagokion Arau Subsidiarioen aldaketaren aurrerapen dokumentua onartu zuen.

Akordio honen iragarkia 247 zenbakidun Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen abenduaren 31n, prentsa idatzian ere argitara eman zen aipatu akordioa.

Aurrerapen dokumentu hau hilabete batez informazio publikoan egon da Udaletxeko Hirigintza Sailean. Epe horretan dokumentu honen inguruan ez da alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu.

Haatik, Lezoko Udalak aurrerapen dokumentuan jasotzen ziren helburu batzuk aldatu ditu, hain zuzen ere 30 poligonoa eta 1 Sektorea Arau Subsidiario Aldaketa prozesu honetatik at utzi ditu arrazoi desberdinengatik: 30 poligonoan ez dio egoki iritzi beheko solairuetan etxebizitza erabilera ahalbideratzea eta. 1 Sektoreari dagokionez, Lezoko Udalak sustatu berri du bere aldaketa Arau Subsidiarioetan eta bertan jasotzen da jada behe solairuetan etxebizitza erabilera gauzatzeko ahalmena, beraz alferrikako errepikatzea litzateke sektore hau arau aldaketa berri honetan sartzea.

1976 Lurzoru Legearen Testu Bateratuko 40., artikuluak eta ondorengoetan esaten denari jarraiki.

ERABAKIA:

BAT: Kasko Zaharra, Hiri Kaskoa eta honen kanpoaldea, 3 eta 5 poligonoak zein S.2 sektoreari dagokion Arau Subsidiarioen aldaketa jasotzen duen dokumentuari haserako onarpena ematea.

BI: Jendaurrean jartzea hilabetez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesdun orok alegazioak aurkezteko aukera izan dezan".

Pello Garbizuk galdetu du ea zergatik atera den eremu hauetatik 30. poligonoa. Proposamena zuzentzea ere eskatu du "Haatik, Lezoko Udalak aurrerapen ..." beste modura idatzi beharko dela ez duelako udalak hori erabaki alkateak edo gobernu taldeak baizik.

Alkateak onartu du zuzenketa egitearena eta esan du 30. Poligonoa ?Lopene- kanpoan uztearen arrazoiak dokumentuan ere jaso direla: izaera komertziala izan dezaketen eremuak babestu nahi dira erabilera komertzialerako, bizitza sozialerako egoki ikusten direlako, adibidez Donibane kalea, Zubitxo kalea, Kale Nagusia, Lopene plaza, e.a.. Dena den, dokumentua jendaurrean egongo denez horren inguruan zerbait bada esateko gonbitea egin du alkateak.

Pello Garbizuk dio dokumentua erdaraz dagoela eta euskaratua ez dagoenez ez zaiela zinegotziei bidali.

Alkateak erantzun dio: dokumentu urbanistikoak sortu diren hizkuntzan tramitatu izan direla beti eta inoiz ez zaizkiela zinegotziei bidaltzen, espedienteak jasotzen dira eta han denen eskura daudela.

Aurrez gaiaren urgentzia onartu ondoren, bozketa egin da eta proposamena onartu da aldeko bederatzi botorekin (alkatea, Batasuna, EAJ eta PSEko zinegotziak) eta bi abstentziorekin (EAko zinegotziak).

6.- Proposamena, Antxilastegi udal lursaila gestionatzeko proiektua eta lehiaketa pleguaren onarpena.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Proposamena honela dio hitzez hitz:

"Behemendi Donostialdea-Bidasoako Mendi Nekazaritza elkarteak aurkezturiko eskaera ikusi ondoren, Antxilastegin dagoen udal jabegoko lursail baten erabilera emakidan esleitzeko eskaera egin baitu.

Aipatu lursaila, 15.440 metro karratuko azalerakoa, Agroaldea bezala erabiltzeko esleitzea eskatzen du Behemendi Elkarteak, nekazal eta hezkuntza ekintzak burutzeko hain zuzen ere.

Horrela, Administrazio Publikoen kontratuak arautzen dituen Testu Bateratuko 154 artikuluak eta ondorengoak diotenaren arabera, baita Toki Administrazioko Erregelamenduko 114 artikuluak eta ondorengoak jasotakoa kontuan izanik.

ERABAKIA:

BAT: Antxilastegin dagoen udal jabegoko lursail bat Agroaldea bezala kudeatzeko emakida egitasmoa eta baldintza plegua onartzea.

BI: Aipatu kudeaketa emakida enkantera ateratzera emakida egitasmoa eta baldintza pleguaren arabera, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 15 egun naturaleko epean pleguko baldintzak betetzen dituen orok bere proposamena aurkez dezan".

Pello Garbizuk dio plegua erdara hutsean dagoela.

Gaia tratatzeko urgentzia onartu ondoren proposamena aho batez onartu da, hamaika botorekin (alkatea, Batasuna, EAJ, EA eta PSEko zinegotziak).

7.- Proposamena, 107 Poligonoko (Industrial Salva, S.A.) plan partzialaren behin behineko onarpena.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Proposamena honela dio hitzez hitz:

"Lezoko Udalak 2003ko otsailaren 4an Alkatearen 42 zenbakidun Dekretuaren bitartez haserako onarpena eman zion Industrial Salva, S.A. sustaturiko 107 poligonoko zehaztapenak garatzen dituen Plan Partzialari.

2003ko otsailaren 19an aurreko dekretuaren iragarkia argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 33 zenbakian, hain zuzen ere.Halaber, prentsa idatzian ere argitaratu zen aipatu dekretuaren iragarkia.

Informazio publikoak iraun duen 15 egunetan bi alegazio aurkeztu dira 107 poligonoko zehaztapenak garatzen dituen Plan Partzialaren aurrean, hain zuzen ere Maria Carmen Etxeberria Casaresek eta David Llordes Arratibelek (Industrial Salva, S.A. izenean azken honek)aurkezturikoak.

Arkitektoak idatziriko txostenarekin bat eginez

17/94 legearen 6., artikulua aintzat hartuta

EBAZPENA.-

BAT: Maria Carmen Etxeberria Casaresek eta David Llordes Arratibelek (Industrial Salva, S.A. izenean azken honek) aurkezturiko alegazioak onartzea.

BI: 107 poligonoko zehaztapenak garatzen dituen Plan Partzialari behin behineko onarpena ematea aipatu alegazioren edukia kontuan izanik

HIRU: Industrial Salva, S.A.K alegazioen edukia eta hauek eragindako aldaketa jasotzen duen Plan Partzialaren 4 ale aurkeztuko ditu Lezoko Udalera.

LAU: 107 poligonoko zehaztapenak garatzen dituen Plan Partziala eta izapidetu den espedientea Gipuzkoako Foru-Aldundira igortzea, honek, behin betiko onarpena eman diezaion".

Gaia batzordean diktaminatu gabe dagoenez, haren urgentzia bozkatu da. Urgentzia onartu da, aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Batasuneko zinegotziak), eta lau abstentziorekin (EAJ, EA eta PSEko zinegotziak).

Behin urgentzia onartu eta gero, gaia aho batez onartu da.

8.-Diktamena, 2002ko udal aurrekontuaren aldaketa: transferentziak (30002/2002).

Alkateak udalbatzari proposatu dio Ogasun eta Kontu Batzordearen 2003-03-06ko diktamena onartzea. Diktamenak honela dio:

"Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2003ko martxoaren 6an egindako bilkuran, Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) boto ponderatua alde zelarik, eta Pello Garbizu Azkueren (P.N.V.) eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (E.A.) abstentzioekin, Osoko Bilkurari erabaki hau hartzea proposatzen dio:

Kreditu Aldaketarako espedientea onartzea, Gastuen aurrekontu partida batzuen artean kreditu-transferentziarengatik, identifikazio zk. 30002/2002, data 2003-02-12, eta zenbatekoa 243.853,94 euro".

Diktamena onartu da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta Batasuneko zinegotziak), kontrako boto batekin (PSEko zinegotzia) eta hiru abstentziorekin (EAJ eta EAko zinegotziak).

9.- Diktamena, Kirol instalazioak (kiroldegi eta igeriketa) kudeaketa kontratuaren luzapena.

Alkateak udalbatzari proposatu dio Ogasun eta Kontu Batzordearen 2003-03-06ko diktamena onartzea. Diktamenak honela dio:

"Ogasun eta Kontuetako Batzordeak 2003ko martxoaren 6an egindako bilkuran, Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) boto ponderatua alde zelarik, eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (EA) abstentzioekin, Osoko Bilkurari erabaki hau hartzea proposatzen dio:

Serviocio S.L.k duen kontzesioaren luzatzea sei urtez (bigarren epea ziurtatuaz).

Udalak, 2001eko martxoaren 16an egin zuen osoko bilkuran, besteak beste, kontratazio mahaiaren proposamenari jarraituaz, Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate igerilekuetako kudeaketa integrala Serviocio, Cultura, Deporte y Recreación, S.L. enpresari esleitzea erabaki zuen.

Esleipen hori burutzeko egindako lehiaketa arautzen zuen eta 2000ko urriaren 4an osoko bilkuran onartu zen baldintza-orriaren 3. atalean, emakidaren epeari dagokionez hau esaten du:

"Emakidak bi urteko (2 urte) iraupena izango du, lehiaketari hautatuak kontratuaren adjudikazio-jakinarazpena jasotzen duen datatik hasita kontaturik. Epe hori luzatu ahal izango da, elkarren arteko adostasunez, sei urtekako, guztira beste hemezortzi urte arte."

Adjudikazio-jakinarazpena 2001 urteko martxoaren 30ean egin zen. Beraz bi urteko iraupena duen lehenengo epea 2003ko martxoaren 29an bukatuko da.

Horiek horrela, egindako kudeaketa lana egokia izanik eta kirol instalazioetako zuzendariaren luzapenaren aldeko txostena kontuan izanik honako ERABAKI hau hartzea proposatzen zaio Osoko Bilkurari:

BAT: "Serviocio S.L. enpresari Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate igerilekuetako kudeaketa integralaren esleipena luzatzea sei urtez (2003-03-30etik 2009-03-29ra) lehiaketa arautu zuen baldintza-orriak dioenari jarraituaz" .

Diktamena onartu da aldeko zortzi botorekin (alkatea, Batasuna eta EAJko zinegotziak) eta hiru abstentziorekin (EA eta PSEko zinegotziak).

10.- Diktamena, ordainsarien gehitzea, kirol instalazioak (kiroldegi eta igeriketa) kudeatzeagatik.

Alkateak udalbatzari proposatu dio Ogasun eta Kontu Batzordearen 2003-03-06eko diktamena onartzea. Diktamenak honela dio:

Ogasun eta Kontuetako Batzordeak 2003ko martxoaren 6an egindako bilkuran, Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) boto ponderatua alde zelarik, eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (EA) abstentzioekin, Osoko bilkurari erabaki hau hartzea proposatzen dio:

Serviocio S.L.k eskaintzen duen zerbitzuaren hobekuntza dela eta, ordainsariaren aldaketa.

Udalak 2001eko martxoaren 16an egin zuen osoko bilkuran, besteak beste, kontratazio mahaiaren proposamenari jarraituaz, Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate igerilekuetako kudeaketa integrala Serviocio, Cultura, Deporte y Recreación, S.L. enpresari esleitzea erabaki zuen.

Esleipen hori burutzeko egindako lehiaketa arautzen zuen eta 2000ko urriaren 4an osoko bilkuran onartu zen baldintza-orriaren 11.3. atalean, Lezoko Udalaren eskubideei buruz hau esaten du:

"Lezoko Udalak bere esku izango ditu, dagozkion gainerakoen kalterik gabe, ondorengo ahalmen hauek:

Interes publikoko arrazoirengatik kontrataturiko zerbitzuaren ezaugarriak .... aldatzea eta, besteak beste:

  • Zerbitzua osatzen duten prestazioen kalitatea, kantitatea, denbora edo lekua aldatzea, eta
  • Publikoaren kargukoetan eta emakidadunaren ordainsari eremuan tarifak aldatzea."

Baldintza-orrien 11.4. atalean, Lezoko Udalaren betebeharrei buruz hau esaten du:

" Lezoko Udalaren betebeharrak dira:

  • Emakidunari adjudikazioan oinarrikotzat jo ziren balizko ekonomikoen oreka mantentzea, eta horretarako:
  • Emakidunari konpentsazio ekonomikoa emango dio zerbitzuan aldaketak egitea agindu izanik horiek kostuak gehitu edota sarrerak murrizten dituztenean."

Altzate igerilekuetan, bada burutu gabeko areto bat. Gune honetan gorputz tratamendurako gela osatu nahi da. Zerbitzuaren hobekuntza hau dela eta, Serviocio S.L.rekin hitz egin da eta honako akordioa burutzeko ados daude:

  1. Udalak eskatutako prestazio berri hau Serviociok bere zerbitzu eskaintzara gehituko du.
  2. Gorputz tratamenduko gunea osatzeko lanek eta ekipamenduak suposatuko duten gastuaren %50 Serviociok bere gain hartuko du.
  3. Gastuaren beste %50 konpentsatuko da; Lezoko udalak, horren ondorioz sortuko den desoreka ekonomikoa sei urtetan konpentsatuko du gehienez, emakidadunak jasotzen duen ordainsaria handituz.
  4. Bekoerrota-Altzateko bazkideentzat, doaneko erabilera duen zerbitzuak jasango duen hobekuntza kontuan izanik, 2004. urtean bazkidetza prezioen %10eko igoera proposatuko da.
  5. Egin beharreko hobekuntza horien zuzendaritza Serviociok bere gain hartzen du. Horrela izanik, hobekuntza horren martxan jartzeak sortutako kostua ez da 120.202 ? tik gorakoa izango eta horrela izango balitz, gainezko kostu hori Serviociok bere gain hartuko luke.
  6. Prestazio berrien martxa jartzeak, aipatutako kostu horretatik beherakoa izango balitz, sortutako diferentziala kirol instalazioek duten ekipamendu beharretan erabiliko da.
  7. Zerbitzu berria martxan jarri eta kontuak aurkeztu bezain pronto hasiko da Lezoko Udala adostutako kopurua konpentsatzen, emakidadunak hilero jasotzen duen ordainsaria 968,29 ?tan handituz.
  8. Kopuru finko hau urtero finkatzen den ordainsariari gehituko zaio.
  9. Zerbitzu berria martxan jartzeko sortutako instalazio eta ekipamendu berriaren jabegoa udalarena izatera pasako da sortutako desoreka konpentsatu bezain pronto.

Horiek horrela, proposaturiko akordioa Lezoko Udalarentzat interesgarria izanik, honako ERABAKI hau hartzea proposatzen zaio Osoko Bilkurari:

BAT: "Serviocio S.L. enpresak, Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate igerilekuetako kudeaketa integralaren esleipena dela eta, hilero jasotzen duen ordainsariari 968,26 ? tako ordaina gehitzea zerbitzuan eskainitako hobekuntza dela eta, sortarazitako desoreka ekonomikoa konpentsatu arte (gehienez 2009ko martxorarte). " .

BI: "Ordainsariaren egokitze hau gorputz tratamenduko gunea ireki eta hurrengo hilabetean egingo da".

HIRU: "Konpentsatu beharreko azken ordainsariaren balioa, desoreka berdintzeko faltako den diferentzialak definituko du."

Alkateak argitu du Hazienda Batzordeak hileroko ordainsaria gehitze koporua zuzendu egin dela bez zerga gehitu baitzaio hari.

Diktamena onartu da aldeko zortzi botorekin (alkatea, Batasuna eta EAJko zinegotziak) eta hiru abstentziorekin (EA eta PSEko zinegotziak).

Mikel Mitxelenak dio igerilekuak talde politiko bakar baten lanari esker daudela: Batasuna; talde horrena izan dela apustua beste taldeen traben gainetik. Era berean, gogoratu du orain egingo diren hobekuntzak eta zerbitzu berriak bazkideentzat dohainekoak izango direla.

11.- Diktamena, Oarsoaldea, S.A. baimentzea kreditu kontu berria irekitzera.

Alkateak udalbatzari proposatu dio Ogasun eta Kontu Batzordearen 2003-03-06eko diktamena onartzea. Diktamenak honela dio:

"Ogasun eta Kontuetako Batzordeak 2003ko martxoaren 6an egindako bilkuran, Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) boto ponderatua alde zelarik, eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (EA) abstentzioekin, Osoko bilkurari erabaki hau hartzea proposatzen dio:

Oarsoaldea S.A. baimentzea kreditu kontu berria irekitzera.

Zinealdea industrialdea eraiki asmoz Sprilur-rek Oarsoaldea, S.A.ri industrialdeko lursailak erosteko aukera ematen dio. Hartara, hitzarmena sinatzerakoan, Oarsoaldea, S.A.k industrialdearen prezio orokorraren (9.617.000 euro) %10 ordaindu beharko du, 961.700 euro hain zuzen.

Erosteko aukera finantzatzeko Oarsoaldea, S.A.k Euskadiko Kutxa eta BBVA finantza-erakundeekin ireki zituen kreditu-lerroak zabaltzea eskatu du (bakoitza 480.000 eurotan).

Lezoko Udala Oarsoaldeako bazkide gisa bai lur erosketa eta bai kreditu lerroak zabaltzea baimendu egin behar ditu. Horiek horrela, proposaturiko akordioa Lezoko Udalarentzat interesgarria izanik, honako ERABAKI hau hartzea proposatzen zaio Osoko Bilkurari:

BAT: Lezoko Udalak Oarsoaldea, S.A.ri eskubidea ematen dio Sprilur-ekin hitzarmena sinatzeko. Hitzarmen honi jarraiki, "Proposamenaren edukia" 5. Puntuan adierazten diren baldintzak kontuan hartuz, Zinealdea industrialdeko lursailak erosteko aukeraren truke %10 (961.700 eurotan) ordainduko zaio Sprilur-ri.

BI: Lezoko Udalak bere gain hartzen du, Oarsoaldea, S.A.ren bazkide eta sozietatearen akzioen %25en jabe gisa, sozietateak eskatutako kredituaren aurrean , kapitalean parte hartu duen proportzio berean erantzuteko konpromisoa bere gain hartzen du".

Diktamena aho batez onartu da, osoko bilkuran diren hamaika zinegotzien aldeko botoekin (alkatea, Batasuna, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak).

12.- Diktamena, hitzarmena onartzeko, BADIA BERRI, S.A. eta PIC URBAN II exekuzioan inplikatutako agenteen artean.

Alkateak udalbatzari proposatu dio Ogasun eta Kontu Batzordearen 2003-03-06eko diktamena onartzea. Diktamenak honela dio:

"Ogasun eta Kontuetako Batzordeak 2003ko martxoaren 6an egindako bilkuran, Aitor Sarasola Salaberriaren (Batasuna) boto ponderatua alde zelarik, eta Pello Garbizu Azkueren (EAJ) eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (EA) abstentzioekin, Osoko bilkurari erabaki hau hartzea proposatzen dio:

Hitzarmena onartzeko, Badia Berri, S.A. eta PIC URBAN II exekuzioan inplikatutako agenteen artean.

Pasaiako Badiaren inguruko Hirialdea Berritzeko Bulegoa, Badia Berri, S.A.ren eta PIC URBAN II Donostia-Pasaiaren exekuzioan inplikatutako agenteen artean sinatu beharreko Ordezkatze Hitzarmena da onartzea proposatzen dena.

Badia Berri, S.A.ren Administrazio Kontseiluak PIC URBAN II Donostia-Pasaiaren egoeraren normalkuntzarako oinarrizko elementutzat jo du hitzarmena.

Lezoko Udala Badia Berri, S.A.ren partaide izanik, proposaturiko akordioa Lezoko Udalarentzat interesgarria izanik, honako ERABAKI hau hartzea proposatzen zaio Osoko Bilkurari:

BAT: Onartzea Europar kontribuzioaren ordainketarako eta PIC URBAN II Donostia-Pasaiaren egoeraren normalkuntzarako Ordezkatze Hitzarmena".

Diktamena aho batez onartu da, osoko bilkuran diren hamaika zinegotzien aldeko botoekin (alkatea, Batasuna, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak).

13.- Galde eskeak.

Ez da izan.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:15 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.510.etik 310.518.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna