Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko ekainaren zortzigarrena, arratsaldeko zazpiak. Udalbatzak ohiz kanporako bilera izan du Udaletxeko Biltzar Aretoan. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Jose Antonio Dozagarat Andueza, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Pello Garbizu Azkue eta José Mª Boto Sancho, zinegotziak, bildu dira.
Jesus Mª Martiarena Jacak ezin izan du etorri. Martzial Zabaleta Salaberria eta José Varela Pampin ere ez dira bileran izan.
Miren Bruño Azpirozek egin du idazkaritza, behin-behingo funtzionaria.
Lehendakariak saioari hasiera eman eta nornahirentzako izendatu, eta idazkariak hasteko behar adinako kuoruma badela ikusi ondoren, zerrendako gaiak aztertzen hasi dira.
1.- 1994ko maiatzaren 11n eta 16an egindako bileretako aktak irakurri eta onartzea, hala balegokio.
P. Garbizu eta I. Urrestarazu ez, astenitu egin baitira, beste zinegotzi guztiak alde direla onartu dute 1994ko maiatzaren 11ko akta. Dena dela, 8. orrialdean, 5. gaiko 2. lerroaldian, "lehengo futbol-zelaia ttattarra zela -hala esan zutela- eta oraingoa ere halaxe dela" jartzen dueneko horretan, "hala esan zuela Herri Batasunak" sartu behar da gioi artean.
Maiatzaren 16ko akta, berriz, aho batez onartu dute. Dena dela ere, honako aldaketa hauek eginda: Bigarren orrialdeko 5. lerroaldian, "futbol-zelaia, konparazio baterako, kendu egin dute" dioen tokian, "futbito-zelaia" esan behar du.
Bestetik, automobilak ateratzeko mozketa egiteaz esan zuenaren gainean, J.M. Botok, automobilentzako aterabidea egiteak mozketa dakarrela esanahi zuela adierazi du, daitekeena dela eta halako garai batzutan bidea bete automobil ateratzea. Dena dela ere, esan du, zinta entzun eta zer esan zuen begiratu egin beharko dela.
Zinta entzun ondoren, aktan jarritakoa eta esandakoa bat datozela ikusi da.
Alkateak, auzi honen gainean, aktak esandakoa jasotzeko direla esan du, esandakoak zentzurik izan ala ez izan.
2.- Proposamena, 1994 ekonomi-urteko Aurrekontua behin-betiko onartzea.
Lezoko udaleko sei zinegotzik Aurrekontua jendaurrean jarrita egon den denboran egindako erreklamazioa (1427 sarrerako errejistroko zenbakia) aztertu dugu.
Kontuhartzaileak egindako informea begiratu dugu. Informeak dio alegazioa ez dagoela Aurrekontuari buruzko erreklamaziotzat hartzerik, 4/91 Foru Arauak jarritakorik ez dela hautsi eta.
Idazkariak egindako informea ere begiratu dugu. Informeak dio ez dagoela erreklamazioari aurrerabiderik ematerik, araudiaren alderdi bat besterik ez delako legezkotasunik gabekoa, batetik, eta forma-akats hori "bere balioa kentzen ez duen irregularitatetzat" dagoelako, bestetik. Horiek guztiak horrela, Udalbatzak, gehiengo osoz, A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagarat alde eta I. Urrestarazu, P. Garbizu eta J.M. Boto kontra izan baitira, erabaki hau hartu du:
1.- Sei zinegotzik egindako erreklamaziorik ez onartzea, ez baita indefentsiorik izan.
2.- 1994 ekonomi-urteko Aurrekontua behin betiko onartzea. Hona Aurrekontuaren laburpena:
GASTUAK:
A) Ohizko operazioak.
1 Pertsonal gastuak........................... 258.325.001
2 Ondasun arrunt eta zerbitzuak erosteko...... 186.098.598
3 Finantza gastuak............................ 27.000.000
4 Transferentzi arruntak...................... 47.793.377
B) Kapital-operazioak.
6 Inbertsio errealak.......................... 324.237.469
8 Finatza-aktiboak............................ 5.431.000
9 Finantza-pasiboak........................... 31.370.395
Guztitara......................... 880.255.840
SARRERAK:
A) Ohizko operazioak.
1 Zuzeneko zergak............................. 103.700.000
2 Zeharkako zergak............................ 134.000.000
3 Tasak eta bestelako zergak.................. 61.926.660
4 Transferentzi arruntak...................... 252.615.021
5 Ondare sarrerak............................. 15.430.000
B) Kapital-operazioak
6 Inbertsio errealak besterenganatzea......... 35.000.000
7 Kapital-transferentziak..................... 86.342.559
8 Finantza-aktiboak........................... 1.241.600
9 Finantza-pasiboak........................... 190.000.000
Guztitara........................ 880.255.840
3.- Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzea.
Bestetik, honako saio hauek ere aktan jasotzeko eskatu dute:
Lehendabizi P. Garbizuk hitz egin du. Hala, Idazkariak, informea egiteko orduan, ez duela Ogasun Batzordearen bileretako gai-zerrendetan batzordeko idazkaria izendatzeari buruzko punturik ez etorri izana, konparazio baterako, kontuan hartu esan du.
Era berean, informea kontraesankorra dela esan du. Zeren, ematen duenez -dio P. Garbizuk-, maiatzaren 17rako diktamenak eginda egon behar zuen, bestela osoko bilkurak ez zeukan batzordeko idazkaria izendatzerik; gaurko osoko bilkurako gai-zerrendan, ordea, idazkaria izendatzeko proposamena dago, diktamenik ez.
Gainera, esan duenez, erreklamazioa edozein herritarrek -zinegotzi ez den edonork- egin izan balu, arrazoi izango zuen, baina, zinegotzi direnez, eskubide guzti-guztiak ere ez dauzkate.
Ogasun Batzordean idazkaririk izan ez denez -esan du P. Garbizuk-, proposamenak behar bezala jasoko ziren segurantziarik ere ez dute sekula izan, eta, beraz, erreklamazioan adierazitako artikuluak ere ez direla derrigorrez betebeharrekoak iruditzen zaiola.
Bukatze aldera, berriz, Lezoko Udalean zinegotzi daramatzan hamabost urteotan ez duela horren informe-diktamen partidistarik ikusi esan dio idazkariari.
Idazkariak esan du gaur gobernuko eta orduan aurkaritzako zen taldeak Aurrekontuari buruz egin zuen erreklamazioa zela eta iaz egin zuen informea eta aurtengoa irizpide berari jarraituz egindakoak direla.
*******
Era berean, eskaini dion detaile hori eskertu dio, eta haren asmoa profesional izatea izan dela adierazi dio, eta eginahalak egin dituela horretarako. Hala ere, alde batean edo bestean ikusi nahi izan badute, beren arazoa dutela, hark eginahalak egin dituela neutro eta inpartzial izaten.
P. Garbizuk Idazkariaren informea partidista dela esan du berriz ere.
Ondoren, Alkateak, ez dagoela halako akusaziorik egiterik esan eta Aurrekontuaren gaiari heldu dio berriro. Hala, erreklamazioaren muina, P. Garbizuren esanak ematen duenez behintzat, idazkaririk ez zelako zinegotziak babesik gabe geratzean dagoela esan du.
Babesik gabe gelditze hori, ordea, gai batzuetan izango zela esan du, beste gai batzuk zirenean joaten zirela eta batzordearen bileretara.
Azkenik, Alkateak esan duenez, ez da erreklamazioak duen asmoa idazkaririk ez dela esanez saihestu behar, izan ere, begi bistan dago Aurrekontua atzera botatzea beste asmorik ez dutena. Bestetik, batzordeetara joateko bidea izan dutela eta babes faltarik ez dela izan esan du, eta ez dela egia ezkutatzen aritu behar, oraingoan idazkaririk ez izatea hartu dutela aitzakiatarako, eta kitto, hori aitzakia hutsa dela. Hala berean, Udaleko teknikari bati partidistatzat salatzea oso gogorra dela esan du.
P. Garbizuk, sentitzen zuena adierazi duela eta halaxe sentitzen zuela esan du, eta lasai egoteko hartu beharreko neurriak hartuko dituela eta.
Alkateak, aurkaritzan izan zirenean haiek ere jaso zutela gustoko ez zuten informeren bat esan du, baina, hala ere, ez zutela P. Garbizuk izan duen ateraldirik izan.
Izan ere ez zela horrelako informerik izan esan du P. Garbizuk.
Horien guztien ondotik, erreklamaziorik ez onartzea eta Aurrekontua behin betiko onartzearen gaineko botazioa egin dute. Emaitza erabakiarekin batera dator.
3.- Proposamena, musika-eskolak ematen dituen zerbitzuen prezio publikoak aldatzea onartzea behin-behingoz.
Musika-eskolak ematen dituen zerbitzuen prezio publikoak aldatzea behin-behingoz onartzeko proposamena aztertu eta lege nahiz ekonomi aldetik egindako informeak ikusi ondoren, Udalbatzak, legeak jarritako gehiengoa alde delarik, behean datorren erabakia hartu du. Alde A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagarat, eta I. Urrestarazu, P. Garbizu eta J.M. Boto astenitu egin dira. Erabakia:
BAT: "Tomas Garbizu" Lezoko Udalaren Musika-Eskola eta Musika-Kontserbatorioak ematen dituzten zerbitzuen prezioak, prezio publikoak, aldatzea. Prezio berriak eranskinean datoz.
BI: 12. Ordenantza Fiskaleko 12. artikulua aldatzea eta honela jartzea:
"Urtean urteko bonifikazioak eman edota kuotak txikiagotzeko irizpideak Udaleko Gobernu Batzordeak jarriko ditu, eta baita bonifikazio eta kuotak txikiagotzeko epeak ere".
HIRU: Beste artikulu bat eranstea, hamahirugarrena: "Matrikula kobratzeko kudeaketa, epea eta ordaintzeko moduak erabakitzeko irizpideak urtero jarriko ditu Gobernu Batzordeak".
Gai honi buruz, saio hauek aktan jaso daitezen eskatu dute:
K. Legorburuk esan duenez, bidali dituzten agirietan, kontuak ateratzeko erabili dituzten irizpideak dakartzana falta dela konturatu da. Era berean, irizpideok, Ogasun Batzordean azaldu zituztela eta baten batek ikusi nahi baldin baditu eskatu beste lanik ez duela esan du.
Hala ere, K. Legorburuk, azaldu egin ditu irizpideak:
1) %10eko igoera aplikatzea, azkeneko bi urteotan ez baita preziorik igo.
2) Lehen Kontserbatorio zena Musika Eskolara egokitzea, eskolak eta musika-tresnak aldatu egin behar baitira eta matrikula bakarra egin, lehen ez zena.
Beste alde batetik, kontu hau Musika Eskolako Batzordera eraman dutela eta han aztertuta dagoela esan du.
Ondoren J.M. Botok hartu du hitza. Haren irudituan, alderdi bat behintzat berriz aztertu beharra dagoela esan du, ez baitago konforme zer modutan egin duten. Alegia, Musika Eskolako bonifikazio eta esentzioen kontu hori berriz aztertu behar dela.
K. Legorburuk, ordea, diktameneko bigarren puntuak dakarrela nola bonifikazio eta esentzioak Gobernu Batzordeak jarriko dituen jakinarazi dio. Proposamen bat egin ziotela Asanbleari eta Asanbleak aldaketa batzuk egin zituela eta horregatik ez dituela osoko bilkurara ekarri.
Halaz eta guztiz ere, Udalak familia handikoentzat %100eko bonifikazioa emateko asmoa zuela esan du K. Legorburuk, baina Asanbleak %75 proposatzen duela.
Familia bateko hiru lagun Musika Eskolan matrikulatuz gero, berriz, lehenengo biek %100 ordaintzea eta hirugarrenak %25 ordaintzea proposatu zutela esan du, Asanbleak, ordea, bonifikazioa lehendabizikotik hastea proposatu zuela: lehenengoak %75 ordaintzea eta aurreragokoek ere berdin. Lanik gabe edota erretiratuta egonez gero bonifikazioa ematea ere kendu egin dutela esan du, eta hemendik aurrera Errentaren Aitorpena eskatu eta %100eko bonifikazioa -beste zerga batzuekin egiten duten eran- emango dutela, nahiz eta horrek kudeatzea zaildu. Alderdi hori, edozein moduz ere, Gizarte Ongizatearen bidez egiteko asmoa dutela.
I. Urrestarazuk, bestetik, ea hiru laguneko familia esaten dutenean aita-amak eta eta seme-alaba bat esanahi duten galdetu du, eta ea zer den familia handia.
K. Legorburuk baietz esan dio, gurasoak eta seme-alaba, alde batetik, eta hiru anai-arreba, bestetik, hartzen direla hiru laguneko familiatzat. Familia handia, berriz, 4 laguneko edo handik gorako familia jotzen dela.
Ondoren, halako gorabehera batzuei buruz hizketan hasi dira, Alkateak, ordea, hura ez dela kontu haietaz aritzeko tokia esan die.
J.M. Botok, berriz ere, zehaztasun falta eta oso ageriko diren kontu asko daudela hor esan du.
Alkateak, eztabaida bukatukizun dagoela eta, gauza guztiak ere, batzu-batzuk iruzur egiten dutela kontuan hartuta aztertu behar direla esan dio.
P. Garbizuk, konforme dagoela K. Legorburuk esandakoarekin esan du. Hala ere, aldaketa presa handiskoz proposatu dutela iruditzen zaiola eta, orobat, ez dutela esplikatu ez zergatik jarri dituzten jarri dituzten prezioak eta ezta zergatik aldatu dituzten ere.
K. Legorburuk, alderdi bat besterik ez dutela aldatu eta erantsi esan du, eta lehen Solfeo bakarrik zena orain Solfeo eta musika-tresna bat izateak ekarri duela.
4.- Proposamena, 1993ko martxoaren 17an egindako osoko bilkuran Ogasun Batzordeko idazkaria izendatzeaz hartutako erabakia aldatzea onartzea.
Alkateak aurkeztu du gaia. Esan duenez, Ogasun Batzordearen azkeneko bilerako gaien artean zen hau ere eta, Batzordea legeak jarrita bezala eratzerik izan ez zenez, diktamenik egin gabe ekarri dutela Ogasun Batzordeko idazkaria izendatzeko proposamena osoko bilkurara.
I. Urrestarazuren irudituan, ordea, lekuz kanpora dago proposamena: idazkari titularrak laister hartuko duelako bere kargua, alde batetik, eta Idazkariari izendatutako eginkizunetan ez dagoelako Ogasun eta Kontuetarako Batzordeko idazkaritza egitearenik, bestetik.
Alkateak I. Urrestarazuk esandakoa zuzendu du, Udaleko Idazkariak Ogasun eta Kontuetarako Batzordeko idazkaritza egitea ere bere eginkizunen artean izan dezakeela esanez.
Hala berean, batzordeko idazkaritza edozein administrarik egin dezakeela esan du.
I. Urrestarazuk esan du, normala, bere irudituan, Idazkari berriarekin hitz egin, konformidadea eskatu eta proposamena orduan egitea dela.
J.M. Botok ere, Ogasun eta Kontuetarako Batzordean azaldu zen auzia konpontzeko hainbeste denbora zain egon behar izana kritikatu du; izan ere, esan duenez, benetako Batzorderik ez da izan eta halako pertsona batzuk biltzea besterik ez dute egin. Hala, ez dute ez bakoitza zer den, ez idazkari nor den, ez ezer erabaki.
Gero, gainera, osoko bilkurara ekartzen dituzten informe batzuk aipatzen dituztela esan du J.M. Botok, gehienetan norenak diren ere jakiten ez direnak.
Alkateak, ogasunari buruzko informeak kontuhartzaileak edo egingo dituela esan du.
J.M. Botok, orokorrean hitz egiten ari zela esan du, eta osoko bilkurarentzat egiten diren informe eta diktamenetan (denak ez baitira informeak) nork parte hartu duen ere ez dela jakiten. Orduan, batzordean nor den ez badaki ea nola joango den bada batzordeetara. Gainera, batzordeak, edozein garaitan eta edozein ordutan egiten dituztela.
Era berean, hura batzorde batzuetan izan dela eta hala joateak pena ematen duela. Batzordeak hobeto funtzionatu artean behintzat, Alkateak ez daukala joaten ez direlako tamalik izaterik.
Alkateak esan duenez, batzordeek ez funtzionatzea haiek batere laguntzen ez dutelako dela. J.M. Botok egin dituen sujerentziak, berriz, lege alderditik edo egingo zituela, batzordea, ordea, gaiak eztabaidatzeko tokia dela harentzat. Gero, osoko bilkuran erabaki bat ala bestea hartzea, politiko bakoitzaren erantzunkizuna dela. Izan ere, azkenean, politikoak hartzen duela erabakia. Ez dagoela esaterik, ordea, batzordean nor izango den ez dakigulako erabaki bat hartzeko konpromezurik ez dugula hartuko.
Alkateak esan duenez, hemendik aurrera, Udaleko kontuhartzailea, hura baita teknikoa, eta Udaleko idazkaria izango dira Ogasun Batzordean, zer esan handia baitauka gai honetan, eta batzordeak funtzionatuko badu batzordeko kideek lagundu egin behar dutela.
J.M. Botok, ordea, lehen galdetu duenaren erantzunik ez diotela eman esan du; zeren, hura ez dela batzorde jakin baten gainean aritu, batzordeez aritu dela. Alde horretatik, batzuetan Ogasun Batzordea aipatzen dutela eta beste batzuetan Kontuetarako Batzordea aipatzen duela esan du, eta horiek ez direla bat. Bestetik, batzordeetako deialdietako egunak begiratzeko eskatu dio Alkateari.
Azkenik, ahal dutenean edota nahi dutenean etorriko direla batzordeetara esan du J.M. Botok.
M. Mitxelenak hartu du hurrena hizpidea. J.M. Botok esandakoarekin ez datorrela bat esan du lehenbizi, eta gertatzen ez den gauza orokortu nahi izatea leporatu dio J.M. Botori, ez lanik egin ez bestei berena egiten utzi ez duela egiten esanez.
Behin zinegotzien saioak bukatu direnean, Alkateak, Ogasun Batzordeko idazkaria izendatzeaz Udalak 1993ko martxoaren 17an egin zuen osoko bilkuran hartutako erabakia aldatzeko proposamenari buruzko botazioa egin du. Hala, Udalak, gehiengo osoz -A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagarat alde eta I. Urrestarazu, P. Garbizu eta J.M. Boto astenitu egin baitira- erabaki hau hartu du:
Udaleko Idazkari Nagusia Ogasun eta Kontuetarako Batzordeko kide eta idazkari izendatzea.
5.- Proposamena, San Markos mankomunitateko Juntak hartu zuen erabakia berrestea. Erabakia: estatutoak aldatzea beste Herri batzuk ere mankomunitatean sartu direlako.
San Markos zaborrak biltzeko mankomunitateak, 1992ko abenduaren 27an eta 1993ko azaroaren 4an egin zituen bilkuretan, mankomunitateko estatutoak aldatzea erabaki zuen, beste Herri batzuk ere (Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) mankomunitatean sartu zirelako.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere aldeko irizpena egin zuen.
Idazkariaren informea ere aztertu dute.
Horiek denak ikusi eta mankomunitateko estatutoetako 14. artikuluak jartzen duena kontutan hartu ondoren, Zerbitzuetarako Batzordeak proposatu eta Udalaren osoko bilkurak, aho batez, erabaki hau hartu du:
1.- San Markos zaborrak biltzeko mankomunitateak 1992ko abenduaren 27an eta 1993ko azaroaren 4an egin zituen bilkuretan hartutako erabakia berrestea, alegia, mankomunitateko estatutoak aldatzea beste Herri batzuk ere (Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) mankomunitatean sartu direlako.
2.- San Markos mankomunitateko estatutoetako 1. artikulua aldatzea ontzat hatzea. Artikulua, esan ditugun Herriak ere mankomunitatean sartu direlako aldatu da, eta testua proposamenaren 1. eranskinean dator.
6.- Proposamena, Musika-Eskolako iharduera-araudia onartzea.
Musika-Eskolako iharduera-araudia aztertu eta Barne Batzordearen diktamena ikusi ondoren, aldaketa batzuk sartu baititu iharduera-araudian, Udalak, gehiengo osoz -A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagarat alde, I. Urrestarazu, P. Garbizu kontra eta J.M. Botok ez du botazioan parte hartu- erabaki hau hartu du:
1.- Hasierako onespena ematea Musika-Eskolako iharduera-araudiari. Dena dela, aldaketa hauek eginda:
12. artikulua, azkeneko lerroaldia: "irakasleen ordezkari bat" jartzen duen tokian, "ordezkari sindikal bat edo, bestela, irakasleen ordezkari bat" jarri behar du.
22. artikulua, bigarren lerroaldia, honela jarri behar du: "irakasleren batek, bere eginkizunak egiteko baimena izan duelako, eskolaren bat eman gabe utzi badu, astean bertan berreskuratu beharko du eman gabe utzitako eskola(k)".
25. artikulua: "Gobernu Batzordeak, behar den pertsona hartuko du" dioen tokian, "Gobernu Batzordeak, behar den pertsona hartzeko proposamena egingo dio behar den organuari".
2.- Jendaurrean edukitzea 30 egun, nahi duenak erreklamazioak eta oharrak egiteko. Inork ere ez badu erreklamaziorik egiten, ordea, behin-betiko onartutzat hartuko da.
Honako aritualdi hauek aktan jaso daitezen eskatu dute:
Aurrena M. Mitxelenak hitz egin du. Esan duenez, Araudiari buruzko diktamena Barne Batzordeak egin zuen ekainaren 7ko bileran eta aldaketa batzuk -gai honi buruzko erabakiarenkin batera datozenak- sartu zituen.
J.M. Botori ez zaio ondo iruditzen gai hau aurkeztu duten eran aurkeztea. Esan duenez, ez dago onartu asmo den Araudirik 48 ordu lehenago aurkezterik, batere informe juridikorik egin gabe, izan ere, gauza asko aztertu behar izaten dira.
J.M. Botok, hark ezin duela, nahiz eta Araudiaren beharra badagoela iruditzen zaion, 48 ordutan ezer ere onartu esan du, lege aldetik ondo dagoen ere jakin gabe. Hargatik, J.M. Botok, beste batean erabakitzeko gelditu dadin eskatu du, Udaleko teknikarien informeak aztertzeko modua izan arte.
M. Mitxelenak, berriz, Barne Batzordeko bileran Udaleko idazkaria ere izan zela, alderdirik behinenak beste musika eskola batzuetako Araudietatik hartu zituztela eta aldaketa handirik ez dutela sartu esan du. Dena dela, daitekeena dela informe tekniko gehiago eduki behar izatea.
Alde horretatik, Udaleko idazkariak, Araudia aztertu eta Barne Batzordean aipatu ondoren diktamenean jarrita datozenetatik kanpora behintzat ez duela esateko moduko okerrik ikusi esan du.
Ondoren, Araudiak Eskolako Gobernu Batzordeari Udalaren eskumenik ematen dion galdetu baitu J.M. Botok, Araudia Eskolaren iharduna arautzeko bestetarako ez den Iharduera-Araudia dela eta ez dutela organuari, edozeini, tokatzen ez zaion aginpiderik emateko batere asmorik esan du Alkateak.
P. Garbizuren irudituan, berriz, aurkeztu duten Araudiak okertzeko bidea dakar, zeren ez dago garbi Estatutoa den, Iharduera-Araudia den, ala zer den. Iharduera-Araudia balitz, eta 7 h. artikulua kontutan hartzera, Eskolako Gobernu Batzordeari legokioke Araudia onartzea.
Beste alde batera, Patronato edo Fundazioren bateko estatutoetatik kopiatutako araudia ematen duela esan du. Ez zaiola gaizki iruditzen, baina, bere izaera juridikoa duen erakunde izango den ala ez den esplikatu egin behar dela.
K. Legorburuk, ordea, haiek ez dutela Musika Eskolaren izaera juridikorik aldatzeko asmorik izan esan du.
Hori hala bada, Musika Eskolak bere izaera juridikorik izan gabe alegia, ea nola daitekeen Gobernu Batzordeak edo Batzorde Exekutiboak gastuak eginarazteko, eskuarteak izateko, ondasunak izateko eta abarretarako aginpidea izatea galdetu du P. Garbizuk.
K. Legorburuk esan duenez, berriz, itxura gabeko kontua da lehen esandako hori, zeren Musika Eskolak zer eskuarte izango duen Udalak onartzen du bere Aurrekontu Nagusian jarriz. Beraz, noiz aurkeztu erabaki behar dela. LESOINU antolatzeko aurrekontu bat baldin badago, esate baterako, Eskolako Gobernu Batzordeak, noiz eta nola antolatu behar duen erabaki beharko du.
P. Garbizuk K. Legorbururen asmoa garbi ageri dela esan du; edozein eratara ere, ordea, ez duela zer ikustekorik ezer ere Araudian jartzen duenarekin.
Gainera, P. Garbizuri ez zaio logikoa iruditzen legislatiboan (Gobernu Batzordea) hiru lagun gehi 2 besterik ez izatea eta exekutiboan 8. Normalena, haren ustetan, alderantzira izatea dela, praktikoa izan dadin. Bestetik, Araudian, Eskolak bere aurrekontua eta idazkari bat ere izatea jartzen duela esan du.
K. Legorburuk esan duenez, horko idazkaria Musika Eskolako administrari laguntzailea da.
P. Garbizuk, berebat, Batzorde Exekutiboaren eginkizunetako bat legea betearaztea izateari, asesore on bat izan ezean behintzat, gogor samar irizten diola esan du.
Hurrena, bokalak izendatzearen gainean, ikasleen ordezkari bat eta gurasoen beste ordezkari bat lau urteko izendatzea jartzen duela Araudiak eta hori baino muga gehixeago ere jarri beharko direla iruditzen zaiola esan du.
P. Garbizuk, bukatze aldera, halako akats batzuk ere ikusten dizkiola Araudiari eta zuzendu egin beharko liratekeela esan du. Jendaurreko ekintzetan musika-tresnaren bat joaraztea ikasleari, esate baterako.
K. Legorburuk esan du ez diotela azterketarik eginaraziko, eta ezta eskolara joanaraziko ere, baina konprometituta dagoela. Gainera, denek badakitela Musika Eskolak zer filosofia duen eta horren asmoa ikasleek ere nonbait kontzerturen bat dutenean joan egin behar dutela garbi pentsatzea dela. Joaterik duen ala ez duen beste kontu bat dela. Asmoa, dena delarik ere, Eskolak zer filosofia duen garbi uztea da, K. Legorburuk esan duenez.
Azkenean, K. Legorburuk, Araudi hau planteatu dutela eta lehenbailehen onartu beharrean daudela esan du, Eusko Jaurlaritzak ematen duen dirulaguntzarik gabe geldituko direla bestela eta. Dena dela, Araudia egiteko bidea luzea izan dela eta gaurko osoko bilkurara onartzeko azkeneko hilabetea ekaina delako ekarri dutela esan du.
J.M. Botok, berriz, iaz larri ibili zirela dirulaguntza jasotzeko eta horregatik komeni dela Araudia lehenbailehen onartzea esan dutela, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik gabe ez gelditzeko, baina erabakia beste baterako uztea proposatzen duela esan du, nahiz eta tramitea ahal den bezain bizkor egin beharko den.
P. Garbizuk eta I. Urrestarazuk Araudiaren izaera juridikoari buruzko zehaztasun falta handia dagoela adierazi dute, eta J.M. Botok erabakia beste baterako uztea eskatu du, informe gehiago izateko. Horien guztien ondotik, Araudia onartzeari buruzko botazioa egin du osoko bilkurak. Emaitza erabakiarekin batera ageri da.
Edozein moduz ere, J.M. Botok ez du botazioan parterik hartu eta aktan ere halaxe jartzeko eskatu, nahiz eta ez Musika Eskolaren ez Araudiaren kontra ere ez dagoela garbi adierazi duen.
7.- Proposamena, 190 milioi pezeta mailegutan hartzeko hitzarmena egitea onartzea.
Ehun eta laurogeita hamar milioi pezeta mailegutan hartzeko hitzarmena egiteko espedientea aztertu eta kontuhartzailearen nahiz idazkariaren informeak ikusi ondoren, Udalbatzak, legeak jarritako gehiengo osoz, behean datorren erabakia hartu du. A. Sarasola, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena, G. Arrillaga, K. Legorburu (Herri Batasuneko zinegotziak), J.A. Dozagarat (independientea) eta I. Urrestarazu (Eusko Alkartasuna) erabakia hartzearen alde izan dira, P. Garbizu (Euskal Ezkerra) astenitu egin da eta J.M. Botok ez du botazioan parterik hartu. Hona erabakia:
BAT: Banco de Crédito Local de España, S.A.tik 190 milioi pezeta mailegutan hartzeko hitzarmena egiteko baimena ematea, Udalaren Aurrekontuan jarritako inbertsio batzuentzako diru-bideak egiteko. Hitzarmena, banketxeak jartzen dituen baldintza orokorren eta hemen behean adierazitako baldintza berezi hauen arabera egingo da:
- Korritua: hiruhileroko MIBORa + %0,40.
- Gabealdia: 2 urte.
- Amortizazioaldia: 15 urte.
- Irekitzeko komisioa: %0,30.
- Bermea: Udalak Finantzatzeko Foru Fondoa. Nolanahi ere, urtean itzuli beharreko maileguaren ehunekoa baino ez.
BI: Zuzenbideak ematen duen bezain besteko aginpidea ematea Alkate-Lehendakariari eragiketari buru eman artean egin behar diren agiri guztiak egiteko, baita goiko lerroaldian esandako bideetatik etorritako diruak banketxeari zuzendu edota hark hartzeko egin beharreko agiriak egiteko ere.
Idazkarik erabakia legearen kontrakoa dela adierazi du, operazio hori egin baino lehen 1994 ekonomi-urteko Aurrekontuak behin betiko onartuta egon behar duela eta. Behin betiko onartzekko, ordea, G.A.O.n publikatzea falta dela.
8.- Alkatearen eta ordezkarien informeak.
Alkateak informatu egin du maiatzaren 11ko aktari buruz (3. orri., Xabier Olano Udal honetako Kontuhartzaile izendatzeko proposamena) hain zuzen ere J.M. Botok hartan zioenaz, hots, "ez zaiola ondo iruditzen Lezoko Udala Herri Batasuneko Mahai Nazionalaren jubilazio tokia izatea"; eta adierazi du X. Olano ez dela Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide eta Usurbilen aho batez izan zela izendatua, J.M. Botoren alderdikideen aldeko botuak barne.
9.- Galderak eta erantzunak.
I. Urrestarazuk galdetu du ea badagoen informaziorik Acha eta Zubizarretaren enkanteaz.
Alkateak erantzun dio dakien gauza bakarra dela maiatzerako aurrikusita zegoen azken enkantea atzeratu egin zela eta hurrengoa ekainaren amaierarako dagoela aurrikusia.
P. Garbizuk galdetu du Lobato etxearen atzealdeko itxituraz eta ea lursail hori pribatua ala publikoa den, orain arte irekita egon baita.
Alkateak erantzun dio aparejadoreari galdetu ziola ea lursail hori pribatua ala publikoa zen eta ez zela zehazteko gai izan. Adierazi du, orobat, Diputazioarekin harremanetan jarri zela katastro bidez zehazterik ba ote zegoen jakiteko eta, bitartean, udaltzainburuak bere txostena egin zuela; etxe horren jabeak lursail horretan itxitura egiteko eskabidea egin zuela eta eskabide horren arabera dagozkion eskriturak aurkezteko esan zaiola eta, telefonoz adierazi duenez, ba ditu jabetza hori egiaztatzeko eskriturak.
J.M. Botok aipatu du 103 poligonoko atzeko aldean (baserri lurra) kale bat egin dela eta gainera etxe bat eraikitzen ari direla eta hori argitzea eskatu du.
Alkateak dio etxe horrek ez duela zerikusik J.M. Botok hasieran aipatu duen enpresarekin (Impalsa) eta lursail horren jabea Bonifacio Garmendia dela. Azken honek, estalpea egiteko baimena eskatu zuela, Juaristi eta Mendiburu arkitektuek horren alde informatu zutela. Halere, eta gerora egin den ikuskaketaren arabera, Arkitektuaren ustez ez dago garbi esaterik estalpea den ala ez; baina, dena den, argi omen dago eraikina tamainaz bat datorrela eman zitzaion litzentziarekin; ez, ordea, atearen tamaina, etxe bateko ate baten antz handiagoa baitu; eta obrak geldiaraziko zaizkiola. Alkateak bukatzeko adierazi du Juaristi jaunak eginiko informearen arabera B. Garmendiak egin dezakeela estalpe hori.
J.M. Botok dio ez datorrela bat Juaristi jaunak informatutakoarekin eta informea eman behar duenak Arau Ordezkatzaileak begiratu beharko lituzkeela eta hor eraikitzeko beti ere Foru Aldundiaren aurretiazko informea edo baimena behar dela, egiten ari denak estalpea baino txaleta hobeto baitirudi.
Aipatu du, berebat, 103. poligonoko atzealdean, baserri lurretan, egin duten kale batetaz ari dela bera.
Alkateak dio hori lehendik dagoela (Acha eta Zubizaretaren garaitik) kamioiak banda asfaltatu batetik pasatzen baitziren.
J.M.Botok galdetu du hauteskundeetan mitinak egiteko alderdi politikoei gordetzen zaizkien toki publikoei buruz, ez dakiela Lezon zergatik ez den ez tokirik izendatu eta ezta dohako propaganda egiteko panelak jarri ere.
Idazkariak dio baietz, toki publikoa gorde behar dela bai karteletarako bai mitinetarako. Aipatu du, halaber, zonaldeko Hauteskunde-Batzordeak urtero eskatzen duela toki publiko horiek zehaztea eta, iaz bezala, Monseñor Pildain eskola aukeratu zela mitinak egiteko eta Gurutze Santuaren eliza aurreko Donibane kaleko paretak propaganda jartzeko; eta guzti horren berri eman zitzaiola eta G.A.O.n argitaratuta agertu zela.
J.M. Botok dio urtero jakinarazten zaiela alderdiei.
Idazkariak informatu duenez ez dio alderdiei jakinarazi behar horri begiratu eta ez duela gogoan bestetan alderdiei jakitera eman zaien ala horiek izaten diren udalari eskaera luzatzen diotenak, baina, dena den, batzordeari jakitera eman zaiola eta argitaratua izan dela.
Horri dagokionean, J.M. Botok alkateari esan dio alderdi politikoei zer erabil daitekeen jakitera eman ez bazaie ea nola daitekeen H.B.k Udaletxeko taula eta beste erabiltze hori, eta ea nork ordainduko duen hori.
Alkateak dionez, Hauteskunde-Batzordeari behintzat eman diote alderdi horien berri, eta ez H.B.ri ez besteri ez diotela ezer ere jakinarazi alderdi horretatik. Edozein moduz ere, eskatu behar duenak eskatu behar duela.
Orduan, J.M. Botok, ea H.B.k eskatu duen eta ea eskabidea non den galdetu du. Alkateak baietz esan dio, eta errejistroan begiratzeko.
J.M. Botok ea hori dena (elektrizistaren orduak, langileen orduak...) montatzea zeinek pagatu behar duen esan du.
M. Mitxelenak, J.M. Botok ezer ere ez dakiela esan du.
Beste alde batera, ea gaur goizean zer gertatu den galdetu du J.M. Botok, mugimendu handia izan dela bai Udaletxean eta bai herrian eta.
Alkateak esan dionez, herriko komunak egiten hasteko ziren gaur, baina ekologista taldeak kontra egin duenez, aterabidea negoziatzekotan gelditu dira. Era berean, negoziazioetan zer ateratzen den berri emango dute.
Ondoren, ea Herrian aspaldian franko ugaritu diren zabortegiez zerbait badakien galdetu dio Alkateari.
Alkateak gauzak garbiago esateko edota datu gehiago emateko eskatu dio, esate baterako, ea zabortegi berriez ala lehendik zeudenez ari den azaltzeko.
J.M. Botok oraingo zabortegiak direla esan dio, asko ari direla ugaritzen eta kontu hori gelditzea nahi duela.
Alkateak jakinaren gainean dagoela erantzun dio.
J.M. Botok berriz galdetu du eskolako ateen gainean. Ateak irekita egoten direla eta zer gertatzen den erne egon eta horren erantzunkizuna nork duen erabakitzea komeni dela.
G. Arrillagak esan duenez, hiru aldiz izan da atezainarekin, Eugeniorekin, eta J.M. Botok ez duela arrazoi txikienik ere esan zion. Hurrengoan, gainera, Eugeniori berari esateko esan zion.
J.M. Botok, ordea, hark ez daukala atezainari esan beharrik esan du, eta edozeini erakutsiko diola ateak irekita egon direna.
Alkateak, ordea, atezainak beste alderakoa esaten duela erantzun dio, eta atea zabalik ikusten duenean udaltzainei esateko.
Azkenean, ordutegia zehaztu beharko dela erabaki du, zeren daitekeena dela eskolak bukatu eta gero beste ekintza batzuk egitea.
Bilkura bukatu baino lehen, G. Arrillagak hartu du hitza. Bigarren gaiaren inguruan Idazkariari esan dizkion gauzak oso gogorrak izan direla esan dio P. Garbizuri, eta, haren iritziz, Idazkariak, Lezon daramatzan urte hauetan denetan, garbi utzi duela bere profesionaltasuna.
Era berean, nahiz eta haren gustokoak edota guztien gustokoak izan ez diren informeak ere izan diren, sekula ez dute pentsatu, ez lehen eta ez orain, Idazkaria partidista izan denik, eta ez zaiola iruditzen P. Garbizuk esan dituenak esateko eskubiderik duenik.
Aktaren bukaera.
Iluntzeko bederatzietan, aztertu beharreko gaiak aztertu ondoren, Alkate-Lehendakariak saioa bukatutzat eman du. Nik, behin-behingo idazkari naizen aldetik, akta hau jaso, nik eta bileran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu duguna, eta sendetsi egiten dut.