Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko urtarrilak hemeretzi, arratsaldeko zazpiak. Udalbatza Udaletxeko Biltzar Aretoan bildu da, ohiz kanporako osoko-bilkura egiteko. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, Alkate-Lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Jose Antonio Dozagarat Andueza, Jesus Mª Martiarena Jaca eta Iñake Urrestarazu Azurmendi, zinegotziak, bildu dira.
Martzial Zabaleta Salaberria, J.M. Boto Sancho, José Varela Pampin eta Pello Garbizu Azkue ez dira etorri.
Miren Bruño Azpirozek egin du idazkaritza, behin-behingo funtzionaria.
Lehendakariak saioa ireki eta nornahirentzako izendatu eta idazkariak hasteko behar adinako kuoruma badela ikusi ondoren, gai-zerrendako puntuak aztertzen hasi dira.
1.- 1993ko azaroaren 10ean egindako osoko-bilkurako akta irakurri eta onartzea, hala balegokio.
Aho batez onartu dute 1993ko azaroaren 10ean egindako osoko-bilkurako akta. Nolanahi ere, honako alderdi hauek zuzentzekotan:
a) 2. orrialdeko 3. lerroan, "aurreko legegintzaldiko arduradunek" jartzen duen tokian, "aurreko Gobernu Taldeko arduradunek" jarri behar du.
b) 3. orrialdeko azkeneko parrafoan, Gobernu Batzordeak "sektore horrentzat izan zitezkeen aukerak ikusteko azterketa bat eskatu zuela" dioen tokian, "Plazetako alderdiaz Arau Ordezkatzaileek diotenaren alternatibari buruzko azterketa" esan behar du.
c) 6. orrialdeko azkenaldean, "40.000.000 pezeta eta ordainarazi dieguna" jarri beharrean, "40.000.000 pezetako plusbalia eta ondainarazi diegun 7.900.000 pezeta" jarri behar du.
d) 8. orrialdean, lehenbiziko puntuaren parrafoko azkenaldean, "aurreko proposamena onartu egin da eta alperrik da proposamen honi buruzko botazioa egitea" erantsi behar da.
2.- 1. Sektoreko Plan Partzialari aurkeztutako alegazioak erabaki eta jendaurrean jartzeko epea irekitzeko proposamena.
Alkateak aurkeztu du gaia, eta lehenbizi esan du Hirigintzako Batzordean ere esan zutela 1. Sektoreko Plan Partzialaren tramitazioaren egoera, kronologikoki, R. Mendiburu arkitektuaren informean ageri den moduan dela. Eta informe horren argitan egin zuela Hirigintzako Batzordeak bere diktamena esan du.
Alegazio batzuk aintzakotzat hartzea eta beste batzuk aintzakotzat ez hartzea, batetik, eta hilabeteko epea ematea sustatzaileei eskatutako agiriak ekar ditzaten, bestetik, dioela proposamenak. Hori egindakoan, berriz jarriko direla jendaurrean eta gero aurkeztuko direla osoko-bilkuran behin-behingo onespena eman ala ez erabakitzeko.
1. Sektoreko Plan Partzialari sartutako aldaketarik handienak Mª Jose Intxaurrandietaren alegazioak eta %7ko aldapari buruzkoak (diktameneko 3-C puntua) aintzakotzat hartzeak ekarritakoak direla esan du. Izan ere, %7ko aldapa hori egokitzea lehendik onartua zegoen (%7ko aldaparen baldintza, Foru Aldundiak jarria), Plan Partziala erabaki zenean, nahiz eta gero ez zuten bete.
J.M. Martiarenak galdetu dio ea Plan Partziala Arau Ordezkatzaileekin bat datorren.
Alkateak bat datorrela esan dio, baina Foru Aldundia dela azkeneko onarpena emateko eskumena duena, atzera bota dezakeela eta horrek, jakina, Plan Partzialaren tramitazioa geldiaraziko lukeela. Beraz, egokiagoa iruditzen zaiola hasieratik bertatik eskatzea gero nahitaez bete beharko dena.
J.M. Martiarenak %7ko aldapa Udaleko arkitektuen irizpide bat dela dio.
Alkateak, ordea, %7ko hori Foru Aldundiko Hirigintza Departamentuak erabakitzen duela erantzun dio.
J.M. Martiarenak esan du Plan Partziala Arau Ordezkatzaileekin bat baldin badator, eta Foru Aldundiak Arau Ordezkatzaileak onartuta baditu, Plan Partziala legeetan dagoela esanahi duela, eta, beraz, Hirigintza Departamentuak ez duela kontrakorik esango.
K. Legorburuk esan du, puntu honi buruzko botazioa egiteko Aholku Batzordea bildu zenean, aldapa handiskoa zela iruditu zitzaiela.
J.M. Martiarenak horren kontra dagoela esan du, eta, beharbada, hobeto izango dela aldapa ttikiagotzea, baina agiria Arau Ordezkatzaileekin bat baldin badator, ez zaiola iruditzen hori atzera botatzerik dagoenik. J.M. Martiarenak dioenez, "Gorosta"n gertatu zen gauza berbera gertatzen da oraingo honetan ere; alegia, ia urtebete geldirik egon eta ezer ere aldatu gabe ontzat hartu gero.
Alkateak ea geldirik zergatik egon den galdetu dio J.M. Martiarenari.
J.M. Martiarenak erantzun dio ea zenbat maratila jarri dizkioten eta ez zenbat alditan etorri diren sustatzaileak (Mitxelena jauna) eta arkitektua (Lasa jauna).
Alkateak baietz erantzun dio, goian esandako jaun horiek izan direla Udaletxean, baina J.M. Martiarenak berak jarri zituen baldintzak bete ez dituztelako etorri direla.
Orduan, I. Urrestarazuk, Alkateak esan dituen hitzek arazoa sustatzailearena berarena dela esanahi zutela esan du, eta ez duela ulertzen zergatik aztertu behar duten puntu hori osoko-bilkuran.
Akateak erantzun dio izatez sustatzailearena dela arazoa, ez dela Udalarena, eta ez dutela arazo hori osoko-bilkuran aztertuko, Hirigintzako Batzordean aztertu zutela eta, baina haiei (Gobernu Taldea) ez botatzeko atzeratu izanaren errurik.
I. Urrestarazuk esan du, eskatutako agiriak ekarri ez izana sustatzailearen arazoa dela.
Alkateak dio Higirintzako Batzordeak bilera bat egin zuela, aurreko urteko maiatzaren hondarrean, han izan zirela Mª Jose Intxaurrandieta eta Lasa arkitektua eta han azaldu zizkietela ziren alegazio guztiak.
I. Urrestarazuren iritziz, ordea, gaia gaurko osoko-bilkurara ekarri izana besteak baino hobeto tratatzea da.
Alkateak esan du laister beteko dela urtebete eta, era guztietara ere, alegazioei erantzun egin behar zaiela. Haien proposamena alegazio batzuk aintzakotzat hartzea eta beste batzuk ez hartzea dela, eta hilabeteko epea jartzea lehen eskatutako agiri guztiak aurkezteko.
Hasierako onespena eman eta handik urtebetera ere gai hau aztertzen aritzea egoki den ala ez aritu ondoren, osoko-bilkurari aurkeztu zaio gaia bere iritzia eman dezan. Osoko-bilkurak lehenbizi honako alderdi hauek hartu ditu kontuan:
Lezoko Antolaketarako Arau Ordezkatzaileetako I.go sektoreko Plan Partzialari hasierako onespena 1993ko urtarrilaren 20an egindako osoko-bilkuran eman zion Udalak.
Plan Partziala otsailaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 27. alea, eta Gipuzkoako egunkarietan argitaratu zen, hilabetez. Planaren barruan lurrak zituztenei, berriz, banan-banan dei egin zitzaien. Esandako denboran alegazio batzuk izan dira, eta horiei buruzko informeak egin dituzte Udaleko teknikari eta legelariak.
Maria Jose Intxaurrandietak egindako alegazioak, informe horien argitan, aintzakotzat hartzeko modukoak dira. Honako arrazoi hauek bide direla:
1.- Maria Jose Intxaurrandietaren lurrak (Lore-artea etxea) 95 m2 ditu, eta ez 114 m2. Etxe-bakarra da eta, beraz, halakoentzako lursailtzat hartu behar da.
2.- Partikularrek erabiltzeko eremu batez hornitu behar da, eta barruti horren muga 4. etxebizatik lau metrotara behintzat egon behar du.
3.- Herriko ura eta estolderia bertaraino eraman behar dira.
4.- Etxe-aurre eta estalpeek (5 eta 6) izango duten tratamentua adierazi egin behar da.
5.- Memorian, kalte-ordainei buruzko azterketa bat ere sartu egin behar da (4. alegazioa).
6.- Urbanizazioa behar bezala egiteko sustatzaileak zer ekonomi-baliabide dituen ikusteko azterketa bat egin behar da (5. alegazioa).
Anjel Sarasola Lopetegik egindako alegazioak ere aintzakotzat hartzeko modukoak dira, zeren, sektorean lurrak dituztenen planuan 5. lursaila Izeta jaunaren izenean badago ere, izatez Angel Sarasola Lopetegirena da.
Luis Pikabea Aiartzak egindako alegazioa ere aintzakotzat hartzeko modukoa da, zeren Kabite-haundi beserritik barrena ekialdera doan bidea ez da herri-bidea eta, beraz, 134,5 m2 dituen 3. lursaila Luis Pikabea Aiartzarena da eta haren izenean sartu behar da, ez baita herri-bidea.
Zelestino Salaberria Lizarazuk egindako alegazioa ere aintzakotzat hartzeko modukoa da, zeren 1.548,90 m2 dituen errejistroko 485. orubea (lursailak ageri diren planuko 6. lursailaren zati dena; Aralar kalearekin muga egiten duen beheko errektangulua, alegia) Mª Teresa, Pilar, Maria, Arantzazu, Lino eta Zelestino Salaberriarena da.
- Cecilio Garmendia Guezalak egindako alegazioa ere (argitaldiaz kanpora egina) aintzakotzat hartu da, bere osoan ez bada ere, zeren errejistroko 573. orubea, inskripzioan jartzen duenez 107,08 m2 dituena (Plan Partzialeko 2a planuko 6. lursaila, alegia), Cecilio Garmendia Guezalaren izenean dago.
- Alderdi-eder eta Izar-gain etxeetako bizilagunek 2. puntuaz egindako alegazioak ere aintzakotzat hartu dira, zeren kalearen zabalera 4 metrotara estutu eta metro beteko espaloia egin beharra dago alegazioak egin dituzten hauen lurraren mugan.
- Beste alde batera, 1993ko urtarrilaren 20an, hasierako onespena ematekoan, agiri batzuk ekarri eta betebehar batzuk betetzea agindu zitzaion sustatzaileari behin-behingo onespena jaso baino lehenago. Agiriak eta betebeharrak betekizun daude oraindik, hala jartzen baitu lehengo arkitekuak, Juaristi jauna, egindako informean.
- Egin diren informeek diotenaren arabera aldaketak munta handikoak direnez, Hirigintzako Batzordeak proposatu eta Udalaren osoko-bilkurak, legeak eskatzen duen gehiengo osoaren baiezkoarekin, beheko erabaki hau hartu du. Baiezkoa A. Sarasola, K. Legorburu, M. Mitxelena, G. Arrillaga, J.L. Agirretxe, J. Pontesta eta J.A. Dozagaratek eman dute, eta I. Urrestarazuk eta J.M. Martiarenak ez dute botazioan parte hartu. Hona erabakia:
Bat: I.go sektoreko Plan Partzialari, 1993ko urtarrilaren 20an hasierako onespena emandakoari, Maria Jose Intxaurrandietak, Alderdi-eder eta Izar-gain etxeetako bizilagunek, Luis Pikabea Aiartzak, Jose Anjel Sarasolak, Zelestino Salaberriak eta Cecilio Garmendia Guezalak (Plan Partzialeko 2 a agiriko 107,08 m2 dituen 6. lursaila) egindako alegazioak, osoan ez bada ere, aintzakotzat hartzea.
Bi: Mari Jose Intxaurrandietak Lore-artea etxea bere lur guztiekin kontsolidatzea eskatzeko egin zuen alegazioa (laugarren alegazioa) aintzakotzat ez hartzea; eta Cecilio Garmendiak 224,35 m2 dituen lurraren jabe zela esanez egindakoa ere ez, zeren 107,08 m2ren jabe izatea erakutsi baitu, erabaki honen lehenengo puntuan aitortu zaion bezala.
Hiru: Aintzakotzat hartu diren alegazioek eginarazitako aldaketek eta hasierako onespena emateko erabakian, 1993ko urtarrilaren 20koa, jarritako baldintzek eskatzen dituzten agiriak ekar ditzaten agintzea sustatzaileei, Mitxelena eta Lekuona, erabaki hau hartu zen egunetik hasi eta hilabete baino lehen. Aldaketek ikutzen dituzten alderdiak honako hauek dira:
a.- Lursailen planua (2 a planuko jabeak) eta memoriako 20. orria.
b.- Hiritzea behar bezala egiteko sustatzaileak dituen diruzko baliabideak.
c.- Juaristi arkitektuak egindako informean, 1993ko apirilaren 27koa, adierazitako baldintzak bete beharra. Alegia, etxe-bakarren sotoetako sestra eta Jaizkibel hibidearen ondoko urbanizazioaren hegoaldean bide-zidorra, % 7ko aldapakoa, egitea.
d.- Jardinak eta umeen jolaserako tokiak zehatz eta mehatz adieraztea, edozein ibiltzeko gune-libreen barruan sartzen baitira.
e.- Etapa bakoitzean egitekoa ere zehatz eta mehatz adieraztea.
f.- Hirigintzazko trabak kentzeari buruzko dekretua (martxoaren 23ko 5/1981) ez betetzeko arrazoia.
Lau: Agiri hauek guztiak ekarri ondoren, eta sartutako aldaketak funtzesko direnez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta egunkarian hilabetez iragarkia argitaratu eta jendearen jakinaren gainean jarriko dira. Denbora horretan, espedientea Udaletxeko idazkaritzan izango da, nahi duenak ikusi eta bere alegazioak egin ditzan.
Planaren barruan lurrak dituztenei banan-banan dei egingo zaie.
3.- 2. Sektoreko Plan Partzialri behin-behingo onespena emateko proposamena.
Alkateak, gaia aurkezte aldera, aurreko gaia bezala hau ere Hirigintzako Batzordean aztertuta dagoela esan du. Argitaldian alegazio batzuk egin dituztela eta erantzun dietela alegazioei. Horrela bada, 2. Sektoreko Plan Partziala behin-behingoz onartzea proposatzen dutela.
J.M. Martiarenak jakin nahi du ea 2. Sektoreko Plan Partziala den Gorosta jaunaren interesez tramitatzen ari den agiria, alegazio batzuk izan dituena, batetik, eta ea hor 2. Sektorea bakarrik dagoen ala atzeko aldea ere sartuta dagoen, bestetik.
Alkateak erantzun dionez 2. Sektorea bakarrik dago.
J.M. Martiarenak atzeko aldeak zer izen duen galdetu dio Alkateari.
Alkateak erantzun dio Arau Ordezkatzaileetan 2. sekotorea duela izena toki horrek, eta halaxe izango duela aldatzen ez badute. Atzeko aldea Lezoko baserrialde izango dela (Olatzar, Kutxa eta Plazeta baserrietako lurrak).
J.M. Martiarenak dio harri eta zur geratu dela.
Egin beharreko saioak egin dituztenez, osoko-bilkuraren iritzira jarri da gaia. Osoko-bilkurak lehenbizi honako alderdi hauek hartu ditu kontuan:
Lezoko Antolaketarako Arau Ordezkatzaileetako II. sektoreko Plan Partzialari hasierako onespena 1993ko azaroaren 10ean egindako osoko-bilkuran eman zion Udalak.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 229. alea, eta Gipuzkoako zenbait egunkaritan (azaroaren 18ko D.V. Egin, Egunkaria) iragarkia egin eta erabakia hilabetez argitaratua egon da. Era berean, Plan horren barruan lurrak dituztenei, banan-banan dei egin zaie. Denbora horretan, alegazio batzuk izan dira, eta horiei buruzko informeak egin dituzte Udaleko legelari eta teknikariek.
Isidra Bravo Escuderok Lope Isastikoa 1ean bizi direnen izenean egin zuen alegazioa, informe horien argitan, aintzakotzat hartzeko modukoa da, zeren jolaslekua orain jarrita dagoen tokian jartzeak, Lope Isastikoa plaza 1ean dagoen etxearen tartean ezer ere gabe, etxebizitzari behar duen intimitatea kentzen dio. Beraz, II. sektoreko muga eta Lope Isastikoa plaza 1eko mendebaldeko etxe-aurrearen artean belardi bat jaso behar du Hirigintzako Proiektuak, belardi hori jarrita ikuspegiari eta jobideari naturazko muga bat jartzeko.
Antonio Garrote Díazek, Javier Bueno Ortíz de Elgueak, Javier Mintegiagak eta Vicente Hernándezek egindako alegazioa ez da aintzakotzat hartzeko modukoa. Haiek, aparkaleku gehiago eta orain eraikita dauen etxeen (5. poligonoa) eta egin asmo direnen artean tarte handiagoa izatea eskatzen zuten. Eta ez da aintzakotzat hartzeko modukoa zeren, batetik, Arau Ordezkatzileetan jarrita zegoena baino metro bete gehiagoko tartea jasotzen du plan partzialak lehengo etxeen eta berrien artean; eta, bestetik, bi etxe-sailean arteko 18 metroak aski dira etxeei ikuspegia libratu eta eguzkiak eman diezaien.
Aparkaleku gehiago jartzearen gainean, berriz, Musika Eskola irekita egoten den orduetan aparkaleku gehiago behar izate hutsa ez da arrazoi handia II. sektoreko planean jarrita dauden etxeen lerrokatzeak aldatzeko.
Horiek horrela, egin diren informeek diotenarekin batera, Hirigintzako Batzordeak proposatu eta Udalaren osoko-bilkurak, legeak eskatzen duen gehiengo osoaren baiezkoarekin, beheko erabaki hau hartu du. Baizekoa A. Sarasola, G. Arrillaga, K. Legorburu, M. Mitxelena, J.L. Agirretxe, J. Pontesta, J.A. Dozagarat eta J.M. Martiarenak eman dute eta I. Urrestarazuk ez du botazioan parte hartu. Hauxe da erabakia:
Bat.-
Lezoko Antolaketarako Arau Ordezkatzaileetako II. sektoreko Plan Partzialari behin-behingo onarpena ematea eta, halaber, sustatzaileari honako betebehar hau betearaztea: II. sektoreko muga eta Lope Isastikoa plaza 1eko mendebaldeko etxe-aurrearen artean belardi bat jaso behar du Hirigintzako Proiektuak, belardi hori jarrita ikuspegiari eta jobideari naturazko muga bat jartzeko.
Bi.-
Antonio Garrote Díazek, Javier Bueno Ortiz de Elgueak, Javier Mintegiagak eta Vicente Hernándezek egindako alegazioa aintzakotzat ez hartzea, lehen esandako arrazoiak direla bide.
Hiru.-
Erabaki hau eta ARRETXENE, S.A.rekin egindako itunea, 1993ko azaroaren 10ean egindako osoko-bilkurako aktari erantsita dagoena (I Eraskina), Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lau.-
Espediente hau osorik Gipuzkoako Foru Aldundian dagokion agintaritzari bidaltzea eta behin-betiko onarpena eman diezaion eskatzea. Behin-betiko onartutzat hartuko da baldin eta erabakia hartzea dagokion agintaritzak ezer ere ez badu adierazten espediente hau sarrerako errejistroan sartu eta hiru hilabete baino lehen.
4.- Alkatearen proposamena, Alkatearen erabakiak biltzeko liburua orrialde mugikorren sistema erabiliz egiteko.
Orain artean, Alkatearen beraren erabakiak eta haren Eskunduntza dutenenak ere, Lehendakaritzako Erabakien Liburuan jasotzen dira. Liburua enkuadernatua dagoenez, eskuz idazten direa erabakiok.
Sistema horrek lan handia ematen du eta horregatik Gobernu Batzordeko eta Osoko-bilkuretako akten liburuak ez dira sistema horrekin egiten, hala erabaki baitzuen Udalak osoko-bilkuran.
Alkatearen eta haren Eskuduntza dutenen erabakien liburuak Gobernu Batzordeetako eta Osoko-bilkuretako akten liburuak bezala tajutu behar direla jartzen du ROF-eko 200. artikuluak.
199. 2 artikuluak, berriz, orri solteak erabiltzea Osoko-bilkuran erabaki behar dela jartzen du, Alkateak proposatuta. Hori horrela, Udalaren osoko-bilkurak, aho batez, erabaki hau hartu du:
Alkatearen eta haren Eskuduntza dutenen erabakien liburua orri soltez osatuko da 1994ko urtarrilaren 1etik aurrera. Orriok, ordenadorezko inpresoran inprimatu eta gero enkuadernatuko dira. Nolanahi ere, denboraren joanak orriak ez dituela hondatuko eta irakurtzeko moduan izango direla bermatuko da.
Honako saio hauek aktan jaso daitezen eskatu dute:
I. Urrestarazuk konforme dagoela esan du proposamenarekin, baina denboraren joanak agiriak hondatu ez ditzan eta irakurtzeko moduan izan daitezen bermatzeko biderik egokiena aurkitu behar dela, beste batzuetan hala gertatu dela eta.
Ondoren, agiriei irakurtzeko moduan eusteko modurik egokiena zein izan daitekeen hizketan aritu dira, eta aktak plastifikatu edota mikrofilmatu egin daitezkeela esan dute.
Bat eta beste aipatu ondoren, osoko-bilkuraren iritzira jarri dute proposamena. Botazioaren emaitza lehen esandakoa izan da, eta denak ados daude sistema berri honekin ere agiriak irakurtzeko moduan izan behar direla.
Aktaren bukaera.
Iluntzeko zortzietan, aztertu beharreko gaiak aztertu ondoren, Alkate-Lehendakariak saioa bukatutzat eman du. Nik, behin-behingo idazkari naizen aldetik, akta hau jaso, nik eta bileran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu duguna, eta sendespena ematen dut.