Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren hamahirua. Eguerdiko hamabietan (12:00) hasi du Udalak OSOKO BILKURA OHIZ KANPORAKO ETA PREMIAZKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian; Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek ere bertan direla: Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda, Jose Luis Ruiz Navarro, Jesus Mª Martiarena Jaka eta Mirari Recalde González.
Iñake Urrestarazu Azurmendik ezin izan du bilkuran izan.
Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Mª Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris eta Pello Garbizu Azkue ez dira bilkuran izan.
Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza.
1.- BERRESTEA BILKURA PREMIAZKOA IZATEA.
Behin betiko zerrendak onartu beharrak, heldu den larunbatean zozketa egiteko modua izateak eta kontua gehiago ez luzatzeak ekarri dutela bilkura egiteko deialdia premiaz egitea esan du alkateak.
Hala, bilkuran diren zinegotzi guztiak konforme heldu direnez, berretsita gelditu da deialdia urgente egin beharra izatea. Hala berean, osoko bilkura egitearen alde izan dira guztiak.
2.- ONARTZEA BEHIN BETIKO LOPENEKO BABES OFIZIALEKO ETXEAK ESKURATZEKO ONARTUTAKOAK ETA HAIEKIN OSATUTAKO TALDEAK.
1996ko martxoaren 13an egindako osoko bilkuran Lopenen egiteko diren babes ofizialeko etxeak eskuratzeko baldintza-orriak onartu eta gero egindako ekintzen berri eman du lehenbizi alkateak.
Hala, epaimahaiak -Udalbatzan diren alderdi guztien artean osatua zenak- apirilaren 22an onartu zuen ontzat hartutako eskabideekin egindako zerrenda behin behingoa. Maiatzaren 9an egindako bilkuran, berriz, konforme ez zirenek egindako alegazioak aztertu zituen. Ondoren, alegazio batzuk onartzea eta beste batzuk ez onartzea (arrazoiak bilkurako aktan heldu dira) eta behin betiko zerrenda ontzat hartzea proposatu zion osoko bilkurari.
Epaimahiak egindako bilkurako aktan ikusten denez, gaurko bilkura egin baino lehen dokumentu batzuk ekarri beharreko pertsona batzuk ere baziren, esate baterako: Jose Manuel Gordón Helgera eta Maria Angeles Unanue; Juan Carlos Taboada; eta Juan Antonio Rodríguez Colombo. Hala, ekarri dituztela ekarri beharreko dukementuak jakinarazi du idazkariak, eta horien eskabideak ere onartzea proposatu du.
Bestetik, Jose Vargas García Lezon 15 urtean erroldatuta egondakoa ote zen ikustea ere falta zen. Idazkariak esan du erroldetan heldu diren datuen argitan ez dagoela halakorik ziurtatzerik, ez dela 15 urtean erroldatuta egon, alegia; eta, beraz, haren eskabiderik ez onartzeko proposatu du.
Jose Mª Aramburu Puy-ren etxeak zenbat metro karratu ote dituen begiratzea ere falta zen. Aparejadorearen informeak dio 50m² baino gehiago dituela. Beraz, familian den pertsona kopuruari begiratuz gero, ez du oinarrietan eskatzen denik betetzen. Hala, haren eskabiderik ere ez onartzea proposatu da.
Mª Coro Paule Rodriguezek egindako alegazioa aintzakotzat hartu da; ontzat hartzeko, ordea, zozketan egokitutako etxearen (baldin eta egokitzen bazaio behintzat) eskritura egin baino lehenago egin behar du lehen zeukana saltzeko eskritura publikoa (eginkizun daukana oraindik) eta errejistratzea.
Beste alde batetik, Aitor Vega Villaverdek 2 gela dituzten etxeak eskuratzeko zozketan sartu behar duela adierazi da behin berriro ere.
Halaxe, bada, gaurko bilkuran egindako oharrak aintzakotzat hartu eta epaimahaiak egindako proposamena ere ontzat hartu ondoren, onartuta gelditu dira, aho batez, Lopeneko babes ofizialeko etxeak eskuratzeko zozketan sartzeko onartutakoak eta haiekin osatutako taldeak, behin betiko. Zerrenda I. Eraskinean heldu da.
Lezo Herri-Eskola - Jaizkibel-Azpi Eskolan izango dela zozketa jakinarazi du alkateak, hilaren 18an, goizeko 10etan.
AKTAREN BUKAERA.
Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, eguerdiko hamabiak eta laurdenean (12:15). Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.