2009.eko Martxoaren 4ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2009ko martxoak 4, asteazkena, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, ezohiko bilera egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca, Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta Roberto Sánchez Sánchez.

Ez dira bilerara etorri Irati Aranburu Salaberria eta Silbia Folgueira Fernández.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Biltzar Aretoa jendez betea dago eta aretotik kanpo jendea dago ere.

Alkateak hasiera eman dio bilerari eta esan du gaurkoa ez dela ohiko gai bat eta horregatik deitu dela bilera ezohikoa. Azaldu du nola egingo den bilera: nahiz eta gai zerrendan bi gai dauden eta horiek mahai gainean lagatzeko eskaera egon, atzo erregistratutakoa, puntu bakarra balitz bezala eztabaidatzea proposatu du, hiru gaiak gai bakarraren ingurukoak direlako. Horrela lehenik interbentzioak izango dira eta gero bozketak, lehenik gaiak mahai gainean utzi edo ez bozkatuko delarik. Interbentzioei dagokionez esan du lehenik hezkuntzako eragileek hartuko dutela hitza, ikastolako eta herri eskolako ordezkariek; gero, bilkuran diren herritarrek izango omen dute aukera beraien iritzia emateko. Haien ondoren zinegotziek izango dute hitza, lehenik oposizioko alderdi politikoak eta, azkenik, gobernu taldeak. Partehartzearen ondoren bozketak izango dira, lehenik gaia mahai gainean utzi edo ez erabakiko da eta bozketa horren baitan bilkura amaituko da edota gai zerrendako bi gaiak bozkatuko dira. Izan daitezken hiru bozketak botoen gehiengo soilez erabakitzekoak direla dio alkateak. Bozketen ondoren zinegotziek beraien botoaren azalpena emateko aukera izango dute. Aretoan eta kanpoan direnei errespetuzko jarrera izatea eskatu die alkateak: denak izango dutela hitz egiteko aukera, elkar errespetuz eginez gero.

Alkateak esan bezala partehartzeen lehen txanda hezkuntza eragileek izan dute. Hitza hartzen lehena Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkaria izan da. Lezon ikastola eraiki ahal izatea poza handia dela dio Lezoko famili askorentzat. Ez ditu ikastola eta herri eskolako proiektuak kontrajarri nahi, zilegi direlako biak, zilegi delako bakoitzak berea bultzatzea eta ez besteena oztopatzea. Beraien asmoa Herri Eskolakoei azaldu nahi izan dietela, baina haiek bilerarik ez dutela nahi izan dio. Gaiak gaur aztertzea eta bozkatzea eskatu du.

Herri Eskolako kolektiboen izenean aritu denak, lehenik gaia mahai gainean uzteko eskatuz bostehun sinadura jasotzen dituzten dokumentuak entregatu dizkiote alkateari. Eskertu dio Roberto Sanchez zinegotziari prest azaldu delako beraien proposamena bilkurara ekartzeko. Atzo erregistratutako dokumentua irakurtzen hasi da. Hamar minutu ondoren, alkateak bukatzeko beste minutu bat eman dio. Herri Eskolako ordezkaria ez dago konforme baina irakurtzen ari zen idatziaren konklusioak irakurri ditu, gaia mahai gainean uzteko eskatuz.

Behin hezkuntza eragile biek hitz egin ondoren hiru herritarrek hitza eskatu dute. Lehenak Pasaia Lezo Ikastolak herrian eraikina egiteko aukeraren aldekoa da. Lezon ikastolak izan zituen pausoak gogoratu ditu eta zorionak eman dizkie aukera berri hau posible egin dutenei.

Beste herritar batek dio gaurko erabakia aurrera ateratzen bada zapuztu egingo zaizkiola azken udal hauteskunde ondoren udala aurpegi eta haize berriz osatu izanak sortu zizkion itxaropenak.

Hitza eskatu duen hirugarren herritarrak kexu da bilkura egiten ari den moduagatik: bere ustez eta parte-hartzea eta eztabaida ahalbideratzeko bertaratu diren guztiak eserita egoteko modua izan beharko luketela dio, horretarako bilera Gezala Auditoriumean egitea proposatuz. Pertsona berak galdetu du ea jakin daitekeen zergatik falta diren gobernu taldeko bi zinegotzi, hain garrantzitsua den pleno batean. Baita ere kexatu da Herri Eskolako ordezkariari idatzi osoa irakurtzen ez uzteagatik, bere iritziz eskubide osoa zuen idatzi osoa irakurtzeko.

Zinegotzien txanda iritsita, gaia mahai gainean uztearen proposamenaren inguruan aritu dira lehenik. Kepa Garbizuk dio, nahiz eta eragozpenak izan atzo espedientean aztertzerakoan, hitzarmena eta kontuhartzailearen txostena falta zirelako, iruditzen zaiela gaia nahiko landua dagoela eta abstenitu egingo direla mahai gainean uzteko bozketan.

Mikel Antxon Arrizabalaga ados dago gaia mahai gainean uztearekin, horrela dauden zalantzak argitzeko aukera egongo delako.

Roberto Sanchezek dio ez dela bera izango gaia mahai gainean uzteko arrazoiak azaldu behar dituena, baizik eta gobernu taldeak argitu beharko duela lehenik zergatik ez duen nahi gaia mahai gainean utzi. Horregatik eskatu dio alkateari lehenik emateko azalpenak eta gero berak bereak emango dituela.

Alkateak dio bilkura deitu eta gaiak bozkatzera ekarri dituela, Lezoko hezkuntzarako proiektu garrantzitsu bat delako, gaur martxan dagoenarekin elkar-bizi daitezkeelako eta gobernu taldea ez dagoelako prest horrelako proiektu bati ezezkoa emateko, bien alde dagoelako, Gobernu taldearen prestutasuna aipatu du hezkuntza eragileekin elkar lanean aritzeko. Informazio eskaerak, egindako galderak, eta gaurko bileraren formaz dio espedienteak izan ditzakeen zalantzak argitzeko aukera gaur baino lehen izan dela. Gogoratu du gaia diktaminatzeko Hezkuntza eta Kultura batzordean ez zela inongo interbentziorik egin alderdi politikoen aldetik, eta bertara gonbidatutako hezkuntza eragileetako batzuk ere ez zirela agertu ere egin. Gaurko bilkura ez omen da ez tokia ez modua parte-hartzea eta eztabaida gauzatzeko. Dena den dio ez duela arazorik behar diren bilerak eta azalpenak emateko. Erreferendum eskaerari buruz dio, zenbait gaietarako tresna egokia bada ere, gai honetarako ez zaiola zuzena iruditzen: bi proiektuak posible direlako, ikastola proiektuari betoa planteatzen diolako, ikastolak duen eskubidea gauzatzeko bozkatu behar bidezkoa ez izateaz gain herri giroa txartu egingo lukeelako eta Euskal Herrian diren beste ikastola proiektu batzuentzako kaltegarri suertatuko zelako. Bi proiektuen alde daudenaren adierazle bezala gogora ekarri du hirigintza plan orokor berriaren inguruan egin den foroan onartua izan dela hezkuntza eremua zabaldu izana herri eskolakoek proposatu bezala. Guzti horregatik, gaia mahai gainean uztearekin ez daude ados.

Ondoren Roberto Sanchezek hartu du hitza. Mahai gainean uztearen aldeko da herri eskolakoek horrela eskatu dutelako. Ez dago ados udalak bere gain hartu behar dituen gastuekin, 75 urterako lurrak eta diru laguntzak onartuz udalarentzat erabakia kaltegarria dela dio. Arduragabekeria iruditzen zaio. Ulergaitza egiten zaio gobernu taldeak aurreko legealdiak Markesenen egin nahi zen zaharren egoitzaren aurka leporatutakoetan erortzea orain.

Besterik gabe, bi gaiak mahai gainean uztea bozkatu da. Proposamena ez da onartu aurkako botoak baiezkoak baino gehiago izan direlako. Alde bi boto izan dira, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sanchezena; sei boto aurka, alkatea, Jon Legorburu, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi eta Jaione Lekuona; eta hiru abstentzio, Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Jesús María Martiarena.

Ondorioz, alkateak bilkurarako emandako ordenari jarraituz, erabaki proposamenaren inguruan hitza hartzeko aukera dute zinegotziek.

Kepa Garbizuk dio ezin zaiola inori aterik itxi, bi proiektuak, bai herri eskolakoa bai ikastolako, bateragarriak direlako eta herria eta herritarrentzat onuragarria. Aukeratutako lurrekin dituzte zalantzak baina plan bereziaren jendaurreko epean inork aurkakorik esan ez duenez, aldeko botoa emango omen diote plan bereziari. Emakidaren hitzarmenari dagokionez, 4. klausularekin dituzte zalantzak, diru-ekarpena zehazten duenarekin: udala egoera ekonomiko larrian izanik aurrez ekarpen horiek nola gauzatu ahal diren argitu beharko dela diote. Horregatik proposatu diote alkateari emakidaren hitzarmena onartzeko bozketan bi aukera emateko: hitzarmena 4. klausularekin edo 4.klausularik gabe onartzea.

Mikel Antxon Arrizabalaga ez dago ados emakida eta diru-laguntzarekin. Bere ustetan Lizeok izan zuen publifikatzeko aukera, udalak legez eskola publikoaren mantenu gastuei egin behar die aurre eta badu beste lehentasunik bigarren hezkuntza proiektu batean gastatu baino.

Roberto Sanchez emakidaren aurka dago. Kalte ekonomikoa suposatzen diolako udalari. Berak lur horietan etxebizitza sozialak eraikiko lituzke. Argumentu honi alkateak esan dio larunbatean hirigintza plan berriaren foroan, ez zuela horrelako inongo proposamenik egin. Erantzun honekin Roberto Sanchez haserretu egin da eta esan dio alkateari hutsaren hurrengoa dela besteen argudioak entzuteko duen intentzioa. Horregatik bilkuratik alde egingo duela. Alkateak dio gaurko gaia ez dela etxebizitzena ikastolarena baizik eta horren inguruan jarraitzeko eskatu dio. Roberto Sanchez berriro eseri da eta dio ez dagoela ados ikastolari urtero egin nahi zaion diru ekarpenarekin, ezta 75 urtetarako egin nahi zaion emakidarekin eta aurka bozkatuko duela. Hau esan da gero, bilkuratik alde egin du.

Ondoren Iñigo Esnaolak hartu du hitza. Azaldu du gobernu taldeak ikastolaren eskaeraren aurrean egindako hausnarketa: batik bat eskatzailearen izaeraren ingurukoa: Lezon sortutakoa, Euskal Herriko hezkuntzaren bultzatzaile, onurarik gabekoa, kalitatezkoa, 1989. urterarte Lezon bertan eraikina izan zuena. Baita ere dio kontutan izan dutela eskaeraren atzean lezoar gurasoak ere badaudela, horientzat, eta nahiko luketen beste guztientzat, zerbitzua herrian eskaini ahal izatea onuragarria dela iruditzen zaio gobernu taldeari. Bestaldetik eraikinarekin batera auzorako egingo diren ekipamenduak onuragarriak direla dio. Udalak eraikinaren azpian garajeak eraikitzeko aukera lantzen ari omen da. Guzti horrek proiektua laguntzera eraman omen ditu. Onartu du egin beharreko diru ekarpenerako aurrekontuak moldatu beharko direla. Eraikin berria egin bitarteko hiru urtetako epea dute horretara, 2012ko aurrekontuetarako gaurkoa baino 60.000 €tako gehiagoko diru-laguntza proposatzen baita ematea. Gaiak herrian sortu duen zurrunbiloa oso tristea dela dio, beraiek ere gaizki pasatzen ari direla dio, baina hala ere beraiek elkarlanean jarraituko dutela dio.

Jaione Lekuonak ezker abertzaleko zinegotzien izenean idatzi bat irakurri du, nazio ikuspegitik guztiz beharrezko joaz ikastolen lana. Lezo bizia asmoarekin bat datorren proiektua dela dio: lezoarrak herrian ikastolen hezkuntza jaso ahal izatea. Dio Lizeoa ere badela lezoarren, eta bi proiektuak babestuko dituztela, herri eskolarena eta ikastolarena, elkar espazioak sortuz.

Jon Legorburuk ere idatzi bat irakurri du taldean izandako desadostasunak onartuz baina talde bezala funtzionatu beharraz. Elkar lana egiten segituko dutela esan du.

Kepa Garbizuk eskatuta, bost zinegotzik atzo goizean eskatutako txostena irakurri du udal idazkariak. Txostena espedienteari gehitu zaio.

Bilkura hasieran herri eskolako ordezkaritzan hitza hartu duen herritarrak hitza eskatu du berriro eta alkateak minutu bateko tartea eman dio. Lehen irakurri gabe utzi dituen idatziko hainbat galdera egin ditu: Lizeoak zenbat diru inbertituko duen, zenbat haur etorriko diren kanpotik, zenbat autobusetan, ze sarbide izango duten autobus horiek,... Dio Lizeoak tranpa egin diola udalari eta erabakia hartu aurretik argitu egin beharko zirela horiek guztiak.

Alkateak dio argituko direla baina pleno honetan ez. Eta horrela egitea ez dela parte-hartzea oztopatzea, izan direlako aukerak eta izango direlako ere.

Eztabaida bukatutzat eman du alkateak eta Hirigintza eta Kultura batzordeetan diktaminatutako bi gaien bozketa agindu du.

1.- 4 Sistema orokorreko plan bereziaren aldaketaren behin betiko onarpenerako diktamena onartzea (2008H0400003).

Honela dio Hirigintza Batzordearen diktamenak:

 

Lezoko Udalak, Alkatetzaren apirilaren 21eko 08/ 837 Dekretuaren bidez, hastapenez onartu zuen SG-4 Sistema Orokorraren Plan Bereziaren aldaketaren onarpena.

Laburbilduz, Plan Berezi honen aldaketaren xedea Sistema Orokor honen barruan erabilera xehekatuen antolakuntza zehaztea da, hezkuntza ekipamendu bat, pilotaleku bat eta erabilera anitzetako pista bat aurreikusiz Sistema Orokor honen barruan, baita ekipamendu guzti hauei dagokien eraikigarritasun fisikoa ere.

Erabaki honen iragarkia jendaurrean jarri zen 2008ko urriaren 16an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkian. Prentsa idatzian ere argitaratu zen.

Plan Berezi honen aldaketa hau Jendaurrean egon den epean alegazio bat aurkeztu da, hain zuzen ere "Pasaia-Lezo" Lizeoarena.

Alegazio honen edukia laburbilduz ondorengo hau da:

- Pasaia-Lezo Lizeoak haur eta lehen hezkuntzara xedaturiko eraikin bat gauzatzeko interesa dute Plan Berezi honen aldaketak mugatzen duen eremuan. Eraiki nahi denaren aurreproiektu bat ere badute eta alegazioarekin bateratzen dituzte banaketa eta ezarpen oin planoak.

- Aurreikusten duten eraikinaren ezarpena errazteko ondorengo aldaketak proposatzen dituzte Plan Berezian: lerrokadura berri bat planteatzen dute eraikinaren ekialdean, eremuaren mugatik 3 metrotara, 1750 m2 lurzorua okupatzeko aukera gehienez, sestratik gora 5.000 m2 (sabai) eta sestra azpitik 1750 m2 (sabai) azalera eraikigarria mantentzea.

Plan Bereziaren aldaketa idatzi duen Arkitektoaren txostena kontuan izanik eta 2/2006 Legearen 95 eta 96 artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2009ko otsailaren 26an egindako batzarraldian, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Jesús Mari Martiarenaren abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Pasaia-Lezo Lizeoak aurkezturiko alegazioa onartzea.

BI: SG-4 Sistema Orokorraren Plan Bereziaren aldaketa behin betikoz onartzea onarturiko alegazioak planean suposatzen duten moldaketekin.

HIRU: Onarturiko moldaketa hauekin, Plan Bereziaren aldaketa idatzi duten teknikariei Testu Bateratu bat osatzeko agindua ematea.

LAU: Akordio hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aurreko atalean adierazten den Testu Bateratua Lezoko udalean aurkeztu ondoren.

 

Diktamena onartu egin da, alde bederatzi boto izan ditu eta abstentzio bat, Mikel Antxon Arrizabalagarena.

 

2.- SG4 - Sistema orokorreko jabari publikoaren emakida emateko diktamena (Pasaia- Lezo Lizeoarekin hitzarmena) onartzea (2008H0380001).

 

Honela dio Kultura batzordearen diktamenak:

 

Peio Egañak, Pasaia-Lezo Lizeoren izenean 0 eta 6 urte bitarteko hezkuntza erabilerara xedaturiko eraikin bat gauzatzeko, SG-4 Sistema Orokorraren eremuko lursail baten emakida eskatu du 75 urtetarako. Aurkezturiko eskaeraren arabera 75 urteko epe hau igaro ondoren eraikina Lezoko Udalaren esku geratuko litzateke.

Eskaerarekin batera memoria bat aurkeztu du Pasaia-Lezo Lizeoak, bertan aurrekari historikoak, lizeoaren hazkunde egoera, lizeoaren izaera, arrazoi ekonomikoak, eskaeraren xehetasunak eta egin nahi den eraikinaren ezaugarriak adierazten dira.

2008ko urriaren 13an Lezoko Alkatearen 837/08 Dekretuaren bitartez haserako onarpena eman zitzaion SG-4 Sistema Orokorreko Plan Bereziaren aldaketari. Aldaketa honen xedea Sistema Orokor honen barruan erabilera xehekatuen antolakuntza zehaztea da, hezkuntza ekipamendu bat, pilotaleku bat eta erabilera anitzetako pista bat aurreikusiz Sistema Orokor honen barruan, baita ekipamendu guzti hauei dagokien eraikigarritasun fisikoa ere. Horrela jatorrizko kirol ekipamenduen programa betetzeaz gain, honekin bateragarri eta osagarri den hezkuntza ekipamendua aurreikusten da.

Lezoko ondasunen udal inbentarioan emakidan eskatu den lursaila jabari publikoa da, zerbitzu publikora xedatua, hain zuzen ere futbol zelai, hezkuntza eta kirol erabileretara.

Horrela jabari publiko izaera duten lursailen erabilera Herri Administrazioen 33/2003 Legearen eta 1372/1986 Errege Dekretuaren bitartez onarturiko Tokiko Entitateen Ondasunen Araudi Orokorraren arabera xedatzen da.

Azken honetatik hasita eta laburbilduz 74 eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena kontuan izanik norbaitek jabari publiko bat modu pribatibo eta normal batean okupatzeko eskaera egingo balu, eskaerarekin batera okupazioaren xedea azalduz memoria bat aurkeztu beharko du.

Hirigintza Teknikariaren eskaeraren inguruko txostena egin zuen 2008ko urriaren 21ean eta udal idazkariak 2008ko abenduaren 1ean.

Udalak eskaera aztertu eta herri interesa kontuan izanik tramitera onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak 2008ko azaroaren 6an hartutako erabakian.

Erabakiak baldintza bat jartzen zuen, honela dio: "PASAIA-LEZO lizeoak hezkuntza erabilerara xedaturiko eraikin bat gauzatzeko, SG-4 Sistema Orokorraren eremuko lursail baten emakida eskaera tramitera onartzea aipatu Sistema Orokorreko Plan Bereziaren aldaketari behin betiko onarpena ematearen baldintzapean."

Hirigintza Batzorde informatiboak SG-4 Sistema Orokorraren Plan bereziaren aldaketa behin betiko onartzeko diktaminatu duelarik eta osoko bilkurak hura onartzearen baldintzapean.

SG-4 Sistema Orokarraren zati baten emakida demanialerako espedientea eta harekin datorren hitzarmen proposamena aztertu ondoren, Kultura batzordeak 2009ko otsailaren 26an egindako batzarraldian, Jon Legorburu, Haritz Salaberria eta Iñigo Esnaolaren aldeko botoekin eta Jesus Mari Martiarenaren abstentzioarekin, osoko bilkuran onartzeko,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: SG-4 Sistema Orokorraren eremuko 3.000 m²ko lursail baten emakida ematea Pasaia-Lezo Lizeoari 75 urterako espedientean jasotako hezkuntza proiektua gauzatzeko, aipatu Sistema Orokorreko Plan Bereziaren aldaketari behin betiko onarpena ematearen baldintzapean.

BI: Onartzea emakida baldintzak jasotzen dituen hitzarmena.

HIRU: Alkatea ahaltzea erabaki hau gauzatzeko sinatu beharreko dokumentuak sinatzeko.

Bozketa hasi baino lehen Jesus Mari Martiarenak alde egin du. Beraz bere botoa abstentzioa bezala hartuko da.

Eztabaida egin denean Kepa Garbizuk proposatu bezala alkateak onartu du, bigarren erabakia bi modutara bozkatzea, hitzarmenaren 4. klausula kenduta eta bigarren bozketa batean 4. klausula barne.

Hitzarmeneko 4. klausularik gabe diktamena onartu da, aldeko zortzi botoekin, abstentzio batekin, Jesus Mari Martiarenarena eta aurkako boto batekin, Mikel Antxon Arrizabalagarena.

Hitzarmeneko 4. klausula barne, diktamena onartu egin da, aldeko sei botoekin, hiru abstentzio, Kepa Garbizurena, Enrique Figueroaren eta Jesus Mari Martiarenarena eta aurkako boto batekin, Mikel Antxon Arrizabalagarena.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak eskertu die bilkuran izan diren guztiei azaldu duten tenple ona eta 21:15etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 761.032tik 761.038ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna