- 1. Egoki irudituz gero, 2012ko azaroaren 6an egindako bilkurako akta onartzea.
- 2. Urune Kaleko 25-29an dagoen pabiloiko kalteen konpoketak egiteko obra baimena (2012H0030010)
- 3. Alkatearen erabakien kontu ematea.
- 4. Orquidea Tabernaren inguruan izandako kalte ordainen ordainketa (2011ID060014)
Lezon, 2012ko azaroaren 20an, asteartea, goizeko 8:15ean hasi du Tokiko Gobernu Batzarrak BILKURA OHIKOA udaletxeko gobernu batzar aretoan, lehen deialdian, Ainhoa Zabalo Loiarteren lehendakaritzapean, Eneko Lartige Zabaleku, Angel Portugal Formoso eta Mikel Arruti Salaberria bertan direlarik.
Ez da bileran izan Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra.
Idazkari gisa Xabier Loiola Aristi aritu da.
AKTA ONARTZEA.
1. Egoki irudituz gero, 2012ko azaroaren 6an egindako bilkurako akta onartzea.
Azaroaren 6ko aktan, akats bat dagoela ohartarazi da. Hain zuzen, 4.puntu bezala tratatu zen gaian, abenduaren 23ko San Tomas ferian salmenta postuak jartzeko arauen onarpenari dagokiona. Bertan, arau orokorretan, 9.puntutik, 15.punturaino doazen arauak falta dira.
Honako hauek dira:
9. Titularrak dagokion diru kopurua ordaindu, eta arau hauek eta higienearen eta osasunaren arloko baldintzak beteko dituela aitortuz, 2012ko abenduaren 14 baino lehen Lezoko Udaleko bulegoetan ondoko kontu korrontean: 2100.5396.91.02000.01632.
10. Txosna guztiek bistan izan beharko dituzte produktuen salneurriak
11. Baimenaren titularrak aipatutako agiriak izan beharko ditu txosnan, udaltzainek eskatuz gero, erakutsi ahal izateko.
12. Baimendutako txosnek ezin izango dituzte megafonoak instalatu, antolatutako ekintzak ez oztopatzeko.
13. Arau hauetan eskatzen diren agiri guztiak edo baten bat faltaz gero, nahikoz izango da baimenik ez emateko.
14. Arau hauek betetzen ez badira, Lezoko Udalak egokitzat jotzen dituen erantzukizunak eskatu ahal izango dizkio baimenaren titularrari.
15. Baimendutako titularrek 2012ko abenduaren 23ko arratsaldeko zortziak arte jarri ahal izango dituzte txosnak. Une horretan jarduera denak bertan behera geldituko dira.
Zuzenketa egin ondoren, akta onartu eta sinatu da.
HIRIGINTZA, OBRA ETA ZERBITZUAK
2. Urune Kaleko 25-29an dagoen pabiloiko kalteen konpoketak egiteko obra baimena (2012H0030010)
Francisco Javier Rodrigok Ruedas Roar enpresaren izenean eta Iñaki Becerrak, Urune kaleko 27-29 zenbakietan dagoen pabiloiak dituen hondamenak konpontzeko proiektua aurkeztu zuten 2012ko urriaren 3an (erregistro sarrera zenbakia 2.264). Horretarako Miguel Maria Lasa Olarra arkitektoak sinatzen duen eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren 2012ko ekainaren 15eko oniritzi zigilua daraman proiektua aurkeztu dute.
2.- AURREKARIAK
Iñaki Becerra Iturgaizek IÑAKI BECERRA S.L. enpresaren izenean udal teknikarien ikustaldia eta txosten teknikoa eskatu zuen idatziz 2011ko urriaren 6ean (erregistro sarrera zenbakia 3329) Urune kaleko 25-26-27-29 zenbakidun pabiloiaren egoera aztertzeko.
Pabiloiaren bi jabeei lanak egiteko exekuzio agindua jakinarazi zitzaien 2012ko martxoan eta aginduari erantzunez aurkezten dute aztertzen ari garen proiektua. (2012H0470002 espedientea).
3.- TXOSTEN TEKNIKOA
Aurkeztutako proiektuak estalki metaliko berri bat jartzea proposatzen du, egun dagoen hormigoizko egitura duen estalki lauaren gainean. Estalki berria egitura metalikoarekin osatzen da eta bi isurialde izango ditu, urak modu egokian jasotzeko. Estalkiaren akabera “sandwich” motako xafla metalikoen bidez egingo da. Bestalde, kalteturik dauden hormigoi armatuzko egitura zatiak saneatuko dira, zartadurak pikatu, armatuak tratatu herdoiltzea geldiarazteko eta berriro itxiko dira pitzadurak armatuak babesturik gera daitezen.
Honetaz guztiaz aparte, esan behar, hainbat dei jaso dituela Udalak Iberdrolatik, pabiloiaren inguruan duten arketa batek urez gainezka egiten dielako. Udaleko zerbitzu teknikoak behin baino gehiagotan bertatik pasa dira iturburua non dagoen ikertzeko eta dagokigun pabiloiaren fosa septikoan kokatu dute. Hondaturik dago eta gainezka egiten duenean kalean behera doazen urek Iberdrolaren arketa betetzen dute. Iberdrolak kezka adierazi du, hauetakoren batean ez ote den poligono guztia argi indarrik gabe geratuko.
Udal teknikariak egindako txostena ikusi ondoren, Hirigintza eta Ingurumen Zinegotzi Delegatuak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzar honek ERABAKI DU:
BAT: RUEDAS ROAR S.A.ri, Urune Kaleako 25-29an dagoen pabiloiko kalteen konponketak egiteko obra baimena EMATEA.
BI: Fosa septikoaren isuria konpontzea baldintza bezala jartzen da obra baimenean.
HIRU: Baimena ematearen gaineko eskubideengatik 4.783,50€ ordaindu beharko dira eraikuntzen eta obren gaineko zerga kontzeptuan.
LAU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:
a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.
• Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
• Errekurtsoa aurkeztekotan Gobernu Batzarrera jo behar da.
b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.
• Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita
• Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da.
ALKATETZA ETA DELEGATUAK
3. Alkatearen erabakien kontu ematea.
Azaroaren 6an egindako azken Tokiko Gobernu Batzarra geroztik emandako ebazpenen berri eman da.
URGENTZIAZ
Gai zerrendatik kanpo eta Alkateak proposaturik, beste gai bat tratatzeko eskaera egin du. Herritar batek, Lezoko Udalari kalte ordainak eskatzen dizkionari dagokiona. Gaiaren urgentzia onartu egin dute batzarkide guztiak.
4. Orquidea Tabernaren inguruan izandako kalte ordainen ordainketa (2011ID060014)
Camila Gonzalez Condek, helbidea Aizkorri kaleko 4 zenbakian, lehen solairuan duenak, Lezoko Udalari kalte ordainak eskatzen dizkio –kalte moralengatik- 15 urte baino gehiagotan bere ohiko bizitokia den etxebizitzaren azpian dagon Orkidea tabernaren zaratak jasan behar izan dituelako. Urte guzti hauetan hainbatetan udalaren aurrean salaketak aurkeztu dituen arren, udalak ez du inongo neurririk hartu eta 2012 urtea arte Orkidea taberna irekitze baimenik gabe aritu da.
Eskatzen duen kalte ordainaren kopurua -10.000 euro- jasan behar izan dituen zaraten epeetan beste etxebizitza baten alokairuaren kostua litzatekeena da gutxi gora behera.
Udal teknikarien txostenak kontuan izanik, alkateak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzar honek erabaki du:
BAT: Camila Gonzalez Conderi 2012ko urtarrilaren 18ra arte jasan dituen kalte moralengatik 10.000 euroko kalte ordaina ematea (AD-749).
GALDE ESKEAK
Ez da izan galde eskaerarik.
Aktaren bukaera.
Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 08:30ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 930267/93070/930268/930271 zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.