Gaur banatuko da datozen hilabeteetako agenda kulturala

Ar, 2017-01-10 12:46

Urtarriletik martxora bitartean 20 jarduera baino gehiago izango dira Lezon, horien artean nabarmentzekoak Koadernoa zuri edo Barro Rojo antzezlanak, Jabier Muguruza eta The Lord taldearen kontzertuak edota Ganbaran eta Kolorez kolore haur jarduerak

Gaur banatuko da datozen hilabeteetako agenda kulturala. Negu kulturalaren egitarauak urtarrila eta martxoa bitarteko 20 jarduera inguru biltzen ditu. Irailean aurreratu modura, aurrerantzean hiru hilean behin aurkeztuko baitira kultur egitarau bateratuak (Kultur Saila, Liburutegia eta Musika Eskola).

Oraingoan ere, etxeko txikienentzat ekintza ugari antolatu dira: urtarrilaren 20an, ipuinak, antzerkia eta txotxongiloak nahasten dituen Ganbaran ikuskizunaz gozatu ahal izango dute haurrek. Otsailaren 10ean berriz, Pantzart antzerki taldeak Kolorez kolore emanaldia eskainiko du. Martxoaren 3an, Eidabe Ekimen kulturalak Baserrian amets antzezlana eskainiko du. Honekin hiru eta sei urte bitarteko haurrei gure elikagaien jatorria erakutsi nahi zaie. Samurtasunez, gainera, ume baten eta bere amonaren istorio honetan musika eta antzerki jolasa nahastuko dira. Amaitzeko, Pantzart taldearen eskutik, Boli Bili Boli txotxongilo ikuskizuna izango da martxoaren 17an. Horiek guztiak arratsaldeko 17:00etan izango dira.

Haur jarduerez gain beste hainbat ekintza antolatu dira datozen hilabeteetarako. Ezagutu ekintzak hilabetez-hilabete:

Urtarrila:

Hilaren 15ean, Ika Antzerki taldeak Koadernoa zuri ikuskizuna eskainiko du. 21ean aldiz, ohiko Kantujira saioa burutuko da Lezoko kaleetan zehar. 29an, Paula Quintanak zuzenduriko Amarga Dulce antzerki eta dantza ikuskizunaz gozatu ahal izango dute lezoarrek. Urtarrilari amaiera emateko, urteko lehen gaztelerazko literatur solasaldia egingo da 31ean Udal liburutegian David Foenkinos La delicadeza obrari buruz. Saioa, Javier Minak dinamizatuko du.

Otsaila:

Inauteriak barne, otsaila ekintzez beteta datorkigu. Otsailaren 4ean Santa Ageda eguna ospatuko da kalejira eginez. 11ean bertso afaria egingo da eta 18an urteko bigarren Kantujira saioa ospatuko da. Otsailaren 22an euskarazko urteko lehen literatur solasaldia egingo da Janne Tellerren Ezer ez liburuaren inguruan. Saio hau Ane Mayozek gidatuko du. Otsailaren 23tik 28ra Lezo inauterietan murgilduko da, mozorro, kalejira eta trapujaleren jaitsiera eta festarekin, besteak beste. Tartean, baina, umorea eta musika uztartzen dituen Putinen guardasola antzerki obra eskainiko da, otsailaren 26an.

Martxoa:

Hilaren 5ean Javier Muguruzak Tonetti Anaiak diskoa aurkezteko kontzertua emango du Lezon. Martxoaren 18an, Kantujirak hartuko ditu Lezoko kaleak. Martxoaren 19an Barro Rojo antzerki obra ikusgai izango dute herritarrek eta urtero legez, Tomas Garbizu Udal Musika Eskolak antolatutako Lesoinu aste musikalaren baitan, martxoaren 24-31 bitartean ospatuko dena, The Lord taldeak kontzertua emango du 24an. Amaitzeko, hilaren 28an Sandor Marai idazlearen El último encuentro liburuari buruzko literatur solasaldia egingo da liburutegian.

Arloa edo saila