2011ko ekainaren 11ko akta

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2011ko ekainaren 11an, larunbata, 12:00etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, Alkate-Lehendakariak egindako lehen deialdian, maiatzaren 22an izandako udal hauteskundeetan hautatuak gertatu ziren zinegotziak, eta hauek dira: Ainhoa Zabalo Loyarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Eneko Lartige Zabaleku, Garazi Kuesta Unzain, Angel Portugal Formoso, Naroa Tubilla Ziganda, Luis Garrido Corral, Lucia Aranburu De la Cal, Kepa Garbizu Azkue, Xubero Ubillos Apaolaza, eta Enrique Figueroa Laboa.

Ez da bilkurara azaldu Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín, zinegotzi hautatua.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Bilkura honen xedea Udalbatzaren eraketa da, ondorengo prozedura honen arabera:

1.- Adineko Mahaia eratzea.

2.- Kredentzialak egiaztatzea.

3.- Zinegotzien zina edo promesa.

4.- Alkatearen hautaketa.

5.- Alkatearen zina edo promesa eta, hala balitz, karguaren jabetza hartzea.

1.- Adineko Mahaia eratzea.

Idazkariak biltzarrari hasiera emanik, Adineko Mahaia eratu da, ekainaren 19ko Hauteskunde Erregimen Orokorraren 5/1985 Lege Organikoko 195.2 artikuluan eta, halaber, hau aldatzen duen martxoaren 13ko 8/1991 Lege Organikoan aurreikusten den bezala. Adineko mahai hori eraturik geratu da, batetik Kepa Garbizu Azkue da mahaia presiditzen duena, adinez nagusiena izaki, eta bestetik Lucia Aranburu De la Cal zinegotzia adinez gazteena.

2.- Kredentzialak egiaztatzea.

Mahaiburuak dei egin die bilerara etorri diren zinegotzi hautatuei eta haiek aurkeztutako kredentzialak egiaztatu ditu.

3.- Zinegotzien zina edo promesa.

Aurreko egintza hori buruturik eta batzarraldi honetara hamahirutik hamabi zinegotzi hautatu etorri direla kontuan izanik, beraz, legezko gehiengo absolutua, Adineko Mahaiburuak zinegotziei karguaren jabetza eman die, aldez aurretik promesa jasorik legez ezarritako formulari jarraiki, Adineko mahaiko lehendakariak irakurri duelarik, eta horri zinegotzi bakoitzak promes egin diolarik.

Ainhoa Zabalo Loyartek, Bildu-Eusko Alkartasuna (EA)/ Alternatiba Eraikitzen (EA-ALTERNATIBA) hautets zerrendako hautatuen izenean ondorengo hau adierazi du:

“Euskal Herriak ez du Kontstituzio Espainonla onartu. Kontziente eta aktiboki uko egin zion.

Honela Udalbatzar honetan, konstituzio horri egin edo onartzera behartuak izatea, demokraziaren aurkako inposaketa da. Ez soilik gure borondate pertsonalen aurka doalako, baizik gure herriaren gehiengoaren iritzia gaitzetsi eta bortxatzea inplikatzen duelako. Horregatik, Euskal Herriaren eskubide demokratikoak errespetatzen ez dituen konstituzioarekiko edozein adierazpen errefusatzen dugu sendo eta tinko.

Formulismo hau “legezko inposaketagatik” betetzera mugatzen gara.

Udalean, herri honi zor gatzaizkiola jabeturik, gure ardura indar eta ilusioz baita leialtasunez ere beteko dugula agintzen diogu gure herriari, eta horrela diogu publikoki:

Zin dagigu inongo bereizketarik gabe, herritar guztientzat eta guztien parte hartzea bilatuaz arituko garela. Bazterketarik egin gabe, berdintasunean oinarrituko dugula gure lana.

Herriaren borondatea errespetatzeko asmo sendoz, gure nortasunaren eta Euskal Herriak nazio gisa eraikitzeko duen eskubidearen alde lan egiteko gure konpromisoa adierazi nahi dugu.

Zin honek Bilduren hautatuok, tinko eta etengabe, aipaturiko hauei leial aritzera behartzen gaitu.”

Bildu-Eusko Alkartasuna (EA)/ Alternatiba Eraikitzen (EA-ALTERNATIBA) hautets zerrendako bederatzi zinegotzi gaiek (Ainhoa Zabalo Loyarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Eneko Lartige Zabaleku, Garazi Kuesta Unzain, Angel Portugal Formoso, Naroa Tubilla Ziganda, Luis Garrido Corral, Lucia Aranburu De la Cal) zin formula hori berea egin dute.

Enrique Figueroa Laboa eta Xubero Ubilloa Apaolaza legea betetzea zin egin dute eta Kepa Garbizuk hitz eman du.

4.- Alkatearen hautaketa.

Adineko mahaiburuak, Kepa Garbizu Azkuek, bildutakoei adierazi die ezen, Hauteskunde Erregimen Orokorreko 5/85 Lege Organikoko 196. artikuluak xedatzen duen bezala, Udalbatzaren Erakuntzarako batzarraldi berean egin behar dela Alkatearen hautaketa.

Batzarraldi honetan alkatetzarako hautagaiak Ainhoa Zabalo Loyarte, Bildu-Eusko Alkartasuna (EA)/ Alternatiba Eraikitzen (EA-ALTERNATIBA) hautets zerrenda burua eta Kepa Garbizu Azkue, Eusko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco (EAJ-PNV) alderdiko zerrenda-buruak dira.

Hautesleei paper zuri bana banatu zaie eta seinalatu zaie, paper horretan idatzi behar direla alkatetarako bozkatu nahi den zinegotziaren izena eta abizenak, eta paperak tolesturik entregatu.

Paper guztiak jaso ondoren botoen zenbaketa egin da, mahaiburuak ozenki irakurriz paper bakoitzean alkatetarako proposatutako zinegotziaren izena eta abizenak, eta hau izan da emaitza:

- Ainhoa Zabalo Loyarte 9 boto.

- Kepa Garbizu Azkue 3 boto.

Bozketa horren emaitza ikusirik, Ainhoa Zabalo Loyarte zinegotzi hautagaia gertatu da alkate aldarrikatua, legezko gehiengo absolutua lortu duelako.

Kepa Garbizu Azkuek, adineko mahaiburuak, alkate berriari laga dio lehendakaritza. Aurrez, zorionak eman dizkio hautatua gertatu delako eta betebehar berrietarako zoririk hoberena opa dio.

5.- Alkatearen zina edo promesa eta, hala balitz, karguaren jabetza hartzea.

Alkate hautaturik suertatu ondoren, Ainhoa Zabalo Loyarte mintzatu da, kargua onartu du eta Lezoko herriari eskerrak eman dizkio azaldu duen konfiantzarengatik. Honela jardun du:

“Zorionak guztioi, zuen ahaleginari esker inoiz baino babes handiagoarekin iritsi garelako ezkertiar, abertzale eta soberanista garenok Lezoko Udalera.

Euskal Herrian aro berri batean sarturik gaude, aldaketaren garaian. Ilusio eta itxaropenez kargaturik dago giroa.

Pozez gainezka eta ardura osoz hartzen dugu zuen mandatua eta prest gaude alkatetzak suposatzen duen ardura handiari behar bezala erantzuteko. Lehentasunezko erronka, hemen eta Euska Herria osoan, egoera demokratikoa lortzea izango da eta horri begira lan egingo du udal honek, guztion eskubide zibil eta politikoak onartuak izan daitezen.

Horregatik bortxa adierazpen oro behin betikoz eta baldintzarik gabe desagertu dadin eskatzen dugu, baita mehatxuak, presioak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak ere. Eta batez ere, Lezo eta euskal herri osoko preso eta deportatuak gure artean izan ditzagula.

Gure udala, eta Lezo, herri honen normalkuntza politikoan lehen mailako eragileak izango dira. Eta guk ere, gure ekarpena egingo dugu zabaldutako aukera historikoa, etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko oinarria izan dadin.

Bildu koalizioaren proiektua herritar guztien ongizatea ziurtatzeari begira garatuko dugu. Guztiontzat egingo dugu lan eta guztiokin. Udala, herritarroi gerturatzen jarraituko dugu.

Herrian txertatutako udala nahi dugu eta Lezoar aktiboak nahi ditugu, erabakitzaileak, zuen guztiokin batera atera dugulako aurrera Lezo.

Besterik gabe, mila esker eta zorionak guztioi.

Gora Lezo eta gora Euskal Herria”

Jendartetik aurreko lau urtetan alkate izan den Haritz Salaberria Goikoetxeak hitza eskatu eta zoriondu egin du alkate berria. Dio poztu egiten dela herriak egindako aukeraketarekin eta ilusioa sortzen diola, nahiz eta ezin ahaztu berari eta bere taldeari debekatu egin zaion hauteskunde hauetara aurkeztea. Alkatearen agindu sinboloa den zumitz-uztaia eta arrano beltzaren ikurrina entregatu dizkio alkate hautatu berriari. Esan du esku onetan uzten dituela ikur horiek eta gogoratu die alkate eta zinegotzi berriei ez daudela bakarrik, hor egongo direlako lanerako prest.

Ainhoa Zabalok, alkateak, eskertu ditu hitz horiek.

Jendartetik hitza eskatu eta aritu da Imanol Esnaola Arbiza, zinegotzi ohia. Gogoratu du bere garaiko korporazio kide bat ez dagoela bilkura honetan, preso dagoelako. Eta gogoratu du berak Euskal Herriko udalen artean bultzatuko Udalbiltzako proiektu subiranistarengatik auzipetua eta epaitua izan dela Madrileko Auzitegi Nazionalean. Euskal Herriaren eskubideen alde borrokan jarraitzeko eskatu dio korporazio berriari.

Jendartetik ere Marcelino Legorburuk bi bertso abestu ditu, alkate eta zinegotziei bere zorionak emanez.

Aktaren amaiera.

Zorion guzti horiek eskertu ditu alkateak eta beste aztergairik geratzen ez denez, 12:20etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 929.799etik 929802ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna