- 1.- Aurrekontuaren aldaketa proposamena. Kreditu gehigarriak 00001-2009 (2009KO050001).
- 2.- S-1 Sektoreko Urbanizazio Proiektuaren 2. faseko obrak kontratatzeko espedienteari hasiera eman eta Baldintza Plegua onartzeko proposamena (2009H0120001).
- 2009H0120001).
- Aktaren amaiera
Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2009ko uztailaren 30, 17:00etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, eta Roberto Sánchez Sánchez.
Ez dira etorri: Irati Aranburu Salaberria, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín
Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari lanetan Aitor Iztuetak.
Alkate-lehendakariak osoko bilkurari hasira eman behar dionean Roberto Sánchezek eten egin du aurkezpena. Minutuko isilunea eskatzen du Mallorkan gertaturiko bi guardia zibilen hilketa dela eta.
Alkateak adierazten du erabat errespetatzen duela isilunea eta nahi duenak egin dezala, dena den argitzen du bestelako hilketak gertatzen direnean ez dela isilunerik egiten, baino egin nahi duenak egiteko eskubidea izango duela eta eskubide hori errespetatuko zaiola ere zehazten du.
Osoko bilkurari hasera eman aurretik Kepa Garbizu zinegotziak gaurko datarekin sarturiko idatzi baten berri ematen du Alkateak. Idatzi horretan ohiko bilkura izanik, bilkura hau orduz eta egunez kanpo deitu izana eta "Alkatearen, organo kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak " izeneko puntuak gai zerrendatik kentzeko eskubide ez duela adierazten du Kepa Garbizuk, besteak beste.
Alkateak argitzen du osoko bilkura hau ezohikoa dela, deialdian, akats baten ondorioz, "ohikoa" jartzen badu ere. Horrela idazkari lanetan ari denari galdetzen dio, ia ondoriorik izan dezakeen osoko bilkura hau, akats hori dela eta, aurrera eramateak hartzen diren akordioekiko.
Idazkari lanetan ari denak, lehenik eta behin barkamena eskatzen du akats honengatik eta adierazten du egitatezko akats baten aurrean gaudela eta ez zuzenbidezko akats baten aurrean, beraz Administrazio Prozeduraren Legean adierazten den bezala egitatezko akats hauek edozein unetan zuzen ditzake administrazioak. Bestalde ezinezkoa da osoko bilkura hau ohikoa izatea, hain zuzen ere Lezoko udalbatzaren erabakia delako osoko bilkurak bi hilabetez behin, hilabete bikoitietan eta hilabeteko lehen astean izango direla, eta kasu honetan ez da baldintza hauetako bat bera ere ematen. Hortaz gaurko osoko bilkura ohikoa izendatzea, gaurko eguna igandea izendatzea bezain besteko akatsa da eta bi kasuetan ezinekoa .
Akatsa zuzendu ondoren eta gaurkoa ezohiko osoko bilkura dela argi utzi ondoren, normaltasunez burutu daiteke bilkura eta adierazitako arraioengatik erabat legezkotzat jotzen da.
1.- Aurrekontuaren aldaketa proposamena. Kreditu gehigarriak 00001-2009 (2009KO050001).
Lehen puntua hau tratatu aurretik urgentzia bozkatzea proposatzen da. Urgentziaren motibazioa honetan datza: aurrekontu aldaketa hau gaur hasten da izapidetzen eta aurrekontu orokorra onartzeko tramitazio berdina duenez , onarpena gauzatu ahal izateko jendaurreko epea eta guzti pasa behar du. Horrek derrigorrez luzatuko du tramitazioa eta aurrekontu aldaketa besteak beste S-1 sektoreko urbanizazioaren bigarren faseari ekiteko denez, hain zuzen gaurko osoko bilkurako bigarren puntua, lehen bai lehen onartzea komeni da obrari ekiteko.
Urgentziaren aldeko bozka ematen dute, zinegotzi guztiek Roberto Sánchezek izan ezik, honek abstentzioaren alde egin baitu.
Udala honen 2009ko ekitaldiko Aurrekontuaren barnean kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko izapidetzen den espedientea aztertu dugu
Aurrekontu partidetako kredituak gehitzeko proposamenak eta hauek finantzatzen dituzten baliabideak, eta txostenak, ziurtagiriak eta aipatutako agirian egindako gainerako jarduerak ere aztertu ditugu.
Gastuak burutzeko premia larria eta aipatutako gehikuntzak finantzatzen dituzten baliabideen eraginkortasuna behar bezala egiaztatuta geratu da eta kreditu aldaketa hori Aurrekontuaren garapena arintzeko eta eragiten dien zerbitzuen kudeaketa hobetzeko mesedegarria izango da.
Halaber, Kontuhartzaileak egin duen txostena ikusi ondoren, non jasota gerarazi baitu aipatutako espedientea aplikagarria zaion legezko araudiari egokitzen zaio.
Batzorde honek aipatutako espedientearen aldeko txostena eman eta bidezkotzat jo du Udalbatzarrak, kreditu gehikuntzen 4.322.821,22€ zenbatekoaz eta hauek finantzatzen dituzten baliabideen kopuru berdinean eta proposamenetan ageri den xehe-kapen berarekin. Aldeko bozka eman dute, zinegotzi guztiek Roberto Sánchezek izan ezik, honek abstentzioaren alde egin baitu.
2.- S-1 Sektoreko Urbanizazio Proiektuaren 2. faseko obrak kontratatzeko espedienteari hasiera eman eta Baldintza Plegua onartzeko proposamena (2009H0120001).
Puntu hau hau tratatu aurretik urgentzia bozkatzea proposatzen da. Urgentziaren motibazioa honetan datza: S-1 sektoreko urbanizazioaren lehen fasea amaitzear da eta bigarrenari ekitea derrigorrezkoa da eremu horren exekuzioak aurrera egingo badu, horrela fase bat bukatu eta bestea ahalik eta azkarren hastea komeni da.
Urgentziaren aldeko bozka ematen dute, zinegotzi guztiek Roberto Sánchezek izan ezik, honek abstentzioaren alde egin baitu.
Jon Legorburuk gaia azaltzen du.
Lezoko Udalak 2006ko maiatzaren 22ko Tokiko Gobernu Batzordearen akordioaren bitartez S-1 Sektoreko Hiritartze Proiektuari behin betiko onarpena eman zion.
S-1 Sektorean etxebizitzak eraikiko direnez hiritartze proiektua faseetan gauzatzea zela zentzuzkoena erabaki zen. Horrela, Hiritartze Proiektu honi behin betiko onarpena eman ondoren, obra hauei zegokien lehen fasea onartu zen. Orain lehen fase amaitzear dagoela, bigarren fasearekin ekiteko garaia iritsi da.
Obra hauek Injelan, SLko ingeniaria den Antton Jaime Ugartek idatziriko Hiritartze Proiektuaren arabera egingo dira. Bigarren faseari dagokion proiektua ere Antton Jaime berak idatzia da.
Kontratu hau Arlo Publikoko Kontratuen (APK) 30/2007 Legearen 6 artikuluan aurreikusitako obra kontratu bat da, beraz APK30/2007 Legearen lehen liburuan aurreikusitakoa kontuan izateaz gain, bigarren liburuaren I tituluan xedaturikoari ere jarraitu behar diogu.
Espediente motari dagokionez, ohikoa bezala tramitatzea egoki irizten diot, presazkoa bezala izapidetzeko inongo arrazoi objektiborik ez dagoelako. Gainera lehiakortasuna murriztu baino ez luke egingo kasu honetan presazkoa kontratua izapidetzeak.
AKP 30/2007 Legearen 122., artikuluan ezarrita dagoenez, kontratu honen esleipena egiteko jardunbide irekia, mugatua edo negoziatua erabili daiteke. Jardunbide irekian interesdun enpresari orok aurkez dezake proposamena, jardunbide mugatuan berriz Administrazioak espresuki hautaturiko enpresariak soilik aurkez dezakete proposamena, aurretik eskaera egin ondoren eta jardunbide negoziatuan enpresari desberdinekin negoziazio eta kontsulta egin ondoren Administrazioak hautaturiko enpresariari esleituko zaio. 154 eta 161 artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik prozedura negoziatua baztertu egin beharko genuke.
Kontratu mota hau batere konplexua ez denez aipatu legearen 141 eta ondorengo artikuluan aurreikusitako jardunbide irekia erabiltzea aukeratu dut osatu dudan administrazio-baldintza zehatzen agirian. Dena den jardunbide mugatua ere posible da eta aukerazkoa da.
APK30/2007 Legearen 122, 126, 141 eta hurrengo artikuluek xedatutakoarekin bat etorriz 2009ko uztailaren 30ko Hirigintza, Ingurumen, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak, Jon Legorburu, Haritz Salaberria eta Iñigo Esnaolaren aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren Abstentzioarekin
DIKTAMINATZEN DU:
BAT: S-1 Sektoreko Hiritartze proiektuaren bigarren fasearen proiektua onartzea ondorengo baldintzekin:
1.- Onartzen den proiektua 2009ko uztailaren 30an sarrera emandakoa da, hain zuzen ere, Raimundo Mendiburu Abad, udal arkitekto aholkulariak uztailaren 27an egindako txostenaren eranskinean adierazitako aldaketak jasotzen dituena.
BI: S-1 Sektoreko Hiritartze proiektuaren bigarren faseari dagozkion obren kontratazio espedientea hastea, lehiaketa ireki jardunbidearen bitartez.
HIRU: S-1 Sektoreko Hiritartze proiektuaren bigarren faseari dagozkion obren kontratua arautuko duten Baldintza pleguak onartzea, ondorengo aldaketekin:
1.- "3. Kontratuaren Prezioa" deritzon atalean Lizitazio prezioa BEZ GABE 2.283.490,31 € izango da.
2.- Kontratistei aurkezteko eskatzen zaien klasifikazioan, A taldean, 1 azpitaldean, kategoria b) izan beharrean c) izango da, aurrekontu igoerak klasifikazioaren aldaketa ekarri baitu.
LAU: Kontratu honetarako gastua onartzea.
BOST: Akordio hau obra hauen gastuari aurre egiteko derrigorrezkoa den aurrekontu gordailua kontratuaren behin betiko esleipena baion lehen izatera baldintzatzea da.
Alkateak proposatuta halaber, osoko bilkurak onartu du behin behineko esleipena eta behin betiko esleipena Tokiko Gobernu Batzarrari delegatzea. Aldeko bozka eman dute, zinegotzi guztiek Roberto Sánchezek izan ezik, honek abstentzioaren alde egin baitu.
Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 17:30etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 761.142.etik 761.145.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.