1995.eko Martxoaren 1ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko martxoaren lehenengoa. Arratsaldeko zazpiak eta bostetan hasi du OSOKO BILKURAk bilera OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena eta Jose Antonio Dozagarat Andueza, Jose Mª Boto Sancho eta Iñake Urrestarazu Azurmendi zinegotziak, bildu dira.

    Marcial Zabaleta Salaberria, Jesus Mª Martiarena Jaca, Pello Garbizu Azkue eta Jose Varela Pampin ez dira bileran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza eta Pello Goikoetxea Agirrek itzultzailetza.

    1.- 1994KO ABENDUAREN 23AN EGINDAKO OSOKO BILKURA BEREZI ETA PREMIAZKOAREN AKTA ETA 1995EKO OTSAILAREN 1EAN EGINDAKO OHIKO OSOKO BILKURAKO AKTA ONARTZEA.

    1994ko abenduaren 23koa onartu da aldaketarik gabe.

    1995eko otsailaren 1ekoan, euskeraz idatzitako aktaren 2. orrialdeko 4. eta 5. lerroetan "... Osakidetzak ez du beste bat berria egiteko modurik. ..." esan ordez "... Osakidetzak ez du beste bat berria egiteko asmorik. ..." esan behar du. Beste zuzenketarik gabe akta onartu da.

    2. - MOTORDUN IBILGAILUEN ZIRKULAZIOA ETA BIDE SEGURTASUNA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZAREN HASIERAKO ONESPENARI AURKEZTUTAKO ALEGAZIOEI ERANTZUTEA ETA, HALA BALEGOKIO, BEHIN BETIKOZ ONARTZEA.

    Motordun ibilgailuen zirkulazioa eta bide segurtasuna arautzen dituen udal ordenantzari behin betiko onarpena ematea proposatu zion osoko bilkurari otsailaren 20an egindako Barne Batzordeak. Proposamenak hasierako onarpena eta jendeaurrean egon den ordenantzari zenbait zuzenketa egitea proposatzen du aurkeztu diren alegazioetatik zenbaiti oneritzia emanaz.

    Gaiaren mamiarekin hasi aurretik J.M. Botok hartu du hitza. Bere ustez gaia ezin da aurkeztu den bezala azaldu osoko bilkurara, diktamenean ez baitira zehazten egiten diren aldaketak, ez da ordenantzaren testu zuzendua aurkeztu, e.a..

    Alkateak erantzun dio diktamenean argi uzten dela zein zuzenketa egin behar diren: udaltzainburuaren eta idazkariaren txostenen arabera egin beharreko zuzenketak, alegia.

    J.M. Botok txosten horiek non diren galdetu du, ez direla deialdiarekin batera banatu. Era berean adierazi du berak ezin duela batzordeetara agertu egiten diren orduengatik.

    Alkateak plenoko espedientean daudela dio, gai bakoitzean izan diren informe, akordio, iragarki, e.a.kin batera.

    J.M. Botok espedienteak non egoten diren ez dakiela dio. Informazioa ezkutatzea leporatu dio alkateari; gogoratuz, alkatea oposizioan zegoenean, lehenengoa izaten zela dokumentazioa eskatzen.

    Bai alkateak eta bai barne batzordeko lehendakariak bere harridura azaldu dute J.M. Botoren hitzengatik, jakinekoa baita deialdia egiten den unetik espedienteak idazkaritzan izaten direla.

    J.M. Botok berean jarraitu du informazioa ez zaiola ematen esanez.

    Alkateak, forma kontuak alde batera utzi eta ordenantzari egindako alegazioak aztertzera gonbidatu ditu osoko bilkuran dauden zinegotziak. Batzordearen proposamenarekin bat, udaltzainburuak eta idazkariak beren informeetan aipatu dituzten aldaketak onartzea proposatu du. Azalpenerako, alegazioaren ordena jarraitu da:

    11 alegazioa, testua artikulatzea eskatzen duena, onartzea;

    12 alegazioa, indarrean dauden testu legalen aipamen zuzenak egiteko zuzenketak egitea proposatzen duena onartzea;

    13 alegazioa, estilo kontua izanik ez onartzea;

    14 alegazioa onartzea, herriaren titulua, hau da, "villa" ordez "universidad" behar bezala jasoz;

    15 alegazioan aipatzen den inkoherentzia zuzentzea, zazpi egunetako aparkamentua onartuz.

    16 alegazioan proposatutako ordenantza alternatiboa ez onartzea.

    I. Urrestarazuren iritziz tamalgarria da hainbeste denbora behar izan duen ordenantza batean hainbeste akats zuzendu behar izatea. Alegazioak aurkeztu zituztenean audientzia tramitea izango zutela espero bazuen ere goizeko 9etan barne batzordea deitzean tramite hori ez dela bete usten du ordu horietan ezinezkoa baitzaie zinegotzi gehienei batzordera agertzea. Bere ustez onartzera doan ordenantzaren aplikazioan errekurtsoak izateko eta galtzeko aukera haundia omen du udalak. Udaltzainentzat beharrezko tresna bazen ere gauzatu den ordenantzak arazo asko ekarriko dituenaren kezka azaldu du I. Urrestarazuk. Galdetu du ea testu alternatiboa zergatikan ez den onartzen.

    Alkateak bere harridura azaldu dio I. Urrestarazuri berak sinatutako alegazioan ez baitu ordenantzaren aplikazioak izango dituen arazoei buruz ezer aipatu. Esan du udaltzaingoak beharrezkoa duen tresna dela eta testu alternatiboa, aldaketa nabarmenik suposatzen ez duena, onartzeak berriro ere jende aurreko tramitea egitea suposatuko lukeela eta, ondorioz, ordenantza indarrean sartzeko epea luzatuko zela.

    J.M. Botok ordenantza idazten hamar hilabete pasa ondoren aurkeztu den testuaren kalitate bajua kritikatu du.

    Hau dena entzun ondoren udal osoko bilkurak aldeko zazpi botuekin, alkatearena eta Herri Batasuneko beste bost zinegotzienak eta J.A. Dozagaratena, eta aurkako bi botuekin I. Urrestarazu eta J.M. Botorenak, ZERA ERABAKI DU:

    BAT: Motordun ibilgailuen zirkulazioa eta bide segurtasuna arautzen dituen udal ordenantzari tartekatutako alegazioan planteatutako akats zuzenketak onartzea.

    BI: Alegazioan proposatutako ordenantza alternatiboa ez onartzea.

    HIRU:Lehenengo puntuan planteatutako akats zuzenketarekin behin betiko onarpena ematea ordenantzari Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduz.

    3. - IBILGAILUAK IBILGETU ETA BIDE PUBLIKOTIK KENTZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAREN HASIERAKO ONESPENARI AURKEZTUTAKO ALEGAZIOEI ERANTZUTEA ETA, HALA BALEGOKIO, BEHIN BETIKOZ ONARTZEA.

    Barne Batzordeak otsailaren 20an egindako bileran proposatutakoarekin bat, eta udaltzainburuaren eta idazkariaren txostenen arabera, aurkeztu diren alegazioak ez onartzea proposatu du alkateak.

    J.M. Botok Barne Batzordeko lehendakariak sinatutako diktamena gaizki dagoela dio: bigarren gaia soberan dagoela ordenantza honi ez baitzaio alternatibarik aurkeztu.

    Ontzat eman da diktamenaren zuzenketa hau.

    Eztabaida luzea eman da, ordenantzaren testua argitu naiz, bere edukia oso dudakoa baita I. Urrestarazuren iritziz.

    Bozketa egin ondoren udal osoko bilkurak aldeko zazpi botuekin, alkatearena eta Herri Batasuneko beste bost zinegotzienak eta J.A. Dozagaratena, eta aurkako bi botuekin, I. Urrestarazu eta J.M. Botorena, ZERA ERABAKI DU:

    BAT: Ibilgailuak ibilgetu eta bide publikotik kentzea arautzen duen udal ordenantzari tartekatutako alegazioan planteatutako akats zuzenketak onartzea.

    BI: Lehenengo puntuan planteatutako akats zuzenketarekin behin betiko onarpena ematea ordenantzari Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduz.

    J.M. Botok, botu esplikazio gisa, esan du ezezkoa eman diola akordioari ez baitaki zer ari den onartzen. Kritikatzen du berari hainbeste aldiz leporatu dioten kontua: batzordeetan egin beharreko lana osoko bilkuran ez dela egin behar, gai hauetan egiten ari diren bezala.

    4. - GIPUZKOAKO TRAFIKO BURUTZAK EMANDAKO MATRIKULA PLAKARIK EZ DARAMATEN IBILGAILU ZIKLOMOTOREEI BURUZKO ORDENANTZAREN HASIERAKO ONARPENARI AURKEZTUTAKO ALEGAZIOEI ERANTZUTEA ETA, HALA BALEGOKIO, BEHIN BETIKOZ ONARTZEA.

    Barne Batzordeak otsailaren 20an egindako bileran proposatutako diktamena onartzea proposatu da. Aurreko gaian egin bezala aurkeztu diren alegazioei erantzuna emateko alegazioetan erabilitako orden bera erabili da.

    Akordio proposamena hau da:

    21 alegazioan dagoen akatsa udaltzaingoaren txostenean dioenaren arabera zuzentzea.

    212 eta 213 alegazioak ez onartzea.

    Aurreko ordenantzarekin gertatu bezala diktameneko 2. akordio proposamena soberan dago, ez baita ordenantza honen testu alternatiborik aurkeztu.

    Bozketa egin ondoren aldeko zortzi botuekin, Herri Batasuneko zinegotzienak, J.A. Dozagaratena eta I. Urrestarazurena, eta aurkako batekin, J.M. Botorena, ZERA ERABAKI DA:

    BAT: Gipuzkoako Trafiko Burutzak emandako matrikula plakarik ez daramaten ibilgailu ziklomotoreei buruzko ordenantzari tartekatutako alegazioan planteatutako akats zuzenketak onartzea.

    BI: Lehenengo puntuan planteatutako akats zuzenketarekin behin betiko onarpena ematea ordenantzari Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduz.

    5. - PROPOSAMENA, PASABIDEEI BURUZKO ORDENANTZARI HASIERAKO ONARPENA EMATEA.

    Zerbitzu Batzordeak diktaminatutako ordenantza da hau. Alkateak diktamena onartzea proposatu du ordenantzari hasierako onarpena emanaz.

    I. Urrestarazuk aztertzeko nahiko denborik ez duela izan azaldu du.

    J.M. Botok dio pasabideak arautuko dituen ordenantza beharrarekin ados badago ere, horrek ez duela esan nahi aurkezten den ordenantza honekin ados dagoenik. Kritikatu du batzordetik pasa ondoren zenbait aldaketa egin izana. Egoki aztertzeko denborarik izan ez duenez abstenitu egingo dela iragarri du.

    Idazkariak ohartarazi du zein den tramitazioa eta onarpenerako gehiengo osoaren aldeko botua behar dela.

    Bozketa egin ondoren, aldeko zazpi botuekin, Herri Batasuneko zinegotzienak eta J.A. Dozagaratena, eta bi abstentzioekin, I. Urrestarazurena eta J.M. Botorena, ZERA ERABAKI DA:

    BAT: Hasierako onarpena ematea pasabideei buruzko ordenantzari.

    BI: Hogeita hamar egun edukitzea ordenantza argitara atera nahi duenak bere oharrak eta alegazioak egin ditzan. Inork ere ez badu ez oharrik eta ez alegaziorik egiten bitarte horretan, behin-betiko onartutzat hartuko da ordenantza.

    6.- GALDERAK ETA ESKAERAK.

    1. Iosu Pontestak dio hilaren 14an alondegian birziklapen kanpainaren aurkezpena egingo dela.

    2. J.M. Botok aurreko osoko bilkuran hartu zen erabakiaren aurka azaldu da, hau da, Donibane 14ko udal lokalean osasun zentroa kokatzearen aurka. Bere egunean Osakidetza lokal berri bat eraikitzeko konforme egon bazen ere Herri Batasunak aurrekontuak onartu ez zituelako galdu omen zen aukera hura.

    Alkateak konpromezu horiek non diren galdetu dio, azaltzeko, beraiek ez dakitela ezer eta. Esandakoak demostratzeko eskatu dio.

    I. Urrestarazuk elkarrizketak izan zirela esan du baina Osakidetzak idatziz ez zuela inongo konpromezurik azaldu. Dena den, gogoratu du, Osakidetzak ez zuela Osasun Etxea etxebizitzak zeuden eraikin batean kokatzea nahi.

    3. J.M. Botok alkateari esan dio Musika Eskolako zuzendariak sinatutako idatzi bat jaso duela kontratazio baterako epaimahakide izateko deialdia eginez. Bere ustez horrelako gonbiteak alkateak sinatu beharko lituzke.

    4. J.M. Botok Laiz enpresarekin sinatutako hitzarmen urbanistikoaren kopia eskatu du.

    Alkateak argitu dio hitzarmena Gobernu Batzordeak hartutako akordioa bera dela, non aprobetxamendu urbanistikoaren %15a eskatu zitzaion.

    5. J.M. Botok galdetu du zer egin den Sagasti 103. Poligonoan Barriosen eraiketarekin.

    Alkateak esan dio hurrengo Gobernu Batzordera joango dela gaia eta orduan jasoko duela dokumentazioa. Dena den aurreratu dio Laizen kasuaren moduan, aprobetxamenduaren %15a kalkulatu duela udal arkitekto aholkulariak eta hura ordaintzea eraikitze baimenaren beste baldintza bat izango dela.

    6. J.M. Botok galdetu du gruak erretiratzen dituen kotxeak gordetzeko aurrikusi al den lokalen bat.

    Alkateak erantzun dio esanez eraikiko den kiroldegiaren azpian lokaltxo bat prestatzeko asmoa dagoela.

    Epe motzera tokia duen norbaitekin hitzarmenen bat sinatuko dela azaldu du Barne Batzordeko lehendakariak.

    7. J.M. Botok galdetu du ea zenbat Pikabea anai dauden udaletxean lanean, zer eginkizunekin, noiz arte, e.a..

    Alkateak udal aparejadoreari galdetzeko erantzun dio.

    J.M. Botok erantzun dio aparejadoreak ezer ez dakiela esan ondoren galdetu duela osoko bilkura honetan.

    8. I. Urrestarazuk osoko bilkurako deialdia eta dokumentazioa igandean jaso zuela esan du, beste zenbait zinegotziek ostiralean jaso zutenean.

    Alkateak gaia udaltzainburuarekin argituko duela erantzun dio.

    9. I. Urrestarazuk galdetu du ea nola daitekeen Errenteriako OTA Lezoko lurraldean aplikatzea.

    M. Mitxelenak erantzun dio. Honen arabera Errenteriako Udalak erabiltzen dituen mugak ez dira Lezoko Udalak erabiltzen dituen berak. Hori argitu nahiean esan du nahiz eta tren geltoki ondoko espaloian OTA ipini lezotarrek doan erabiltzeko moduaz hitzegin dutela Errenteriako udal ordezkariekin eta behar bada irtenbidea hamabost egun edo hilabeteko kontua izango dela.

    10. Alkateak azaldu du bihar banatuko dela kiroldegia eta azpian egingo diren garajeen eraiketa eta zerbitzu emakida arautuko duen plegua, datorren astelehenean Hirigintza Batzordean diktaminatu eta asteazkenerako deituko den aparteko plenoan onartzeko.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gaiarik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, arratsaldeko bederatziak eta bostetan, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta nere sedespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu duguna.

    Eguna