2016ko abenduak 21

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2016ko abenduaren 21ean, asteazkena, goizeko 9:00etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente, Angel Portugal Formoso eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Baita ere bertan dira, alkateak horrela eskatuta, udaleko Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Arduraduna, Aitor Iztueta Garaikoetxea eta udaleko Kontuhartzailea, Pedro Etxarri Ollokiegi.

  1. Hondakinen bilketa sistema aldatzeko diktamena (2016H0490001).

Alkateak, Batzorde Informatibo Orokorrak abenduaren 16ean diktaminatutakoa onartzea proposatu du.

Diktamenak honela dio:

“2016-12-16an Batzorde Informatibo Orokorra egin da eta ondorengoa DIKTAMINATU DA:

Jesus Maria Martiarena Jaca, Miguel Angel Sánchez Antúnez, Maria Noemi Arberas Oses (PNV-EAJ) eta Jose Angel Sanchez Gallardoren (PSE-EE) botoa alde dela eta Mikel Arruti Salaberriaren (BILDU) aurkako botoarekin Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Zabor bilketa atez-ate sistematik txipadun bosgarren edukiontzi sistemara aldaketaren onarpena. Helburua gaikako bilketa portzentairik altuena lortzea izango da.

Gaikako bilketara ohitua dagoen Lezoko biztanleriaren esperientzian eta borondatean konfindantza osoa jartzen dugu.

Gaikako bilketa kopuru ahalik eta handiena lortzeko aleginak egingo ditugu, gaur egungoaren antzera eta kopuru hori hobetzen saiatuko gara.”

Miguel Angel Sanchezek, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak, diktamena onartzearen alde egin du. Dio atez ateko bilketa sistema aldatu nahi dutela, 5. edukiontziaren bilketa sistema garbiagoa delako. Hauteskunde garaian horrela proposatu eta hauteskundeak irabaztearen ondorioa dela hau.

Ainhoa Zabalok galdetu dio ea gaur eguneko bilketa sistemaren baloraziorik egin den eta egin bada non den dokumentua. Galdetu dio zertan oinarritzen den aldaketa proposamena. Miguel Angel Sanchezek erantzun dio EAJ-PNV eta PSE alderdien balorazioa dela eta ez dagoela dokumentatuta. Proposatzen den bilketa sistema merkeagoa izango dela dio 2016an 150.000 € gastatu zirelako tratamenduan eta 2017an gehienez 80.000 € ordainduko zaizkiolako San Marko Mankomunitateari hondakin bilketagatik. Ainhoa Intxaurrandietak galdetu dio ea errefusa ez diren hondakinen tratamentua dohain izango den.

Mikel Arrutiren iritziz gezur batean oinarritutako proposamena da osoko bilkura honi egiten zaiona, egiaztatu gabeko argumentuekin “Lezoren biztanlego gehiengoaren nahia jasoaz”, “helburua % altuena”, “konfiantza osoa biztanleengan”. Gogoratu die osoko bilkurako kide diren EAJ-PNVeko lau zinegotziri (Noemi Arberas, Alfredo de la Puente, Enrique Figueroa eta Irlentz Ortegari) beraiek eta bere zinegotzi eta alkate kargu utzi zuen Kepa Garbizu eta zinegotzi kargua utzi zuen Xubero Ubillosekin batera bilketa mixtoaren aldeko akordioa sinatu zutela EH Bilduko sei zinegotziekin batera. Korporazioa osatzen duten hamahiru zinegotzitik hamabik sinatutako akordioa izan zela hura, oraingo proposamenak betetzen ez duena.

Gogoratu du Mikel Arrutik EAJk, hauteskunde garaian, bilketa sistema erabakitzeko herri galdeketaren alde egin zuela. Hauteskunde ondoren, aurtengo maiatzaren 12an EAJ galdeketaren alde azaldu zela. EAJko probintziako buruzagietakoa den Joseba Egibar bera ere galdeketaren alde mintzatu izan dela telebistako zenbait saioetan.

Ainhoa Intxaurrandietak leporatu dio EAJ taldeari akordiorik nahi ez izatea, atez ateko bilketa sistemaren kontra biziki aritu izana eta EH Bildurekin lortutako akordioa ez gauzatzea ezta EHBilduk ondoren egindako akordio proposamen ezberdinei kasu egin ez izana ezta hauteskundeetan agindutakoa bete. Bidean alkate eta zinegotzi arduradunaren dimisioa behartuz eta hori guztia alderdi politikoak goitik horrela agindu duelako.

Miguel Angel Sanchezek dio ez dela sartuko horrelako eztabaidetan.

Mikel Arrutik PSEren jarrerari buruz dio ez dela ulertzen nola azken osoko bilkuran prozesu partehartzaile baten alde agertu eta orain, guztiz aldatuz, kontrako erabaki bateren alde azaldu den. Gogoratu dio PSEko zinegotziari nola bere web orrian galdeketaren konpromisoa betetzeko eskatu izan dion EAJ-PNVri.

Jose Angel Sanchezek PSEren iritziaren jarreraren errepasoa egin du, nola bere hauteskunde programan bostgarren edukinontziaren alde egin zuten. Hauteskunde ondoren EAJ-PNVrekin euskal erakundeen gobernabilitatearen aldeko ituna egin zuela bere alderdiak eta haren ondoren Lezon galdeketaren alde lerrokatu zirela EAJkoek. Horrela gogoratu du nola aurreko alkateak 2015eko abenduaren 4ean 2016ko martxoan galdeketa egingo zuela iragarri zuen. Baita ere aipatu du ondoren eratu zen hondakinen mahaian akordioa lortzetik oso gertu egon zirela korporazioko hiru alderdiek eta herri eragileek. Tamalez, ondoren EAJ-PNV eta EHBilduren bilketa mixtoaren ezartzeko akordioaren berri eman zela prentsa bidez, berak salatu zuena, ez zutelako kontutan izan edo gonbidatu bertara hondakinen mahaira egin bezala. Horien ondoren tratatu ez den mozio bat aurkeztu zuela udalean otsailean bostgarren edukinontzia bi-hiru hilabeteko epean jartzearen aldekoa eta hori onartu ezean galdeketa egiteko. Azken azaroko osoko bilkuran EHBilduk aurkeztutako mozioa positibotzat jo zuela berak, gaiari berriz heltzeko, lanean hasi eta behar bazen galdeketan bukatzeko, EAJ-PNVk bostgarren edukiontziaren bidezko bilketa ezartzeko zalantzak ikusita. Alderdi Jeltzaleak ez zuen mozioa babestu eta, ondoren, PSE alderdiari iruditu zitzaion nik Lezoko EAJren bostgarren edukinontziaren aldeko proposamena babestu behar nuela.

Jose Angel Sanchezek dio pena ematen diola akordio batera iritsi ez izana. EAJ eta EHBilduren akordioaren argazkiak min eman ziola dio. Akordio hura aitzindari bezala aurkeztu zela prentsan eta udaleko web orrian esanaz galdeketa saihesteko egin zela, gatazka eta gastua ekiditeko. Auzi honetan bizitakoa kafkianoa izan dela dio, batik bat EAJ alderdiak sortutakoa, bere alkate baten dimisioa tarteko ahaztu gabe.

Ainhoa Zabalok dio EHBildurentzat garrantzitsuena sailkatze eta birziklatze tasak direla eta %80ko sailkatze lortzen duten bilketa sistemak galdeketa ez dutela behar dio. Tamalez, Pasaian ikusi den bezala, San Marko Mankomunitateko 5. edukinontzirekin gaur egun lortzen diren %80ko sailkatze portzentaietatik oso urruti gelditzen dira eta oraingo proposamenean ez da sailkatze portzentaien inguruko inongo konpromisorik jasotzen.

Ainhoa Intxaurrandietaren esanetan EHBildu da akordiorako proposamen ezberdinak egin dituen talde bakarra,helburuak adosteko eta bilketa metodoaren erabakia eragile eta herritarren partehartzearekin erabakitzeko. Bi alderdiei, EAJ-PNVri eta PSEri leporatu die alderdietako exekutibetatik datorrenaren menpe egotea, zinegotzi sozialistak lezoarrei ahotsa emango zitzaionaren adierazpena ahaztu duela eta EAJ-PNVek egin nahi duen errausgailuarentzat zaborra biltzeko ahaleginean egotea leporatzen diete.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko beste bost zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotzi bakarrarena) eta aurkako sei botorekin (EHBILDU udal taldeko sei zinegotziena).

Biltzar Aretoan dagoen jendeari hitza eman dio alkateak eta hitza. Batek esan du alkateari eta gobernu taldeari ez zaiela inporta gaur egungo sistemarekin Lezon lortzen ari den hondakinen sailkatze portzentaiak, alderdien interesak lehenesten dituztela, alkateak eta zinegotziak dimititzera behartuz, hautes zerrrendan atzean zirenak alkate izendatuz eta zerrendetan ez zeuden herrikoak ez diren zinegotziak izendatuz, guztia alderdiaren interesak herritarren interesen gainetik jartzeko. Beste batek dio ez dela hainbeste kostatzen galdeketa bat Lezoko herriak zer nahi duen jakiteko.

  1. San Marko Mankomunitatearekin hitzarmena onartzeko diktamena (2016H0360005).

Miguel Angel Sanchezek Batzorde Informatibo Orokorraren diktamena onartzeko proposamena egin dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

“2016-12-16an Batzorde Informatibo Orokorra egin da eta ondorengoa DIKTAMINATU DA:

San Markoko Mankomunitateak Lezoko Udalari lankidetza-hitzarmena sinatzeko proposamena luzatu dio hondakinen bilketa lehenaren eskuetan uzteko.

Hitzarmenaren xedea, San Markoko Mankomunitateak Lezoko hondakin solidoak biltzean datza. Hau da udalak eskaini beharreko zerbitzuak aipatu mankomunitatearen esku uztea.

Bestalde Lezoko Udalak 2012ko uztailaren 26an egindako Osoko Bilkuran hondakinen gaikako bilketa sustatzearen estrategia (GBSE) bultzatzeko San Markoko Mankomunitatearen eta Lezoko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartzea erabaki zuen.

7/1985 Legearen 85 eta hurrengo artikuluetan, Tokiko Araubidean indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 95 eta hurrengo artikuluetan, eta 2/2016 Legearen 93 eta hurrengo artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik

Hori dela eta hona, Jesus Maria Martiarena Jaca, Miguel Angel Sánchez Antúnez, Maria Noemi Arberas Oses (PNV-EAJ) eta Jose Angel Sanchez Gallardoren (PSE-EE) botoa alde dela eta Mikel Arruti Salaberriaren (BILDU) aurkako botoarekin Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Lezoko Udalak 2012ko uztailaren 26an egindako Osoko Bilkuran onarturiko Hondakinen gaikako bilketa sustatzearen estrategia (GBSE) bultzatzeko San Markoko Mankomunitatearen eta Lezoko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, bertan behera uztea.

BI: Lezoko hondakinen bilketa zerbitzua San Markoko Mankomunitatearen esku uzteko San Markoko Mankomunitatearen eta Lezoko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartzea.

HIRU: Hitzarmen hau onartzeko Lezoko Alkatea ahalmentzea.”

Ainhoa Zabalok espedientea ikustea eskatu du ea diktaminatutako hitzarmena bere horretan mantentzen den edo aldaketarik dagoen jakin nahi duelako. Espedientean eta onartzea proposatzen den hitzarmena batzorde informatibo orokorrak abenduaren 16an diktaminatutakoa dela egiaztatu du.

Mikel Arrutik kritikatu du Miguel Angel Sanchezek batzorde informatiboan hitzarmenaren aldaketak aurkeztu zituenean izan zuen jokaera, aldaketa bakarra aipatu zuelako, gainontzeko aldaketak isilduz. Miguel Angel Sanchezek dio azken momentuan jasotako aldaketak izan zirela eta horregatik ez zituela azaldu. Mikel Arrutik dio edo ez zituela aldaketak irakurri edo engainatzen ari dela.

Ainhoa Zabalok proposamen honetan dagoen gardentasun falta salatu eta horrek sortzen duen deskonfiantzarengatik gaia bertan behera uztea eskatu du.

Diktaminatutako hitzarmenak sortzen dizkien zalantzak zerrendatu ditu Ainhoa Zabalok:aurrekarietan aipatzen diren langileen bi zerrendak, eta horren inguruan galdetu du ea zenbat langile kaleratuko diren; 4.8. klausulak jasotzen duen kamioia baloratzeko formula eta udal kontuhartzaileak bere txostenean aipatzen duena ez datozela bat, eta galdetzen du zein den baliokoa; 4.2 klausulan aipatzen den “mantener el servicio en el ámbito rural” Lezon zerbitzu hori ematen ez denean garbi adierazten omen du hitzarmena beste herri batekoaren kopia dela (Ainhoa Intxaurrandietak euskarazko alean sagardotegiak aipatzen direla eta dio Astigarragako hitzarmenaren kopia dela hau); 5.2 klausulan aipatzen den “normativa más exigente en vigor” ea zein den badakiten galdetu die Ainhoa Zabalok hitzarmena onartzearen alde daudenei. (Miguel Angel Sanchezek erantzun dio saiatuko direla sailkatze gehiena lortzen); 5.3 klausulako “lo antes posible” zer epe den galdetu du Ainhoa Zabalok; 7. klausulako gehienez 80.000 €tako gastua errefusa toneladako zenbateko gastua den galdetu du; hitzarmenaren 9. orrialdean zehazten den jarraipen batzordeari hitzarmena aldatzeko ahalmena ematea kritikatu du “modificará las características de este convenio”; 14. klausulak txeke txuria ematen omen dio San Marko Mankomunitateari “incrementará la cuantía de los importes nuevos y el único que revisará es el interventor de la Mancomunidad”.

Jendartetik herritar batek dio hau guztia ez al den prebarikazioa, nahita eta jakinaren gainean kalte egiten bai zaie Lezoko herriko interesei. Horregatik gobernu taldearen dimisioa eskatu du.

Mikel Arrutik dio batzordean udal idazkariak eta hirigintza, obra eta zerbitzuetako arduradunak egindako oharpenak entzun ondoren beraien kontsulta egin ondoren gaiarekin aurrera egitea erabaki dutela EAJ-PNV eta PSE alderdiek. Bere ustez horrek adierazten du erabakia ez dela Lezon hartu. Eskatu du batzordean egindako oharpenak berriro bilkura honetan gogoratzea.

Ainhoa Zabalok dio laneko betebeharrak dituela eta alde egin du.

Ainhoa Intxaurrandietak beste galdera bat luzatu dio gobernu taldeari subrogazio eskubidea duten langile bakarra pasako denez San Marko Mankomunitateko zerbitzura, zer gertatuko den beste langileekin, kanporatuko dituzten, kalteordainak ordainduko zaizkien,….

Miguel Angel Sanchezek dio aukera ezberdinak baloratu dituztela, eta langileen lanpostuak mantentze aldera kale garbiketa zerbitzua zabaltzearen aukera ari direla aztertzen. Ainhoa Intxaurrandietak dio horrek kale garbiketa zerbitzua asko garestituko lukeela, galdetu du ea zerbitzu kostuen inguruko txostenik dago eta ea arrazionalizazio legearen ondoren horrelako externalizazioak egin ahal diren, zerbitzua garestiago izango delako. Iruditzen zaio udal kontuhartzailearen txostena beharko zela erabakia udalaren mesedetan den edo ez argituko lukeena. Guzti horren faltan inprobisazioa eta planifikaziorik gabe aritzea leporatu die gobernu taldeari.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Arduradunak eta Udal Idazkariak batzorde informatibo orokorrean egindako oharpenak gogoratu dituzte. Alde batetik espedientean falta dela legeak agintzen duen memoria justifikatiboa eta bestetik langileen subrogazioaren inguruan Lezoko Udalak bere gain hartzen dituen erantzukizunak. Biak diotenaren arabera hitzarmenari langileen subrogazioaren inguruan gehitu zaizkion klausula berriak (4.9, 6.13 eta 6.14) udalak dagozkionak baino obligazio gehiago beregain hartzea suposatzen dute. Alde batetik langileen eskubideen inguruan diharduelako langile bakarraren subrogazio eskubidea aitortuz, bestaldetik Mankomunitateak subrogatuko duen langilea izendatzeko betebeharra hartzen duelako eta, azkenik, langileen subrogazioen inguruan sortu daitezkeen erantzule bakarra Udala izatea espresuki onartzen duelako.

Oharpen horien harira Mikel Arrutik dio memoria hori guztiz beharrezkoa dela, kontuak egitea eta espedientean edukitzea beharrezkoa dela erabakia hartu aurretik korporazioak ez dakielako onurako edo kalterako den hitzarmena. Dio anabasaren adierazle dela onartu berri diren 2017rako udal aurrekontuetan bildutako papera eta ontzien salmenta diru sarrerengatik aurreikusitako 115.000 €ak hitzarmen honen arabera San Marko Mankomunitateren esku geratuko direla, gehi errefusa biltzeagatik ordaindu beharreko 80.000 €ak, gehi dela. Dio kontu guzti hauen aipamenik kontuhartzailearen txostenean ez daudela gehi kamioaren kostearen inguruan txostena eta hitzarmenaren egon daiteken 20.000 €tako aldea ere. Galdera eta zalantza asko daudela dio Mikel Arrutik eta erantzunik eta argitasunik ez. Dio korporazioak ez dakiela onartzera doazena ona edo txarra den, gauzak ezin direla horrela egin dio eta gobernu taldeari horren oharpena egin zaiola dio.

Jose Angel Sanchezek dio Astigarragako udalean duela bi egun sinatu dutela antzerako hitzarmena eta haien esanetan 300.000 €tako aurrerapena suposatu dio udalari. Atez atetik 5. edukinontzira pasa diren udaletan 250.000 €tako bataz-besteko aurrerapena izan dutela dio. Bestalde dio San Marko Mankomunitatearen helburua zerbitzuak mankomunatzea dela, Urola Kostako Mankomunitateak 5.edukinontzia mankomunatzea erabaki duen bezala. Jose Angel Sanchezek dio langileen egoerak kezkatzen duela eta bere esku dagoen guztia egingo duela lanpostuak mantentzeko.

Ainhoa Intxaurrandietak atez ate eta 5. Edukinontzien bilketa sistemaren aurreztearen inguruan dio Lezoko udal kontuhartzaileak 2012 eta 2014ko kontuak aztertu eta atez atekoarekin 289.000 €tako aurrezpena jaso zuela bere txostenean. Datu horien inguruan Jose Angel Sanchezek dio txosten hartan bilketa ibilgailuaren gastuak falta zirela eta hondakin tonelada kopuruaren jaitsierak kointziditu zuela. Dena den Ainhoa Intxaurrandietak dio bilketa modu berri hau hondakinen trataera eta guzti garestiagoa izango dela udalarentzat.

Udal kontuhartzaileak dio ez dagokiola berari espedientean falta den memoria justifikatiboa egitea. Berak asteartean egindako txostenean udal aurrekontuan gasturako partida dagoela jasotzen dela eta kamioaren balorazioaren inguruko balorea kalkulatzeko formula jasotzen dela, balorearen depreziazio formula zehaztuz.

Jendartean dagoen zabor biltzaile eta kale garbitzaileen langileen ordezkariak hitz egin du. Dio bilera bakarra izan dutela langileak Miguel Angel Sanchez zinegotziarekin eta bertan esan zitzaiela lasai egoteko bere lanpostuak mantenduko direla. Beste azalpenik ez dutela izan ez enpresaren ez udalaren aldetik. 2017ko lan egutegia joan den ostiralean jakinarazi dietela enpresak gaurko kontratua urtebetez luzatuko zelako. Gaurko bilkura honetan entzundakoak deskolokatu egin duela eta ahalik eta azkarren bihar bertako ahal bada, bilera bat eskatu dio Miguel Angel Sanchez zinegotzi delegatuari eta bilkura honetako akta jasotzea nahi du langileei inork ez diela azaldu hitzarmen honen eduki eta ondorioak.

Mikel Arrutik dio hitzarmena sinatu eta hamabost egunera herriko auzo baten San Marko Mankomunitatea hasiko dela biltzen eta sei hilabetera herri guztian eta horrek eragina izan behar duela kontratako langileen lanegutegian.

Ainhoa Intxaurrandietak galdetu du mankomunitatea zein auzotan hasiko den biltzen eta horrek gaurko langileen eta kontratuan izango duen eragina. Miguel Angel Sanchezek dio Altamira auzoan hasiko dela bilketa sistema berria. Eta alkateak dio enpresaren ardura dela langileekin hartu beharreko erabakiak.

Jose Angel Sanchezek dio ulertzen dituela langile ordezkariak azaldutako keskak.

Zalantza asko argitu gabe dagoenez, haiek argitu bitarte, alderdiek goitik esan diotenari kasu ez egiteko eta proposamena ez onartzea eskatu dute Mikel Arrutik eta Ainhoa Intxaurrandietak.

Alkateak diktamenaren bozketa egitea agindu du eta diktamena onartu egin da aldeko zazpi botorekin. (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko beste bost zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotzi bakarrarena) eta aurkako bostekin (bileran diren EHBILDU udal taldeko bost zinegotziena). Ondorioz onartutako erabakiak hauek dira:

BAT: Lezoko Udalak 2012ko uztailaren 26an egindako Osoko Bilkuran onarturiko Hondakinen gaikako bilketa sustatzearen estrategia (GBSE) bultzatzeko San Markoko Mankomunitatearen eta Lezoko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, bertan behera uztea.

BI: Lezoko hondakinen bilketa zerbitzua San Markoko Mankomunitatearen esku uzteko San Markoko Mankomunitatearen eta Lezoko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartzea.

HIRU: Hitzarmen hau onartzeko Lezoko Alkatea ahalmentzea.

  1. Hondakin bilketa eta kale garbiketa zerbitzuen kontratua luzatzekoa diktamena (2016ID170011).

Miguel Angel Sanchezek Batzorde Informatibo Orokorrak diktaminatutakoa onartzearen alde egin du. Honela dio diktamenak:

“2016-12-16an Batzorde Informatibo Orokorra egin da eta ondorengoa DIKTAMINATU DA:

Lezoko Udalak 2006ko abenduaren 7ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez Kale Garbiketa eta Hiri Hondakin Solidoen Bilketa zerbitzuaren kontratazio espedienteari hasiera ematea eta kontratu honen baldintza agiri administratiboak eta teknikoak onartzea erabaki zuen.

Kontratuaren esleipena Lezoko Udalak 2007ko maiatzaren 7an erabaki zuen Tokiko Gobernu Batzordean “SERBITZU ELKARTEA SL” eta “FOMENTO DE CONSTRUCCIONES Y CONTRATAS,SA” ENPRESEN ALDI BATERAKO ELKARTEAREN alde.

Kontratua 2007ko maiatzaren 28an formalizatu zen. Kontratu honen hirugarren klausularen arabera iraupena 8 urtekoa da eta epea 2007ko ekainaren 1etik kontatzen hasiko da.

Kontratuaren 8. Klausulan adierazten den moduan, agiri horretan berariaz jasota ez dauden gai guztietarako, administrazio-baldintza zehatzen agirian, gainontzeko kontratu-agirietan eta Kontratazio Publikoari aplikatu beharreko arauetan ezarritakoa beteko da.

Horrela administrazio-baldintza zehatzen agirian, zehazki 1.4 atalean zera adierazten du Hitzarmenak 8 urteko iraupena izango du, alegia, 2007ko urtarrilaren 1tik 2015ko abenduaren 31 arte. Hala ere, beste bi urtez luzatu ahal izango da, aurretik Gobernu Batzordeak edo Alkatetzak urte bakoitzean hala erabakitzen badu.

Lezoko Udalak 2015ko azaroak 26ko Osoko Bilkuran erabaki zuen SERBITZU ELKARTEA SL” eta “FOMENTO DE CONSTRUCCIONES Y CONTRATAS, SA” ENPRESEN ALDI BATERAKO ELKARTEARI esleituriko kale garbiketa eta zabor bilketa kontratua urtebetez luzatzea, 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31 arte.

Bestalde Lezoko Udala eta San Marko Mankomunitateak Lankidetza Hitzarmen bat sinatzeko elkarrizketetan ari dira. Hitzarmen honen bitartez Lezoko Udalaren eskumena den hiri hondakin solido guztien bilketa San Marko Mankomunitateak eramango luke aurrera. Nolanahi ere hitzarmen hau gauzatzeak 6 hilabeteko epea beharko luke, ondorioz zerbitzua bere osotasunean (kale garbiketa eta zabor bilketa) luzatzea beste aukerarik ez dago, zerbitzuarekin jarraitzekotan.

Hori dela eta hona, Jesus Maria Martiarena Jaca, Miguel Angel Sánchez Antúnez, Maria Noemi Arberas Oses (PNV-EAJ) eta Jose Angel Sanchez Gallardoren (PSE-EE) botoa alde dela eta Mikel Arruti Salaberriaren (BILDU) aurkako botoarekin Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: “SERBITZU ELKARTEA SL” eta “FOMENTO DE CONSTRUCCIONES Y CONTRATAS,SA” ENPRESEN ALDI BATERAKO ELKARTEARI esleituriko kale garbiketa eta zabor bilketa kontratua 6 hilabetez luzatzea, 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko ekainaren 30 arte.

BI: Akordio hau aipatu aldi baterako elkarteari jakinaraztea.”

Idazkariak batzorde informatiboan ohartutakoak ekarri ditu gogora, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Lezoko Udalaren 2013ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostenean ohartarazi zuela kontratu honek izan dituen aldaketak nabarmen eraldatu duela hasierako onarpena, xedea desitxuratuz eta kontratazio araudiaren lehia printzipioak urratuz. Ondorioz haren luzapena proposatzea baino lehiaketa berria egitea dagokiola. Baita ere ohartarazi du luzapenerako enpresaren adostasunaren agiria falta dela espedientean

Miguel Angel Sanchezek dio luzapena sei hilabeterako dela eta enpresa ados dagoela.

Angel Portugalek dio diktamenean ez dela ezertarako aipatzen barredora erabiltzeko kontratu aldaketarekin zer gertatuko den, ezta poligonoen garbiketarekin. Dio udalak ez duela inongo kontrolik bi kontu hauekin ze gertatzen ari den, egun askotan barredora geldi dagoelako eta poligonoak ez direla garbitzen eta zerbitzuak egin balira bezala fakturatu eta ordaintzen direla, berdin berdi€.

Jose Angel Sanchezek dio Angel Portugalek esandakoa egia bada ardura dagokionak neurriak hartu beharko dituela.

Jose Angel Sanchezek dio 2015ean bakarrik gelditu zela kontratu honen lehengo luzapena onartu zenean, batik bat Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako oharpenak hartu zituelako kontuan. Gaur bat egiten du Angel Portugalek proposatutak hobekuntzekin.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Arduradunak, Aitor Iztuetak, dio espedientearen tramitearen luzapenaren inguruko entzunaldia egingo zaiola kontratari.

Mikel Arrutik galdetu du ea San Marko Mankomunitateak bilduko duen auzoagatik UTEari ordainduko zaion eta zenbat izango den hori. Kontu guzti hauek zehaztuta eduki gabe luzapena proposatzea udalarekiko eta herriarekiko errespetu falta adierazten dutela dio, beste norbaitzuen interesak defenditzen ariko balira bezala, harrokeria puntuarekin.

Alkateak diktamenaren bozketa planteatu du eta diktamena onartu egin da aldeko zazpi botorekin. (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko beste bost zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotzi bakarrarena) eta aurkako bostekin (bileran diren EHBILDU udal taldeko bost zinegotziena). Ondorioz onartutako erabakiak hauek dira:

BAT: “SERBITZU ELKARTEA SL” eta “FOMENTO DE CONSTRUCCIONES Y CONTRATAS,SA” ENPRESEN ALDI BATERAKO ELKARTEARI esleituriko kale garbiketa eta zabor bilketa kontratua 6 hilabetez luzatzea, 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko ekainaren 30 arte.

BI: Akordio hau aipatu aldi baterako elkarteari jakinaraztea.”

  1. Hondakin bilketa eta kale garbiketa zerbitzuaren kontratuaren 4. aldaketa onartzeko diktamena (2016ID170012).

Miguel Angel Sanchezek diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

“2016-12-16an Batzorde Informatibo Orokorra egin da eta ondorengoa DIKTAMINATU DA:

Osoko Bilkurari proposatu behar zaio erabaki dezan SERBITZU ELKARTEA SL eta FOMENTO DE CONSTRUCCIONES Y CONTRATAS SA enpresen aldi baterako elkarteari esleituriko kale garbiketa eta zabor bilketa kontratua, 2017ko urtarrilaren 1etik 2016ko ekainaren 30 bitarte luzatzea.

Egun, 2017ko uztailak 18tik abenduaren 31a bitartean Lezoko udalak kale garbiketa zerbitzuan pertsona bat gehiago eta kale-garbigailu bat sartu du SERBITZU ELKARTEA SL eta FOMENTO DE CONSTRUCCIONES Y CONTRATAS SA enpresekin izenpetuta duen kale garbiketa eta zabor bilketa kontratuaren 3º aldaketaren bitartez.

Indartze honekin jarraitzea proposatzen da beste 6 hilabetez kalitatezko zerbitzu publiko bat lehenbailehen eskaintzeko funtsezkoa dela uste baita.

Horrela proposaturiko laugarren kontratu aldaketaren xedea da zerbitzuan pertsona bat gehiago eta kale-garbigailu bat sartzea 2017ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30 arte.

Aldaketak izango lukeen kostua 43.628,47 €-tan baloratzen da (%10 BEZ BARNE), erregaiari, kontserbazioari, material osagarriari, aseguruei, arropari, tresnei eta erremintei dagozkien gastuak barne.

Dagokion Udal teknikariak egindako txostena kontutan izanik,

Hori dela eta hona, Jesus Maria Martiarena Jaca, Miguel Angel Sánchez Antúnez, Maria Noemi Arberas Oses (PNV-EAJ) eta Jose Angel Sanchez Gallardoren (PSE-EE) botoa alde dela eta Mikel Arruti Salaberriaren (BILDU) aurkako botoarekin Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Onartzea Lezoko Udalak SERBITZU ELKARTEA SL eta FOMENTO DE CONSTRUCCIONES Y CONTRATAS SA enpresekin izenpetuta duen kale garbiketa eta zabor bilketa kontratuaren 4. aldaketa, eta zerbitzuan pertsona bat gehiago eta kale-garbigailu bat sartzea 2017ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30a arte, baldintza hauekin:

- Kontuan hartuta kontratu hau arautzen duen klausula administratiboen orriko 1.1.8. idatz zatia, zerbitzurako esleituko diren langileek euskaraz jakin beharko dute, egin beharreko lanetarako eska daitekeen mailaren arabera.

- Kontratuaren aldaketa honetarako esleitzen diren langileak aldi baterako langileak dira, behar zehatzak betetzeko kontratutakoak, eta beraz, ez dute subrogaziorako eskubiderik izango behin kontratua amaituta.

BI: 43.628,47€ko (BEZ %10 BARNE) gastua onartzea.

HIRU: Hamabost eguneko aditze epea eman dagozkion alegazioen aurkezpenerako.”

Mikel Arrutik aurreko gaian Angel Portugalek salatutakoak gogora ekarriz dio garbi geratu dela luzapen proposamena egiten duen gobernu taldeak ez dakiela kontratistak zer egiten duen, egiten duena nola egiten duen eta zer ordaintzen den.

Alkateak diktamenaren bozketa planteatu du eta diktamena onartu egin da aldeko zazpi botorekin. (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko beste bost zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotzi bakarrarena) eta aurkako bostekin (bileran diren EHBILDU udal taldeko bost zinegotziena).

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 11:40ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1243465etik 1243474ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna