2010.eko Abenduaren 22ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2010ko abenduaren 22an, asteazkena, 18:00etan, eratu da EZOHIKO OSOKO UDALBATZA egiteko xedez, lehen deialdian, Jon Legorburu Arrastua alkate ordearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñigo Esnaola Arbiza, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez dira bilerara azaldu Irati Aranburu Salaberria, Jesús María Martiarena Jaca eta Roberto Sánchez Sánchez.

Haritz Salaberria Goikoetxea alkatea eta María Pilar Legorburu Echegaray, gai-zerrendako bigarren puntuaren eztabaidatzen ari zirela sartu dira osoko bilkuran, ordura arte Sanmarko Mankomunitateko juntan izan dira. Alkateak, bilkurara sartu den momentutik, bileraren lehendakaritza hartu du.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Oiartzun eta Lezoko Udalek, Udaltzaingo zerbitzuaren gaueko txanda elkarren artean emateko hitzarmena luzatzeko diktamena (2010PE290003).

Jon Legorburuk hitzarmena luzatzeko diktamena onartzea eskatu du. Barne Batzordean gaia diktaminatu ondoren, luzapenerako Eusko Jaurlaritzaren baimena iritsi dela dio. Honela diktamenaren bigarren erabaki proposamenak ez du ia motiborik. Honela dio onartzea proposatzen den Barne Batzordeko diktamenak:

"Udal Osoko Bilkurak 2010/02/03an egindako batzarraldian, Udaltzaingoaren gaueko zerbitzua Oiartzungo udaleko udaltzaingoarekin batera emateko lankidetza hitzarmena onartu zuen. Lankidetza hitzarmen hau, hasiera batean 2010eko abenduaren 31 artekoa da.

Oiartzun eta Lezoko Gobernu Taldeen aldetik, Lankidetza horrekiko balorazio baikorra egin da, eta horren ondorioz, Hitzarmenaren indarraldia epe-luzatu nahi dugu.

Hitzarmena aplikatzea baimentzen zuen Herrizaingo Sailaren Toki Poliziak Koordinatzeko Zuzendariak, 2010eko urtarrilaren 28an emandako Ebazpenaren hirugarren puntuak dioenez, Hitzarmenaren indarraldia epe-luzatu nahi izanez gero, baimen berri bat eskatu behar da.

Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren botoa alde dela eta Mikel Antxon Arrizabalagaren kontrako botoarekin, Barne Gaietarako Batzordeak, behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: Lezoko Udaltzaingoaren gaueko txanda zerbitzua, Oiartzungo Udaleko Udaltzaingoarekin batera emateko 2010erako izenpeturiko Lankidetza Hitzarmenaren indarraldia luzatzea 2011eko abenduaren 31a bitarte.

 

BI: Aurreko puntuko erabakia gauzatzeko dagokion baimena eskatzea Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari."

Jon Legorburuk dio hitzarmena proposatzeko arrazoi nagusia ekonomikoa dela, gaueko udaltzaingoaren zerbitzuak eragiten duen gastua murriztea. Zentzu horretan dio udaltzaingoan iaz baino %10,80 gutxiago gastatu dela. Urte honetako esperientzia ona izan dela esan du. Nahiz eta udaltzainak ados ez egon, normalizatzen ari den zerbitzua dela dio.

Jon Legorburuk gogoratu du Barne Batzordean esandakoa, hau da, udal langileen soldatak %5ean murrizteko Espainiako Gobernuak emandako dekretua baino lehen, 2009ko udal aurrekontuetatik 2010eko udal aurrekontuetara pertsonalean %7,09ko gastu jaitsiera izan dela eta Udaltzaingoan aipatutako %10,80, besteak beste Oiartzunekin egindako hitzarmen honen ondorioz.

Jon Legorburuk dio 2011 urterako gaueko zerbitzuan aldaketa izango dela, ostiral eta larunbateko gauak herri bakoitzaren ardura izango dela, ez dela zerbitzu partekatua.

Kepa Garbizuk dio espedientean ez dagoela txostenik, daturik, dokumenturik... aurtengo zerbitzuaren gora-beheren inguruan. Harritzen du diru eskasiaren argudia erabiltzea oraindik 2011rako udal aurrekontua onartu gabe dagoenean, ezta aurrekontu zirriborrorik ere. Kritikatu du udalaren egoera ekonomikoari buruz gobernu taldeak ematen dituen mezu gorabeheratsuengatik: batzuetan, egoera kaskarrari buelta eman diotela esanaz; bestetan, gastu arrunta berean mantendu dutela argudiatuz eta, beste batzuetan berriz, gastua jaitsi behar dela berretsiz. Iruditzen zaio Oiartzunek Lezok baino onura gehiago jasotzen duela hitzarmen honetatik. Gainera, akaso Lezo haren zerbitzuak osatu eta estaltzen ari dela: 32 orduko lan astea duten heinean, eta arratsalde batzuetan hiru agente edukitzen dituztelako eta gauez bakarra.

Mikel Antxon Arrizabalagak onartzen du herri txikientzat zerbitzu garestia dela udaltzainen gaueko txanda baino bera Oiartzunekin hitzartu gabe mantentzearen aldekoa da. Hitzarmena desorekatua iruditzen zaio, Oiartzun herri aberatsagoa izanik. Horregatik aurka bozkatuko duela.

Jon Legorburuk dio Oiartzunek zerbitzua bakarrik eman dezakeela, baina zerbitzu hori bi herrian artean elkartzeak mesede gehiago eragiten diola Lezori Oiartzuni baino.

Besterik gabe bozkatu eta onartu da diktamena, aldeko lau botokin eta aurkako hirurekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

2.- 2011. ekitaldiko ordenantza fiskalak onartzeko proposamena (2010KO290008).

Jon Legorburuk eta Iñigo Esnaolak atzo goizean Ogasun Batzordean diktaminatutako ordenantza fiskaletan aldaketa batzuk egiteko proposamena azaldu dute. Batzordeko diktamenak honela dio:

"Kultura-euskara-kirola eta hirigintzako departamentuetako proposamen berriak azterturik, aldi berean, lehendakariak, ikerketa ekonomikoen eta kontuhartzailetzaren informeetan oinarriturik, honek ogasun batzordera darama erabaki proposamena

Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren, Hazienda Batzordeak 2010 abenduaren 21ean egindako bilkuran behean heldu dena, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren botoa alde dela eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Hasierako onarpena ematea ondorengo Ordenantza Fiskal hauen aldaketari:

  • 6-4 Jabari publikoaren erabilpen pribatiboa jaietan.
  • 6-5 Udal lokalak erabiltzearen tasak.
  • 7-1 Ura.
  • 7-11 Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekuak.
  • 7-15 Kulturako materiala saltzeko tarifak.

TASA BERRIA

  • 6-7 Igogailuen instalazioa eta antenak, antzeko beste instalazioak eta arkitektura-oztopoak ezabatzen laguntzen duten beste elementuen instalazioentzako aprobetxamendua.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Proposamenaren azalpenak ematen ari zirela sartu dira bilkurara Haritz Salaberria alkatea eta Maria Pilar Legorburu zinegotzia. Alkateak bilkuraren lehendakaritza hartu du eta barkamena eskatu du bien atzerapenagatik. Esan du Sanmarko Mankomunitatean zuten junta luzatu egin dela.

Proposamenaren inguruko azalpenak eman ondoren bozkatu eta onartu egin da, aldeko sei botorekin eta hiru abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

3.- 2010. ekitaldiko aurrekontua aldatzeko proposamena (2010KO02003).

Alkateak Ogasun Batzordeak diktaminatutako proposamena onartzea eskatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

"Kreditu Aldaketaren espedientea egiten ari denez, 2010ko aurrekontuko gastuen aurrekontuko partiden arteko kreditu transferentziaz, 2010ko abenduaren 21eko D10/00730 dekretuaren bidez hasia, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2010ko urriaren 1ean egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaola zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu (EAJ/PNV) zinegotzien abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Gastuen aurrekontu partida batzuen artean, kreditu-transferentzia modalitatean, kreditu aldaketarako espedientea onartzea. Espedientearen identifikazio zenbakia 30004/2010 da, kopurua 125.000 euro eta ondoren zehazten den moduan gauzatuko litzateke:

PARTIDA

AZALPENA

FUNTZIONALA

GEHITU

GUTXITU

298

Berdegune eta loraintza

442

53.000,00

250

Gestiorako kontratoa

452.20

9.000,00

265

Epe Luzerako maileguen interesak

010.00

50.000,00

104

Isunak

010.00

1.000,00

244

Egonaldiak egoitzetan

313.40

5.000,00

1

Hautetsien ordainsariak

111

5.000,00

24

Gizarte Segurantza

111

2.000,00

168

107 Poligonoa

125.000,00

GUZTIRA

125.000,00

125.000,00

Diktamena onartu egin da aldeko sei botorekin eta hiru abstentzioekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

 

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 18:40ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 885.750.etik 885.753.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna