2016ko apirilak 14

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2016ko apirilaren 14ean, goizeko 9:30etan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jacaren lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arbera Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa eta Irlentz Ortega Ugalde (EAJ-PNV udal taldea), Mikel Arruti Salaberria, Igor Cordero de la Fuente eta Angel Portugal Formoso (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez dira izan bileran Xubero Ubillos Apaolaza (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra eta Garazi Kuesta Unzain (EH BILDU udal taldea)

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Halaber bertan dira Pedro Etxarri Olloquiegui Udal Kontuhartzailea eta Xanti Espina Musika eskolako zuzendaria.

  1. 2016ko Ordenantza Fiskalen aldaketa onartzeko diktamena:7-10 Musika Eskola (2016KO290001).

Xanti Espinak, zuzendariak azaldu du. Diktamenak honela dio:

Udal kontu-hartzaileak, 2016ko ordenantza fiskalak, 7-10 Musika Eskola, aldatzeko erabaki proposamenaren berri eman du.

Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren, Batzorde Informatibo Orokorrak, 2016ko martxoaren 10ean egindako bilkuran, Pedro María Garbizu Azkue, Xubero Ubillos Apaolaza, Noemí Arberas Oses eta Jose Angel Sanchez Gallardoren botoa alde dela eta Mikel Arruti Salaberria eta Angel Portugal Formosoren abstentzioarekin, honako hau:

DIKTAMINATU DU:

BAT: 7-10 Musika eskola, ordenantza fiskalaren aldaketa hastapenez onartzea 2016/2017 ikasturterako.

BI: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholeko iragarki bidez, hilabeteko epean espedientea aztertu eta alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiek behin betiko onarpena izango lukete.”

HIRU: Erabaki hau tramitezkoa denez ezin da bere aurka errekurtsorik jarri.”

Xanti Espinak Musika Eskolaren diru sarreren azalpenak eman ditu eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza ez dela gaurko gastuen herena irizten dio. Jaurlaritza eta udal aurrekontuen ekarpenez gain ikasleen matrikula dela hirugarren diru iturria eta dio gaurko diktamenak prezioak 15 eurotan igotzea proposatzen duela. Matrikulak ordaintzeko bekak ere ematen direla dio.

Jose Angel Sanchezi garrantzitsua iruditzen zaio beken politikari eustea eta udalaren ekarpenak arintzea.

Mikel Arrutik dio aurreko legealdian baztertu zen proposamena dela gaurko hau. EHBildu taldearen ustez udalak duen egoera ekonomikoa ez hain txarra kontutan izan da eta Eusko Jaurlaritzak bere ekarpena handitu beharko duenaren ustetan, ez zaie bidezkoa iruditzen matrikulak igotzea.

Besterik gabe, bozketa egin da eta diktamena onartu da aldeko 6 botoekin (5 EAJ-PNV eta 1 Eusko Sozialistak) eta kontrako 3 botoekin (EHBILDU udal taldea).

  1. 457/2014 auzian (2014.udal aurrekontuetan Udalbiltza kuota) 557/2015 epaiari tartekatutako kasazio helegitean agertzeko diktamena (2014ID450004).

Alkateak azaldu du. Honela dio Diktamenak:

Estatuko Abokatuak 457/2014 auzian EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako 557/2015 epaiari kasazio helegitean tarteratu dio.

Orain errekurritutako epaiak ez du onartu Estatuko Abokatuak Udalbiltza elkartearen aldeko gastu partida bat jasotzen duen Lezoko Udaleko 2014 urteko udal aurrekontuen behin betiko onarpenaren kontrako helegitea.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2016/03/10ean egindako bilkuran, behean heldu dena aho batez diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan

BAT: Estatuko Abokatuak 457/2014 auzian EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako 557/2015 epaiari aurkeztutako kasazio helegitean Lezoko Udala agertzea.

BI: Erabaki honen berri ematea Mercedes Zulaica Galdos abokaturari eta Ana Isabel Lobera Argüelles Madrilgo prokuradoreari, Lezoko udalaren ordezkaritzan aritzeko kasazio helegite honetan.”

Bozketa egin da eta diktamena onartu da aldeko 8 botoekin (5 EAJ-PNV eta 3 EHBILDU) eta abstentzio batekin (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos)

  1. 2016. urteko Lan Postuen Zerrenda aldatzeko proposamena (2016PE290002).

Batzorde Informatibo Orokorrak onartutako diktamenak honela dio:

Udalbatzak, 2015eko azaroaren 26an egindako osoko bilkuran, 2016. urteko lanpostuen zerrenda eta plantilla organikoa onartu zituen.

Egungo aparejadorea-zerbitzuburuak datorren abenduan erretiroa hartzea aurreikusia du. Beraz, lanpostu hori hutsik geratuko da eta udal honentzat lehentasunezkoa den heinean deialdi publiko bidez lanpostua bete beharko da.

Hori dela eta, udal honetako hirigintza, ingurumen, obrak eta zerbitzu departamentuko arduradunek lanpostuak beharko lituzkeen funtzioen zerrenda egin dute eta Lanpostuen Zerrendan aldaketa batzuk egitea eskatu dute. Aldaketa horien helburua lanpostua beraren izena eta ezaugarriak aldatzea da, sailaren organigramara eta beharretara moldatzeko.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2016/03/10ean egindako bilkuran, behean heldu dena aho batez diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan

BAT: Hasierako onarpena ematea 2016. urteko lanpostuen zerrendaren aldaketari, Aparejadorea-Zerbitzuburua lan postua horrela definitua geldituz:

  • - Izena: Arkitekto teknikoa.
  • - Postu kopurua: 1.
  • - Hornitzeko era: Oposizio lehiaketa.
  • - Erregimena: Funtzionarioa.
  • - Enpresa maila: 17.
  • - Destino Osagarria: 23.
  • - Osagarri Espezifikoa: 17.931,38€.
  • - Sailkapen taldea: A2.
  • - Eskala: Administrazio Berezia.
  • - Azpieskala: Teknikoa.
  • - Klasea: Erdi mailako teknikaria.
  • - Hizkuntza eskakizuna: 4.
  • - Derrigortasun data: 1994/07/31.
  • - Titulazioa: Arkitekto teknikoa.
  • - Beste eskakizunak: B motako gida baimena indarrean izatea.

BI: Espedientea jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez.

HIRU: Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztuko ez balitz, aldaketa behin betiko onartutzat hartuko da eta argitaratzeko agindua emango da, bestelako erabakirik hartu beharrik gabe.”

Batzorde Informatibo Orokorrean esan duten bezala ez Mikel Arrutik ez Jose Angel Sanchezek ez dute ulertzen batzorde informatibo orokorrean hamar egunetako epean lanpostu honen lanaldia erdira jaistearen arrazoia. Horregatik abstenitu egingo direla diote.

Bozketa egin da eta diktamena onartu da aldeko 5 botoekin (EAJ-PNV) eta 4 abstentzioekin (3 EHBILDU eta 1 Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos)

  1. Arkitekto tekniko postuaren funtzioak eta ezaugarriak onartzeko diktamena (2016PE290003).

Honela dio diktamenak:

Egungo aparejadorea-zerbitzuburuak datorren abenduan erretiroa hartzea aurreikusia dago. Ondorioz lanpostu hori hutsik geratuko da eta udal honentzat lehentasunezkoa den heinean deialdi publiko bidez bete beharko da.

Lan postu hau sortu zen ezkero eginkizunetan aldaketa handiak egon dira, bere sorreran, besteak beste, ez arkitektorik, ez uren arduradunik, ez brigada bururik ezta elektrikaririk... ez bai zeuden, lan postu hauek azkeneko hamar-hamabost urtetan sortu bai dira.

Aldaketa hauek lan postu honen eginkizunetan eta arduretan zerikusia izan dute, aparejadorea-zerbitzuburuaren zenbait ardura lanpostu berri horietan jasotzen bai dira.

Hori dela eta, udal honetako hirigintza, ingurumen, obrak eta zerbitzu departamentuko arduradunek lanpostuak bete beharko lituzkeen funtzioen zerrenda egin dute. Aldaketa horien helburua lanpostua beraren izena eta ezaugarriak aldatzea da, sailaren organigramara eta beharretara moldatzeko.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2016/03/10ean egindako bilkuran, behean heldu dena aho batez diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Onartzea arkitekto tekniko lan postuaren funtzioak eta gainerako ezaugarriak eta aipatu funtzioak eta ezaugarriak udaleko lan postuen katalogoan jasotzea.

Mikel Arrutik eta Jose Angel Sanchezek galdetu dute nola izan den eginkizunak zehazteko prozedura ea ze lanketa mota egin den. Alkateak dio departamentuak aztertu dituela orain artekoak oinarri hartuta.

Ditamena ahobatez onartu da aldeko 9 botoekin (5 EAJ-PNV, 3 EHBILDU eta 1 Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos)

  1. Alkateak hartutako erabakien berri ematea D16/00337, D16/00338, D16/00340, D16/00341 eta 16/00359.

Alkateak D16/00337, D16/00338, D16/00340, D16/00341 eta 16/00359 dekretuen berri eman du.

2016ko apirilaren 4ko Ezohiko Udalbatza egin ondoren eta alkate berria izendatu ondoren, Tokiko Gobernu Batzarreko Kide eta alkateorde berriak izendatzea beharrezkoa da eta egokia ikusi du alkateak, halaber, Tokiko Gobernu batzarraren baitan delegazioak egitea, baita zenbait zinegotziengan ere delegazioak egitea eta beste zenbait zinegotzietan delegazio bereziak egitea ere.

2016ko apirilaren 6ko D16/00337 dekretuaren bidez Tokiko Gobernu Batzarreko kideak eta alkateordeak izendatu dira Hauek dira kideak eta alkateordeak, ordenean emanak: NOEMI ARBERAS OSES, XUBERO UBILLOS, IRLENTZ ORTEGA UGALDE (EAJ-PNV udal taldea) eta JOSE ANGEL SANCHEZ GALLARDO (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos).

2016ko apirilaren 6ko D15/00338an dekretuaren bidez Tokiko Gobernu Batzarraren baitan egiten dituen delegazioak jasotzen dira.

2016ko apirilaren 6ko D16/00340 dekretuaren bidez Tokiko Gobernu Batzar kideengan egiten dituen delegazioak jasotzen dira:

- Hirigintza, Ingurumen Obra eta zerbitzuak: XUBERO UBILLOS APAOLAZA.

- Gizarte Zerbitzuak: NOEMI ARBERAS OSES.

2016ko apirilaren 6ko D16/00341 dekretuaren bidez, zenbait zinegotzietan delegazio bereziak egitea jasotzen da:

- Musika Eskola: ALFREDO DE LA PUENTE PAGOLA.

- Trafikoa: ENRIQUE FIGUEROA LABOA.

- Kirola: IRLENTZ ORTEGA UGALDE.

- Garapen ekonomikoa, komertzialaritza, komertzialarien elkarteak, enplegua eta ogasuna: JOSE ANGEL SANCHEZ GALLARDO.

2016ko apirilaren 8an Xubero Ubillos zinegotziak bere karguaren errenuntzia egin ondoren, 2016ko apirilaren 11ko D16/00359 dekretuaren bidez, Tokiko Gobernu Batzarraren osaketaren aldaketa, alkateordeen aldaketa eta Hirigintza eta Ingurumen, Obrak eta Zerbitzuak arloko delegazioa bertan behera uztea jasotzen duen ebazpena egin da.

Udalbatza jakinaren gainean geratzen da.

Jose Angel Sanchezek eskertu du delegazio bereziarekin aitortzen zaion konfiantza. Halere esan du delegazio horrek ez dituela ahalmen eta eginkizun zehatzak.

Mikel Arrutik kritikatu du Tokiko Gobernu Batzarra osatzeko EHBildu taldekorik ez izendatu izana. Bestalde eskatu dio alkateari eta gobernuari egiten zaizkion galderak edo eskakizunak erantzuteko, adibidez aurreko gaian egindako galderak erantzunik gabe geratu direlako.

Alkateak dio kontutan hartuko dutela. eta azpimarratu du zalantzak dituela.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 10:15ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1243211tik 1243215ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna