2007.eko Uztailaren 10ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2007ko uztailaren 10ean, asteartea, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea, Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Silbia Folgueira Fernández, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Aroia Goienetxea Egibar, Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta Roberto Sánchez Sánchez.

Ez da bilkuran izan Jesús María Martiarena Jaca.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Zinegotzien kargu hartzea.

Eratze bilkuran ez zen izan Aroia Goienetxea eta, gaur etorri denez eta kargua hartzeko dokumentuak udaleko idazkaritzan aurkeztu dituenez, alkateak galdetu dio ea zin dagin edo agintzen duen bere kontzientzia eta ohorearengatik zinegotzi karguaren betebeharrak zintzo beteko dituela. Aroaia Goinetxeak zin egin du. Behin bere zinegotzi kargua hartu ondoren bilkurak jarraitu egin du.

2.- Eratu diren talde politiko eta bere bozeramaileen kontu ematea.

Alkateak dio hiru talde politiko eratu direla udal erregistroan aurkeztutako idatzien bidez. ROF-aren 23. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako, eratu diren talde politikoak eta haien bozeramaileak hauek dira:

TALDE POLITIKOAREN IZENA

TALDE KIDEAK

BOZERAMAILEA

"Lezoko EAE-ANV udal taldea"

Haritz Salaberria

Irati Aranburu

Irati Aranburu

Jon Joseba Legorburu

Silvia Folgueira

Iñigo Esnaola

Maria Pilar Legorburu

Urko Lopetegi

Jaione Lekuona

"EAJ- PNV taldea"

Kepa Garbizu

Kepa Garbizu

Jesus Mari Martiarena

Aroia Goienetxea

"Ezker Batua-Berdeak"

Roberto Sánchez

Roberto Sánchez

Mikel Antton Arrizabalagak dio berak Euskadiko Sozialistak taldea eratuko duela. Alkateak esan dio erregistroan aurkezteko idatzia. Hala egingo duela erantzun dio Mikel Antxonek.

3.- Alkateak hartutako erabakien berri ematea, bai Tokiko Gobernu batzordekideak izendatzeko, bai alkateordekoak izendatzeko eta bai alkatearen eskuordekoak izendatzeko (2007AL030066, 2007AL030067 eta 2007AL030068).

Alkateak D07/607., D07/608. eta D07/609 dekretuen berri eman du. Lehenengoaren bidez Tokiko Gobernu Batzarreko kideak eta alkateordeak izendatu ditu. Hauek dira kideak eta alkateordeak, ordenan emanak, Irati Aranburu Salaberria (Lezoko EAE-ANV udal taldea), Jon Joseba Legorburu Arrastua (Lezoko EAE-ANV udal taldea), Iñigo Esnaola Arbiza (Lezoko EAE-ANV udal taldea) eta Silvia Folgueira Fernandez (Lezoko EAE-ANV udal taldea).

D07/608. dekretuan Tokiko Gobernu Batzarraren baitan egiten dituen delegazioak jasotzen dira eta D07/609.ean Tokiko Gobernu Batzarreko partaideengan egiten dituen delegazioak: Irati Aranbururi Hirigintza arloan zenbait eskumen utzi dizkio, Jon Joseba Legorbururi Obra eta Zerbitzu eta Kultura eta Gazteriakoak, Iñigo Esnaolari Kiroletakoak eta Silvia Folgueirari Haziendakoak.

4.- Proposamena, udalbatzaren osoko bilkuraren maiztasuna erabakitzeko.

Alkateak deialdiarekin bidalitako proposamena aurkeztu du. Honela dio hitzez hitz: Ohartu du proposamenari aldaketa bat egin nahi diola: bilkurak hilabete bakoitietan izan ordez hilabete bikoitietan egitea proposatu du. Toki Entitateen Antolakuntza, Funtzionamendu eta Erregimen juridikoaren Arautegiko 38. artikulua aplikatuz, Udalbatzari proposatzen diot ondorengo akordio hau hartzea:

BAT: Udalbatzak bere ohiko osoko bilkurak bi hilabetez behingo maiztasunez egingo ditu, hil bakoitietako lehen asteazkenetan, 19:00 orduetan.

Asteazkena jai suertatuko balitz, hurrengo lehen lanegunera pasako litzateke.

Ohartu du proposamenari aldaketa bat egin nahi diola: bilkurak hilabete bakoitietan izan ordez hilabete bikoitietan egitea.

Baita ere ohartu du alkateak itzultzailea ez dela osoko bilkuretan izango, dokumentazioa ele bietan egonik eta euskaraz ulertzeko inongo arazorik ez dutenez korporazioa osatzen duten zinegotzi guztiek, ez da ikusten beharrezkoa haren presentzia. Dena den norbaitek haren beharra balu, aurrez eskatu beharko luke.

Proposamena onartu egin da, hilabete bikoitietara egindako aldaketarekin, hamaika aldeko botorekin eta abstentzio batekin, Mikel Antton Arrizabalagarena.

5.- Proposamena, batzorde informatzaileen erakuntza, osaketa, lehendakaritza eta funtzionamendurako.

Alkateak egindako proposamenaren berri eman dio udalbatzari. Proposamenak honela dio hitzez hitz:

"Toki Entitateen Antolakuntza, Funtzionamendu eta Erregimen juridikoaren Arautegiko 38a, 124.1 eta 143.1 artikuluetan xedatzen dena aplikatuz, Udalbatzari aurkezten diot ondorengo

PROPOSAMENA:

BAT: Segidan seinalatzen diren Batzorde Informatzaile hauek sortzea eta lehendakariak izendatzea:

Hazienda eta Kontu Batzordea

Silvia Folgueira Fernández

Hirigintza, Obra eta Zerbitzu Batzordea

Irati Aranburu Salaberria

Gizarte Zerbitzuen Batzordea

Haritz Salaberria Goikoetxea

Kultura Batzordea

Jon Legorburu Arrastua

Pertsonal eta Barne Batzordea

Haritz Salaberria Goikoetxea

BI: Batzorde kide sei zinegotzi izango dira, lehendakaria barne (3 EAE-ANV,1 EAJ-PNV, 1 PSE eta, 1 IU).

HIRU: Talde politiko bakoitzak (baita lehendakaritza duenak ere) bere ordezkariak (titularra eta ordezkoa, biak) izendatu behar ditu.

Guztiak ahots eta botoz, diktamenak bozkatzeko boto ponderatuaren sistema erabiliko delarik.

Erakunde edo talde antolatu bakoitzak bere ordezkaria izendatu ahal izango du.

Lezoko edozein biztanlek bertan parte hartu ahal izango du aplikagarria den legediak ezartzen duen bezala.

LAU: Batzordeek hilean behingo aldizkakotasunez egingo dituzte ohiko bilkurak.

Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du ea nola erabiliko den boto ponderatuaren sistema, adibidez, alderdi bateko batzorde kide guztiak azaltzen ez direnean. Alkateak dio EAE taldeko 8 botoak hiru batzordekideetan banatuko direla.

Kepa Garbizuk bi gora-behera aipatu ditu: lehena, batzorde lehendakariak eta zinegotzi delegatuak ez datozela bat, adibidez, Hirigintza, obra eta zerbitzuetako batzordean. Kasu horietan deskordinazioa sortu ahal dela dio. Bestalde batzordeen ahalmenei buruz galdetu du, ea gaztedi, kirol eta ingurumen gaiak zein batzordetan diktaminatuko diren.

Alkateak erantzun dio esanez Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatua Hirigintza Batzordeko partaide izango dela. Batzordeen konpetentziei buruz dio batzorde bakoitzak zehaztuko dituela bere eginbeharrak, eta normalean gazteria eta kirola Kultura batzordean diktaminatuko dituela, eta ingurumena Hirigintza batzordearen kontua izango dela.

Alkatearen proposamena onartu egin da, aldeko zortzi botorekin eta lau abstentziorekin (EAJ-PNV, PSE eta IU-Berdeak).

6.- Organo kolegiatuetan, korporazioaren ordezkariak izendatzeko plenoaren konpetentzia denean.

Alkateak deialdiarekin bidalitako proposamena onartzea proposatu du. Aurrez argitu du, Elkarkidetzarako ez dela ordezkaririk izendatu behar.

Kepa Garbizuk ere argitu du, Badia Berrirako proposatzen bada ere, ordezkaritza Oarsoaldeari dagokiola eta ez Lezoko Udalari, eta zerrendan Oarsotek-erako ordezkaria izendatzea falta dela. Alkateak dio Badia Berrirako proposatutakoa Oarsotek-erako mantentzen dela.

Aldaketa horiekin proposamena onartu da aldeko zortzi botoz, kontrako bat (Mikel Antton Arrizabalaga) eta hiru abstentzio (Kepa Garbizu, Aroia Goienetxea eta Roberto Sanchez) izanik. Hauek dira onartutako izendapenak:

BAT:

ORGANOAK

Titularra

ZINEGOTZIA

Añarbeko Uren Partzuergoa

Titularra

Jon Legorburu Arrastua

Ordezkoa

Irati Aranburu Salaberria

San Markos Mankomunitatea

1. Titularra

Haritz Salaberria Goikoetxea

2. Titularra

Irati Aranburu Salaberria

1. Ordezkoa

Jon Legorburu Arrastua

2. Ordezkoa

Mª Pilar Legorburu Echegaray

Jon Legorburu Arrastua bi titularren 1. ordezko izendatzea eta Mª Pilar Legorburu Echegaray haien bigarren ordezkoa.

Behemendi

Titularra

Mª Pilar Legorburu Echegaray

Ordezkoa

Irati Aranburu Salaberria

Oarsoaldea

Titularra

Haritz Salaberria Goikoetxea

Ordezkoa

Jon Legorburu Arrastua

Pasaiako Portu Agintaritza

Titularra

Haritz Salaberria Goikoetxea

Jaizkibia, S.A.

Titularra

Haritz Salaberria Goikoetxea

Ordezkoa

Irati Aranburu Salaberria

Oarsotek

Titularra

Haritz Salaberria Goikoetxea

Ordezkoa

Irati Aranburu Salaberria

Euskal Fondoa

Titularra

Haritz Salaberria Goikoetxea

Ordezkoa

Irati Aranburu Salaberria

 

7.- Arau Subsidiarioen berrikuspen espedientearen behin betiko onarpenari uko egitea (2006HO310001).

Alkateak dio proposamena eztabaidatu ahal izateko, eta batzordeak eratu gabe egonik haien diktamena ezinezkoa denez, aurrez osoko bilkurak gai zerrendan sartu izanaren urjentzia berretsi behar duela. Osoko bilkuran diren hamabi zinegotzietatik bederatzi gaia eztabaidatzearen alde agertu dira, EAE eta IUkoak, eta beste hiru zinegotziak urjentziaren kontra azaldu dira, EAJ-PNV eta PSEkoak.

Behin urjentzia berretsita, Irati Aranburu zinegotziak egin du deialdiarekin batera bidalitako proposamenaren azalpena. Osoko bilkurak apirilaren 26an behin behinekoz onartutako Udal Hirigintza Arauen dokumentuak dituen gabezia teknikoak, Jaurlaritzak egindako oharpen larriak aintzat ez hartu izanak, Lur Zoru Legea indarrean sartzeko bezperan onartu izanak, aurrez onartzear zegoen Herriondoko Plan Bereziaren kontrakoa onartzeko inongo arrazoirik eman ez izanak, Ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean egon ez izanak, azkar tramitatu izanak, guztiak, interes partikularren eta zenbaiten poltsikoen mesedetan egindakoa ote denaren susmopean uzten omen du dokumentua. Horretaz gain, gobernu talde berriak lurralde antolamenduari eta garapenari buruz eredu ezberdinak dituenez, dokumentuaren lantze prozesuan partehartzeko aukerarik eta jarrera irekirik izan ez denez, dokumentuak berraztertzeko beharra duela iritzirik eta egin behar zaizkion aldaketak egin ahal izateko, dokumentua berreskuratzeko proposamena egitera beharturik aurkitzen omen dira.

Honela dio proposamenak:

Lezoko Udalak 2005ko uztailaren 1ko 306 Alkatetza Dekretuaren bitartez Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Aurrerapen dokumentua onartu zuen, bere irizpide, helburu eta konponbideekin.

Aurrerapen dokumentu hau jendaurrean bi hilabete egon zen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik, hain zuzen ere 2005ko uztailaren 11etik aurrera. Iragarkia prentsa idatzian ere argitaratu zen. Jendaurrean egon zen tarte honetan hainbat iradokizun aurkeztu zen.

2005ko irailaren 12ko 400 zenbakidun Alkatetza Dekretuaren bidez Lezoko Udalak aipatu jendaurreko epea 2006ko irailaren 30a arte luzatu zuen. Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu zen irailaren 20an. Halaber prentsa idatzian ere argitaratu zen.

2006ko martxoaren 28an Lezoko Udalean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak igorritako Lurralde Antolaketa Batzordearen txostenari sarrera eman zitzaion. Txosten honetan hainbat oharpen egiten ziren Lezok onarturiko aurrerapen dokumentuaren inguruan.

2006ko apirilaren 26an Lezoko Udaleko Osoko Bilkurak Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Aurrerapen dokumentuko irizpide, helburu eta konponbideak berretsi zituen eta arau aldaketa honi dagokion dokumentuaren idazteka agindu zuen, ondorengo arreta hauekin:

  • "Algeposa bizitegi-alternatiba" gisa ezagutzen den bizitegi-alternatiba kentzea, hasierako onarpeneko dokumentuan gainerako bizitegi-proposamenak bermatuz
  • Sagasti poligonoa gisa ezagutzen den 103 poligonoaren inguruetan jarduera ekonomikoak garatzeko lurzoru urbanizagarria garatzeko posibilitatea ebaluatzea.
  • Gaur egungo kirol-instalazioak handiagotzeko aukera ebaluatzea abonatuak ugaltzearen aurrez aurre.
  • AIU 32 izenez ezagutzen den jarduera ekonomikoren garapenerako urbanizagarri gisa proposatutako lurzorua, ez urbanizagarri izatera pasatzea, ingurune horretan lurzoru-erreserba sustatuz etorkizunean jarduera ekonomikoak garatzeko.
  • Dentsitate txikiko bizitegi-garapen posible bat ebaluatzea, gainerako unitateetan ez dagoen etxebizitza-tipologia hori eskaintzeko.
  • Funtsezko hiri-parke bat sortzeko posibilitatea ebaluatzea, herritarrei kalitatezko espazio libreak eskaintzeko helburuz.
  • Gipuzkoako Foru Diputazioak proposaturiko bideari alternatiba bat zehaztea Jaizkibelgo pasabidea artikulatzeko, nekazal inguruneari eta bertako biztanleei eragin kaltegarriak ahalik eta gehien murriztuz.
  • EIA ( Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioa) proposamen berrietara egokitzea.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2006ko uztailaren lauan.

Lezoko Udalak 2006ko irailaren 18ko batzarrean Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuari haserako onarpena eman zion.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2006ko urriaren 10ko 193 zenbakidun alean. Haserako onarpenerako dokumentua jendaurrean hilabetez egon ondoren 47 alegazio aurkeztu ziren, hauetatik 7 epez kanpo.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuak 2006ko abenduaren 15an Lezoko Antolaketako Arauen Berrikuspenaren inguruan eraginari buruzko aldez aurreko txostena igorri zuen.

2007ko otsailaren 27an Lezoko Udalak Haserako onarpena jaso zuen Arauen Berrikuspenaren dokumentu bana igorri zuen, Estatuko Sustapen Ministeritzara eta Kosta, Errepide eta Kultura arloetan eskudun diren administrazioetara.

2007ko martxoaren 12an aurkeztu zen Udal erregistroan Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Behin Behineko onarpenerako dokumentua, alegazioen txostenarekin batera.

2007ko martxoaren 16an sarrera eman zitzaion udal erregistroan Sustapen Ministeritzak igorritako txostenari.

2007ko apirilaren 11an udal erregistroan sarrera eman zitzaion Foru Aldundiko Bide Azpiegiturarako Departamentuaren Lezoko Hiri Antolaketarako Arauei buruzko irizpenari. Txosten honen arabera AIU 28 Zelai eremuari dagokionean udalak aldaketa batzuk egin behar dituela dio GI/2638 errepidetik herrigunerako sarbideak Herriondok ekarriko duen zirkulazio behar adinako ahalmena izan dezan, eskualde errepideko erabiltzaileen segurtasuna galarazi gabe, kontuan hartuta AIU 23 Herriondo eremuak aurreikusita dauden epeak direla eta N/1 errepideko zuzeneko loturarik ez duela izango.

2007ko apirilaren 19an udaleko erregistroan Lezoko Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuaren aldaketen Ingurumenaren gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio Prozeduraren eguneratze dokumentuari sarrera eman zitzaion

Roberto Gartzia Aizpiri, berrikuspen dokumentua idatzi duen Arkitektoak, idatziriko alegazioen txostenean aurkezturiko alegazioetatik batzuk onartzea proposatzen denez alegazio hauen onarpenak eta bestetik Lezoko Udalak, bere arkitekto aholkulariaren txostenean oinarrituz haserako onarpena jaso zuen dokumentuan agindu dizkion beste aldaketa batzuk Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenean suposatzen duten aldaketak jasoaz, proiektuaren gehigarri bat aurkeztu zuen .

Lezoko Udalak 2007ko apirilaren 30ean batzarrean Arau Subsidiarioen Berrikuspen Dokumentuari behin behineko onarpena eman zion.

Espedientea Gipuzkoako Foru Aldundira igorri zuen Lezoko Udalak maiatzaren 16an behin betiko onarpena eman ziezaion.

2007ko maiatzaren 27an udal hauteskundeak ospatu eta ondorioz udalaren osaketa erabat aldatu da. Korporazio berriak espedientea eta bertako txosten teknikoen edukia aztertu ondoren zera ondorioztatu du:

BALORAZIOA

1.- Dokumentuak ez ditu 2006ko martxoaren 28an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak igorritako Lurralde Antolaketa Batzordearen txostenean jasotzen diren oharpen batzuk betetzen

a) Aurreikusi beharreko etxebizitza kopuruari buruz

Indarrean dauden Lurralde Antolaketa Artezpideak (aurrerantzean LAA) jasotzen duten aurreikusi beharreko etxebizitza berrien zenbatze formula aplikatuta, 2006-2014 urteetarako Lezoko udalerrian gehienez 760 etxebizitza aurreikusi behar dira, eta horrela ohartarazten zuen arestian aipatu txostenak. Arauen Berrikuspen dokumentuak ordea Nabarmen handitzen dira LAAk jasotzen dituzten aurreikuspenak etxebizitza kopuruari dagokionez.

Lurralde Antolaketaren 1990/4 Legearen 6. artikuluaren 7. atalak xedatzen duenez LAAk beste zehaztapen batzuen artean Lurralde alor edo alde ezberdinetan behar diren etxebizitzen, babes ofizialekoak batik bat, zenbatekoa eta hauek kokapena finkatzeko irizpideak xedatuko dituzte.

Halaber aipatu 1990/4 legearen 8. artikuluaren arabera LAAen zehaztapenak lotesleak eta zuzenean aplikagarriak izango dira aplikazio orokorreko arau konkretuetan adierazten direnean.

Horrela LAA bere 22. ataleko 2.IV azpiatalean "LAA aplikatzeko gakoak eta erreferentziak " zuzenean aplikatzeko zehaztapen lotesleen artean 21. kapitulua jasotzen du, hain zuzen ere Lurraldearen Antolamendurako Zatiko Planen onespenera arte egoitza-lurzoruaren zenbaketaren behin behineko aplikaziorako irizpideei buruzko eranskinak.

Irizpide hauek aplikatuaz Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketarako Batzordeak arestian esan bezala gehienez 760 etxebizitzako egoitzarako eskaintzaren aurreikuspena kontuan izan behar dela ohartarazten du Arauen berrikuspenerako dokumentuan.

Arau Subsidiarioen Berrikuspenerako dokumentuan ohartarazpen hau betetzen ez denez, argi eta garbi adierazi behar da dokumentu honek ez dituela LAAren zuzenean aplikagarri diren zehaztapen lotesleak betetzen.

b) Lurralde Ereduari buruzko baloraketa.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak igorritako Lurralde Antolaketa Batzordearen txostenaren IV atalak, Arauen Berrikuspen dokumentuak egoitza lurzoruaren inguruan proposatzen duen lurralde antolaketa ereduaren inguruan hainbat balorazio, hausnarketa eta oharpen egiten ditu Herriondo egoitza eremuari dagokionean.

Ez da noski txostenaren eduki osoa hemen jasoko baino laburbilduz zera adierazten da:

  • - Eremu honek Lezoko hirigunearekin loturarik gabeko hazkundea suposatzen du.
  • - Lurralde eredu eztabaidagarria suposatzen du proposamenak.
  • - Egoitza hazkundeak ez du mugakide duen Oiartzungo udalerrian jarraipenik eta izapidetzen ari diren bi udalerrietako planeamenduen artean ez dago bateragarritasunik.
  • - Herriondo bailarak natura eta paisai balioak ditu, proposatzen den hazkundea gauzatuko balitz landa eta aisi erabilerak inpaktu nabarmena jasango lukete.
  • - Herriondo bailara nekazal potentzialtasun handiko gunea da eta behin betiko onarpena jasotzeko zain dagoen Nekazal eta Baso Arloko Lurralde Planak balio estrategiko handia duen nekazal interesdun gune bezala sailkatzen du.
  • - Donostiako Zatikako Lurralde Planaren aurrerapen dokumentuan eremu hau babesten du.

Hori guztia kontuan izanik txosten honek Herriondon egoitzarako hazkunde proposamena birkontsideratzea eta hazkunde gune hau ezabatzea estimatzen da.

Arauen Berrikuspen dokumentuan berriz, Herriondo bailaran besteak beste 750 etxebizitza berriko hazkundea dakarren hiritartze proposamena jasotzen da.

2.- Herriondo bailarako errealitate faktikoa Lezoko Udalak onarturiko akordioen arabera.

Lezoko Udalak horrela eskatuta, Ingurune Fisikoaren Azterketa bat egin zen Lezoko udalerrirako eta horren ondorioz Herriondo bailara babestu beharreko gunetzat hartu zen azterketa honen arabera eremu honek paisai, nekazal eta aisialdirako balioak zituelako.

Horrela Lezoko udalak Herriondo Bailara Babesteko Plan Berezia formulatu eta izapidetu zuen, behin behineko onarpena emanez. Plan honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Nekazaritza sailen aldeko txostena jaso bazuen ere, Errepide saileko txosten bat zela medio bere behin betiko onarpena eten egin zen. Etenaldi honen aurka Lezoko Udalak birjarpen helegite bat aurkeztu zuen eta egundaino ez du erantzunik jaso.

Esan nahi dena da Lezoko udalak berak bere akordioen bitartez Herriondo bailaran errealitate faktiko bat dagoela onartu du, hain zuzen ere, bailara hau nekazal, paisai eta aisialdirako gune dela ontzat eman da azterketa tekniko batek lur eremu hori aztertu ondoren.

Aipaturiko guzti honek Lezoko Udalak ontzat emandako errealitate faktiko bat suposatzen du, hain zuzen ere udalak planeamendua aukeratzeko duen diskrezio-ahala mugatu beharko lukeena, egintza determinatzaileetaz ari baikara. Horrela haserako onarpenerako dokumentuan aztertzen den planeamendu aukera hau Lezoko Udalak ontzat emandako errealitaterekin erabat inkongruentea da eta ez dator bat inondik ere administrazioak gorde behar duen eraginkortasun printzipiorekin. Hori dela eta aipatu diskrezio-ahalaren muga arrazionalak apurtzen ariko litzateke udala errealitatearen arabera justifikatu ezin daitekeen erabaki honekin.

Haserako onarpenerako dokumentuan jasotzen den lurralde antolaketa ereduan ez da inondik inora motibatzen eta justifikatzen Lezoko Udalak Herriondo bailararen inguruan egiten duen 180 º graduko irizpide aldaketa, babesgune izateko bidetik egoitza hazkundea hartuko duen eremu izatera pasatzen baita, esan bezala, inongo azalpenik gabe eta aurreko udal akordio eta azterketa guztiak existituko ez balira bezala.

3.- Ingurumenaren Gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio -Azterketaren aldaketak eta gabeziak.

3.1.- Aurrekarietan esan bezala Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuaren irizpide, helburu eta konponbideak berretsi zituenean, arau berrikuspen honi dagokion dokumentuaren idazteka agindu zuen besteak beste Ingurumenaren Gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio dokumentu honi egokitzeko baldintzarekin.

Arauen berrikuspenaren haserako onarpenerako dokumentua aurkeztu zenean ez zen Ingurumenaren Gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio azterketa egokitu aipatu dokumentura. Beraz Lezoko udalak arauen berrikuspenari haserako onarpena eman zionean eta dokumentu hau jendaurrean jarri zuenean, jakina, Ingurumenaren Gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio azterketa egokitua ez zuen jendaurrean jarri.

2007ko apirilaren 19an udaleko erregistroan Lezoko Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuaren aldaketen Ingurumenaren gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio Prozeduraren eguneratze dokumentuari sarrera eman zitzaion arestian esan bezala eta dokumentu honek jasotzen ditu hain zuzen ere arauen berrikuspenaren haserako dokumentuak eta behin behineko dokumentuak jasotzen dituen aldaketei Ingurumenaren gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio azterketaren egokitzapena.

Ingurumenaren Gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio Prozedura arautzen duen 183/2003 Dekretuaren 7. artikuluaren 2. atalak zera xedatzen du: " Ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-azterketak, plana osatzen duten gainerako dokumentuekin batera, indarrean dagoen legeriak dagokion planaren tramitaziorako ezartzen dituen jendaurreko informazio, entzunaldi eta txostenen izapideak gainditu beharko ditu lehen faseetatik "

Artikulu beraren 4. atalak berriz zera dio: " 2. atalean aipatutako izapideen ondorioz planaren dokumentuetan aldaketarik badago, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-azterketa aldaketa horren edukiari egokitu beharko zaio "

Beraz 2007ko apirilaren 19an aurkeztu zen Ingurumenaren gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio Prozeduraren eguneratze dokumentua jendaurrean jarri beharko litzateke hilabetez arauen berrikuspenaren haserako onarpenerako dokumentuak jasotzen dituen aldaketen egokitzapena dokumentu honetan jasotzen delako.

3.2.- Aurrekarietan adierazi bezala Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuak 2006ko abenduaren 15an Lezoko Antolaketako Arauen Berrikuspenaren inguruan eraginari buruzko aldez aurreko txostena igorri zuen. Txosten hau Ingurumenaren Gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio Prozedura arautzen duen 183/2003 Dekretuak adierazten duen 2 hilabeteko epea igarota eman zen. Horrela Dekretu honen arabera espedientearen tramitazioak jarrai dezake, itxaron gabe eta horixe egin zuen Lezoko Udalak. Dena den txosten honen edukia kontuan izatekoa da inguruan eraginari buruzko behin betiko txostena espedientearen amaieran ere emango duelako Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Sailak.

Horrela 2007ko apirilaren 19an aurkeztu zen Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuaren aldaketen Ingurumenaren gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio Prozeduraren eguneratze dokumentuak ez du Foru aldundiko txostenaren inguruan inongo aipamenik egiten. Lezoko Udalak ezin lezake Foru Aldundiko txosten hau existituko ez balitz bezala jokatu.

4.- AIU 23 HERRIONDO EREMUAREN ZEHAZTAPEN BATZUEI BURUZ.

4.1- N-1 Errepidearekin lotura.

AIU-23 Herriondo eremuaren hirigintza fitxaren arabera, eremu hau garatuko duen Zatikako Planak hiritartze obren artean besteak beste, N-1 errepidearen bikoizketarekin bide lotura eta AIU 12 Tren Geltokia deritzon eremutik igogailuak aurreikusten dira. Hauek ordea, hau da bai N-1 errepidearen bikoizketarekin bide lotura baita igogailuak ere, ez daude AIU-23 Herriondo eremuaren barruan beraz ez da argi geratzen nola gauzatuko den hauen exekuzioa, hau da, nola eskuratuko diren azpiegitura hauek jasoko dituzten lursailak. Gainera eremuz kanpo badaude Zatikako Planak ezingo ditu eremu barruan sartu. Kontuan hartu behar da N-1 errepidearen bikoizketarekin bide lotura lur ez urbanizagarrian kokatzen dela, naiz eta garbi ego lurraldearen egitura organikoaren zati dela eta beraz sistema orokor bat. Esan bezala ordea sistema orokor hau ezartzeko lursailak nola eskuratuko diren eta obra bera exekuzioko zein unetan eta nola exekutatuko den ez da batere garbi geratzen.

Bestalde N-1 errepidearen bikoizketarekin bide loturari dagokionez obra bera ere noiz egin daitekeen ez dago batere garbi, aipatu bikoizketa obra Foru Aldundiko bide azpiegitura departamentuak igorritako txostenaren arabera AIU-23 Herriondo eremua exekutatzea aurreikusten den baino beranduago egitea aurreikusia baitago. Beraz hiritartze obra hauek dokumentuan planteatzen den moduan onartzen badira, paperean geratzea oso litekeena da.

4.2.- Eremua bi faseetan exekutatzea

AIU-23 Herriondo eremuaren hirigintza fitxaren arabera, eremu hau garatuko duen Zatikako Planak egoitza garapena bi faseetan aurreikusi behar duela adierazten da. Lehen fasea 8 urtekoa, hain zuzen ere Arau Subsidiario hauek indarrean egongo diren epearekin bat dator eta fase honetan 525 etxebizitza eraikiko lirateke. Hurrengo fasean 225 etxebizitza eraikiko lirateke baina fase honetan jada Arau Subsidiario hauek ez leudeke indarrean.

Beraz alde batetik AIU-23 Herriondo eremuaren hirigintza fitxan 750 etxebizitza aurreikusten dira baino arauak indarrean dauden bitartean 525. Ezinbestean argitu beharra dago beraz Arau Hauek zenbat etxebizitza aurreikusten dituen eremuan, hau da, 750 edo 525.

Bestalde, egungo AIU-23 Herriondo eremua eta garai bateko 114 poligonoaren mugaketak bat datozela kontuan izanik, 114 poligonoak dituen erregistro arazoei aurre egiteko derrigorrezkoa dirudi birpartzelazio bakarra egitea AIU-23 Herriondo eremu osorako, beraz exekuzio unitate bakarra mugatuko litzateke. Horrek esan nahi du bi faseetan banatzea posible izan daitekeen gauza bakarra etxebizitzak eraikitzea eta eremuaren hiritartzea direla.

5.- AIU 28 ZELAI EREMUAREN ZEHAZTAPENEN EGOKITZE FALTA

Arestian esan bezala 2007ko apirilaren 11an udal erregistroan sarrera eman zitzaion Foru Aldundiko Bide Azpiegiturarako Departamentuaren Lezoko Hiri Antolaketarako Arauei buruzko irizpenari.

Txosten honen arabera AIU 28 Zelai eremuari dagokionean udalak aldaketa batzuk egin behar dituela dio GI-2638 errepidetik herrigunerako sarbideak Herriondok ekarriko duen zirkulazio behar adinako ahalmena izan dezan, eskualde errepideko erabiltzaileen segurtasuna galarazi gabe, kontuan hartuta AIU 23 Herriondo eremuak aurreikusita dauden epeak direla eta N-1 errepideko zuzeneko loturarik ez duela izango.

Aldaketa hauek ordea ez daude jasoak behin behineko onarpenerako dokumentuan.

Bestalde AIU 23 Herriondo eremutik AIU 28 Zelai eremutik barrena GI-2638 errepidera doan bideak agian sistema orokor izaera behar luke dituen ezaugarriengatik.

Udal talde berriaren irizpide aldaketa

Adierazitako gabezi tekniko guztiaz gain udal talde berria ez dator bat izapidetu den Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuan eta espedientean jasotzen den lurralde ereduarekin eta proposatzen den hazkundearekin eta Eusko Jaurlaritzak igorritako txostenarekin bat dator arlo askotan. Horrela berrikuspen espedientea errekuperatu eta zuzendu beharreko akats eta osatu beharreko izapideez gain beste lurralde eta hazkunde eredu bat proposatzeko aukerak aztertzea dela egokiena uste da.

Beraz administrazio prozedura arautzen deun 30/1992 Legearen 91.2 artikuluak xedatzen duena kontuan izanda,

Hona akordio porposamena:

BAT: Lezoko Planeamenduk Arau Subsidiarioen Berrikuspen espedientearen behin betiko onarpenari uko egitea.

BI: Gipuzkoako Foru Aldundiari aipatu akordioa jakinaraztea eta espedientea Lezoko Udalera itzultzeko eskatzea.

Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du ea berriro zerotik hasiko den prozesua. Bai alkateak eta bai Irati Aranburuk erantzuten diote esanez, dokumentuaren berraztertze lanak berak hala eskatuko balu, zerotik hasteko prest daudela. Jabetzen direla dokumentu horrek duen garrantziaz eta legealdi honetan erantzungo zaiola behar horri.

Mikel Antton Arrizabalaga ez dago ados proposamenarekin. Indarrean dauden arauak agortuak omen daude, haien arabera ezin omen da etxebizitza berririk eraiki Lezon eta, beraz, ezin zaie aurre egin gazteek dituzten etxebizitza beharrei. Euskal Herritarrrok eta Batasuna Lezoko alkatetzan egon den 12 urteetan ez omen du gai horretan ezer egin, azken hamasei urteetan Lezon eraikitakoa lotsagarria omen da. Kritikatzen du proposamena presaka, txosten tekniko eta juridikorik gabe eta beste informaziorik gabe aurkeztu izana. Ohartu du, Korporazio kideei interes partikularren zerbitzuan eta Marbellarekin parekotasunez jokatu izana leporatzen zaien arren, agian, erabaki honekin, nahi dutenaren kontrakoa lortuko dutela, alegia, lurra gero eta garestiagoa izatea eta eraiki ahal izatea zailtzea. Horregatik guztiarengatik, kontra bozkatuko omen du.

Alkateak dio, proposamena orain arte tramitatutako espedientean oinarritzen dela, bertan dauden txosten tekniko eta juridikoetan.

Kepa Garbizuk dio mindu samar dagoela egin izan zaizkien akusazioen ondoren: beraien poltsikoen mesedetan jardun izanaren probarik izanez gero azaltzeko edo, gainontzean, isiltzeko eta ez egiteko berriro horrelako akusaziorik. Gaiaren urjentzia ez dela arrazoitu esan du, eta galdetu dio idazkariari proposamenak, onartzeko, ea zein gehiengo behar duen, ea erabakia errekurritzerik dagoen; eta proposamena oinarritzen den 91.2 artikuluak zer dioen jakin nahi duela. Proposamenean aipatzen den Herriondoko errealitate faktikoaren ingurukoak ez direla zuzenak, dio. Udalak planeamendu bat edo bestea onartzeko eskubideari uko egin gabe, galdetu dio gobernu taldeari, tramitatutako espedienteak hainbeste gabezia baditu, ea zergatik ez dioten itxoiten Jaurlaritzaren eta Aldundiaren erabakiari, edota hura arauak onartzearen aldekoa izango denaren beldur ote diren. Hartu nahi den erabakia erantzukizun handikoa dela gogoratu du Kepa Garbizuk.

Irati Aranburuk dio, bere momentuan argituko direla noren interesen mesedetan egindako arauek izan diren hauek, eta lur jabe askok izan dituzten presioak aipatu ditu.

Idazkariak Kepa Garbizuk egindako galderak erantzun ditu, proposamen honen inguruan gaur bertan egindako txostenean jasotakoa irakurriz: erabakiak, onartzeko, gehiengo osoaren aldeko botoa behar duela; erabakia errekurritzerik egongo dela eta Administrazio Prozedimendu Legearen 91.2 artikulua ere irakurri du. Erabakia legezkoa dela dio idazkariak eta, horretarako, Elkarte Autonomoko Auzitegi Gorenaren 2005eko maiatzaren 24ko 396/2005 epaia ekarri du gogora. Uko egitearen, edo "desistimiento" delakoaren, eragina aldundira igorritako espedientea berreskuratzea izango dela, hari emandako behin behineko onarpen-erabakiaren eragina deuseztatuz. Ondoren hartzen diren erabakiek kontutan izan beharko dituzte aurrez sinatutako hitzarmen urbanistikoak, Herriondokoa kasu. Baita ere, esan du, erdarazko proposamenaren erabaki proposamena zuzendu beharra dagoela, ez delako "Denegar la aprobación definitiva ..." baizik eta "Desistir de la aprobación definitiva..."

Jendartetik Miren Alkortak hitz egin du Lezo Bizirik, Jaizkibel Bizirik eta Superportuaren Aurkako Taldearen izenean. Bere esanetan, gaur proposatzen den erabakiak 1.000 lezoarrek eta 29 elkartek arauak onartze prozesuan aurkeztutako sinaduren eta eskaeren babesa du, eta nahikoa zilegitasun ematen dio erabakiari. Erabaki urjentea dela dio, Aldundiari dokumentua presaka aurkeztu zitzaiolako eta hari gelditzeko lehenbailehen esan behar zaiolako. PSEko zinegotziari esaten dio lurzoru legeetan bere taldeak, bai elkarte autonomoan bai estatuan, onartu ez dituenak onartu dituela berak Lezoko Arauetan. Gogoratu dio, baita ere, hirigintza etxegintza baino arlo zabalagoa dela, bere baitan hartzen dituelako ingurumena, lurralde antolaketa, egoera sozialen eta ekonomikoen antolaketa, eta abar. Zentzu horretan leporatzen die arauak onartu zituztenei arauetan ez aipatu izana ez Gaintxurizketa aldean egin nahi den intermodala, ez superporturik, .... Proiektu horiek hor daudela jakitun direnean.

Alkateak dio, kontu horien azterketa egiteko eta erantzuna emateko tresna izan behar dutelako berraztertu nahi dituztela arauak.

Jendartetik ere, Juan Luis Olaizolak esan du, ez dela egia Lezon etxebizitzarik eraiki ez denik azken hamabi urteetan, Mikel Antton Arrizabalagak esan bezala. Gogora ekarri ditu Lopenen, Auñamendin eta Altamiran egindako babes ofizialeko etxebizitzak, eta galdetu dio Arrizabalagari ea non eraiki den, proportzio berdinean, babestutako hainbeste etxebizitza.

Alkateak proposamenaren bozketa proposatu du. Alde bederatzi boto izan dira, alkatearena eta Lezoko EAE-ANV udal taldeko zinegotzienak eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena. Proposamenaren aurka hiru boto izan dira, EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak eta Mikel Antton Arrizabalagarena. Beraz, korporazio kideen gehiengo osoaren aldeko botoekin proposamena onartu egin da.

8.- Diruzaintza-eragiketa onartzea.

Alkateak proposamena azaldu du. Honela dio:

Udaleko Alkate-lehendakariak aurkeztu du proposamena altxortegi-eragiketa bat ituntzeko, gehienez urtebeteko eperako, diruzaintzako behar iragankorrak betetzeko, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Entitateen aurrekontuei buruzko, abenduaren 19ko, 21/2003 Foru Arauaren ildotik.

Proposamenak badu aginduzko bere txostena udal kontu-hartzaileak egina.

Proposamenaren xedea altxortegi-eragiketa bat ituntzea da, ezaugarri hauekin:

  • - Eragiketaren zenbatekoa: 1.000.000 euro
  • - Entitate finantzaria: La Caixa.
  • - Epea: 12 hilabete.
  • - Xedea: Altxortegi-behar iragankorrak betetzea.
  • - Interesak: hiru hilero. (Hiruhileroko naturalak).
  • - Amortizazioa: bukaeran.
  • - Interes tipoa:
  • 1. Hiruhileko euribor + % 0,20.
  • 2. Erabili den kopuruaren heinean kobratzen da.
  • - Irekidura komisioa: % 0,00.

Beste eztabaidarik gabe proposamena onartu da, aldeko hamar botorekin, Lezoko EAE-ANV udal taldeko alkate eta zinegotzienak eta EAJ-PNV taldekoenak eta bi abstentziorekin, Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena eta Mikel Antton Arrizabalagarena.

9.- Alkatearen eta Obra eta Zerbitzuetako, Kultura eta Gazteri delegatuaren dedikazio esklusiboa eta ordainketa onartzeko proposamena, eta Hirigintza eta Ingurumen delegatuaren egun erdiko dedikazio partziala (2007ALO30068).

Alkateak proposamena azaldu du eta zehaztu du Hirigintza zinegotzi delegatuaren soldata proposamenean aipatzen denaren erdia izango dela, 37.059,23 € ordez 18.529,62 €, dedikazio erdia delako.

Honela dio proposamen zuzenduak:

Tokiko Gobernu Batzarra osatzen dutenak eta Alkate Ordeak izendatzea egin ondoren, eta era berean dagozkien delegazioak, Alkatetza honek Udalbatzari proposatzen dio ondorengo akordio hauek har ditzan Alkatearen eta Obra eta Zerbitzuetako, Kultura eta Gazteri delegatuaren dedikazio esklusiboa eta ordainketari, eta Hirigintza eta Ingurumen delegatua egun-erdiz liberatzeari dagokionez

BAT: Alkatearen dedikazio esklusiboa eta kargu horrengatik urtean jasoko duen ordainketa gordina onartzea, 30.929,30€.. Akordio hau 2007ko ekainaren 18an sartuko da indarrean.

BI: Jon Joseba Legorburu Arrastua, Obra eta Zerbitzu, Kultura eta Gazteri delegatuaren dedikazio esklusiboa onartzea, eta kargu horrengatik urtean jasoko duen ordainketa gordina ere, 33.994,30€.. Akordio hau 2007ko uztailaren 13an sartuko da indarrean.

HIRU: Irati Aranburu Salaberria, Hirigintza eta Ingurumen delegatuaren egun erdiko dedikazio partziala onartzea eta, halaber, kargu horrengatik urtean jasoko duen ordainketa gordina18.529,62 €. Akordio hau 2007ko ekainaren 18an sartuko da indarrean.

LAU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da.

Kepa Garbizuk jakin nahi du zein irizpide erabili diren kantitate horiek jartzeko. Esan du, bere taldea beti izan dela alkatearen soldata udalaren altuena izatearen aldeko eta proposamenean hori ez dela betetzen. Galdetu du dedikazio partziala duen zinegotziak zein ordutegi izango duen udalean eta, baita ere galdetu du, zinegotzi delegatua ekainaren 29tik bada, zergatik ordaindu nahi zaion ekainaren 18tik.

Alkateak dio, zinegotzi kargua hartu zuen ezkero ari dela eginkizun horietan hirigintza delegatua, eta horregatik ordainduko zaiola data horretatik. Ordutegiari buruz dio ez dagoela ordutegi eta egun konkreturik, alkate eta zinegotzi egun osoan direla eta beharren arabera arituko direla. Berari eta bere taldeari ez omen zaie iruditzen soldatarik altuena izan behar duenik, udaleko teknikari ertain baten adinakoa baizik. Dena den, gogoratu du beti dagoela erabakiak aldatzeko aukera.

Jon Legorburuk esan du bere soldata gaur egungo lanbideagatik jasotzen duenaren arabera erabaki dela.

Besterik gabe proposamena bozkatu eta onartu da aldeko zortzi botorekin, Lezoko EAE-ANV udal taldeko zinegotzien botoak, eta lau abstentziorekin, EAJ-PNV taldeko bi, Ezker Batua-Berdeakeko bat eta Mikel Antton Arrizabalagarena.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 8:20etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna